L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-4 (1984-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Mikel Oraien: "Ez naiz korrikalari, ez eskaladore, ezta jipi ere"

 

La Boina Taldea

 

        Elkarizketa honetara ekartzen dugun pertsona, iruñarra dugu. Hogei ta lau urte eta metro laurogei ta hamar zentimetroko mutil puska honek gurasoenea utzi zuenetik, experientzi berrien bila ibili den horietariko bat dugu. Tafalla ondoko herrixka ttiki batean eta gaur egun Lizason bizi da. Haruntza abiatzen gara solasaldi hau zuengana hurbiltzearren. Ulzarrako aristien artean paseo bat eman ondoren, bazkaldu ezkero elkarizketari ekiten diogu. Ale honetarako aukeratu badugu, beste gauza askoren artean enzierro korrikalari trebe izateagatik izan da.

        — Mikel, enzierro korrikalari amorratua haiz ezta?

        — Hamairu urte nituelarik hasi nintzen enzierroa korrika egiten. Geroztik hona urtero egin dut, halaere mementu honetan ez dut neure burua enzierro korrikalaria kontsideratzen.

        — Zure ustez, zerk bultzatzen du Iruieneko mutila zezenen aurrean korrika egitera. Gizontasuna adieraztea?. Edo beste modu batez esana: gizonagoak al zarete enzierroan ibiltzen zaretenak?

        — Ba... nere kasuan, txikitandik buruan izan dudan gauza bat da. Guda-istorietako pertsonai fantastikoak maitatzen dituzun gisa. Etxean enzierro inguruko istorio pila entzutean, parte hartzeko gogoa esnatzen da ene baitan.

        — Normalean zezenen hurbilean korrika egiten duzu. Ez al da hau alferrikako arriskua?

        — Zer esan ahal dizuet, neretzako kilika gozo bat da. Droga bat bezala. Beldurrez zaudenean arriskuak elbarritzen zaitu, ahulduta ikusten duzu zeure burua. Beldurra menperatu ondoren sortzen den indarraz jinkoa bezala sentitzen duzu.

        — Askotan sentitu al duzu zeure buruan arrisku hori?

        — Beti. Enzierroaren mamia hori baita! Nahiz eta barruan egotean arriskuaz, pentsamendu handirik ez eduki. Hoiek aurretik izaten

dituk.

        — Sto. Domingo kalearen hasieran zezenak bero-bero dihoaz. Horregatik aukeratzen duzu korrika egiteko toki hori?

        — Ba... ez dakit. Betidanik egin dut hor korrika. Horregatik defendatu dut espazio hori, adibidez "Los del callejon" berearekin dagiten bezalaxe. Hauentzat zati hori hoberena da. "Sto. Domingokoentzat" berriz, geurea. Baina ez pentsa, ez dut esaten hoberena denik. Iruieñeko enzierroko toki bakoitzak badu bere saltsa. Beharbada ohitura hori aldatuko dut.

        — Ba al dago enzierroa korrikatzeko teknikarik?

        — Nik uste dut ezetz, buru erlajazio bat beharbada. Hor zaudenean gorputzak egiten du guztia. Gauzak nola gertatzen diren ez dakizu.

        — Lehen aipatu dituzun arrisku pentsamendu horiekin, gaizki pasatzen al da?

        — Bai, eta korrika egiten duen jende guztiari berdin gertatzen zaiola uste dut. Gaua etortzerakoan hor dago enzierroa, honek galerazten dizu jaia jai egitea. Mementua bizi duen korrikalari izatea hoberena izango zen, baina... oso zaila da. Halare, goxua dela gehitu behar dut, zeren hor festa guztia gordetzen duena nahasten baita: bizitza eta heriotza.

        — Zure ustez, Iruinean zezenik gabe ba ote festarik?

        — Iruinean... ez! Gure festetan gehien gustatzen zaidana enzierroa da. Horrez gain noski gainontzekoak gustora hartzen ditut.

        — Bada, Iruinea eta kanpoko jende askoren artean, enzierroa astakeri hutsa dela pentsatzen duenak. Zein da hori buruzko zurea?

        — Beno alde batetik arrazoia emango nieke, baina gizonok batezere, astakeri horren beharra dugu jaiotzetik.

        — "Gizonak" nola: arrak bezala konsideratzen?

        — Bai, arrak bezala konsideraturik. Emakumeengan ez dut horrela ikusten edo hainbeste denik eta oso ondo deritzait enzierroan korrika eginen balute, baina berriro diot, guregan haurtzarotik sortzen den beharra dugula. Harrikada edo zuhaitzetara igota ibiltzen ez den mutila ez da hau bezala ikusten, neska balitz baizik.

        — Enzierroa korrika egiten dutenen artean badira batzu zezenak ikusten ez dituztenak. Zer uste duzu ehun metrotara dagiten horietaz?

        — Eskubide osoa dutela.

        — Baina nola nahiz eta zezenak ez ikusi?

        — Bai, bai nik ez nieke debekatuko. Korrika egiten ez dakitenen garbiketa baten aldekoa agertu arren... Azken urte hauetako bataila, jendetza, mozkorrak eta agureekin eta neskeekin korrika egitea da.

        — "A San Fermin pedimos por ser nuestro patron..." kanta hau inoiz abestu al duzu?

        — Egia esan, azken urteotan bai, gustora gainera. Halare, denetarik pasatu dut: urte batzu kantatzen ez nuena. San Fermin arketipo bat da guretzako. San Ferminen "kapotillo" horretan sinesten dut. Iruñar guztien artean egin den presenzia bat da: ateoak batzu, fededunak besteak, denok gauza beraren inguruan: festa.

        — Diozun horren azpian enerji misterioso bat ez ote dago?

        — Bai, bai... Enzierroan sortzen den enerjia kolektibo horretan sakonki sinesten dut.

        — Mikelek garbi uzten digu gustatzen zaiona. Eta gorrotatzen duzuna zer?

        — Ba, enkoniatzen gaituzten horiek. Halare, ezin dugu atzera begiratu, san Ferminak ezin baitira lehen zirenak izan. Horretaz protestatzea denbora alferrikatzea da. Negatibidadea sortzea lezake. Gustatzen ez zaizkidanak: korrikalari ez jakidunak, korrika egiten gustora uzten ez zaituzten horiek, zenbait extranjero... bai enzierroan, dianetan, riau-riau-ean etabarretan.

        — Aurten ere korrika egingo duzu?

        — Bai, bai baina beste era batean zeren lehen nahiko korrikalari profesionaltzat jotzen nuen nere burua. Orain aitzitik askoz normalago.

        — Eskalatzen ere ibilia zarela badakigu, arriskua al da, eskalatzera eta enzierroan korrika egitera bultzatzen zaituena?

        — Arriskuaren inguruan, ez ni bakarrik, beste askok gure bizitzaren zati bat mugitzen dugu. Hunkipen gogorrak bizitzen saiatzen garenok. Honen arrazoia, guregan beldurra kriston enerjia sortzen duen hunkipena delakoz. Enerjiak egiten gaitu fuerte. Geurek buruak fuerte ikusten ez dugunean, holakotan sartzen gara.

        Pirineos, Alpes, Himalaya... Mikelek ez dio honi garrantzirik eman nahi, honelako ekintzak kanpotik ikusten ditugunok merito handia ematen badiogu ere. Ez du bere burua heroetzat hartu nahi eta hauxe elkarrizketa honen zehar guztiok azpimarra dezakezue.

        — Zure bizitzan zer da arriskua?

        — Arriskua, heriotza alboan izatea da. Eta niri heriotza aldamenean izatea gustatzen zait, bizitza den bezala ikusten duzulako, ez baitago txorradetarako denborarik. Bizitzaren egia... balore handikoa neretzako.

        — Non sentitzen zara bakartiago: sto. Domingo kalean edo Alpesetako pareta batean?

        — Enzierroa korrika egiten ez duzu zeure burua bakarrik ikusten. Iruñekoa baldin bazara batipat, hor duzu jende guztia balkoietatik begira. Eskalatzean ordez, askozez bakartiago zaude. Zurea da eskaladaren ardura osoa, nahiz eta lagunekin egon.

        — Eta honetaz hainbeste hitz egin dugunez gero, ez ote da hau heriotzaren kulto bat izanen?

        — Ez dakit nola deitu, baina... bizi garen bezala hil behar dugula ere garbi dago, eta ezin da bat bestearen albotik kendu. Askotan heriotzaren beldur horrek ez digu uzten bizitza behar den bezala ikusten. Edozein momentutan hil gintezkela pentsatuko bagenu, beste era batetan biziko ginatekela seguru.

        — Orain Lizason zaude bizitzen. Ezagutzen ez duzuenentzako toki eder bezain baketsu. Hitz egin dugunaz, nola lotzen duzu hemen bizitzea, zein arrisku ikusten duzu Lizasoko etxe honetan?

        — Hemen gizona hiru zatitan banaturik dagoela ikasten dugu: intelektual, afektibo eta bitala... buruan, bihotzean eta sabelean hauen arauera, ba zati bakoitzak gordetzen du bere arriskua. Orain arte zati bat besteak baino landu dudala pentsatzen dut: bital zatia, sabelas mugitua; baino honek beste biak behar zuten enerjia uko egin dio, eta afektibidadea, bihotza zabaltzea edo burua irekitzea badute bere arriskua. Adibidez maiteminduaren arriskua gero eta jende gutxiago onartzen du. etb. Etxe honetan baditugu arrisku horiek, hainbeste jende bizitzean pasio guztiak agertzen direlakoz.

        Gaiaz aldatuz, esan beharra dugu Mikel Iruinean sortu zen lehen ikastolan ikasi zuela. Ikasketak bukatu ondoren hortxe ibili zen gimnasiako irakasle bezala.

        — Egia al da San Fermin ikastolan zinela ile luzea edo itxurarengatik kanporatu zintuztela?

        — Hori ez da egi osoa. Garai hartan orain bezain ile luzea neraman, oso jipitua nenbilen, eta zenbait gurasok eta batez ere zuzendaritza moskeatuta zebilen nirekin, horregatik joan behar izan nuen. Baina oso oroipen ederrak gordetzen ditut garai hartaz.

        — Orain, urte batzu pasa ondoren nola ikusten duzu ikastola batetan hezitua izatea?

        — Euskaraz jakitea kristona atsegin dut, hau da asko preziatzen dudan gauza. Beste aldeak kontutan izaten baditut... ez dut gogoko damukerietan ibiltzea, orain arte egindakoa hor dago eta une hontara ekarri nau...

        Amodioa, euskal herria, sexualitatea, gure solasaldiak beste mila gai ikutzen ditu. Ilunabarra harrapatzera doakigunean Lizasoko Posadara bideratzen gara hor saltzen dituzten mami goxoak dastatzera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.