L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-5 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Liburu kritika

 

Kakabeltz

 

        Garbiro eta ozenki esan dezagun: Euskalerriko kritika literarioa exkax, zakar eta makala da. Saio serio gutxi egiten da, eta hau bezalako orrialde bateko oharrak, ofiziozko kazetaritzatik kritika hertsi-errigurosoraino doan bidetik galtzen direnak, xinple, pobre eta indargeak izaten dira. Are gehiago, aspergarriak. Eta edozein textuk akats asko izan dezake, ez aspergarri izatearena, ordea.

        Gustatuko litzaideke orri hau salbuespen gutxiren zerrendan —salbuespenak badira— sar ledin, eta gustatuko litzaideke hau ez lausengu errez batzu irabaztearren —"oraingo honetan primeran aritu haiz, Iñaxio"— baizik eta komentatu nahi dudan liburua ederra baita.

        Miranderi, bizi zeno mota guztietako gaizki ulertuak eta kontrako jarrerak jasan omen zituena, beste mundura ihes egin ta geroko omenaldi gisako zerbait eskeini nahi zaio, nonbait. Kontzientzia txarrak eragindako Mirandemania honek liburutegiak bete dizkigu, eta pozik egoteko zioak baditugu ea Aita Laffitek whyskizale zelako edo bere serorarekin oheratu zelako Euskaltzaindira sartzeko bidea itxi zioneko eztabaidatik at gauden literaturzaleok. Ezen, azken finean, "Gauaz parke batean"-ek ipui andana ederra ekartzen baitigu eta hori da neri behintzat gehien inportatzen zaidana.

        Argitalpenaz hitz egin dezagun. Elkar argitaletxeak azken mende hauetako gordintasunarekin akabatzeko prest ematen du.

        Hauxe zoriona, gurea, irakurle kideok! Liburu bat haragipuska gordina bailitzan botatzen zuteneko garaiak bereak egin ditu, antza. Elkar-ek egindako lan honek, aldizkarietan zehar sakabanaturik zeuden ipuinak bildumatzeaz gain, badu sarrera bat, komentario txiki pare bat solapetan eta hiztegitxo bat azken orrialdeetan. Nekez sinisten da Baskoek egindako lan baten aurrean gaudela. Txalo Elkar-entzat.

        Eta orain goazen mamia ikustera. Liburuak bi sail ditu. Lehenak, Mirandek euskaratutako zortzi ipui dakartza, O'Neill, Manciet, Munro, Poe, Kafkarenak. Bigarrenak Mirandek sorturiko beste bederatzi.

        Bere garaiko literatura ongi ezagutzen zuen Mirandek. Eta ez bakarrik geroztik guztioi famatu bihurtu zaiguna (Baudelaire, Verlaine eta abar) baizik eta gero anonimatoaren putzu sakonean gelditu diren Europako nazionalitateen tradizio literario autoktonoak (O'Neill-en ipuia lekuko) edo eta H.H. Munro bezalako idazle grisak (grisak nahiko ezezagunak gertatu diren aldetik, ez kalitate aldetik, inolaz ere). Munro Birmanian jaio zen, aita ingelesa zuelarik eta istoriara pasatu da ipui ikaragarrien kontalari bezala.

        Liburuan zehar mirestekoa gertatzen da Mirandek erakusten duen euskararen ezagutza. Sintasiaren menderatze bikaina eta hiztegi oparo, luze, amaigabea. Azken honek emango dio buruhausteren bat Miranderen obrara lehen aldiz hurbiltzen den irakurleari, apika.

        Amontillado Upela, Poeren ipuiaren itzulpena espeziala da, oso ona benetan. Nik ez dakit inglesetik itzuli ote zuen, baina begiratu ditudan beste hiru itzulpenekin —erderaz, jakina— alderatua, gutxienez beraien parekoa dela esan daiteke.

        Munrozale bihurtu naiz liburu hontako bi ipuiak irakurri ezkero. Lehena, "Ipuin kondatzailea", narrazio labur atsegin eta dotorea da, goxoki bat bezala. Bestea, "Lehio irekia", txunditurik uzten gaituen jolas bitxia da; Hiru pertsona, kanpotik etorritako atzerritarra (irakurlea) eta beste bi, bata eroa eta bestea zuhurra, itxuraz. Baina, errealitatean bezala, ipuian ere gauzak ez dira itxuraren neurrikoak... Atsegingo zitzaion, nonbait, errekurtso edo jolas hau Miranderi, zeren bere "Gauaz parke batean" prozedura berbera erabiliz engainatzen gaitu.

        O'Neill-ena, "Bi fraideak", ipui abertzalea da, gure herri hontan oso estimatua izan daitekeena.

        Mirandek izenpatzen dituenen artean, lehen aipatutako "Gauaz parke batean" da atseginena, agian. "Eresi kantari"k nahasten du Sherlock Holmes baten deduzitzeko gaitasuna umore eta maltzurkeriarekin, emaitza ona erdietsiz. Guzti hau Iparraldeko eresi zahar batean oinarriturik, Mirandek berak bestetan erabili duen eresia (poesigintzan, adibidez).

        Beste gainerako guztiak Miranderen belztasun eta iluntasunak jota daude, blai eginda. Hala nola "Ametsa", "Zinopa", "Gaizkile baten azken orduak". Ipuin bakoitzak gehitzen du, ttanttaka, Miranderen unibertso literarioa, iluna, makabroa, ikaragarria, baina baita ere iradokigarri, sujerente, umoretsu, zorrotz eta maitagarria.

        Emakumeen hilotzak, grina ostendu bati jarraiki mugitzen diren gizeraile ankerrak, engainu krudelak, zure zain daude liburu honen barruan. Mirandek ez zaitu aspertuko. Eskegi zaitez bere hiltzaileen arima beltzetik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.