L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-5 (1984-udazkena) —<korr0537>




 

 

Beti arte; Fermintxo!

 

Xanti

 

Fermintxo, onezkero ez hago gure artean.

        Nahita, ala nahi gabe, hori ez bait dugu seguraski inoiztxo ere jakingo, utzi egin gaituk sekulako.

        Zer nolako atsekabe!, hau nahigabea errainetan sentitzen duguna hire ezagun eta adiskide guztiok!

        Askotan esan hidan hil ondoren ez huela ezertan ere sinisten; hire iritziz, dena bukatzen zela.

        Hamaika aldiz esaten huen Ataungo gure lagun harrek uste zuena:

        "Hil ondoren, zapoek jan, eta besterik ez!"

        Hala eta guztiz ere gaur kontatu nahi dizkiat nire hirekiko pentsakizun hauek. Entzuten al didak?:

        Non aurkitzen haiz, lagun maitea?; hemen ez behintzat!

        Ezerezara hindola esan omen huen abiatu baino lehentxexeago... Hemen baino hobeki aurkitzen al duk heure burua?, nik bederen, holako desira zeukiat...!.

        ...Hemen hintzena baino mila aldiz zoriontsuagoa izan hadila!

        Gaur A.E.K.-ren bilerara hurbildu nauk eta ez haut ikusi; Sagrariok esan zidak ez haizela joan.

        Gero euskararen aldeko manifestapenara joan nauk eta hi ez haiz agertu; Battittek ez hauela ikusi adierazi zidak.

        L.K.I.-ko batekin topatu nauk eta gauza berbera azaldu zidak, alegia, goizeko batzarrean ez dukala heure burua erakutsi.

        Homosexualen eta feministen aldeko egoitzetatik ere igaro nauk eta dirudienez, ez haiz batetatik ere pasatu.

        Hainbat eta hainbat lekutatik bilatu haut baina aurkitu inon ere ez ...Nire bizilekutik ere ez haiz agertu...

        Baina, zer gertatzen da?

        Zergatik ez diagu hire irrifarra inondik ere topatzen?

        Ez al da arrarua hain ezagun, hainbeste jenderen adiskide eta maitegarria den pertsona bat inortxok ere ez topatzea?

        ...Ez, guzti honek ez zuen bat ere logikarik!

        Beranduxeago, gure beste lagun batzuek eman zidatek berri samina; samina niretzat, hiretzat,... ez zekiat! ...Hori baldin bazen ukan huen azken nahia... zer egingo diogu?

        Oso ongi dakiken bezala, Iruñerri aldean arrunt ezaguna hintzen eta jende askoren adiskide handia.

        Hirekin gauza asko eta asko ikasi diat.

        ...Orain, nork irakatsiko zidak?...

        Batzutan zaila hintzen heure burua ulertzeko, bestetan agian ezkonprenitua.

        Hitz eztabaida luze eta oparoak izan dizkiagu euskarari buruz, biziaz, edo maitasuna dela eta... Txit bakezale eta maitatia hintzen ezkeroz beti edo gehienetan ongi moldatzen eta bukatzen genian.

        Denok ditugun bezalaxe hile ere bahituen hire bertute eta akatsak:

        Euskaldun berri trebe, iaio eta iritzi zorrotz emalea, abertzale eta euskaltzale sutsua, injustiziaren aurkako borrokalari amorratua; eguzkia maite huen, ilargiak liluratzen hinduen, izadia gurtzen huen, ekologizalea hintzen, loreak bildu eta hire kuttunei oparitzea gustatzen zitzaion horietariko bat...

                        ... Hitz batez, maitasunaren maitalea. Duela gutxi erran hidan, hiretzat biziak maitatu gabe ez zuela zentzurik...

        Eta hainbat eta hainbat ohitura on jabedun hindugun. Barka nazak bai bait dakit beste hire onbide asko ahaztu egin dudala!

        Bestaldetik, batzutan, buru-nahasia, apalkorra (depresiboa), ahazkorra, funts gutxitakoa, tripontzia, etabar luze bat hintzen.

        ...Gauza hauek argitaratzerakoan ez zekiat ongi egiten ote dudan, baina nire asmoa behinik behin, ez duk bat ere txarra. Hintzen bezala maite hindugun heure huts eta bertutekin!

        Fermintxo! zergatik joan hatzait ene liburua bukatzen lagundu gabe, irakurri bako eta hire iritzia eman barik?

        Eraberean, ez didak denborarik utzi txistua jotzen ongi ikasteko, asko kostatzen du eta. Askotan esaten bait hidan bere doinu zakarra ez zitzaiala bat ere atsegin. Nik, nire jotzeko modu kaxkarrarengatik izango zela pentsatzen nian eta denborarekin konbentziarazi nahi hindudan oker hengoela... Baina ez, ez didak astirik eman...

        Iadanik, inoiz gehiagotan ezingo gaituk joan biok elkarrekin Golem-era bizikleta eta gurdixkaz, joaten ginen bezala.

        Gogoratzen al duk Gaztelu Enparantzari zenbat itzuli eman diogun era honetan?

        Gaurgero ez gaituk behin gehiagotan ere Urkiolako AEKanpadara Manu, Pui eta Anerekin joanen. Ez eta Donostiara txangoak egitera Puñeta Gorrirekin, edo eta Hirinotik (Ziudadela) pasiatzera, Zaldiko Maldikora hitzaldiak entzutera... ...Hire galderak ez dizkiagu entzungo.

        Non gelditu dira Etxarri Aranatz, Oronoz Mugaire, Arantza eta Goizuetako euskarazko ikastaroak? Orain beste norbaitek eman beharko ziek hik ematen hien bizitasua.

        Akau (akabo) herrietako gure jaiak, edan eta janaldiak, amaiera gabeko parrandak, egunsentian etxeratzea...

        Hemendik aurrera ez hatzait agertuko etxean bapatean lo egitera, afaltzera, bazkaltzera ala siesta bat botatzera.

        Ez diat berriz entzuten hau esaten:

        —Jo, entsalada berriro ozpinik gabe! Honela ez dik bat ere zaporerik...! Noiz erosi behar duzue, ba?

        Azkenik hik erosi behar izan huen botila bat; oroitzen al haiz?

        ...Nork lagunduko dik "Joseba Saia" porrak biltzen, lotzen eta erretzen?

        Bai, gogorra egiten zaiguk benetan hire hutsunea gaueskolan, ikasgelan, Kanpionen, mendian, eta toki guzietan somatzea.

        Kantari grinatsua izan haiz, eta orain, entzuten ditudan euskal abesti guztiek hire irudia nire gogora erakartzen zidatek.

        Zinez zaila gertatuko zaiguk bizi honetatik iragan beharra izatea hire irrifar alaiaren babesarik gabe.

        Ia ia euskal kanta guztien hitzak buruz hekizkien, eta ahalegindu gabe gainera.

        Baina ostera, Itoiz, Imanol, Hertzainak, Benito Lertxundi etabarren azken disken hitz berriak ikasi gaberik abandonatu gaituk.

        Gauza asko aldatu nahi huen; mundu berri eta gizaerazkoago batekin amesten huen. Zuzenbidetasun eta Euskal Herri batu, guztiz euskaldun eta askatu bat hobesten huen... ...Gauza ugari esan zitekek hitaz.

        Azken bolada honetan asmo, proiektu eta xede on eta ederrez leporaino horniturik hengoen. Heure bizimoduari aldaketa haundi bat eman nahi hion.

        Hire buruaren jabe ari hintzen egiten guztiz; ...eta ...ulertzen ez dudana duk zergatik desentenditu haizen bat batean hemengo arazo guztietaz, gu bakarrikan eta kopetaraino eragozpenez josita utzi gaitukelarik.

        Burua galdera eta zalantza pilo batez beterik zeukat:

        Ez ote haiz sentitu gai biziari aurre emateko?, ala, ez zian merezi? Ez ote haugu konprenitzen jakin?, ala ez ote duk guregan erantzunik ez eta euskarririk aurkitu?

        Konponbide eta aterabide hori, errexena, zailena;

        zer ote huen hiretzat?

        Zergatik ez dizkiguk esan edo idatzi erabaki horren zioa, funtsa, arrazoia, oinarria, zergatia...?, ez, zekiat, baina zerbait!

        Fermintxo, luzaro eta zabalki aritu ahalko nintzatekek bakarrizketa honetan hirekin, baina gaurkoz, arantza batekin bihotzean, moztu behar diat roiloa.

        Ez diat uste bizi honetatik hire igaroketa, laburra izan bada ere, alperrikakoa izan denik, ez neretzat menpen (behinik behin), aldiz, hiri esker neure pentsakera eta bihotza aberastu egin dituk oso.

        Eskerrik asko lagunurko on bat izaten eta praktikan jartzen gehienetan jakin izan dukalako!

        Hire bizitza motzak emaitza eta ondorio ugari, oparo, on, emankor eta gazte sortarazi dizkik.

        Egunotan Euskal Herrian gizabegi askok negarmalko aunitz bota dik hiregatik; mingainek hasperena sortu diate eta bihotzak kuzkurtu egin dira.

        Euskal Herrian euskaldun bat gutxiago gaituk, baina hire uzta hasi diagu biltzen, zer, heure ikasleak hasi bait dira nonahitik agertzen.

        Azken "Nafarroa Oinez"en lan gehiago egiteko beharrean aurkitu gintuan hik egin gabe utzitakoa ordezkatzeko...

        Goizuetako "Zapoa" ere buru nahasita eta tamalez geratu zaiguk jakitean ezingo haizela gehiagotan joan herriko bazterrak "nahastera".

        Nik ez haut inoiz ere betirako ahantziko, eta nere bihotzaren erdiko txokorik berotsuenetik malko bat aterako zaidan bakoitzean, hik heure presentziaz bete diezadaan nahi nikek.

        Orain, jadanik, ez negoek hasieran bezain triste, goibel eta tamalez, jakin badakidalako hik hasi duken irekitzen bideari jarraitu behar diogula, egunen batez, apika, helmugaraino iristeko.

        Fermintxo, hauek dituk aire gorazarre eta omenalditxo labur eta apalak, baina ziur eduki ezak gogoan ez direla inoiztxo ere ainaituko, zer, hik abestutako edozein kanta somatu bezain laster gogoratzen bait haugu, eta pentsa ezak hori dela hiretako gure bihotz bihotzeko betirako gorazarrea.

                Hartu muxu eta besarkada bero bana!

                Irribar hori eutsi beti!

                Hire betirako adixkidea!

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.