L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

Patxi Perurena, poeta

"Irun Saria"-ren irabazlea

 

Laboina Taldea

 

        Hasieran Perurena izena ezezaguna egin zitzaigun EGINen publikatzen zituen entrebistak eta artikuluak zirela eta. Informazioari eransten zizkion apaingarriek salatzen zuten berriemale horren baitan beste helburu literarioagoa. Hala ere, aitortu beharra, ez zen ttikia izan gure harridura kazetaria bera informaziogaia gertatu zenean, pasa den urtearen azkeneko puztarrekin batera: "Irun Hiria" poesia saria bereganatu zuen.

        Erreferentziarik ez genuen norbait agertu zen probintzian, aurreabisurik gabe, euskara idatziaren plazara. Eta ez Iruñeko atetik prezisamente, herri batekotik baizik. Zorioneko herri hori zein ote zen bilatzen hasi ginenean, eta mapan Leitza aurkitu (bai goizuetarra da, baina), "noski!", erran genion geureari, "nondik bertzela!". Loalditik ernatzea hainbertze kostatzen ari zaion Nafarroa euskaldun herritarrak horixe baitu, azkeneko urte hauetan behinipein, bere aintzindari bakartia.

        Eguberriak, eta Iruñetik goizeko hameketan abiatzerakoan gogoz hasi zuen elurra botatzen. Katearik ezak sorrerazten zuen kezka alde batera utzita, jasa zuriak inozentea zirudien, eta polita iruditzen guri geroago ia Europa osoa beldurtu duen goitikada.

        Abisua pasatua genion, ustez. Baina ez geunden oso seguro, telefonoa hartu zigun auzokideak etxe hartan guk erraten genion bezalako "txistulari" bat bizi zela baietz, baina idazle edo periodista zenik ez omen zekien eta.

        Uitziko portuak, hura elur pila insant batez!, zalantzatan jarri bagintuen ere, ile gorrixkako gazte perilladunak etxeko sukalde goxora pasarazi gintuenean, ez genuen damu arrastorik ere sentitu eginiko bidearengatik.

        — Eta hik nola aukeratzen dituk elkarrizketatzeko pertsonajeak?

        — Enteratzen naizenean norbait ere holaxe badagoela hartu ta, benga, egiten diat.

        — Azkena egin hien Fagoaga bertsolariei, baina gehienak artisau moduan ibiltzen diren zaharrekin egin dituk, Sunbillako kaikugilea,...

        — Bueno, hura ez duk hain zaharra baina bai, nahiago dizkiat zaharrak, euskera aldetik askok galdu egiten ditek, eta istorioak ere,... horregatik zaharra izanez gero nahiago izaten diat.

        — Orduan hizkeragatik egiten diek edo istorioagatik ere?

        — Bai, hizkera... niri hizkera asko gustatzen zaidak, herri hizkera batez ere... orain, gero periodikoan jartzerakoan bat edo beste kenduta hizkera pixka bat aldatu egiten diat.

        — Hasieran hasi hintzen herri hizkera hori transkibitzen.

        — Bai, eta kritika dexente izan nian.

        — "Plazaola" aldizkarian ere joera hori duzue, ezta? Askotan agertzen dira artikuluak leitzarreraz idatziak.

        — Bai, herrietako aldizkarietan bertan nik uste herriko hizkerari lekua eman behar zaiola lasai, orain, periodiko batean ez diat esaten, hor batua behar dik.

        — Eta zer-nolako kritika izan huen?

        — Xalbadorrek esan zidan bat edo beste... Batuaren kontra joatea zela hori eta horrela... Nik ikusten diat oso garbi hizkuntza standard baten beharra baina horrek ez du esan nahi hizkuntzak baserrian aberastasun haundia ez duenik. Hitz asko, adibidez, baserrira joan behar da bilatzera. Hiztegi bat egin nahi denean jendeak jotzen dik literaturara, baina literatura gutxi egin da, gutxi eskribitu da eta orduan hitz asko ez da jaso, eta horiek oraindik baserrian bizirik daude, asko galtzen ari bada ere. Eta gero batua esaten dute, baina batua nik uste gipuzkoanismo haundia duela, eta batuak egin behar dik aberastu, zabaldu.

        — Euskal Telebistan izan zen mahai-inguru hura ere, orain dela gutxi, batua zela ta ez zela, iskanbilak izan zituan. Hik egin huen gero kritika.

        — Bai, zera esan nahi nian. Mahai inguru batzu izan dira, eta nik esan nahi diat baldin badago mahai-inguru bat, eman dezagun, gastronomiari buruzkoa, gastronomiaz hitz egiteko, ez gastronomia aparte utzi eta batua gora batua behera hasi, gertatzen ari den bezala. Euskara-euskalkiez egin nahi badute oso ongi. Baina gastronomiaz baldin bada, gutxienez, utzi alde batera euskararen auzia eta gastronomiari heldu. Nik orregatik egin nian kritika.

        — Gipuzkoan, hori egia dek ere bai, askoz ere biziago zegok euskara beste inon baino, eta horrek pisua dik.

        — Hor, Mitxelenaren teoria zegok, hizkuntza gehiena salbatu zela Gipuzkoako inguruan, eta berak defendituko zuela horko aditza etabar. Planteamendu bezala ongi zegok, orain, aberastu beharra zegok ere.

        — Hiztegia ere batu behar dugula eta, orain batzuren iduriz baztertu beharko genituzke "hagitz" "arras" "esanen" eta gisa berekoak, konparaziora, beste batzuren mesedetan. Zer diok horretaz?

        — Administrazio hizkuntzan edo maila horretan nik ez diat esaten, baina literaturan eta, horrelakoak erabili behar dituk.

        Elurrak bazterrak itxuraldatzen segitzen duen bitartean, girotu gara Patxi eta txapelik gabeko "Laboina"kook, amaren konpainia atsegina dugu, bazkaria prestatzen bera. Ardo gorria eta pastelak atera dizkigu. Zurrutada batzu hartuta gaudeneraino ailegatuta ohartzen gara aurkezpena egin gabe dugula. Horratx hurrengo galdera.

        — Ni 1959.ean jaio ninduan Goizuetan, Karreto baserrian. Hor 12 urte eman eta gero hona Leitzara etorri ginen, porke aita erreleboetan ibiltzen huen fabrikan eta. Gero profesionalean hiru urte. Gero Arrasatera eta hor Maestria egin nian. Peritaje hasi ere, baina ja nazkatu ninduan eta utzi. Han sartu ninduan gaueskolan. Hartan ikasi nian irakurtzen euskaraz. Gero literatur mundua berriz, Sarrionaindiak ematen zizkian ikastaro batzutan izandu ninduan eta horreri zor zioat literatur munduan sartzea gehienbat. Nik, profesionalean ibilia nintzenez, kultura oso gutxi nian, hor badakizue, makinak eta horrelakoak bai baina gero euskal kultura oso gutxi. Gero pentsatu nian hobe zela makina baino pixka bat humanoagoa zerbait bilatu.

        — Asko irakurria hintzen ordurako?

        — Ez, geroztik, geroztik irakurri diat gehienbat. Euskaraz bakarrik. Hizkuntza maite diat,... betidanik. Hizkuntzaren goxotasuna maite diat, baina literatura mailan oso gutti zekiat.

        — Orduan, hi EGUNONen hasi hintzen.

        — Bueno, bai, lehen ere ZERUKO ARGIA-ra artikulu txarren bat edo beste bidali nian. Gero EGUNONen kolumna bat egiten nian egunero, berriak itzuliz, eta gero esan zidaten entrebistak egiten hasteko.

        — Eta gero poesia saria irabazi duk. Horretan noiz hasi hintzen? Idatzia huen lehendik ipuinean bat edo poemaren bat, nahiz eta ez publikatu?

        — Ez, ez, ez. Poesia duk, ez zekiat nola esan. Hik momentu batean izaten duk zera bat, klitxe bat edo mila gauza, fantasia bat edo imajinazio bat, eta poesia duk oso errexa momentu batean ttak! hartzeko, ez? Nobela idazteko behar duk denbora, edo burua haustea, oso zaila duk. Ipuina ez hainbeste; baina nobela idazteko behar dik literatoa. Poesia berriz, asko txarrak aterako zaizkik beste batzu onak, baina askoz errexago. Orain gainera jende literato haundi horiek behintzat, askok poesia dik utzia alde batera, kaka zaharra dela esana ditek eta.

        — Kontrako jarrera eta iritziak ere badira.

        — Nobela egin behar dela, desdeluego. Hizkuntza batentzat igual askoz onuragarriagoa izango da eta, baina poesia ere, beti izandu duk poesia literatur jeneroa eta nik uste diat ez dela baztertu behar. Besteak esaten zian nobela txar bat idaztea askoz errexago dela poema on bat idaztea baino. Ta aldrebes ere bai, poesia txar bat idaztea askoz ere errexagoa da, nobela txar bat idaztea baino. Hori hala duk, baina nik uste poema on bat idaztea zaila dela eta nobela on bat idaztea ere bai.

        — Ta nola okurritu zitzaian sariketara presentatzea? Donostian entzun diagu hik eraman huela hara liburua, eta jendeari asko gustatu zitzaiola.

        — Nik badiat lagun bat Donostian, Euskaltegi batetan aritzen dena, eta han eraman eta esan nion "hi, bazeuzkeat hemen poema txar batzu, beharbada sutara bota beharrak izango dituk, baina..." Itxura denez horrek eraman ziean SUSA-ko edo ARGIA-koei. Gustatu zitzaizkiela, ez dakit zer badakit zer, eta nahi izanez gero argitaratuko zizkidatela. Orduan pentsatu nian, bueno ez bazaizue inporta nik hasieran presentatuko diat horrera eta ez badiat saria ateratzen emango dizuet argitaratzeko. Gehienbat diruarengatik, paroan niagok eta.

        — Orain Irungo Udalak argitaratuko dik, ez?

        — Beste urteetan hala huen, bai, nik uste baietz.

        — Eta baduk liburua osatzeko haina?

        — Bueno, oso lodia ez duk izango baina,... Hor oinarria huen 800 bertso, lerro bakoitxeko bertso bat edo hola egiten ditek.

        — Eta dena unidade batekin, gai baten inguruan?

        — Ez, ez, ez, poemak dituk osotara solteak. Pixka bat sailkatu egin nian hori, egitura bat emateagatik, gutxigorabehera. Imajinatu egin nian tipo bohemio horietako bat izanen balitz bezala, mundu guztian barrena ibiltzen dena eta berak egiten dik,... guk egiten diagu, jeneralean, Romara joan ta hor katedralak edo gauza haundiak ikusi, eta bera berriz ttipikerietan ohartzen zen, huskerietan. Horrela imajinatu nian. Ta gero pentsatu nian bohemio hura hilda zegoela, eta sailkatu nian haurtzaroa, gaztaroa eta heriotza. Bere heldutasunera iritsi baino lehen hil izan balitz bezala. Gaztarotik heriotzara pasatzen da, eta hor sailkatu nizkian poemak, "Joannes D'Iraolaren poema bilduma" du titulua.

        — Titulua paratu diok aspaldiko norbaiten bilduma balitz bezala, ez? Eta horretarako erabili duk euskara zahar edo arkaizanteren bat?

        — Euskara gaurkoa ere baduk,... lehengoa ere bai.

        — Baina kutsu hori eman nahi izan diok.

        — Bai, bai. Adibidez neronek haurtzaroan Goizuetan bizitutako hitz asko, hitz lokalak, sartuko dituk, ez? Jeneralean batuaren inguruan zebilek, hitz arkaiko bat edo beste, lokalak eta, sartu dizkiat ere.

        — Kuriosidadea, zenbatekoa huen Saria?

        — Saria duk 350.000 pezeta. Espeziala.

        — Gainera Irun Saria duk inportanteenetarikoa. Letek irabazi zian, Arrietak,...

        — Bai, neretzat ere sorpresa izan duk. Lehen esan diat nola egin nian, ez? Bidali nian haiek esan zutelako ona zela, derrepenteko burutazioa izan huen. Nik horregatik esaten diat, ez diat nere burua ez Lete baten ez Arrieta baten edo Urkizu baten zera bezala jartzen. Holaxe gertatu duk eta...

        — Aintzinera begira profesionafizatzea nola ikusten duk?

        — Nik literatura ez diat horrela hartzen. Jostaketa bat bezala hartzen diat. Batzuk "hi, egin ezak lan bat honetaz edo hartaz" esan eta egiten ditek. Niri norbaitek esango balit lan bat egiteko ez nitzateke gauza izango, literatur lan bat, esan nahi diat. Horrek etorri behar dik barrendik, barrendik eskatu behar dik, eta gogoa duakakenean.

        — Baina gero hor dator transformazioa, lehen barrendik idazten duena, eta gero profesionalizatu egiten dena.

        — Adibidez orain dela gutxi leitzen nian, Durangoko Azoka zela eta, Saizarbitoria nobela bat edo idazten ari dela eta ezin duela bukatu edo ez dakit zer. Eta berak esaten zuena. Eske nik uste ez dagoela esijitzerik idazle bati. Berak hiru-lau nobela egin zetian, ta orain mundu guztiak ea noiz idatzi behar duen. Eta nik uste pertsona batentzat okerren-okerrena hori dela. Hi lasai hago eta jendeak behartzea. Hori niretzako. Profesionala denak, hik esaten diok eta egingo dik etxandoletxes.

        — Baina, bistan da idazteko dedikazio bat behar dela, eta beste lana baldin baduk, deus ateratzeko denbora behar duk.

        — Nik poema horiek orain paroan nagoelako eta nahiko denbora izan dudalako. Nik adibidez zortzi ordu lan egin ta... beharbada egingo nikek, baina bost urteetan igual edo ez zekiat. Denbora behar duk, derrigorrez.

        — Beraz, profesionalizatzearena ez duk txorakeria.

        — Ez, ez, ez, txorakeria ez duk, baina nik esaten diat nola hartzen dudan literatura. Nik ez dudala nere burua profesionaltzat jotzen eta ez dudala uste sekulan izango naizenik. Hobby bat bezala hartu diat. Mendira joatea bezalaxe. Igual, gaur gogoa bazeukeat, edo inspiratuta niagok edo ez zekiat, edo mozkor ondore batean.

        — Eta orain dagoen beka politikak —oso enteraturik ez bagara ere horretaz— pixka bat produkzio bat asegura dezakeela dirudi, eta jendeak idaztea.

        — Alde batera ongi iruditzen zaidak, baina beste aldera... Konplejua duk. Eske nola berexi behar duk, adibidez? Bueno, laguntzak ematen direla, baina oso mugatuak ere. Orain arte eman dira Martin Ugalderi, Atxagari, Koldo Izagirreri, Asier Etxeberriari,... baina,...

        — Afizio pixka bat izanez gero, urte batetan, laguntzarekin, errex egiten duk liburu bat.

        — Nik ez zekiat. Nik nere buruaren gainean karga bat ikusten diat, horrela. Produkto bat atera behar, eta ona. Nik ez diat hori onartzen. Nik egiten diat lasai, eta gero jendeak esan dezala hori putamierda duk, baina deusen kargarik gabe eginda, nik hola hartzen diat.

        — Zenbat jendek presentatu zian lana Irun Sarirako?

        — Uste diat hamar, poesien zera horretan.

        — Juradokoek zer esan ditek?

        — Ez nauk beraiekin egondu. Kritika pixka bat irakurri diat DIARIO VASCOn, zerbait jartzen zian, juradokoek zer esan zuten, baina geroztik ez diat kritikarik entzun.

        — Juradoak zein hituen?

        — Ibon Sarasola, Xabier Lete, Jon Etxaide, eta beste bat ere bahuen, orain ez nauk gogoratzen. Leitu nian hizkuntza aldetikan beharbada aberastasuna bazegoela, baina gainerakoan, sintesi formala eta, falta zela pixka bat. Hori hala duk. Hik ateratzen duk poema liburu bat eta gorputz oso bat bezala ematen, hori zaila duk. Eta estilismoan ere bai, beste edozein hizkuntzatan bezala idazle bakoitxak egina dagoenean estiloa lortu dik, eta hori ere falta dela pixka bat, poema guztietan estilo konkreto bat, hori esaten zian kritikak.

        — Eta orain zertan ari haiz, baduk proiektorik? Eskribitzeko beste gauzarik?

        — Ez, ez. Nik, gogoak ematen badit eta zirkunstantziak eta mila gauza, igual zerbait egingo diat.

        — Ez haiz idazle disziplinatua?

        — Ez, ez. Nik gogoa edo denbora dudanean, irakurri eta idatzi egiten diat, pixka bat hola. Beste zer edo zer ere egiten diat. Itzulpenen bat egin diat, Eusko Gobernuarentzat,... eta Amejoramientoa ere, baina folloi bat izan diat.

        — Leitzako giroak, idazle leitzarrak eta badituk, lagundu hau idazteko? Hemengoak dituk ditugun bakarrak!

        — Ez zekiat, nik uste ezetz,... orain, nik Naparroako giroa ez diat hainbeste ezagutzen, baina nik uste Iruñean, euskal modu horretan, leitzarrismo dexente izan dela. Patxi Zabaleta hasi huen, ta gero Iñakiren inguruan, Bittorio,... Baina uste dut orain alde guzietatik hasi dela jendea eta hori ona duk.

        — Leitzako PLAZAOLA aldizkarian aritzen haiz ere?

        — Bai, artikulu kaxkar batzu idatzi dizkiat.

        — Miranderi buruzko lan bat hirea huen?

        — A, bai. Bere biografia hartu eta idatzi nian, literatura sartzeagatik edo. Gero IGELAtik gauza batzu hartu, gustatu zitzaizkidanak,...

        — Asko irakurri duk euskaraz? Zein idazle?

        — Asko, asko,... ez baitakit besteek zenbat egiten duten! Orain, nik irakurri dudan apurra euskaraz irakurri diat. Lehen esan diat, literaturan gehienbat Joseba Sarrionaindiaren eraginatik sartu nintzela, eta bera ere asko gustatzen zaidak. Gainera pertsonalki ezagutzeko aukera izan nian. Gero Jon Mirande ere bai. Horiek hartuko nituzke eredutzat, idazteko forma, idazteko etika. Sarrionaindia oso sentziloa da, esate baterako. Nik ikusten diat mundu honetan harrokeria asko dagoela, eta horren kontrakoa izandu nauk beti. Mirande bera ere horrek zapaldu zuen. Bere garaian, Mirande izan huen euskal idazleen artean, igual kulturarik gehien zuena, eta garai hartako erlijio giroak edo PNV inguruko jendeak zapaldu zuten Mirande. Nik ez nian bera ezagutu, baina aldi berean pertsona apala zela uste diat. Joseba bera kristona dakien tipoa da, zinea eta... erudizio haundiko tipoa, eta aldi berean duk sentzilloa, apala. Gero, idazteko modua, osea, idazteko imajinazioa behar dik, fantasia, bihotzeko gauza pixka bat, eta oroz gain hizkuntza, hizkuntza maite behar duk. Bestela ez zegok idazterik. Hizkuntzaren goxotasuna, errejistroak, horiek bilatu behar dituk. Sarrionaindiak idazten duena nik uste bere bihotzetik pasatzen duela. Imajinazioa izango dik, eta fantasia, eta erudizioa, baina iruditzen zaidak sentitu egiten duela idazten duena, eta horregatik maite diat. Adibidez Bernardo Atxaga batek berak baino erudizio gehiago izango dik igual, errexago idazten dik, errextasun haundiz, baina neretzako ez dik bihotzetik pasatzen idazten duena. Eta neretzako literaturak behar dik bihotzetik pasatzea. Beti ez agian, baina sentitu egin behar dik. Literatura nik hartzen diat haur jolas bat bezala edo horrela. Mundu honetan ikusten duk modelo bat, eta pertsona hor sentitzen duk libertada falta batekin, eta libertade hori lortzeko. Askok esaten ditek politikan sartzen direla gizartearen askatasuna lortzeko, eta literaturan berriz norberaren libertadea lortzeko. Politikarena ez zekiat, orain arte ez dik inork lortu, baina literaturarena bai...

        — Atzo telefonoz dei egin genuenean galdetu genian hitaz "Patxi Perurena periodikuetan idazten duena" esanez, eta "Periodikuetan idatzi? Ez dakit, txistua jotzen aritzen da beti" erantzun ziguten. Horrek esan nahi dik jendeak ez duela asko irakurtzen, ezta? Nola egin liteke horren kontra? Edota, merezi al dik horren kontra aritzeak? Zeren guk ere horretaz ez diagu asuntua batere garbi ikusten...

        — Nik egin dudana neronek egin diat, nere txokoan. Herriko ekintzetan ez nauk sartu. Esan nahi diat, zer egin beharko litzatekeen edo nola hasi beharko litzatekeen? Ni beti kritikoa izandu nauk, beti gustatu egin zaidak kritiko izatea, baina nik egin dudana neretzeko egin diat. Gaur zoritxarrez preokupazio hori, behar hori ez duk sentitzen. Jendeak ez dik irakurtzen eta ez dik konzientziarik. Nolabait ere motibazioa beharko. Nik ikusten diat gauza asko egiten dela orain folklorismo hutsagatik, testimonialkeria hutsagatik. Behar dituk motibazio jeneralak. Iruñean bazegoek KORROK bat, SUSA bat Donostian, baina behar dik jeneralago, motibazio jenerala, politikoa, hori lortuko bada, bestela behera goaz. Egiten ari den hau nik asko estimatzen diat, ez zegok besterik eta asko estimatzen diat. Baina itsasoan ttantta bat bezalatsu gelditzen duk hau.

        — Hik aukera egina duk poesian aritzeko, edo ipuingintzan eta saiatu nahi duk ere bai?

        — Ez diat egin, ez. Baina gehiago gustatzen zaidak poesia. Lehen ere esan diat ez naizela ikusten nobela bat idazten, ipuina beharbada,... Neretzat errexagoa duk gai bat hartuta, edo ideia filosofiko bat hartu ta gero poema bat egitea. Berritsua denak eta imajinazioa duenak ipuin bat agiten dik etxandoletxes. Ni ixil xamarra nauk, amarekin errixtan ibiltzen naizenean kenduta, ixila nauk.

        Amak baieztatzen ditu Patxiren azken hitzak, eta beste gaietara pasatzen gara. Hasten gara honetaz eta hartaz solasean. Patxik egina du K. Izagirreren "Euzkadi merezi zuten" liburuaren kritika eta eman digu publikatzeko ale honetan. Hori dela eta kritikaz aritzen gara.

        — Ni, adibidez, ni nola hasiko nauk K. Izagirrek egindako lan bati kritika egiten. Baina bestela ez dik inor egiten. Problema hori duk. Eta kritika egiteak merezi dik, giroa sortzen baitu, giroa sortzen duk kritikaren inguruan. Gainera oso jende gutxik egiten dik. Zaila duk kritika ona egitea, baina hobe duk kritikarik txarrena kritikarik ez baino. Horrek bultzatuta idazten diat inoiz bat edo beste.

        Gero beste gai batzuetara pasatzen gara, solas ta solas, nolabait "entrebista" bat egiten ari garela ahantziz. Sukaldea, pixkanaka, egunorokoagoak diren bisitariek bete dute, anaia, arreba, aita,... beren presentziarekin bazkaltzeko tenorearen hurbiltasuna salatuz. Gurekin etorri den elemento zuriak bazterrak mantxatzen segitzen du, ahaleginetan. Sukaldeko berokarrian ahotsak multiplikatu dira, gure galderek erantzun anitza dute. Orion bizi den Leitza-ko Lasarte bertsolariaz. Perurena bertsolari goizuetarra familiakoa ote den ere galdetzen dugu. Patxik entrebistatzailearen papera hartuz Mikel-i ea bera ez ote den ere bertsolari galdetzen dio. Txapelketaz eta horretan parte hartzearen esperientziaz. Amuriza ere ateratzen da,...

        — Baina neretzako Amuriza bertsolari baino gehiago erdi poeta horietakoa duk. Nik beti bereixten diat. Oso nabari duk Amuriza dela teknika ikasi duen horietakoa. Amuriza bat aditu edo Lasarte bat aditu, kriston aldea zegok. Amuriza bertsolari baino gehiago poeta.

        — Baina bertsolaria ere bai, dudarik gabe. Orain, mundu zabalagoa abarkatzen dik, betiko erreferentzietatik aparte ibiltzen duk ere askotan.

        — Dudarik gabe, gaurregun den bertsolaririk jantziena eta gehien dakiena bera da.

        — Zerebralagoa duk, akaso, edo konszienteagoa.

        — Bertsolaritza hotza, gordina erabiltzen duela esango nuke nik. Baina gaur egun ez dago eskatzerik Lasarteren giroko bertsolaritza, edo zahar horien giroko bertsolaritzarik.

        Bertsolari batzuren hoztasunetik, euskara batuaren hoztasunera. Alfabetatzea, euskara batua, euskalkiak,... betikoan ari gara.

        — Jende zaharra dago alfabetatu gabekoa. Niri askok esan dit Leitzan bertan "baina zer euskara duk hori, hik erabiltzen dukena periodikuan, hori ez duk ez hemengo ez inongo euskara".

        Norberak idazterakoan erabiltzen duen hiztegi bereziaz aritzen gara aurrerakoan. "Gustatzen zaidak, hizkuntzaren goxotasuna askoz gehiago harrapatzen diat, Oiartzun aldetik, Iparraldeko hiru probintziak hartuz, Nafarroa Garai aldeko inguru honetako hizkuntza,...". Koldo Izagirreren azken nobelaren hiztegia hartzen dugu gaitzat.

        — Eske duk pixka bat baserri giroko hiztegia, itsaso aldetik ere bai, baina gustatu zaidak, euskalki sartze horrek ematen ziok bizitasuna. Nik gauza bat irakurtzerakoan gehien baloratzen dudana hasiera batean duk zein inpresio eman didan hizkuntza aldetik. Ikasi izan banu kritika literarioa egiten beste modu batean epaituko nikek, akaso. Saizarbitoriaren lehen elaberri modernoak, esate baterako. Teknika aldetik nik ez diat esaten, baina hizkuntza aldetik ez zaidak gehiegi gustatzen. Oso hizkera hotza, artifiziala sortzen dik. Izagirrerena aldiz, neretzako, hizkuntza aldetik askoz ere estilistikoagoa duk. Hizkuntza duk beti oinarria. Kontatzen denak ere bere garrantzia dik, baina hizkuntza basikoa duk.

        "Hartu lasai gehiago, elurra ari duela oraindik!" Ardi gasna ezin hobea ere probatu genuen. Uitziko portuan kotxea zeinek bulkatu beharko ote zuen hasi ginen, baina Patxiren aitak lasai egoteko erran zigun, bertan babarrun eta patata nahikoa bazela, eta hori izanez gero ez zela Iruñera joan ezinean Leitzan gelditzeko beldurrik.

        Geurera itzuli nahi guk, ordea, eta hantxe abiatu ginen elurra desafiatuz. Elur malutek, ikaragarrizko zuhaitz erraldoi batek ixuritako orbelak bailiran, ustekabean eginiko kamaina zuria zanpatuz (zanpatuz!). Dena zuri zegoen, bakarren bati barreneko horretan zizta egin eta poema inspiratzeko moduan,... e, Patxi?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.