L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<korr0700>— Korrok-Korrika (7. zenbakia) (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Korrokata

 

        Asko da euskalduntzearen prozesoaren prozesioak gogora dakarkiguna. Gauza solteak, lotura bakarra dutenak; Ez direla inondik inora burutazio serioak edo eta Gure Hizkuntza salbatzeko egiten den horietako batzarre batetan inork ez zituela haintakotzat hartuko. Ez du honek esan nahi Euskalduntze Prozesuarekiko errespetu gutxi dugunik (guk ere zenbakiren bat badugu loteria horretan), baina egia esan supraestrukturak, siglak eta letra maiuskulek aspertuta aurkitzen ditugu geure buruak behin baino gehiagotan.

        Horregatik nahiago dugu pentsatzea zenbat dibisa kanporatu ahalko genukeen "El Rubio de Irurita" delakoari testigua emango bagenio, edo eta XXI. mendean sartzeko 14 urte falta direlarik, informatika, konputadoreen hizkuntzaren garaian ahozko, hizkuntzarekiko atxikimendu setatia ikustean harritzea.

        KORRIKA honek ez gaitu hemen ustekabean harrapatuko. Nafar herriak badu batera mugitzeko mendeetako tradizioa. Hor dago Albania konkistatzera joateko martxa, edo Santiagorako bidean egindako milaka eta milaka urrats. Urtean behin txoro batzu Javierrera joaten dira oinez eta urtean zortzi aldiz beste txoro klase batek korrika egiten du adardun batzuen aurrean. Eta lehenbiziko maratoia hemen egin ez bazen ere aurreko guztia nahiko irudituko zitzaion Monseñor Escrivá de Balaguer-i Nafarroan bere gisako "bidea" ("Camino", hobe esanda) antolatzeko, edo eta beste ilustre bati autopista ikaragarria egiteko, gehienok zertarako balio duen oraindik ez badakigu ere. Guzti hau ikusita, aholku bat: KORRIKA egiten ari zarela begira itzazu zure Adidas eta pentsa ezazu Nafarroko errege lehenetariko batek Abarka zuela izena. Zertarako gehiago.

        Bernardo Atxagari beste egunean zera entzun genion: Berak zionez, herri honetako zenbait herritan, haurra heldutasun maila bat irabazten duenean, gaztetxo, gizongai bihurtzen denean, korrika egiteari uzten dio eta mantso ibiltzen ikasten du, mantso ibiltzea heldutasun ezaugarria omen da eta. Horren arabera —eta kontrako eritziak izango diren arren— euskara gero eta umeagoa da, urtez urte KORRIKA gehiago egiten du eta. Munduko hizkuntzarik zaharrena agure bihurtu da haurra izateari utzi gabe. Lizardik ere hitz egin zigun "birrumetutako amona"z. Sarrionaindiak ere esana du zerbait hizkuntza honen bataio-papera faltaz eta heldutasun-agiri faltaz. Kointzidentzi kuriosoak, alajainkoa.

        "Bururik ez duena zangoak ibili behar" dio esaera zahar batek, eta "Beti laxterka eta beti geldi" beste batek. Bi esaera hauek eta goian esandako guztiak ezkortasunera eramango gintuzkete. Horregatik "laixter gehiago egiten du dabilen bereak erbi geldiak baino" edo "Non da besta, non da beille (erromeria) han da nire kireille (zangoa)" pentsatzea hobe dugu, bai eta ez dagoela izakirik zoriontsuagorik korrika dabilen umerik baino.

        Horregatik guk ere zapatilla eta txandal berriak erosi ditugu Euskal Aerobic —Amurizak bersolaritza kirol nazional izendatu badu, zilegi bekigu guri horrelako izenik jartzea KORRIKA-ri— honetan parte hartzeko.

        Bai, guk ere gure kilometroa erosi dugu eta KORRIKA egiteko prest gaude, birika betean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.