L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-Korrika (7. zenbakia) (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskara, lingua christianorum

 

Koldo Martinez

 

Ez uka, ez lotsa. Geure buruak ateotzat dauzkagun gaurko euskaldunok ordaintzen dugun zergarik erlijiosoena KORRIKA da, alegia.

        KORRIKA prozesio bat da, prozesio luze bat. Ez da herri bakoitzean egiten, ez eta ordu berdinean. Herriz herri ospatzen da, eta atsedenik gabe, ahalik eta gehienek parte har dezaten. Nolabait, aitorpen kolektibo eta martxosoa. Errepublikazaleak izanik, geure erreinua mundu honetakoa ez dela jakinik, alperkeria eta txantxetan galtzeko astirik ez dugu, eta ibili ibilian lortu ez dugunez, orain, KORRIKA, ad maiorem euskarari gloriam.

        KORRIKA korrika egiten da. Ez norberak nahi duen erritmoaz, kilometroka markatutakoaz baizik. Ez baitute, jeneralean, martxa berdina izaten ANV-EAEko jeneral izandakoek eta Hertzainak taldearen musikaz flipatzen duten gure herri passsotek, esate baterako.

        KORRIKA Euskal Herria santutegi edo basilika (kaixo, Itxaro!) zabal eta mugagabea bihurtzen duen prozesioa da. Herri guztiak apaintzen baitira KORRIKA salbatzaileari behar bezalako ongi etorria emateko, beren gala hoberenez, txaranga eta ikurriñez. Herritarrek ez dute ia igandetako jazkerarik jazten, egia esan, oso démodé delako, bainan, a! zer nolako txandalak ikusten ahal diren... KORRIKA tutean behin guttienez egin behar den prozesioa da, euskaldunon zerua irabazi nahi ba da, behintzat. Eta graziaz eta saleroski egin behar denez, kasu egin, ez zaitez inolaz ere ihazko espadriletaz joan, juaneteak minduko zaizkizu eta, pekatuz korritzeagaitik.

        Argi, argi eta garbi, basko batuaz zioen basko famatu batek:

        "FAMILIA KE KORRIKA BATUA, PREMANEZE BATUA". (sic).

        KORRIKAk, beste edozein ekintza liturjikok bezala, ba ditu bere parafernalia eta bere jakulatoriak. Batzu oso bereak, Irratitelebistaeuskaraz, Euskalherrianeuskaraz, eta abar; beste batzu teologia askatzailearen hildotik dabiltzanek sortutakoak, Barrionuevoezaldezaharrabai eta holakoak; eta beste batzu, ortodoxiatik erabat aldendu diren ardi galduek erabiltzen dituztenak, Otanezetabai, eta antzekoak.

        KORRIKA prozesiorik garesti eta sufrimena da. Bertan parte hartu ahal izateko, askok eta askok ordaindu behar izaten dute, eta ez ahantz, KORRIKAn parte hartzeak korrika egitera behartzen zaituela... Guzti hori, ezeren truke, jeneralean. Beno, gutti batzuk, fotografietan ateratzearen zoria lortzen dute.

        KORRIKA kilometroz kilometro aldatzen diren apaiz ugariz ornitzen den prozesioa dei. Beren artean, beste Eliza eta kredotan bezala, jerarkiak dira. Adibidez, Auritz eta Luzaideren arteko kilometroak, monagilo eta azken mailako apaizek betetzen dituzte, hots, E.E. eta Auzolaneko buruek, sindikalistek, AA.VV.etako kideek eta abarrek; goi mailakoek aldiz, bai, Athletic eta Realeko futbolistek, Mahai Nazionalak, Lehendakari ohiak eta hoiek, ba, muga pasatzean eta hiriburuetako kilometro garrantzitsuenak... Egia ote da aurtengo azken kilometroa Santurtzin euskara ikasi nahi omen zuen P.N. batek egingo duela, AEKren bedeinkapen osoaz?

 

Dena den, KORRIKAn, funtsezkoena testigoa da. Euskal Herri osotik zehar paseatua den testiguak, mezua paseatzen du. Eta eskuz esku pasatzean, esku selekzionatuz esku selekzionatu ibiltzean, elkartasuna eta batasunaren zeinu eta sinbolo bihurtzen da. Lekukoa darametenen artekoen batasunarena. Horrela hedatzen eta frogatzen baita, geure herrian erlijio maioritarioa den pro-baskuenzismoaren garrantzia eta egiatasuna. Berau onartzen ez dutenak, kondena bitez!... (Vade retro, Satana!).

 

Prozesioa bukatzean, Euskadiko zentro neuralgikoan (Kapitala Vitoria-Gasteiz baita), Euskaldun Hautatuak testigoa irekiko du eta sermoi sutsu batez, KORRIKAren mezua lau haizetara zabalduko du, entzungo duen gehiengoak tutik ere ulertuko ez duen arren...: "...EUSKARAZ BETI MINTZA..." Bukatzeko, konfesio bat. KORRIKA lizunki maite dut. Paliorik gabeko prozesioa baita. Eta ez dut, haatik, ez pekatuen minik, ez eta enmendatzeko propositorik. Agian, infernuan euskaraz mintzatzen ahal da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.