L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

"Basilika":
Iparraldetik kilika

 

Burnitx

 

        Aspaldixko kaleratu zen aipagai hardu dudan liburu hau. Ez naiz ordea irakurketa eguneroko ogi bihurtzen duten horietakoa zoritxarrez, eta ene erritmo mantsoan ailegatu zitzaion "Basilika" honi ere txanda. Egia erran Iparralde lasaian bazterrak harrotzen ari zen idazle berriaren lana zelakoan eskuratu nuen liburua. Geure komunikabideetan entzun eta irakur zitezkeenak hala iragartzen zuten eta.

        Haria zein den errepikatu gabe, komeni da oroiteraztea Itxarok garai honetako Ipar E. Herrian kokatzen duela bere historia. Bertan, fantasiazko gertaera baten kontaketaz baliatuz, umorearen bidetik abiatzen da zenbait pertsona eta erakunderen kritika zorrotzenera iristeko.

        Mundu errealean, guregandik urrutiago edo hurbilxeago, dabilen makina bat pertsonairi interpretaerazten dio berak eransten dion papera, orri xurien eszenarioan. Pertsonai hauek gezurrezko izenaren karetapean agertzen dizkigu, baina gehienak errax identifika daitezkeenak dira, bere burutik asmatu duen bakarren bat kenduz.

        Pertsonai hauek karikaturizatzen ditu idazleak, bakoitzaren joerak esageratuz, marrazkilari onaren gisa, edo berak ikusten dituen modura, hortxe bakoitzaren portaeraren baloratzaile eta epaile kupidagabea. Horrekin burlazko parodia antolatzen du, gure gizartearen zenbait akats salatzeko.

        Hain zuzen ere Eliza, erakundea, eta bere ordezkariak, eraso ditu gogorren. Baina baita, bidenabar, euskaldun-fededun estereotipoa ere. Moral atzerakoia eta sexuari buruzko tabuak, arestian aipatutakoari hain hertsiki loturik, izan dira era berean Itxaroren erasogune inportanteak.

        Maila apalagoan aipa liteke politika profesionalizatuari, eskuin zein ezkerreko alderdi tradizionalei, egiten dien kritika. Kontakizunean zehar alderdi interes soilen truke egiten bide diren gisa guztietako gezur eta azpijoko ustelak erakusten dira.

        Eta bukatzeko erran nahi nuke ez zaidala iduritu, zenbaiti aditu bezala, umorezko denborapasa hutsa. Ezta pentsatu ere. Goraipagarriak dira, nere ustez, alde batetik, idazle berri honen ausardi eta adorea horren gai delikatuari, berak egin duen moduan, ekiteko. Eta bertzetik narraziorako aukeraturiko bitartekoa, estiloaren aldetik: zuzen eta gordin, apenas koloranterik gabe. Itxurak gordetzen ibili gabe (Herri honetan gainera!)... gizartearen akatsei eraso... punk forma berrien ildotik? "euskal heterodoxo"en istilean igelkume berria?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.