L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

—Joakina Txapaltegi—

 

Bizitza eta lana

 

        Arestian aipatu dugun bezala, ezer gutxi dakigu beraren bizitzaz. Gallipienzon entzundakoa eta guk, gure aldetik, handik eta hemendik ikertu duguna bateratuz, ondoko biografia hau ostatu dugu. Joakinaren jaiotza erabat iluna da. Ez dakigu non jaio zen ez ta ere bere gurasoen izenak. 1868.eko neguko gau batetan, Gallipienzo parrokiko sakristauaren etxeko atarian seaskatxo bat aurkitu zuten, bertan neskato jaioberria zegoelarik.

        Nahiz eta parrokoaren eritzia kontrakoa izan, sakristauak, Aniceto Txapaltegi izenekoa, umea adoptatzea erabakiko du. Joakina izena jarri zion eta bere lehenengo abizena eman ere. Bigarren abizena, Exposito, bere jatorri ilunarengatik datorkio.

        Joakinak bi urte terdi zituelarik, sakristaua hiltzen da, koliko miserere batek jota. Parrokoak, dirudienez, umea inoiz onartu ez duena, Iruinako Miserikordia Etxera eramanen du non laster eta goiztartasunez idazten, irakurtzen eta aleman piska bat ere ikasiko bait du.

        Bertako monjek, neskak zituen adimen eta kualitate ezohizkoak ikusita, lortuko dute Arraizeko Adoratrizen konbentura eramatea, monjagai bezala, zortzi urte bete gabe.

        Hemen izanen ditu bere lehenengo harremanak euskararekin, batipat, egunero, konbentura postrerako mamia eta gaztazarra eramatera zihoan bertako artzain baten bidez.

        Hamasei urte zituenean, ezagutzen ez ditugun arrazoi ilun batzuk direla ta, konbentua utziko du superioarekin istilu gogor bat izan ondoren. Ezkurran zegoen ostatu ospetsu batetan hasiko da lanean. Dirudienez, ordurako bere euskara primerakoa zen.

        Ulzamako artzaiek Parisen ospatzen zen erakusketa mundialera bidaliko dute, hogei urtekin, beren gaztak entzutetsuak aurkezteko, azafata gisan. Han, Pariseko erakusketan, Gerónimo Arrizibita jauna, Kaskanteko notarioa, kultur haundiko gizona eta liberala ezagutuko du. Arrizibita maitemindu egin zen berehala eta Tarbeseko San Sulpice baselizan emaztetzat hartuko du, Parisetik itzultzean. Kaskantera joango dira bizitzera.

        Handik bi hilabetetara senarra hil egingo da, medikuaren zertifikatuak zioenez, hidropepsya deituriko gaisotasun baten ondorio bezala. Joakinak heredentzia jasoko du. Senarrak Urzanten zituen lurrak bere eskuetara pasatuko dira. Baita ere Madrileko fomento ministaritzatik, pensioa. Eta etxean zeukaten liburutegi haundi bat, bertan beste liburuen artean Arturo Kanpion idazlearenak eta Leizarraga zenaren azken lanak aurkituko ditu.

        Alargun geratzean, Iruinara joaten da. Hemen hiriko giro artistiko eta kultoetan sartzen hasten da. Iruinako kafetegi ezagunetan egiten ziren tertuliatan eta abar. D. Juan de Nagusi, D. Aniceto Carriquiri eta Sarasateren iloba ezagutuko ditu, besteak beste.

        Probintziko hiriburuan ikusten duen giro kulturalak bultzatua eta liluratua, hizkien munduaren sartzea erabakitzen du. Erderaz idatziko du bere lehenengo opuskuloa: "Me ví a morirme"; inoiz argitaratu ez zena eta Perico de Alejandria nafar olerkaria zenaren laguntzaz egina. Posromantikoen joera duen lana da hau, lehenengo sinbolisten olerkien eraginak nabariak izaki.

        Teodosia de Kalkuta izeneko nafar misiolaria, jubilatua eta Lesakan jaioa ezagutu ondoren eta berarekin luze hitz ondoren, euskaraz idazteari ekinen dio, beste gauzen artean, berak aitortzen zuenez, nafar poligrafo ospetsu hark esandako esaldi ezagun batek gogorki eraginda: "Me da grima el ser euskaro y no saber el vascuence". Bere lehenengo euskarazko lana 1901. urtean idatziko du, udako bakazioak Zaragozan pasatzen ari zenean. Bere tituloa, "Harrizko Orri Hau". Olerki intimisten bilduma honek prerafaelisten estiloa du, inpresionisten eraginak haundiak direla. Bertan hatzeman daiteke bere bizitzaren pasio haundienetariko bat: Herri kirolak eta batez ere, idi probak.

        Etapa honetan liburu hauek idatziko ditu: "Idia eta Ni" eta "Santi harrijasotzailearen kezkak". Ipui bilogia honek ez du inoiz argitalpenik ezagutuko.

        Eta Joakinaren bizitzaren puntu honetara alegatzen beharrezkoa ikusten dugu ezaugarri ezohizko batean gelditzea, bere garaierako oso harrigaria zen ezaugarria: sportuwman baten ohiturak, hain zuzen. Horrela, bera izanen Tudelako bokal arriskugarria igeri eginez gurutzatuko duen lehen emakumea, bere gizartearen eskandalurako okasio honetan Antxoriz aldeko hondartzetan erabiliko bainujantzi berdina erabili zuelarik, jakin izan dugunez jantzi hau jantzi zuen lehenengo nafar emakumetarikoa izan bait zen.

        Bere kirolzaletasun honetan sakonduz, esan dezakegu baita ere, datuak eskuratu ditugulako, parte hartu zuela "Agrupación velocipédico-recreativa El Progreso Cuencotarra" delakoaren fundazioan eta estatutoen idazlanetan, era berean, maiz askotan Joakina bera txirrindulaz ibiltzen zen, Burni Iturriraino egiten ziren txangoetan.

        1903. urtetik hasita ia hamar urteetan zehar, Joakinaren bizitza erabat ezezaguna bihurtzen da. Bakarrik, denboraldi honetako zenbait errezibo gordetzen dira berak idazle ezberdinekin izandako korrespondentzi telegrafiko luze baten lekuko bezala. Hauen artean bat izan daiteke nabarmenena edo aipagarriena, bere laburtasunarengatik eta aldi berean emakume honek zuen nortasun gogorra adierazten duelako. Pío Barojari zuzendua, horrela dio: "Ez dakit erderaz, traidore, so madrileño!". Gure idazleak "Silvestre Paradox" nobela irakurri ondoren bidali zion autoreari.

        1912. urtean bere oroitzapenen edo memorien liburua bukatuko du: "Ni ez naiz Zaragozakoa". Ebro ibaiaren hiriburuan udako egonaldi luzeetan idatzia. Sensibilitate haundiko lana, oroitzapenez beterik. Liburu honekin batera, Joakinarentzat etapa berri bat hasiko da. Ekintza kulturalak eta literarioak toki guztietan hedatzen dira. Joakinak, ohorezko gonbidatua bezala, parte hartuko du lehenengo euskaraz egindako lore jokuetan, "Ciudad del Cidacos" izenekoak. Geroxeago, "Txistu Majikoa" zarzuelaren libretoa idatziko du, euskaraz, Hilarión Ezkaba konpositorearen musikarekin.

        Baina, garai honetan idatziriko lanik garrantzitsuena eta handiena, nobela luze bat izan zen. "Bertsolari gaztetxoaren erretratoa". Korroken eritzi kritikoan aipatzen dugu lan horren garrantzia. Egunkarietan ere idatzi zuen noizbehinka. Beti kolaboratzaile bezala, bere gogoetak eta eritziak zabaltzen zituen zenbait egunkaritan hauen artean, "El Frailazo" izeneko batean.

        Bere eritzi hauek eragin haundia utziko dute jarraitzaileen artean, lerro hauek idazten ari natzaizuen hau jarraitzaileen artean aurkitzen delarik.

        Joakinaren biografia luze eta sakon bat egitea izanen litzateke gure nahia, baina urrengo batetarako utzi beharko dugu, ikerketa lanak aurrera joaten diren heinean emakume honen bizitzari buruzko zehaztasun guztiak ezagutaraziko dizkizuegu.

        Bukatzeko, esan dezagun, euskal hizkiei eskeinitako bizitza luze eta sutsu baten ondoren, Joakina Txapaltegi hil zela Fiteroko Balnearioan, 1936.eko Uztailak 16ean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.