L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gorrotoa; historiaren eragile

 

Assura

 

        Bizia bezain zaharra da gizakiok dugun joera filosofatzeko. Iragan urrunean, garrantzi izugarria zuten filosofoek, haien buruhausteari zor dio gizarteak aurrepena, zergatia bilatu baitiote hainbat dilemari. Platon, Aristoteles, Socrates..., filosofiaren sortzaile eta ospe haundiko gizonak izanak dira. Bi mila urtetik gora iraganak izan arren, gure belarrietara iritxi da haien lan izugarriaren ohiartzuna. Denek ez dute sorte hori izan da, ordea. Aunitz dira bere bizi guzia pentsatzeari eman, obra miresgarria sortu eta anonimatoan geratu direnak. Gaizki eskertua izan da, gehienetan, filosofoen lana, izan ere, gauza abstraktoen munduan mugitzen bait dira eta fruitua ezin bait daiteke begiekin ikusi.

        Baina, bertze mota batetako filosofoak ere egon dira. Lanbidea ez hori izan arren, eguneroko egoera, sarritan samin eta aspergarriari hitz eta pentsamenduen bidez irteera aurkitu nahi izan diotenak, errealitateak ukatzen digun liburua bilatu asmoz. Gisa honetako filosofoak denok ezagutzen ditugu, alde orotan daude, erdaraz "Filosofos de taberna" deitzen diote jende mota honi. Izan ere, hori ez baita titulo bat, nolabait erratearren, berezko gaitasuna baizik. Filosofoa edonor izan daiteke, pentsatzeko ohitura eta guziari hasiera eta amaiera bilatzen saiatzen den edozein.

        Izan ere, beregan darama gizonak filosofatzeko grina. Uste dut Alfonso Sastre izan zela erran zuena, gizonari ezinbesteko zaiola mozkortu (drogaren baten bidez errealitateari ihes egin) edota bertzela filosofatzea, eguneroko bizitza jasan ahal izateko. Ni ere uste horretara bizitza jasan ahal izateko. Ni ere uste horretakoa naiz eta noizean behin mozkortzen jarraitzeko asmoari uko egin nahi ez diodan arren, orain, zertxobait "filosofatu" nahi nuke.

        Maitasuna, heriotza, bildurra, gorrotoa..., egunean zehar barra-barra erabiltzen ditugun hitzak dira. Baina zer erran nahi dugu benetan hitzok erabiltzean? Gizonaren xokorik izkutuenean gordetzen diren sentimendu hauek betidanik liluratu naute eta saiatu naiz teorizatzen. Dena batera hartzea, ordea, gehiegitxo litzateke ene lumatxo kamusarentzako eta, oraingoan bederen, hauetako bati buruzko gogoetak egitearekin konformatuko naiz, gero ere izango baita, gogoa izanez gero, bertzeei lotzeko astia.

 

        ZER DA GORROTOA?

        Gorrotoaren definizioa denok egin dugu noizbait, eta beti ere maitasunarekin erdi nahasirik agertu izan ohi dugu. Sarritan erran izan da gorrotoa maitasunaren bertze muturra dela, txanpon beraren bertzaldea. Hildo honetatik jarraituz, erran izan da baitare, gorrotatzeko gauza ez dena, nekez izanen dela gauza maitatzeko. Maitasunaren aurreko urratsa bezala ere definitu izan ohi da gorrotoa, inoiz maitale batek bere maiteari erran zionaren arabera: "Maitatzeko gauza ez zarenez, gorrotatu nazazu bederen".

        Orain arte errandakoaren ondorio gisa, gorrotoa, maitasunarekin gertatzen den bezala, pasio bat dela atera dezakegu. Honekin ordea, ezer gutti aurreratzen dugu. Has gaitezen beraz gu baino abilagoen laguntza bila. Nor hoberik horretarako Sigmund Freud, sikiatra eta idazle Austriarra baino? Hona zer dioen berak idatzitako artikulo batek gorrotoari buruz: "Gorrotoa, gauzekin harreman bezala, maitasuna baino zaharragoa da. Ni narsizistaren kanpoko exzitazioekiko zapuzketaren ondorio gisa sortzen da. Haurrari, oraindik amaren sabelean dagoenean, instinto guziak hasetzen zaizkio. Jaiotzean bakarrik ohartzen gara kanpoko estimuluetaz. Pauso honek haurrarengan zirrara bortitzak sortzen ditu. Oraindik ez da gorrotoa, aintzinako urratsa baizik. Gorrotoa, beraz, norberaren ongi izatea nahasten duenaren aurka sentitzen den zerbait da".

        Hain ezaguna den judutar filosofoa zen Spinozak gauza beretsua erraten digu: "Gorrotoa; ongiezaren sentsazioa da, honen eragilea kanpoko kausa dela ideiarekin nahasirik".

        Freud-ek erakutsi zigun aski ongi giza bizitza, jaiotze bertatik ezatsegintasunez horniturik dagoela; bildurrez, desiluzioz etabarrez... Nahigabea, ordea, ez da berez gorrotoan bilakatzen eta hemen hartzen du garrantzia Spinozak erraten digunak, hots; gure nahigabea eta ezatsegintasunaren eragilea kanpoko zerbait denaren idea. Kanpoko kausa honetan gizaki bat ikusten dugunean, gorroto pertsonala gertatzen da. Nork ez du gorrotatu bere aldameneko bat; guraso, senide edo maitalea izan?

        Gorrotoan, gizona bere inguruan bueltaka darrai eta, norbera eta gorrotatzen duena hiltzeko prest dago bere gorrotoari atsegina ematearren. Beraz, maitasunaren bertzaldea dela erratea ez da aldrebeskeria, hau lagunurkoari entregatzeko ahalmena bezala ikusten badugu bederen.

        Errandako guzia laburbilduz, beraz, hauxe, erran dezakegu gorrotoaz: Bertzeei naizik mina egitea helburutzat duen pasio bat dela.

 

        GORROTO KOLEKTIBOA

        Orain artean gorroto pertsonalaz hitzegin badugu ere, ezin dugu bazterrera utzi bertze gorroto mota; kolektibitate edo multzo batek sentitzen duena. Hau derrigorrez inpertsonala eta abstraktoa da, ezinbestez gertatzen da azterketa mentala.

        Gorroto kolektiboari buruz hainbat teorizatu izan da eta guziz konklusio desberdinak atera ere bai segun nor izan burutapen horien egilea. Teoriko marxistak, adibidez, bereizkuntzak egin dituzte gorrotoari dagokioenez. Hona zer dioen Ernest Fischer, filosofo Austriarrak: "Zenbait kasutan bada justifikatu daitekeen gorrotoa; injustizia, krudelkeri et poterea dutenen gehikeriaren kontrako amorrutik sortzen dena. Gorroto honen gibelean, lagunurkoarekiko maitasun mindua aurkitzen da. Baina, bada baita maitasunarekin zerikusirik ez duen gorrotoa. Hau arront kaltekorra da, kaltea bakarrik ekar dezake".

        Argi dago gorrotoan ere berizkuntzak egin behar direla, ezin dela guzia zako berdinean sartu. Nola jarriko dugu maila berean ego-Afrikan zuriak beltzekiko sentitzen duten gorrotoa eta 20 urte lanean eman eta lanik gabe geratu diren langileak sentitzen dutena?

        Aski ongi agertzen digu bereizkuntza honen beharra Jerbert Markuse, Berlindar kultura gizonak: "Gorroto mota bat bada edozein egoeratan gaitzezgarria eta ondorio kaltegarriak bertzerik ekar ez ditzakeena. Baina bada bertze gorrotoa, segun zer egoeratan, ondorio ongarriak ekar ditzakeena. Adibidez, krudelkeriari gorrotoa; torturari, torturadorei gorrotoa. Ene ustetan pasio edo emozio bat da ekintzara eramanen duena eta luzera gizartearentzako onuragarria izanen dena".

        Bertze hainbat aipamen har genitzake arlo desberdinetan ospetsuak izanak diren gizonak eginikoak gorrotoari buruz. Ernesto Che Guevara, iraultzaile Cubarrak ere inoiz idatzi zuen gai hani buruz. Berarentzako beharrezko zen injustizia eta indarkeria gorrotatzea, gorroto hori antolatzea, egoera aldatzekotan: "Gorrotoa borrokaren eragile gisa; etsaiekiko gorroto amoregaitza zeinak gizakiaren muga naturaletik haruntzago bultzatzen duen, hiltzeko tresna hotz, bortitz, selektibo eta efektiboa bihurtuz. Gure soldaduak horrelakoxeak behar dute izan. Gorrotorik gabeko herriak ezin dezake gainditu hain bortitza den etsaia".

        Jean Paul Sartre, Franciar filosofo eta idazle ospetsuak ere gauza beretsua digu. Honen eritziz ezinbestekoa da zanpatuentzat indarkeria erabiltzea, zanpatzaileengandik askatuko badira. Hona bere hitzak adibide gisa: "Orain artean zapalduta bizi izan diren herriak, bakarrik bila dezakete bere nortasuna kolonizatzailearen odolean".

        Baina, denak ez dira eritzi honetakoak. Hainbat eta hainbat filosofo, idazle, elizgizon eta abar dira uste honen kontrakoak; gorrotoa eta honen ondorio bezala indarkeria ez dela inola ere egoera justizigabekoa gainditzeko bide zuzena diotenak. Alfred A. Hasler-ek zera dio: "Gorrotoa eta indarkeria, hidrogenozko eztandagailua eta unibertsoa konkistatzen ari garen garaian, ez dira gizarte xamurragoa lortzeko tresna egokiak lurralde aurreratuetan".

        Hasler-en ustetan, gezurra, zapalkuntza eta explotazioaren aurkako gogorkeriarik gabeko borroka egiazko irtenbide bat da, baliogarritasuna frogatua duena. Indarkeriarik gabeko borroka ez da oraingo asmakizuna, baina sekula ez du izan oraingo gaurregungotasunik, inoiz ez da hain beharrezko eta posible izan. Gorroto eta indarkeriaren erreinuan mugitzen dena, aldatu nahiko lukeen sare beretan dihardu bueltaka.

        Zalantzarik gabe, gorrotoa eta indarkeriaren aurkako predikaririk sutsuena Jesukristo izana dugu, matelezurko bat jaso arren, erasoa itzuli beharrean bertze matela jarri behar zela aldarrikatu ezezik bete ere egiten baitzuen. Baina, doktrina honen jarraitzaileak ez dute bide horretatik jarraitu nahiz Jesus-ek utzitako herentzian oinarritzen direla aldarrikatu, zenbait kasu eta lekutan, justiziaren izenean gerrara dei egin baitute. Hor ditugu adibide gisa ego-Amerikan Espainarrak gurutze santuaren atzean zihoazela egindako basakeriak, edota berriagoa eta oraindik begibistan dugun kontua; 36ko gerra zibilean elizak hartutako jarrera.

        Halere, kontutan hartzekoa da pentsalari hauen eritzia. Hona Franz Konig kardenalaren ustea gorrotoari dagokionean: "Gorrotoan egon daiteke zati bat onargarria injustiziaren aurkako babesa gisa sortzen denean. Gorrotoa kate baten azken muturra da. Desberdintasunetik hasten da, gero babesa ahalegina dator eta honen ondotik amorrua azkenean gorrotoa sortzen delarik. Hemen hasitzen da justizigabea izaten agian lehenago justizizkoa zena. Gorrotoaren helburua etsaiari min egin eta deusestatzea da. Horretarako, ordea, inork ez dugu eskubiderik, inor ez garelako jainkoa".

        Gorroto eta gogorkeriaren kontrako burrukalarien artean, leku berezia merezi dute Gandhi eta Martin Luther King-ek, bizia eman baitzuten zeregin honetan. Horra ondoren Alemaniar elizgizonaren hitzak: "Nahiz eta Estatu Batuetako beltz denak indarkeriaren zale bihurtu, hori bide okerra dela predikatuko duen gizon bakarra izaten jarraitu nahiago izanen dut. Gogorkeriarik gabeko borroka zeinetan beltzak itxaropenak jarriak dituzten, egoera larri batetan gizateri osoa salbatzeko bide bakarra izan daiteke".

 

        GIZATERIA BIDAGURUTZE BATETAN

        Egun, gizartea, norabiderik gabeko estrata luze eta ilun batetan dago murgildurik. Inoiz baino gerra gehiago dago, jendeak gosez hiltzen jarraitzen du, oraindik hainbat jendek ez du ahalbiderik kultura eskuratzeko. Bitartean, berriz, handik eta hemendik arma mota berriak sortzen dihardugu; gaixotasuna, gosea eta analfabetismoa gainditzeko beharrezkoa den dirua gastatuz. Egoera honetan ez da harritzekoa gorrotoa sortzea. Batzu gorrotoa eta indarkeriaren aurka predikatzen jarraituko dute, batez ere zanpatzaileak, beraien dominazioa gorrotatzeko eran bizio bat ikusten dutelako eta dauden lekutik aldenduko ez dituen birtutearen aldeko sutsuak direlako. Dauden tokian jarraitzen utziko dien zanpatuen birtutea interesatzen zaielako.

        Bertze batzu maitasuna aldarrikatuko dute gaurregungo mixeria gainditzeko era bakarra bezala. Baina, zoritxarrez, orain artean bide horrek ez du inolako fruiturik eman.

        Bitartean, politikoak gorrotoarekin trafikatzen jarraituko dute, frakasatuen gorrotoarekin. Aunitzetan gorrotoa, helburu politiko zehatz batzurekin erabili egiten baita, faszismoa delarik horren lekuko.

        Gizarte xamurrago, libreago, ulergarriagoa lortzeko bidean ote goaz non gizon berri bat sortuko den bekaizkeririk gabea; bere burua eta bertzeak konpetentzian apurtuko ez dituenaren bila? Edo beharbada, elkar deusestatzeko karrera amaigabea azkeneraino jarraituko dugu gizabizitza eta lurra bera ere suntsitu arte?

        Galdera hauek dira ene buruari egiten dizkiodanak burutapen guzi hauen ondotik. Agian irakurle, zuk ere nik bezala ez duzu erantzunik izanen. Beharbada, inork ezin dezake izan galdera hauentzako.

        Baina, amaitu, noizbait, non eta nori jaso nion ez dakidan erdarazko aipamen batekin egin nahi nuke. Ez noski, deus konponduko duelako ustearekin, polita eta agian egia dela pentsatzen dudalako bakarrik. "Querer a los otros tal como son, en su manera distinta de ser... Quizá el otro soy yo mismo en mi distinta manera de ser..."

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.