Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia
1982ko otsailaren 12an argitaratu zen Baionan. Etxegorri apaizak
Angelun zuen multikopista edo estensil elektronikoz egin
zituzten lehen zenbakiaren kopiak. 500 ale kaleratu zituzten,
azalean idazle guztien lanak idatzita emanik, eta Baionako fakultatean
egin zuten lehen aurkezpena, Euskal Ikasketen Institutua abian
jarri berria zela baliaturik. Orotara 35 zenbaki plazaratu dira
ordutik, 2001eko azaroan berriena. Maiatz aldizkariaren abiapuntua,
hala ere, 1981eko maiatzaren 10arekin lotuta dator, egun horretan
batu baitziren Itxaro Borda eta Luzien Etxezaharreta literatur
aldizkari baten sortzeko ideiarekin, hain zuzen Mitterrand lehendakari
bilakatu zen igandean.
Ondoren deitu zituzten bilkuretara
Iparraldeko orduko idazle gehienak: Casenave, Arkotxa, Xarriton,
Erdozaintzi-Etxart, Lanatua, Tanburin, Zamora, Pelot... Gerora
plazaratu diren idazle berriek ere izan dute tokirik agerkarian.
Maiatz aldizkariaren lehen aleko aitzin solasak hauek izan ziren:
"Aldizkari bat, gurea. Gauza batzu, denetarik, euskaraz, lantuak.
Gure literatura. Literatura, zertarako? Gure sendimenduak ez diten
bakarrik pasa bainan bizi ditzagun. Maitasuna, lana, tristezia
eta mendiak, esperantza eta gau baten zoriona, euskaraz. Gureak
euskaraz direlakoan. Literatura guretako. Ez gauza hil batzu,
ikerketa hotzetarakoak eta errautsez bete erakustokietarakoak.
Literatura bizirako". Maiatz aldizkariaren lehen zenbakiak
Etienne Salaberrik 1968an idatzitako Nigar egiten dut zutaz
poema dakar lehen testutzat, eta Itxaro Bordaren Zail dira
usantzak poema bigarrena.
Euskal egileez gain nagusiki
Ipar Euskal Herrikoak, baina baita Bidasoaz hegoaldekoak ere,
handia da Maiatz aldizkariak atzerriko egileei eskainitako
arreta, idazle askoren lanak euskaratuz. Antzerkiak ere presentzia
du aldizkarian, antzez-lan osoak eskaini izan baititu.
Argitaletxe ere bilakatu zen Maiatz
1984tik aurrera, Itxaro Bordaren Bizitza nola badoan poema
liburuarekin hasita.
|