L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Haizea eta harria

 

Jon Cazenave

 

Irakurle, ez zaitela izi, ez naiz Lafontaine zenaren gisan fikzio harrigarri eta ororen buru adimendurako probetxugarriak kondatzen hasiko. Ez, nahi nuke soil soilik, bi lagunen zortea den bezala aipatu eta zuen kritikari humilki eskaini.

        Ene ezagunetan, ba dira bi gazte, bat munduko itzuliaren egitera joana dena, haizea gidari, bertzea preso altxatu eta atxiki dutena, harria bizkarrean haren lehertzeko.

        Haizea eta Harria, adin berekoak, sorterri berean agertuak, biek mintzaira eta mintzo apal berdina, biak mendeak leherturik. Bakotxak ba daukagu gure egun guziko bizi xumean, ainitz gauza poxulu, behatz-topa bide frango segurki... Eta hik, «Haizea», hireak ukanki, bizitzen ikasi duk. Orroit haizea nola ilun eta jada urrundua hintzen istudioren denboran! Orduko bizitzak ez zigun hire heineko helbururik eskaintzen. Xumekeria, xuhurkeria ditugu nagusi eta gidari hire gostuko, eta hemengo ideietaz nardaturik, hemengo jendeen arteko har-emanetaz aserik, haizearen bidea hartu duk. Noizbehinka letra bat ukaiten diat hireganik, eta ene ausartzi eskasak eskertzen hau bihotzez, ikusiz tinbre-enbelopetan Lima, Mexico, Denver... Ez bait dut sekulan izanen etxetik jalgitzeko indarra. Eta hirekin bukatzerakoan ezarri nahi nikek hire frasetarik ederrena: «Ez diat gauza handirik ikasi, ez nindian hortakotz joana, zerbait erraitekotan, erran nezakek des-ikastera abiatua nintzela; zer nahi gisaz, ukanen ditiat (sekulan itzultzen banaiz!) gauza ainitz ikusirik, eremu askoren usain-koloreak haragietan barrena sartuak.»

        Bertzeak, Harriak, ez dit gauza handirik kondatzen ez eta usu izkiriatzen; iduri du uspeldua duela mintzoa; arrastatu dutelarik, haragiak itsuski zanpatuz mintzoa hautsi diote, bainan biziki minbera baita, hark, mintzoak, luzaz atxikiko du uspeldura. Iparralde hontan, maiatzaren hamarra pasatu geroztik, frango ari dira demokrazia goraki aipatzen eta nola erabil eskuin eta ezker erakusten, baita ere urruneko herrietan altxatzen diren fazizmokerien kontra gogorki mintzatzen. Bainan, hitaz eta Puerto de Santamarian hirekin diren lagunetaz ez die kasik deusik erraiten.

        Hona orain lekukotasun bat, Argia errebistatik hartua, España demokratikoan egiten diren gauzeri buruz: lehenik komisariako gertakizunak: «Beti argi zuri baten pean, denboraren ideia ere galdu egiten duk. Azkenean koltxoia (burukita) ekartzen dutelako dakik gaua noiz den. Eta egun osoa izugarrizkoak hartzen.»

        Puerto de Santamarian: Preso lanjerosendako erregimen ezpeziala (zeldatik atera gabe egun osoan). Sistema honen ondorioak ongi aztertuak daude, USAn lehenik, Alemanian gero, kartzelatuaren gorputza nahastu dute, asko jaten hasiko da, edo janaria utziko, urduri jarriko da eta erabat desekilibratu. Ondoren burua nahastu; irudipenak, aluzinazioak, izugarrizko deprezioak. Zanpaketa zientifiko honen bidez, gizakia anikilatu nahi da, aislatu, herritik, lagun eta senideetatik eta kartzela-kideetatik urrunduz, zihurtasun falta etengabean bizi erazi.»

        «Haizea» lagunaren hegataldia segitzen dut, letraz letra bere bozkarioan parte hartzen, iraganaren hart hauskorra dugula bien artean hedaturik.

        Bainan «Harria», nola dezaket ahantz hire baitako mina, nola onart egiten diaten bakardade minkorra.

        Letra batean galdegiten didak: «Bizi hiza hi bederen?» Bai bizi nauk, bizi gaituk eta samur gainera.

        Ez Espanian, ez Euskal Herrian, ez Rusioan, ez ta ere Argentinan, ez bertze nihun, ez dezakegu onets gizon edo emazte zelda baten hotz mingarrian itzaltzea, deuseztatzea. Bainan gaizoa, nola duk izena? A. Soljenitsyne? Milan Kundera? Miguel Angel Estrellas? Ez, bertze askok bezala, izenik ez duk, baizik harri bat, bizkarrean lotua, ontsa eta luzarako.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.