L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 2 (1982-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Metropolis

 

Itxaro Borda

 

Metroan ibiltzea maite zuen. Auto horien haizea eta burrunba zizkolatsua laket zitzaion. Mendian sortua zen; zirudion orduan, hiri handi hortan, lurpean, jenden artean, haize mehe bero horrekin mendian zabilala larrazkenetako urri-minen hego hatsean barna.

        Horregatik, egunero bi edo hiru ordu pasatzen zituen metroan; Aste guziez txartel-karnetak erosi ondoan, sekulan reskillatu gabe (legalitate betean obratzen baitzuen) ibilera honen harat-honaratak gozatzen zituen. Nahiz ez zoan Chatelet, Nation, Louvres eta Couronne estazionetan gaindi baizik, iduritzen zitzaion Romen, Muetten, Sebastopol edo Loretten zelarik munduaren inguruan hiriz-hiri: Madrilleko Oriente plazan, Erromako Neronen baratzetan, Atenako akropolean, New York zentral parkean zikintegi miatzen, Moskun Puxkin kafean Maiakowski entzuten edo Buenos Airesen Atlantiko itsasoari begira. Eta beti zutik. Metroaren gelditze bakoitza eskale bat zitzaion: aireportu, leihor urrundu, trenhartoki hotz eta xuri...

        Baina, asmatu herrialdeak baino arpegiak maite zituen. Bistan da berea (arrunta) ez zuela sekulan ikusten, eta besteak zituen beraren mirail hoberenak. Horrelakorik ez zen posible mendian, haizearen eta eguzkiaren arteko bakartasunean. Jende mota guziak bazabiltzan hor, zerrendaka zenbakiak bazituzten bezala. Lasterkada hortan nehork ez zakien helburu balizkako horren balioa. Arpegi batek bere erakasle bati pentsarazi zion: hari so egon zen bulta bat, eta erabaki zuen, zinez, erakaslea ederrago eta sensualagoa zela. Kitto.

        Jendeek begiak galduak zituzten, ziloa bazuten ikusmearen lekuan. Agerizko ezaxolak zerbait makur handiagoren beldurra gordetzen zuen. Beldurra ere senditzen batzutan mendian. Ororen estakuru bakarra lana zen, eta bizitza irabaztea gatik (ez da oraino horrenbeste zaila paradisua irabaztea) lasterka bazoatzin. Kaseta besapean, ataxekeiza eskuan, «la methode de la Méthode» irakurtuz, zeinek sakonago bere leidura, eta zein bestea baino diferentago... Beldurra...

        Harek lasterka ibiltzea maite zuen... Haur denboran mendian manera berean bazoan, xori zangohautsien ondotik, hosto erortzen ari zena atzeman nahiz. Beti debaldetan naski. Metroa mendia zuen, jendeak lagunak zituen eta denek helburu huts bera zuten.

        Azkenean jende osteen ikusera berdina eduki zuen: asmatutako ortzaiz bati begira zagon eta, belarriak kloxar edanen eta arrotzen ele makaleri hetsi zituen. Metroa, segurantzagabea gatik, kartzela bihurtu zitzaion. Irria galdu zuen. Plazerrez baino beharrez hartzen zuen metroan. Goiz nardagarri batzutan burdinezko erroten pera botatu gogo zuen bere burua. Hori, momento batentzat: baizik ez balitz ere, haize beromehearen eta burrunba saminaren geldiarazteko.

        Gehienetan ordea, arratsetan, lurperatzen zelarik martxoko Pariseko haize motzetik metro barneko gozo oparoa iragaiten zen. Eta han, nola haize hegoa, airea, amatsu, airea jastatzen zuen.

        Egunero eta gauero mendi alegiazko haize horren hatsaz...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.