L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 2 (1982-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Feed-back
edo ihardespena

 

Mayi Pelor

 

Kordoba, udaberriko iguzkian beroa zen. Espaloiak ez balira mugikorrak izan, 1417.eko hiri zaharra XX. mendekoa zela erran zitekeen (1417, Hegira-ko urtetegian, 2039, Kristauenean). Jendea hara eta huna, batzuek erlojuari so egiten: asti gutti egoiten, baina zergatik laister egin! Allah-k behar zen astia emanen. Airean hitzak, txisteak, irriak; haurren oihuak... Hiriaren hatsa.

        15ek jo; auzo berrian, «Sâd» gizartearen building batean, 35 urteko gizon bat lurrean etzana zen. Bulegoan ez zen beste lagunik. Leiho-oholak betazal akituak bezala emeki-emeki jaustean, emakume boz ezti bat relakzaziorako kontseiluak ematen hasi. Lurrean, Nizam dena ahanzten entseatu... Azkenean, pausa bat! Bost oren lan egin eta 40 minutuko bake hori ongi irabazi zuela pentsatuz pozik zegoen. Bere begiek ez zuten gehiago pantailetako ingurutxo erotua ikusten.., begiak hutsak zitzaizkion. Bere zangoak ere «ahantzi» zitzaizkion. Munduko gizarte guziek bezala, «Sâd»ek eguneroko planning-memorietan relakzaziozko ariketak sarrerazi zituen; metodo horri esker seigarren oreneko lana gaitza izaten zen.

        «Gogoan izan zure ezkerreko beroa... eskua lurrean duzu... Eskua astuntzen ari zaizu... astuntzen... tzen...» kantatzen zuen boz eztiak. Nizam-en gorputzak ariketa ezagutzen zuelakotz, bozari obeditzen zion. Nizam-en gogoak ariketa gehiegi ezagutzen zuelakotz, kezkak ezin baztertu.

        «Mahometanoak hogei minutuko pausa dugu; besteek mundu zabalean, hogei ta hamar minutukoa... Gaur ez naiz errexki lasaituko.»

        Hogei minutu iragan. Doinu ta boz eztiak pixkanaka ixildu. Kordobako mairu elizan (Kristauen denboran eliza nagusia zenean), laugarren programa esnatu: bideetako arroltzmatikoak ta karriketako espaloi mugikorrak gelditu. Nizam-en bulegoan, leiho oholak automatikoki igan eta gezi hori bat tronadurako xoko batean piztu, La Mecque-rako bidea erakutsiz. Nizam, hasperen batekin lurroihal saindua zegoen xokora, geziaren azpira joan zen eta bertan belaunikatu. Hirian gaindi ozendu egin zen zilarrezko ezkila baten soinua, Teheran-eko erakustokian zegoen ezkila zahar batena.

        Anartean, gerizarako robotak esnatu ta automuezzin eletronikoa hirugarren otoitza kantatzen hasi. Orduan, España guzian denak ahuspekatu.

 

 

Teheran-en ez zen otoitza egiteko tenorea, eta Iraneko Lendakaria, Reza Ayatollah, pentsaketan zegoen. Berri txar bat: Indiako gobernua (Irandiarra) erori zela. Iranentzat, zaflako eder bat. Hori ezin onar. Bestalde, India ta Pakistaneko mahometanoak ezin ahantz. Anaiak anaia ezin hil. Zer egin? Mikromizilak erabili behar... nondik? Edo beste herri baten mizila batzu bahitu eta erabili... Hortarako abiategi gorde berri bat hobe. Rezaren eskuak terminaleko klabera hunkituz. Kordoban zen tenore zen jakin nahi zuen... Igurikatu behar.

        Kordoban, automuezzina ixilduta, jendea zutitzen, bideetako arroltzmatikoak berriz sartzen, espaloi mugikorrak berriz ibiltzen; etxe, bulego eta dendetan gezi argiak hiltzen. Ayatollah Nagusiaren potreta, hiru neurritan emana, une bat ageri ta itzali. Nizam, zutik jadanik, idazgalluko pantalla ttikian bere notak irakurtzen ari...

        — Bakea zurekin, anaia!

        Nizam-ek jauzi egin, atea lerratzen ez baitzuen entzun, eta «Zuekin ere bai, anaiak!» ihardestean ilundu zitzaion barnea. «Bakea!!!...» Baina ez zuen fitxik erran.

        — Zer da zure azken hitza... anaia?

        — Nere ustez, dena den...

        Nizam-ek besoa luzatu.

        — Allah-k mihi bat bai ta ere belarri eman digu, anaia. Hitz egin baino lehen bi aldiz entzuteko. Ikertu ditudan dokumentuen laburpen bat egin dizuet. Telememoriak zera dio:

        Hogeigarren mendean, Basamortua deitzen dugun herrialdean, ba ziren Esqwal Herriko lau probintzi: Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia ta Araba. 1370.ean (kristauen urtetegian 1992.ean), Bizkaiko zentral nuklear batean zerbait gertatu zen omen. Ordinadoreak ez dit xehetasunik ematen ahal. Eta gero, Hego Eskwal Herria, «lurralde debekatua» ofizialki bilakatu zen.

        — Hori ezin sinetsia! erran zuen Sadegh-ek oihuka. Lurralde debekatuak IIIgarren munduko gerlaren ondorioak direla badakigu.

        — Hori ez bederen. 1992.ean debekatu zutela segur da.

        — Eta arrazoia? Zergatik debekatua den ez duzu bilatu?

        — Ez du bailo. Anartean, Hirugarren Gerla gertatu, gutarrak eta etsaiak Españan sartu, dokumentu ainitz suntsitu. Ez baitakigu ere zer pasatu zen zentrala hartan. Zartatze ttiki bat? Entsegu bat? Baditake. Nik ere jakin nahi nuke. Gaurko egunean Irandarrek penintsula guzia daukagu bainan inor ez da Basamortuan sartzen. Airekorik ttikienak ere ez dira hango zerutik pasatzen. Hipotesis batzuek hango bizilagun guziak aspaldi hil direla diote; besteek, bizilagunak han badirela... nolakoak? Telememoriek diotenez, ikustera joan zirenak ez ziren handik itzuli... Zer pentsa? Lurralde hil bat izanen da... Besterik ez.

        — Entsea gaiten, androiden bidez...

        — Hori bai.

 

 

Hemezortziak hamar gutitan. Berehala zen laugarren Otoitza. Nizamek bere buru ta eskuak jadanik garbituak zituen. Urak ez zion kendu buruko mina. Burua, erratera ausartatu ez zituen hitzez hantua zitzaion. Lasaitzeko, bere buruari hitz egin behar...

        Bai, Erresuma handi bat altxatu dugu. Mahometano guziek ikurrin bera: ilargi xerra batekin. Bai, bederatzi izarrez apaindurik. Baietz. Ez-Mahometanoen kapitalismo itsuari edo desberdintasuneri uko egin behar. Allah-ren berdintasun ta anaitasunean bizi gara. Oraino. Kristauen fedea galtzen ari, gurea, egunetik egunera azkarragoa. Pentsalari berriek Islama zintzoki berritu. Eta, orai, zer? Ayatollah teknologoen orde, gerla saindua mikromizilez apailatu nahi duen hori. Jakintsuna ote? Bai, zera! Ez da Allahren zerbitzaria, handikaria baizik...

        Tronadurako gezia piztu zen: laugarren Otoitza egin behar.

        Teheran-en, Reza Ayatollah pazientzia bilatzen ari... Klaberako «lot/buka» atzola hunkitu eta, «1» zenbakia jo. Koraneko aurkibidea pantalla ttikian agertzean, Reza-k kliski klaska ahul bat aditu zuen: inprimagailuarena. Horria makinatik ateratzean, mezua irakurri zuen:

 

BASAMORTUAN MIKROMIZILEN GELTOKIRIK EZIN ALTXA

HARA IGORRI DITUGUN ANDROIDEN BERRIRIK EZ

NIZAM - EK

 

Reza-k horria hartu zuen, mahainean ezarri eta hari begira egon. Herria su eta kerik gabe kiskaltzen, hauts bilakatzen, airatzen, itzaltzen....

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.