L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 3 (1982-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Añarrosa

 

Mikel Dupak

 

Mila bederatzirehun eta hirurogeitemeretziko
Gabonetako gauean bururatua.

 

Manex ELIZONDOren

kondaira honen

emaitza egin zigun

gure aita maite horri

 

 

I. EGA-TEFFE

 

Nekez aurpegi horretatik nire begiak urrun nitzakeen... Haatik, meza zikin hark nik so egitekoa bazuen: zurezko aldare bat, lur hutsean ezarria, bilgien hegi-hegian motz-motz, lau ezko; oroz gainetik, Kristo bat, zeinen odol margoa bipiltzen baitzen.

        Berriz ere, oihal xuriaren azpian makurtutako aurpegi horretara joaten ziren nire begiak...

        Boz mehez apezak salmoak kantatzen zituelarik; ezkerrean, koroa mugatzen zuen zur gorrizko zerrailuaren kontra finkatuz, atorra zikin eta galtz morroskoz estalitako Indiano batek inarroska organo bateko biradera itzulikatzen zuen.

        Bainan Añarrosaren orrazearen bila nindoan. Organoak emeki hots iraunkor batzu sudurretik botatzen zituen eta berehala akordeak zirimolatzen; edo hots mehe dardarikatu akitu bakar bat, zeinek holako organoek hazilaren arrats lainotsuetan kantatzen zuten Europako karrikak orroitarazten baitzizkidan; bihotza orduan hertsatzen zitzaidan. Indianoak, gogoa erautzirik, lurra harrapuluxkatzen zuen, oin hutsekin.

        Lehen aldikotz ikusten nuen neska xarnegua, bainan seda beltzezko gona zabaletan —denak xori-lili— zurrundutako hiriko andreek baino gehiago unkitzen ninduen. Haiek bezala, Anarrosak meatilla estalgi luzea zuen, zeinen zati bat buruaren gainean itzulitakoa kapusail ordain baitzegoen. Gerria aldiz mehatxa zuen, baita esku beitz-hori luzeen mehetasuna hunkigarria ere. Miranha indiana baten alaba zela banekien; guztiz, Sâo Joâo do Principe-raino misioneari segituko zitzaiola eta hilabete iraunkor batzutaz elgarrekin biziko ginela.

        Nire eskuinean, Manolok niri so egin zidan, eta irri-karkaraka hasi zen. Nik berriz apez goibelari: jendeketara besoak luzaturik bere kasulako gurutze histua agerrarazten zuen. Eliza honetako argi soberakinak; bizkarzurren artetikako pixa-koloreko lastoaren azpian, ozentasunik gabeko liturgia kantuen eta erdi-itzalik ez bazter-argirik gabeko ohidurazko keinuen ihakinezkotsu idorkeriak laidotzen ninduten.

 

 

        AÑARROSAK ESTALTZEN ZUEN OIHALARI ZIMURRAK KENDUKO ZIZKION ETA HANKAK GORDETZEKO AZPIKO BAZTERRERA BEHEKATUKO ZION, IRRIÑO GOZO BATEKIN. MUSU IXILA EZPAINEZ IGORRIKO ZIDAN ETA ATEA ALTXATUKO ZUEN.

        «JESU KRISTO SALTZEN ARI ZARA! ODOLTZE HORI GURE ETA ELIZAREN KALTETAN IZANEN DUZU. «

 

        HOGEI XINGLA HARTUKO ZUTEN.

        BATZUTAN IZANEN ZIREN OHOINTZAK, OHATZE EGITE BAKANAK ERE. ASKOTAN ALDIZ, EMAZTE BATEK MATHIASEN MANUZ JANTZI BEHARRAK IZANEN ZIREN MANTAR-ZAIAK AHANZTUKO ZITUEN. GIZONEK ERE OIHAL URDINEZKO GALTZAK JAUNTZI BEHARKO ZITUZTEN, BAINAN KARMELDARRAK ZUHURKI BEGIAK HERTSIKO ZITUEN. GIZONAK LARRU HUTS IBILIKO ZIRELA ETA.

 

 

        Bestalde, fededun saldo bitxia zegoen: nire aurrean, alki latzetan jarririk, Ega-Teffe-ko kardugun nagusiak, bai poliziako maiora ara bat bezala urdin-hori, bai armadako buruzagia urre-berde, bai miliziako agintaria zilar-berdezko galoindun, bai bakezko juja, bai bere ordaria bai eskola-emaile konkorra, burjesak ere bai: lau lerro purtzukatutako blusa xuri, oliba-kolorezko lepo-gibel, ile kizturtu, gaineko arraza eta larru hautatuaren agertze.

        Abantailatuotan nengoen. Nire ondoan, Manolok, Español jostakinak, bere itxurra ederra, txaleko ubel-urdina eta mairu-zapiengatik dohatsuak irriño bat zegien. Behin ere ez zuen so egiten bere eskuinera, nun Raoul Guiscart zegoen zut-zuta jarririk, frantses armadako «voltigeurs» direlakoen kapitain jauntzi batetan. Manolo eta bioi «Normand» kokots-musin, «à l'imperiale» sudurpekodun, ezpain-peko bilo-multzodun hori higuingarri zitzaigun.

        Gure atzean, zurezko portaleaz harainditaraino lur beltzean belaunikatutako Indiano ile-legundun ostea zegoen.

        Eliza honetan, ez zen dena zikina, leihoetarikako hiru zeru lodi urdin-urdinezko zati zabalak, urre-errautsezko iguzki adar luzea, emazteen meatillen girgileria organoaren xotinak eta apezaren boz mehea zonbaitetan gainditzen zituzten elizerditik zehar ainara sabel horidunen ttiuntak, hegaldakatze-pinpoilakgatik.

        Alabainan, Añarrosaren orraze beltzaranaren bila nindoan....

        Bat-batean, ikusi nuen Prai Jose predikalki-ordain zen zurezko kaxari buruz zihoala. Indiano-xarnegua hau ere; aurpegia biribil eta ezti; begiak zabalegi, baldokietara luzatuak; beti harritua itxuraz. Organoa ixilik zegoen, oihal zimurtu hotsak gelditzen ari ziren, eta azkenean maila zinkuri-mindulinetan behaztopatzen zen fraide gaztearen urratsak entzun ziren. Azkeneko, bisian-bis agertu zitzaigun, begiak hutsak, tipustapaska begizpalak zituela, jende zelatariari osoki emana zitzaiola. Zureria aztaparkatzen zuten haren eskuak ikustean, min hartzen nuen. Bere ezpainak bizpahiru aldiz bihurtu ziren, eta guregana makurtu zen:

        «Senideok, azken aldikotz mintzatzen natzaizueke, eta zuen zuzenki agurtzeko, ez dizkizuet maitasunezko hitzak baizik esango.

        Senide xuriok, zuoi jabeltzen natzazue, Jesu Kristo geure Jaun odoltsu eta gozo horren itxura ekarri didazuenoi! Ez dizuet izan nahi neure errokideen boza baizik, emaitza miresgarri honentzako esker hoberenekoa baizik...»

        Gaixo Jose maitea!

        Zure ezin agortuzko karitatetikako hitz zintzoak ziren haik. Bainan, hogei urte geroxago, berriz lau lerro lepo-gibel asebete haik ikusten dizkizut neure orduko oka-nahia berriz ere nireganatzen dizut. Armadako buruzagiari lepo-zainak kanporatu zaizkio, bakezko jujak buruz baia ematen dizu, eta, nire aurreko burjes batek alkiaren gainean ipurdi mingarria lerraratzen duelarik, errient konkorra, matrailak eme-emeki mugituz, bere haundi-nahia ausnartzen ari duzu.

 

 

        ...BEREHALA INDIANOAK LEHERTZERAINO BELAUNKA EDO LOTAN IBILKI IKUSIKO ZIREN, KARPALDERUNTZ HERRIXKA ONDOTIK IBILIKO NINTZELARIK. JOSE HIPAKA AURKEZTUKO NUEN, ETXOLA BATEN ZOLAN,

        «FUSILAK! —ERABAKIKO ZUEN GUISCARTEK—FUSILAK BEHARBADA IKUSGARRI GAITZAGOA, BAINAN HIL DEZAKETELA IKUSI BEHAR DUTE INDIANO».

 

 

        «EGIAZ, JEAN, FEDEDUN KARGUA AHANZTUA DITE XURIEK.

        POPULU ZAHARROK FUNDITU ETA GAIXTATU DITIATE, GATILUTARA BAT TAFIA TRUK, INDIANO BATZU HERRESTAKARI, IKUSTEN DITUDANEAN, EDO JABEAREN ZOROKERIA AZPITIK ESKARNIATZEN DUTELA, EDO XINGLETAN NIGARREZ, MIN EGITEN ZAIDAK, JEAN, HERSTURA LOTZEN ERE...

        HOLAKORIK EZ ZUEN JESUSEK NAHI. KABAL GEZURTI BELDURTIOK EZ.»

 

 

        Alabainan, zeure lotsa eta pairakuntza erraiteko bihotza laister izanen duzu zuk, eta aldare-bazterretik begiratzen ari zaizun Prai Mathiasek bekainak zimurtuko dizkizu.

        «Oren batzuren buruan, abiatuko gara, amodiozko gate horri erraztun eratxikitzeko»

        Hori konparazionea, Jose! Xarneguren errebeskeriaren fama izanen duke!

        Jaungoikoa lagun, berriz ere Gurutzea Sâo Joâo do principe-n altxatuko dugu, bainan ez dut ongi hel gaitezen Hari galdegin nahi, Hark baizik ez baitaki geroko arrazoinen eta Bere eskuinean gauzkanon berri. Otoitz ordean elkarrekin dezagun hasarre-gorroto zernahi mota gure bihotzetik bazter dezan, baita gogortasun-arrangura zernahi molde ere.

        «Egia esan, Jaunak bidalitakoen sarraskitzeak eta Gurutze Sainduaren errotik egiteaz oso-osoki hobendun izan ziren Indiano haik! Bainan beldur naiz ez ote dituzkegu hilketaz hilak, mendekioz harrokeria, hasarrez sentimendu gabekeria ordainduko?

        »Senideok, erruki zakizkiete, ez baitakite zer egiten duten! Zuek aldiz, Kristauak zaretekeela, Jaungoikoaren aurrean zeuen gain hartuko dituzue zeuek egindakoak!...»

        Joseren boza, bat-batean azkartu-eta, elizan zehar ozenduz geroz, azken hitzekin hautsia zen. Haren eskuak, airea tinkatuz geroz, emeki berriz zurezko aldamuratzen ziren. Nire aurreko lau xuriak daldaraka ari: Armadako buruzagiak mehatxatzeko gisan, kokotsa aintzinatzen zuen, errienta gorputzaren xutitzen entseatzen zen, oliba-kolorezko lepogibelak urdintzen ziren. Ez nion Prai Mathiasi begiratu nahi, bainan Añarrosen orrazearen bila nindoan: zainak airean seda zimurtzen ari ziren andereen gibelean, Xarneguen lerroetan, kopeta beheiti, oraino apalki zegoen.

        Oraindik ere entzun zen Joseren boza, erlatsa-goxe, isiltasun bat-batean sakonduan etsituki bakarrik:

        «Ni nago zertako ote gurekin harmadun batzu? Apezek baizik ez bailukete maitasunezko mezua zabaltzen ibili beharko, esku huts urrikaridun apez mila bidez kolpagarriek...»

        Bat-batean, Joseren begi goibelak nire bila ikusi nituen, eta haren ezpainak barkamendu galdegiteko irriño bat egiten ari, harmadun batzuok ez baikinen nihaur, Manolo, Guiscart eta dotzena erdi bat brasildar soldado besterik! Berehala Joseri irriñoa itzuli nion. Gero, ahanztua nuen Indiano osteari begiratzeko gibelaintzin itzultzen nintzelarik, Joâo, Prai Mathiasen itzaleko xarnegu gure gudaldikidearen begi hasarreen aurka jo nuen. Hementxe zegoen, nire gibel-gibelean, eta haren herra-mesprexuak oraidino sentitu ez izateak harritzen ninduen.

        «Jaunen Jauna, martirioa galdatzen dizut! Estira eta heriotzea eman otoi iezazkidazu, ezen ez...»

        Hiru ehun buru, orduan, Prai Mathiasen boz ozenak lehertu berri zuen zokora makurtu zen:

 

 

        «ONA DA GIZON XURION JAINKOA, HAREN APEZARI MINTZATU ZAIO. HOBEN GUTIEN DUTENEI BARKA ZIEZAIEN MANATU DIO. BI GUDARI HAUK BAKARRIK HILEN DIRA. BESTEAK LIBRO!»

 

 

        «NAHI AHAL DUZU. SENHOR ELIXONDO.... NAHI BADUZU....

        HEMENDIK HURBIL DAGOEN AINTZIRA BATETATARAINO ELKARREKIN JOAN BAGINTEZ ZORIONTSUA NINTEKE...»

 

 

        «BESTEAK BEZALA EZ HENGOELA BANEKIEN BAI, MANEX MAITEA. LEHEN BAIT LEHEN JOAN GAITEZEN!!!»

 

 

        ZUMALAKARREGIK IRRIPAR EGINEN ZIDALA IDURITUKO ZITZAIDAN.

 

 

        «Senideok, aski dukegu Jaungoikoak kausitzea eman diezagun otoitz egitea. Harek manatu ziguna egingo dugu guk. Ez dugu geure harrotasunari Haren nahikundeari baino jarraiki nahiago. Zuen otoitzek lagun gaitzatela lanjer-egunetan zehar. Jaungoikoak Bere konfiantza eta laguntza gorde badiezazkigu parropia berri bat eta eliza berri bat laister poz-pozik emango dizkiogu. Amen.»

        Jose orduan jar-alkitik jausten ari zen, bizkarra makur, zurezko mailetan behaztopatzen.

        Añarrosari berriz ere so egin nuen: Burua lehen aldikotz altxatua zuen eta kurutzeko kaperara joaten zen fraide gazteari tristeki begiratzen zion.

        Elizatik ateratzean, Eguzkik Amazonetako gauza atxikitzen dien argi liskatsua eta aintzira beltz lodia, basait-harri bat bezain dir-dir eta geldi-geldia atxeman nituen.

        Oilo beltz batzuk zangopilatzen zuten belar gorrixkazko enparantzaren erdian, zut-zutik zegoen odol-kolore gurutze haundia.

        Portu ondotik, ara urdin-gorri bat garrasika lasterkatzen zuen zakur batek.

        Nire gibelean, lasto edo teilatu hirurogei etxe horikailen lerro ikur-makurraz haraindian oihan muskerra, husgunerik gabekoa, iparraldean eta hegoaldean aintziraren hegietaraino zabaltzen zen.

        Kasik ixilik, oin hutsek belarrean xirrixt, Indianoak elizatik urruntzen ziren.

        Jauntto kalakarietatik berezi nintzen, Añarrosa iragaiten ikusi nahi nuelako.

        Harritua izan nintzen haren orrazea ikustean:hamaika urte honetan nire gogo-ametsetan atxikia nuen haurkide baten itxura zitzaidan. Euskal Herri urrun hartan egon Margaita hartaz ez nekien deusik, amets harkor eta etsimendu buhada batzu izan ezik.

        Gostaia gosta, Añarrosa bisian-bis ikusi nahi nuen, atxeimana izan nintzen: eitea osoki galdu zitzaidan, goibeldura apur bat baizik ere; Atxemana nintzen, lasaitua ere bai.

        Zenbait urrats urrunago, haren orrazeak bihotz-zimikoa bihurtu zidan. Irri-karkaraka nire beha zegoen Manolorengana joan nintzen.

        Zer egin dugu gero, gudaldia abiatu aintzineko oradetan? Ez dakit gehiago. Handik hogei urtetan, nire orroitzapenetatik ordu batzu, egun zenbait, galdu egin zaizkit.

        Elgarrekilako bazkaria gogoratzen zait: karkaila eta oihu kartsu batzu hala-hola berezi nitzakeen burrunba bihurtu ziren nire inguruko solasak. Hausberoz, kafe eta kakao-ondo lansalekuz mintzatzen zen. Ezkerrean, burjes lodi gantzadun garsoil batek, begiak dir-dir, Raoul Guiscarti adierazten zion zonbatetaraino aberatsa zen Mura indianoek bikari-erretoreen-hiltzearen aintzineko Sâo Joâo do Principe. Hiru urte geroxago, Prai Mathias buru, hura berregiten entseatuko ginen, Prai Jose, lau indiano mintzakiren berri bazekiena, Santa Maria de Belen do Para-ko apezgaitegian ederti sainduak eta farmazia ikasi zituena mediku eta itzultzaile genuen.

        Lan egiteko, baita herrixka... populukatzeko ere bi pare indiano hiritar, Joâo, Prai Mathiasen «tapuya», Añarrosa eta azkenik, beste neska bat, Rufina, Mura xarnegu ezin ederragoa omen zena gurekin erematen genituen.

 

 

        JAUNTZI ARINA KENDUKO INIOLARIK, EZ NUEN HAREN AURPEGIA IKUSIKO, BIZKARREZ ARGIRA IZANEN BAITZEN.

        PAPO XUMEAK IZANEN ZITUEN ARGITSU, TONTORREN INGURUAN.

        SABELEKO EREMU EZTIA DISTIRANT IZANEN ZITZAION XOKO DOI-DOI ITZALTSURAINO.

        IZTER GAINEAN ARGIAK URKA ARINA MARREZTUKO ZION. NEURE ESKUAREN PEAN PISKA BAT FIRFIRA EGINEN ZUEN LARRU SAMURREZKO BIDE LUZEAN SARTZEN ARIKO NINTZEN.

        HOSTO USAIN HURA IZANEN ZUEN.

        NEURE LEPO-GIBELEAN HAREN BESOAREN TINKATZEA ETA HAREN HATS ALDIZKA BAHITUA ALA BAKETUA ERE IZANEN NITUEN.

        LUZAZ BEGIZPALEK ATXIKIA ETA AZKENEAN BILDUA, HAREN BEGIETAKO ARGI ILUNA ERE IZANEN NUEN.

 

 

                «ZER DUN?»,

                «EZ ZITZAIDAN

                KONPRENI-ERREX...

                SORGIN NAGUSIAK

                BURUZAGI XURIA

                IKUSI NAHI DUELA

                USTE DIAT.........

 

 

        Raoul Guiscart nor zen? Asmatu ahal izan nuenaren arabera, Estatu Batuetarako frantses ordezkari talde militar batetan izanez gero, liskar-lapurkeria-bortxatxe batzuren ondotik ihes egin zuen... Gero, bizpairu urtez trafikatu Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan, azkenean Brasilen hondartu, Estatu Batuek Kaliforniaz jabetu eta... Frantses armadatik ihes joaile horrek bere kapitain-jauntzia irabazia ala ebatsia ote izan zuen Jainkoak daki!

        Buruz-buru egin izan genuen Belen-en, gobernadoreak, larru xurizko gizon menturatsuz goseak, laister engaiatu gintuen.

        Ni neu, Manex Elixondo, Baionako Euskalduna, (arbasoak Giputz, Nafar, Lapurtar) gazte-gaztetan armategi batetan aprendiz izanik, Zumalakarregiren karlistentzat arma-kontrabandan ariz geroztik, Frantzia-Españako polizetatik urrundu beharra izan nuen. Herritik doazen Euskaldun guztiek bezala, Montevideora jo izan nuen, nun dohain ez irabazi askorik gabe, ilekia, larruak, zer-nahi azkenean saltzen ari izan bainintzen. Urte gehiegi honetan, Ameriketan gaindi ibiltzen nintzen.

        Manolok nihork ez zekien deus.

        Etzan-aldia joanda, tapuyek puskak eramaneta, ur beltzaren hegian, Indiano ostea jadanik gure zai zegoen buztin gorrizko bazterrean bildu ginen. Ega-Teffe-ko erretoreak, goizean meza eman zuenak, salmo batzu kantatu zituen eta berriz ere entzun nuen horradino pirritarazi zen biraderadun organoa. Bainan, aire geldi-geldi horretan, neurririk gabeko zeru haren azpian, hotsak soinu-untzi batenak bezain mehe, garratx bihurtzen ziren. Aintzinean nuen Rufina, zeinen gerri malgua, bular nasaia eta ezpain lodiak ez bainituen kinka txarrik gabe miresten.

        Oroz gainetik zegoen Añarrosa. Haren aurpegian, kirrikatzen eta biltzen ninduen itxura iker nezakeen. Bisian-bis ere bai, han aurkitzen nuen miragarri, hiskor; begispalak altxatzen zituenean, begiak zabaltxo, kasik ninikorik gabe beltz-beltzak zituela.

        Gu eramateko hiru egariteak orduan benedikatzen ari zen apeza. Enbor bakar batetan moldatutako untzi luze barnekorrak ziren. Jadanik zeuden arraukariak, soinak gorrixka eta galtzak oihal urdinezko; baita untzi-zaina, gibelean, aterbe izanen genuen palma xirikordatuzko pabillunaren gain-gainetik.

        Armadako buruzagia hegi bazter puntaraino aintzinatu eta, geldirik, ixilik zegoen. Nik aldiz, behin eta berriz tipust-tapast itzultzen nintzen, Añarrosaren begiek berehala ihes egiten zidatela ikusteko.

        Mutiko joko hori atsegingarri zitzaidan, bai; ez nituen batere usnatzen helduko zitzaizkigun egun izigarriak. Azkenean, benedikatu gintuen apezak, eta untzian sartu ginen.

        Armadako buruzagiak eskuina gogor altxatu zuen. Ur beltza zartarazi zuen hemezortzi arraba; Iguzkiz urtzen zuen herri horiari luzeki so egin nion, gero inguruko oihaneko harresi muskerrari.

 

 

        «FUSILAK!» ERABAKIKO ZUEN GUISCARTEK.

        «FUSILAK! BEHARBADA IKUSGARRI GAITZAGOA. BAINAN HIL DEZAKETELA, IKUSI BEHAR DUTE INDIANOEK.»

 

 

        «RUFINA! PUTA LIKITS! ITZUL!»

        OIHUKATUKO ZUEN MATHIASEK. ORDUAN, GUISCARTEK:

        «EZ! ASKI! BI EGUNEN PRESO-GELA,

        JAN GABE, NAHI BADUZU

        JAN GABE, NAHI BADUZU».

 

 

        KONFITEOR ONDOAN. KREDOARI LOTUKO ZITZAION PRAI MATHIAS. PATER NOSTER BAT ERRAITEN ABIATUKO ZELARIK, JOAOK HILGO ZITUEN.

 

(jarraikitzeko...)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.