L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 4 (1983-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Historia eta betikotasuna...

 

Itxaro Borda

 

        Askok uste dute historiaren aurkikuntzak betikoak direla, egia bera erakusten eta erakasten digutela, geroa prestatzen laguntzen gaituztela... Giza zientzia hortan agertzen dira borrokak, erregeen eskontzak, kultural ekintzak, orobat munduak jasan dituen aldakuntzak. Ez guziak ordea, iturri batzu hautatzen baitira, gaurko mendearentzat errankorrenak direnak, besteak baztertzen dira...

        Arras interesgarria da guretzat jakitea nola bizi ziren gure arbasoak, bai euskal herrian, bai mundu guzian. Osotasun bat moldatzen baitugu lurrekoekin eta galaxiakoekin. Iragana orainaren itxurakoa egiten saiatzen gara historiazaleok. Iraganean oinarritzen eta justifikatzen ditugu gaur egun gertatzen zaizkigunak. Pundu horren ez onhartzea kaltegarria dago deitzen duten gizazientzia hortan. Halere ez du erran nahi historiari behatzeak penalizatu behar gaituela. Ez.

        Historia zer den, eta gertakari iraganaren arrangurak zein diren filosofoek azaldu digute: batzuek alde onak erakutsi dizkigute, besteek alde txarrak, aldeka ikustea komeni balitz bezala. Ez dut nik gauza handirik ulertzen gai horretan, ordea nere aburua emango duket...

 

        KLIO GUZIEN JAINKO...

        Klio, frantses, ingles, kastillan, amerikan edo erromano den ber, euskaldun ere dago. Ez dut konprenitzen zergatik jakintsun ospetsu batzuek gure historia ukatzen duten, beren giza-taldearena ukatzen ez badute. Frogatuko dut: euskaldunak duten historiaz mintzo badira chauvins eta nationalistes direla agertzen dute. Hori diotelarik ahanzten dukete beraiek beren herriarentzat manera berean aritzen direla. Historia nazioari, estadoari, populu bat lotua da, baitezpada naski. Orduan onhar dezatela bi pizu eta bi neurri ba daudela, nor berari aplikatzeko. Alta badakite ongi erakusten munduko herrialde gehienen historiari ireki behar dugula, begiz eta beharriz. Neri, adibidez, Indiako historia gustatzen zait, ez du horrek erran nahi Delhiko nazionalista bat naizenik... Gogoak argitzeko beste froga bat emanen dut. 1917ez geroztik Russia zaharra sozialista bihurtu da, haren historiak ere koloratze berdina hartu du. Mendebaleko jakintsunek Moskuko ikerlarien ondorioak mesfidantza askorekin hartzen dituzte. Baitakite han egiten den politikak historia eta orohar kultura mugatzen dituela. Nik jakin nahi nuke Sobietar Batasunean nola ikusten duten gure herrialde aintzinatuen historia?

        Zergatik moztura edo dikotomia hori gertatzen da? Egiaz, bi historia molde aurki ditzazkegu mundu zabalean, gehiago ere nere ustez: zapaltzalearena eta zapalduarena, aberatsena eta pobreena, gizonarena eta emaztearena, kapitalixtena eta komunixtena... Dependitzen du zu zein aldetan jartzen zaren, eta bat edo bestea hautatuko duzu. Historia hautu politiko bat da, guk eta jakintsunek nahi ala ez, kontzientziaz ala kontzientziarik gabe. Hori gure baitan argitu behar dugu, historia egitekotan; ordea, bakoitzak bere alderdia hautatzeak ez du besteeri elkor garenik erakutsi nahi. Bestea ere onhartu behar dugu, gurearen neurrian, dituen huts eta kalitate guziekin. «Absolu» delakoan historiarik ez dago...

 

        EGIA ETA BEGIAK...

        Bakarren ustez historiak gertakari baten egia historikoa azaltzen du. Guzien indarrak haren bilatzeko juntatzen dituzte, egi bat balitz bezala. Begia ikusteko arnes premiatsua dugun gizon-emazte hauekin, egia ez da mundu hontakoa. Eta bakoitzak ekintzak eta gertakariak bere bi begiekin preziatzen ditu manera berezi batean; auzoak berdin difrenki, izan dadin laborari, langile, edo estado baten zuzendari, frantses, aleman, patagoniar edo euskaldun.

        Dokumentuak hor ditugula egia frogatzeko, baiki: texto administratiboak, latinez harrietan zizelkatuak, ordinatorreetan pasatu fitxa zilatuak... Baietz. Baina gizonak bere ekintzetarik bere izatea kendurik ere, egiten dituen gauza orotan beretik zerbait uzten du, eta bere begiez ikusi edo bere beharriz entzun dituenak agertzen ditu. Dokumentuen arabera, abisuak nasaiak izanagatik, ez dugu garai batentzat egi orokor bat karrikaratzen ahal, ez bait litake egi zatikatu eta faltsu bat baizik. Berdinki gertakari beraren lai edo hiru aldeak erakutsi ondoan erdiko bidea hautatzeak ez du egia historikoa egiten... Halatan, ez da posible historia bat moldatzea egiaren inguruan, edo egiari hurbiltzeko xedearekin. Ez da utopia, baizik eta kontrasentsu bat...

        Parisen, Madrilen edo Txikagon derabilaten «objectivité scientifique» hura jendeen begietara botatzen duten errautsa dela erran nezake. Lehenik XXgarren mendeko bilakuntzak gehiegi balorisatzen dituzte. Uste dute jakintsunek, 1983 urtean egiten dituzten sintsesisak goren mailakoak direla, jakitateak bere helburuak beteak dituela, orain arteko idazki guziak saiapen batzu bakarrik ez direla konsideratuz. Bigarrenik, objektibitate edo egia hori izan da, gizon-talde manatzale batzuen subjektibitate edo norberaren normalizatua, teoriatan altxatua eta jende gehienari bortxaz irestera emana dena. Ez bekidala nehor objektibitate hortaz mintza, sudurrera irri eginen baitiot.

        Alor honetan aipa dezagun Pariseko «Annales»en eskola Febvre eta Marc Blochek sortua, Duby, Le Goff, Le Roy Ladurie, Braudel, Ferro... eta delakoekin. Nahi dute gogamenaren historia aztertu. Derragun arras interesgarriak agertu direla haien bilakuntzak. Erregeen aferak eta borroken harat honaratak baztertu ondoan historian zehar nola hil garen, nolako beldurrak genituen, nola maitatzen genuen, nola begiztatzen genuen diruaren arazoa estudiatu dituzte. Baina, historia berri horrek (1929) erakusten du XXgarren mendeko gizonak ez dezakela bere erresponsabititate edo gainhartzerik asma politika mailan behintzat, gehienetan eta goihen klase politikoetan ahalgegarri baita abisu politiko finkatu batekin ibiltzea karriketan. Gogamenaren edo mentalitateen historia egitean ere eta haren bitartez ingurumeneko ideologia politikoa agertzen delakoan. Ordea jendeak ederki enganaturik gertatzen dira, eta liburuak erreklama askorekin saltzen dituzte. Ondarrean frogatu nahi digute bizitzen duten mendean gogamenak hobetze bat edo progresoa segitzen duela, eta iragan garai guziak orainaren zerbitzurako baizik ez zirela kunplitu. Bakoitzak, halatan, bere pentsamena lasai bero batean uzten du. «Annales»ekoen historiak lokarazten gaitu, beharrezkoa izan arren, gauzak eta gaiak gehiegi berezten baititu sekula haien arteko loturak aztertu gabe. Sail hortan XIX garren mendeko historia zintzoagoa zen...

 

        HISTORIA ETA GIZONA...

        Historiazale batek ez du historiarik egiten berezko interesik ez badauka. Adibidez, historia ikasten hasten da etxean edo eskola ttikietan hartu orroitzapen urrundu batzuengatik; bakoitzak berea bilatzen du Klioren larretan, eta nahikunde hori hain da personala non uste baitugu unibertsalak garelakoan, gure motibuak ere unibertsalak direla. Hemen lotzen eta batzen dira mikrokosmoa eta makrokosmoa.

        Orain frantses erresistentziaren prolema aipatuko dut, erakusteko historia zenbat josia den frantsesek duten gogo barneko mitologiari. Azken gerlako gertakari hori agertzen dugularik ohartzen gara, frantses gobernatzaleen legitimitatea, ezkerretik eskunera, ezen politika egiten dutenetan nor ez da Vercorseko sasietan harmak eskuan gorde aleman zapaltzaleri oldartzeko, haien zuzentasun borroka hortan datzala. Jean Moulin bakar batek milioika ziren kolaboratzaleak salbatu ditu oraingo frantses historian zehar. Egun batez, asma dezakegu ahala, gobernua aldatuko delarik, berdin kolaboratu dutenak goraipatuko dira. Historia haizearen norantza erakusten duen burdin peza hura bezala da: aireak nondik buha, burua harat itzul...

        Ordea, oztopo guzien gatik historia egin behar da; orobat eskoletan erakastea ez garantzitsuena, eta mendeetan zehar gaizki erakutsia izan bada ez da erakasten ez zakitelako, baina hala erakats zadin nahi zutelako. Geroni daiteke joko hortan kontraka sartzea hautatzea.

        Ez ditu historiak herrak, gerlak, nazionalismoak eta mugak sortzen, baizik eta guzieri, oraingoeri, errankortasun bat ematen, edo justifikatzen. Ez gaitu ere, batzuek dioten bezala, gure geroaren moldatzen eta eraikitzen laguntzen. Gaurkoa iraganak finkatzen digu bai munduan eta bai euskal herrian. Orobat ez dezagun gehiegi estima guti dezakeen gizazientzia hau.

        Orduan, inportanteena daiteke, historia egun ikusten dugun eran agertzea, jakinean ikas dezagun ez dela Egia saindu eta hunkiezin bat. Gure ondotik etorriko direnek berdinki bestela hurbilduko dutelakoan, guk hain ederki altxatu genuen Egi hura. Eta hori onhartzean, historiako zientzietan sineste egunerokoa ukan behar dugu. Ondarrean gertakariak, garaiak eta gizon-emazteak elgarri konparatuz ttikiago eta gizago agertzen zaizkigu... Hau ere gogoan hartuz: nehor ez da, ezer ez da eternala denik, eta gizaldi bakoitzak bere aintzinekoen urrats berak betetzen ditu, berritasuna nahian dabilalarik.

        Neri iduritzen zait ez daitekeela historiarik egin, bakarrik gure garaiean bizi gaitekeela osoki, giza xoilaren zorion eta makurrekin, arbasoen orroitzapenak gogoan eta ukanen dugun sendiari orroitzapen horiek helarazteko xede umilarekin. Beharbada hau da gure munduan izatearen arrazoin bakuna. Ordea, historiazaleak konpromis askotan ibili behar du, bere zientzia onestki erakasten aritzeko. Ontsa laiteke goi-mailako ikastetxeetako erakasleek historiaz duten ikuspondua agertzen baligute, gaia aztertzen hasi baino lehen, heian haientzat giza-taldea aurrerapenari buruz doan, edo lurra borrobil den bezala, historia ere borrobilki badabilan. Zoritxarrez guziak delako absolu hartan ari dira, eskuratu duten jakitatea, diploma ohoragarrietan oinharrituz, eternala bailitzan...

        Alor honetan ere hautu bat egitea hobe da; eta bakoitzak egia, bizi duen edo arbasoek bizi izan duten gertakaria bere begiekin ikusten eta jujatzen duenaz geroz, zergatik ez onhar historia norberak (idazle edo herrialde) eskriba dezan, haren ikusmoldeak berezko balioa baitakar...

 

1983

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.