L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 5 (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Nere izaitearen oihana

 

Pantxoa Etxegoin

 

Larunbat arratsaldea. Zerua oskarbi dagoen bitartean, bide haundia uzten dut eta xendrak hartzen. Xendra hauek, noraino eramanen naute? Nik bilatzen dudan tokira agian; toki bat ixila, bakardadez josia eta bizkitartean, mila gauzen egoitza. Oihan usain-on bat igerikatzen den toki bat. Sartzen naiz, nere gorputza sartua da deihanik; oihanaren erritmoarekin bat egiten du. Nere oinek ere! Arnasa hartzen dut, batean lurraren altxor guziak nereganatuz eta bestean, debaldetan etorri zaizkidanak kanporatuz. Inun luhartzarik. Bakarrik, ezker zuhazti, eskuin sasi, begira latsa-errekari. Orroitzapenetan nabil edo bederen xerkatzen. Bat heldu zait gogora! Haur edo hobeki, ttipiago nintzelarik, nere aitak egortzen ninduen egungo sasoin berean, udazkenean, behi zain, latserreka hortara. Hitzak dakarren bezala, toki bat, ur-bide, sasi haundi batek berexten zuena. Alde batetik, gure funtsak, bestetik beste norbaitenak. Eta, erdi-erdian, haritz bat. Hunek emaiten zuen ezkur bi aldetara, ez zitzaiolakoan bekaizgo egitea laket, dudarik gabe. Bai, erraiten dut «zuen» zeren eta orain, nun zaude? Zer egin zizun haizkor punta zorrotz harek? Populuak iziturik joan ziren zure ilakinatik; xori- kantariak, beren amodioan sarturik zeudenak luzaz ibili ziren zure bekoki gainean zinkurikan, zure oihu minen babesean. Egun, ezin diezadakezu erantzunik eman. Bizkitartean, zu ikusi eta, sekulakotz lurrari lotua zinela iduritzen zitzaidan. Bainan, zure izerlikak kolpe barnekorretik ihes egin zuen eta enborra eihartu eta berexi zen bere oinetarik.

        Eta bihar, supazter distiratsu batean, suak hixtu eta zarta eginen du eta zu, egur zahar bilakatua aspalditik, intzirikan tehentaz beteko dituzu gure sukalde epelduak. ZER erranen ote dute? sortua zinela, lurrez asetzeko eta zeru urdinaren hurrupatzeko? Urtero haundiago eta xorien ohantze izaiteko? Bai, erranen dute gizona sentimendu gabekoa dela haritz bat haizkor kolpez hozkatua izan dadin, izaite bizi bat izanki eta... Eta supazterrean, egurra kurrumilkatuko da.

        Bat batean, nere gorputza higitzen da edo bederen higitzen dut. Polliki polliki aurreratzen naiz abots baten bila. Nere oinek harrotzen ote dituzte zuhaitzaren azken erautsak! Nabil, asmo horiek gogoan, sartuz lur barneraino, misteriotsuak zaizkidalako haren sabel zuloak. Nere oinek, berriz ere haiek, lur-arras dabiltzalarik, musikaren irudimen bitxiak ekartzen dizkidate, nere gorputz guzia inarrosten dutela, haizeak firindaka daramatzalarik larrazkeneko azken ostoak. Lurrak berak, doinuzko oihartzunak dakartza, nere gorputzaren zama haren gainean kunkurtzen zaiolarik. Okhilak bere aldetik, beti erritmo berdinean jotzen eta jotzen du moko ukaldika, trunkoa zilatu artino.

        Urratsak neurrituz, oraino bere zangoen gainean dagoen ametz bati hurbiltzen natzaio. Jauzi egiten dut, adar buluzi bat nahiz nere esku plegatuetan tinkatu eta laster lurreratzen naiz, burdingita bat bezala nere baitako zalutasuna aurkitu nahian. Huntz-osto eta goroldioek estalirik daukate arbol azala. Goroldi hori, harrotzen dut nere eh! punttekin, senditzen eta hurrupatzen haren usain gozoa nere sabel zuloraino sar dadin. Senditzen dut gaztetasunaren eztia; berpiztea merexi duena. Orroitzen naiz zenbat aldiz hurbildu nintzaion ttipietan, harrozkatu nizkion erroak jakin nahian zergatik sortu zen lur edo zuhaitzen mamian.

        Egia erran, bidaia luze batean sartua naiz bainan ez luzarako zorigaitzez. Laster, bide haundia atxemanen dut, xendrak utzi eta... Eguneroko bizitzak berriro ere dei eginen dit, utzirik adarpean mila solas ixilduko direnak, lehen haize pafadan.

        Egun batez, oihana hiltzen balitz, lurrak galduko luke bere urguluzko edertasun guzia; amets gabeko mundu baten ordularian biziko ginateke.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.