L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 6. Garazi (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ahetxak mahasti haitzurren

 

Gabi Landaburu

 

        Ixtorio hau J. BARBIER'ena duk eta atera duk 1926 eko urteko agorrileko «Gure Herria»-n. Ahetxak dituk Ahezkoarrak. Aezkoa Iratiren bestaldeko bale bat hameka bat herri biltzen dituenak. Ixtorio hau GABI LANDABURU'k atzemana.

 

Marmizolleneko jauregiaren ondotik, Ybarnegaraiko patarrari beheiti heldu ziren lau Ahetxak, lauak molde berean Jainkoak lanthuak. Aphezarena bezalako xapel bat buruan; bizarrik gabeko begitarte on bat, lanarekin borrokan bethi bizi diren jendeen begitarte ona. Ardi larru bat bizkarretik dilindan; gerruntzearen inguruan, gerriko urdin zabala; zubiarekilako eta botoin handiarekilako zaragoila nasaiak belhaunetaraino; belhaunetarik beheiti, galtxoin lodi lodi batzu, eta abarka higatu batzu gero zangoetan.

        Donianeko portaletan, doi-doieko behatze bat egin zioten Apezetxe eta Xaliès guarda zaharrek. Kontrabanda guti alabainan holako kontrabandixtek; Ahezkoatik zerbait ekarriko zuten baino hobeki, Ahezkoarat eremanen zuten geroxago ahal zuten guzia. Frantses diruak, denbora hartan oraino, zu erranarazten zakon bere buruari.

        Tanpa, tanpa, Espainiako karrikari beheiti bazoazin orai, beren haitzur handiak bizkarrean; bi plegu eginak, belhaunak aitzin, nekatzaile gehienen moldea hola ere den bezala bethitik. Gauza eta jende, orori beha heldu ziren, eta oro heieri beha zauden hala hala. Etxeberri zapatainaren lantegiaren aitzinean hurratsean lauak iragan zirelarik, Alphonse zapataina, bere bethiko ezin-errexituarekin, oihuka hasi zitzakoten «Boxke! Karabillante!...»

        Oihu egin ere zakoten, hean behor-arroltzerik nahi zuten erosi, behialako mandozainak bezala?

        Bainan Ahetxak bazoazin bethi beren bidean. Hain xuxen, zubiaren gainean, osineko arraineri beha, Paxkal zena, Plaza-Biltzale maltzurra, hantxet zagon, debruak Ahetxeri goiz hartan igorria zinez eta egiazki. Ahetx horieri ohartua ere zela jada, erran gabe doan gauza, karrikari beheiti tente potente heldu zirelarik. Bainan, alegia eta deusere, izokin ttipi bati ogi-porroxka zerbaiten arthikitzen ari zen, bere maltzurkeria zarrenetarik bat gogoan ordukotz erakitzen utzirik.

        Abarken harrabotsetarat, burua emeki emeki altxatu zuen, Ahetx gaizoeri behatu, eta gora gora erran zakoten:

        «Norat zoazte hola?

        — Lan galdez, haitzurtzera

        — Haitzurtzera? To, to! Eta zonbat galdegiten duzie egunarendako?

        — Bakotxak hiru libera

        — Hiru libera izanen ditutzie beraz bakotxak, eta bedera pinta-arno, ene lur berri bat hahi balinbaduzie haitzurtu. Hamar bat egunen lana badukezie.

        — Ondo, ondo! Gogotik arras eginen dixigu.

        — Patar xuta baita, haatik!

        — Igual dixi, igual; xutagorik badixiu Ahetzgoan...

        — Goazin beraz...»

        Eta Paxkal zakurra aitzin, badoatzi bost gizonak, elizaren eta ur-handiaren arteko bide xarretik. Gaztelu-maldari buruz.

        Bai patar xuta zinez Gaztelu-malda hura!... Mila arbola ederren erdian, maldaren kaskoan, han orai berrehun urthe altxatu Gaztelua, Zitadela, Espainiari beha dago bethi gau eta egun, soldadoz eta kanoiez orraturik. Maldari goiti, hurratsean bezala, bertze arbola batzu aztaparka badoatzi, beren lepoak luzatuz, beren ile berdeak alderdi guzietarat hedatuz. Arbolen artean, harroka handi batzu, lur idor mehe batzu: Paxkalentzat haitzurtu behar ziren lurrak.

        Gure Ahetxak, bide bazterrera beren ardilarruak arthikirik, xutik hantxet daude, maldaren azpi azpian. Eskuetarat thu eginik, buru-has emanak lauak, zapartaka hasten dira, gazteluko paretari jo eta jo beren haitzurrekin. Onak dituzte haitzurrak, azkarrak ere besoak pindarrak badoatzi alderdi eta harrabots izigarria eraikitzen da, halako deskantsuan ordu arte zagon erreka pollitean.

        Bi eskuak kurutzean, xutik Ahetxen gibelean, heieri beha dago Paxkal Plaza-Biltzalea; eta irri zuri bat heldu zaio ezpain xokoetara. Ezpain xoko heiekin, kasik begiekin, ñastaka ari da, atseginaren atseginez. Hola hola egiten ohi du gatuak, jada aztaparkatu duen saguarekin...

        Bulta bat gisa hortan loriaturik egon ondoan, urrundu zen Paxkal, bere Ahetxeri oihuz erraiten ziotela: ongi berma zitezen; Arzagueteneat bazoala berhal berehala, Nafar arno onaren bila.

        Eta lau Ahetxak ari ziren ari, demuntreak hausteko, Paxkalek hitzeman mama gorria gogoz jada goxara hurrupatzen zutela...

        Eta huna, oren laurden baten buruko, Eiharaberriko bidexka guzia jendez betetzen dela, emeki, emeki. Eta jende hek oro hantxet, langile gaizoeri beha eta beha, urrun-aire emaiten ziren denak irriz eta karkailaz. Ahetxak, lanetik doi doieko bat gelditurik, beha zauden hek ere jendeeri. Eta handi kausitzen zuten hiri gozia holaxet heldu baitzitzakoten burlatzera.

        «Manuel, zer mila demonio dute bada egun San-Juandarrek?

        — Nik ondo dakita, Pedro! Iduri luke iñor iñoiz ez dutela Frantses horiek masti-aizturren ikusi.

        — Ala, ala Manuel! Gure nausiari erranen diogu, nardatzen gituztela jende demonio horiek guziek...»

        Eta jo aintzina beren haitzurrekin...

        Dohakabeak! Ez zakiten ongi, Paxkal ihizi harek berak igorriak zirela jende demonio hek oro, eta Paxkal bera, zubi ezkinean, irriz ari zela karkailaka hura ere, deneri oihuka. Oren erdi bat holaxet joan zen, eta Doniane guzia bildua zen ur-handiaren aldean. Ahetx gaixoak, erhotuak ari ziren orai, noiz eta ere gertatu baitzen Paxkal maltzurrak igurikatzen zuen hura bera...

        Haitzur harramantzeri oharturik azkenean, baionetak zizparen edo harmaren buruan emanik, Gaztelutik jausten ari, agertu ziren kaporal bat eta lau soldado!

        Eta orai, arraioa eta karanba, beren ardilarruak esku batean, haitzur handiak bertzean, lau Ahetxak herrestan bazoazin Gaztelura, galtza gorrien artean eremanak. Doniandar debruak ahur-huxtuka ari zitzazkoten aldiz beheretik, Paxkal demonioa ororen akulatzale.

        Gaztelu-barnean, xorrotx eta murritz, kapitain nausia langile dohakabeeri galdez ari zitzakoten, zer ari ziren han, Goberniako lurretan jo eta jo, ororen funditzen?... Jainkoak daki nola beren buruak xuritu zituzten hantxet, baizik eta begi erneko gizon apal batek bere mahastiaren haitzurtzera ereman zituen, hiru liberetan truk, pinta arnoa bertzalde... Nontik behar zuten jakin, Gobernioarena zitekela Gaztelu-malda xuta?

        Harro-aldi ona eman zakoten kapitainak, preso emanen ere zituela bortizki mehatxatu, bainan ororen buruan, largatu zituen aitzindariak...

        Egun hartan guzian, Paxkalen ondotik, hura atzeman eta garbitu beharrez errabiatuak, ibili ziren lau Ahetxak. Bainan, gaixtakeria egin duen lekurat gaixtagina beti biltzen ohi den bezala, Gaztelu-maldan gorderik egon zen Paxkal ihizia. Eta, Gaztelumaldan salbu, orotan bilatu zuten Ahetxek, eta nihun ez atzeman...

        Arratsean, Donazaharreko Pette, bere pipa ahoan, etxe aitzinean pipa eta pipa ari zelarik, ardi larruak soinean, haitzurrak bizkarrean, Ahatsarat buruz iragan ziren langile gaixoak.

        Norat zoazin Pettek gaideginik, beren nahigabea kondatu zakoten. Eta Pettek, zalukara ikusi zuen Paxkalen jokoa zitekela hura guzia. Bainan, Garaztarrak Garaztarra behin ere saldu behar ez duen bezala, deusik ez zakoten erran. Lekunberriat, Duleyneko mahastietarat igorri zituen bakarrik, lana bazuketela han...

        Bainan Paxkal figura hil izan zelarik, Pette Donazaharrekoak zion: bi egun Purgatoriotan egon behartu zitzakola Paxkali, Ahetxak zeren hala enganatu izan zituen.

        Nik ez dakit, bainan baditake oro bat. Ezen, Pettek badu seme bat, katixima Handiak eta oro gogoz ontsa badazkiena. Eta seme harek errana balinbadako hori, segur

        Errekiezkat in paze!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.