L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 6. Garazi (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Arrailoa

 

Eñaut Etxamendi

 

Bide-Xuri zabala eta fina zen, harri xeheak zohan tinki lurrean elgarri josirik. Euriten zuelarik astoak doidoia zituen bere hatzak han markatzen, eta bere hurratsek azantz arraia egiten ere baitzuten: krika krika krika. Bide hegitik beheiti erroitza zen, zizturra malda bat, eta beherean hur-haundia karraskan bazohan. Errekaz bestaldetik beste mendi zizturra bat xut-xuta eliza-dorrea bezain. Han potza ondotan ezpeltzeak, berbulla ilun batzu, eta ere primaderan pentxe ttipi berde arinak. Hango potxak xuriak ziren eta ezpel-petan haize-lili xuri eta urddinak sortzen ziren iñarak etortzean gure xokorat. Mendi zirritu hartan ardiak nola ibiltzen ahal othe ziren xutik?!

        Negu hartan ainitz elur egin zuen, aldi batez hainbeste elur erori zen, ezin hurtuz hogoita bat egunez egon baitzen. Gau batez itsas-haizea eta euri turrustak hasi ziren bat-batean eta mendi guziak buluzi ziren. Bas-hurak zurruman marru-miaka denetarik, haizeak etxe ta bordak inharrosiz ortzantzak bezala, elur-lurten burrunba! Ez ginduen lorik egin. Aita jin zen «iratzararazterat» katiximarat juaiteko: «jeiki behar tzie, «beltza» agertu'uk». «Beltza» lurra zen. Aitaren irria!

        Ostegun goiz haren trixtea hurez-hur, lohiz-lohi! Bainan Gaineko bidetik Peio bere lagunekin heldu zela ikusi eta elgarri irrintzinaka hasi ginen lasterka zoinlehenka bide-juntaratzeko. Dena solas, dena irri. «Oh! Ze bashurak! Saukaldeko erreka bidiain gañetik turrustan diaxu!

        — Gohonetxeko zubia hurak hunkitzen dixi! Oh! nolako burrunba iten zien errekak!

        — So'ixu, zanguak busti txiu Saukalden!

        — Argiikee etxiu

        — Gukee ez. Hariak elurrak hautsiak zitxin

        — Ba baze elurraaak...»

        Peio ni baino zaharrago zen urte bat. Gatuarekin xori ihizin artzen zen korraleko elur-bidetan

        — Harrapatu txia xoriak?

        — Ba araiz!

        — Nola? nola?

        — Baa, hungarria ezartzen nixin elurreko xendran eta hartarat xoriak jiten zielaik pollikiño gatia eskutan hurrantzen, eta gio gatiak jauziten zixin punpian! eta xoria harrapatzen.

        — Ta etziena berak jaten

        — Eez ez! fite hatzemaiten nixin, elurriap ezpeitzen zalu eskapatzen ahal, eta xoria kentzen.»

        Peio ta biak pilotan artzen ginen eskolako hegaldeian elgarrekin aste guzian. Ostegunetan ere bethi elgarrekin artzenn ginen herriko plazan, alta bazen beste ainitz lagun ere. Peiok artzaiñ gogo zuen izan gero, eta nik ere ba. Eta gure berri guziak elgarrekin erabiltzen gintuen.

        Ostegun hartan pilotako etzen aro. Eguerditan katiximatik athera ginelarik iruzki xinka bat ari zen. Etxerateko bidean hantxe-heentxeka harri bizkarrak idortzen hasiak ziren.

        «Bide-Xurin kaxkian beha'ixiu aizan!

        — Oh! ba. Baitxia bisosekuak?

        — Ba'ituanez?» eta bilur batean gerrendurik bazituen sakelan berrogoi seurik!

        Lasterka denak Bide-Xurirat zoinlehenka.

        Bainan oraino urrun zen eta akitu ginelarik bidebazterrean jarririk ixtorio kondan, tipitoak gureganatu arte. Peiok eskola etzuen maite, nik ere ez, bainan jostatzen baiginen biziki, gogotik juaiten ginen eskolarat nahiz ikastea maitegabez. Bihurgune baten haratekaldean zen Bide-Xuri. Eta berriz laster... Eta zer?

        «Ooh! oooh! So'izie, so'izie, so'izieee!!»

        Nexkatuek garimak egin zituzten. Bide-Xuri kraskatua zen, izigarriko arrailo batek urratua zuen bidea berrogoitahamar bat hurratsetan. Bidearen zabalaren hiru laurdenak nunbaitan lerratuak ziren poxi bat erroitzarat buruz. Arrailoak izanen zukeen metra bat. Egin berria iduriz, lur ta lohi puskak turta turta erortzen batziren arrailoaren bazterretarik. Harriturik gindauden so.

        «Lur-ikara izan dela gauaz eta hak higiaazi'ixi lurra.

        — Ez ez! euri turrupitek eta bashurek dutela lurra arraildu.

        — Oh! ta uai nuntik paastuko dira behi-orgak ta astuak?!

        — Baa, arrañatuko'ixie ba gizonek

        Herriak, ba herriak arrañatuko'ixi hori» erran zuen Peiok.

        Baginduela zer konda etxean! Aita juan zen ikusterat, eta beste etxetako aitak ere ba. Elhaka ta elhaka arizan ziren.

        Gero jin ziren bi gizon beltzaran burdinhagekin, burdinhaga mottorduna bazuten: tarrrraaata-ta-ta, tarrraaa-ta-ta-ta... Peko-Bixkarreko potxa gerendari. Zilatzen zuten, dinamitez kargatu eta bfunbaa...! Zer tiroak! Harri lauzak erauzten zituzten eta metan ezartzen. Bai eta gure alta eta beste gizonek orgetan kargatu eta Bide-Xurirat eremaiten. Han Ahezkoako hargin batek gaitzeko harrisua egiten ari zuen pendoitzean. Zer lanak!

        Bide-Xuri ezarri zuten kartak bezala arraeginik.

        Handik gero ta gero Peio lagunekin bere bidetik lasterka katiximarat eta gu guhaunetik berdin gindohatzela oihuka, artzain-astoak ikusi gintuen Saukaldeko gaztaiñdoian. Pagaltzetarrak astoen biltzen eta akulatzen bideari behera elizarat... Hegoa zen.

        «Zer tzie, elizaat eemaiten?

        — Ezez!»

        Zer karkallak!

        «Gehaxiain bordan sar ditzaun uai, saarri etxeakuan astoz ibili beha'ixiu!!!»

        Haur mentsak. Katiximatik landa, pilota ta garaitikoak utzirik astotarat zoinlehenka. Bedera astoren gaiñean gizonak zaldiz. Ba ba bainan asto abre gaixto temattuak nehoat ezin molda. Bidea utz eta zeiharka zerri-xendreri behera ipurdiak altxaka. Peio erori zen bere astoaren kumatik behera (burua beheititzen baitzuten gibela zeruetarat igortzean abre madari katuek), eta Peioren gaiñetik jauzian astoa... putar bat fina despeituz adio gisa. Zer irriak! Uai harrapa zak zamaria! Heldu da ba Peio ene ganat, nik asto maltsoa nuen. Maltsoxko ere, ez beitzen tokitik kantitzen. «Xade xade nik akulatuko dauxut» eta zizt egin zakon ziriaz gibeletik, astoa abiatu ere labrokan beharriak apalduz, bai ta iratze-maldarat tirripitaka, burua beheiti ipurdia brixt! goiti, eta adio gizona! biri-birika zizturrari behera. Gaixo soiñekuak! taullerra urratua... belaun ta esku kozkorretako zarramaskiak? deus etziren arropetako makurraren eretzean.

        «Deurru mentsa! Zendako sistatu duxu iztapetik?» Peio hobeki irriteko bidean etzanik ari zen. Beste lagunek asto perestuagoak zituzten. Bazabiltzan aphezpikua bezala promenan bide zabalean. Haatik Urinhaizeko-Bixkarreko hegiraino bakarrik, handik gibelerat jiten ziren. Alabainan toki hartan iragan eta gure etxea bestaldeko menditik guri so zagon... asto-jokoetan ez gintuzten ikusi behar!!

        Eskolan baziren bi harroka bizkar xorrotx bat bestearen ondoan: baño bestea baino beherago eta bien artetik atheka hertsi bat dena harria. Hetan jauzteka zen gure jostetetarik bat bihotz-bihotzekoa. Bizkar batetik besterat pliu! Ez dugu sekulan jauzia hutsin... bestela ez gindaizke orai ni idazten ari eta Peio Gorhostietan artzaiñ! Elgarri espalakoñak gordetzen gintuen, bestea jauzika ari zelarik. Beraz, eskolarat gero orthutsik ez sartzekotz espalakoñak soiñean behar ginen ari han jauzteka... Behin Peiok espalakoñaren huña hautsi zuen luzean-luze! Zangoak ez.

        Arrainka ere juaiten ginen errekarat. Hureka, jokoetarik bat: bat biziki axolaturik zagola arraiña ezin bilduz harripe zokoan, besteak atzeman zezakeen amelharririk pollitena bota osinerat ahalaz arrainkariari hurbil pulunparazteko gisan...

        Eskolan, bixtandena bethi euskaraz baizik ez ginen mintzo, kanpoan ala barnean. Errienta bera frantsesez. Behin errientak «buchette»a eman zautan eskolarat sartzean: behar nakola beste bati eman euskaraz entzunen nuelarik... azkenik zukeena arratsean eskolan ilun artino. (Etxean egin behar lanak? ardibiltze, ihaurgia egite eta garaitiko? Pollitak gintezkeen...)

        Errekreazionean Peiok «are! pilotan kanpoka ariko giela!»

        — Oixu Peio «buchette»a

        Peiok jestua gelditu zuen eta so jarri eni. Denak ixilik. Begitartea gogortu zitzakon burdinhagadun gizon beltzari bezala, «buchette»-a besagainka bota zuen oihanerat...

        Kiskun kaskun elhe zonbait baizik etzen nabari izan eskolako hegaldeian, frantsesez, egun hartan. Biharamunean berean oro euskaraz.

        Bainan Peio etzen geihiago potxetan jauzteka enekilan artzen, ez eta pilotan, ez kaxkian, ez kartetan sistian. Behin eskolarat sartzean herrunkan pusarakoak baziren eta Peio ene gibelean izanez nik ere pusarako bat ukan nuen. Ez ginen mintzatzen egun heietan. Pusarako bat eman nakon higidura ordukotz geldituxea zelarik, paso bat eman zautan biribila kokotzean.

        Hamabost urte juan nituen herritik urrun. Behin Donianen merkatu egun batez Peio topatu nuen beste gizon batzurekin. Berriak erabili gintuen... edan behar ginduela trago bat elgarrekin. «Ez ez! Barkatuko dauxu, justu justua prisa'ixit biziki, bestaldi batez.»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.