L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 9 (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Bi historia, komeria, miseria

 

Laura Mintegi

 

Zuk ez duzu nire lagunen historia ezagutzen, ezta? Beste edozeinena bezalakoa da, misteriorik gabekoa. Amodio frustratuak, esperantza galduak, norberaren zeruan hodeiez eraikitako mundu faltsuak...

        Nire lagunak arruntak dira, grisak. Heurak bezalako gizakiak dozenaka ikusten dira kaletik. Autobus, tren edo metro bateko anonimatoan daudenen artean, nire lagunen historiak infinitoki errepikatzen dira, nire lagunak horixe direlako, zu eta ni bezalako gizasemeak, baina agian zorigabeagoak: izenik bakoak.

        Aspertuko zaitudalako susmoa dudan arren, momentu honetan zerbait hobeagorik egiteko ez baduzu, jezarri hemen, nire ondoan, eta kontatuko dizudana entzun ezazu.

        A! zerbait esaten ahaztu zait. Nire lagunak bi dira, bakoitza bere arazoaz, gizonezkoa bata eta emakumea bestea. Beste ezaugarririk ezin niezazuke eman.

 

 

—1—

 

— Maitia!

        — ..........

        — Maite zaitut!

        Eta berriro errepikatu zuen. Zazpi aldiz aste honetan. Bakoitzean pertsona diferente bati. Monotonia barik, doinu eta esanahi ezberdina emanez. Zaharretik berria sortuz, ezagunetik berritasuna asmatuz.

        Gelako argitasuna exkaxa zen, bestetan bezalakoxea. Apenas bereizten ziren ohearen inguramenak fondo beltzetik. Bataila baten ondorengo logikaz, arropak, koloretakoak eta zuriak, azken hauexek nagusi, lurretik, aulkitik eta ohearen bazterretan nabaritzen ziren, erritual erotiko baten antzera; ordu batzu lehenago gela berean egon zen zeremoniaren aztarna naturalak.

        Ezer gutxik bereizten zuen gela hau beste edozenetatik. Aspaldian maitasunerako kabia bihurturik, ez zen ez hotza ezta beroa ere. Ormak ilunak ziren, enpapelatuak, pisu alogatuetan egoten direnetarikoak, paper koloredun itzusi-nazkagarriak, irudi geometrikoz josirik; gelaren argitasuna irensten duten horietarikoak. Logabeko gau luzeetan, pertsianatik sartzen diren marra dizdiratsuen argitan, irudiaren zehaztasun aspergarriak, behin eta berriro bistaz errepasatu ondoren, orma zuri-zuria ikusteko premia senti erazten duten mota horretakoa.

        Ormen arteko espazioan, ohea, apainmahaia, aulkia, bi besaulki, eta besterik ez.

        Ohean bikote bat zetzan. Gizonezkoa izerditsu, beroturik, gozatzen. Andrea, ia ez zen bestearen azpian nabaritzen.

        Gizonak aspaldian galdu zuen ohekidearen izena esateko ohitura. Gehiegi kostatzen zitzaion aurreko orduetako gogoramenetan izen ezagun bat gogoratzea. Aspaldian erabaki zuen «maitia» soilik esatea. Errazagoa zen, eta erakargarriagoa, tiragarriagoa, zergatik ez.

        Erritualzale amorratua zonez gero, ohekidea besarkaturik, estuki erantsirik, iraun zuen, haragi kontaktu goxoan. Lanaren ondoko deskantsu erdietsia atsegin zitzaion.

        Neskarangandik alde egin balu, ezezagun horrekin han, oheraturik, egotearen zentzu falta, nabarmengarriagoa zitzaiokeen eta. Inoiz ez zion maitasunaren ondoko zigarro erretzeari lekurik eman; zigarro hori hoztasunaren ezaugarritzat hartzen bait zuen, nahiz eta bere ezpainetatik bestearenetara pasatu.

        Ahur beroaz, bere ondokoaren ile leuna ferekatu zuen, agian automatikoki; baina emetasunez, goxoki, ile hori zer koloretakoa zen gogoratzen ez zuen arren. Desira hutsez, gustora egoteko desira soilez, laztatzen zituen ile horiek, emakume larru hura, eta aditua ez zenak, ezin zezakeen laztan horietatik maitasun sentimentura dagoen alde urria igar, maitasuna adierazteko moduekin nahas bait zitekeen.

 

 

        Elkarri lotuta jarraitu zuten. Altxatzeak eta sukaldetik ura ekartzeak, momentu horretantxe desiratzen zuen moduan, momentu batez aldentzea, eta gero berriro elkarren ondoan egotea, beharbada berbetan, suposatzen zuen, eta ordu eta egoera hartantxe, aurreko guztiaren azterketa, erreakzioen hausnarmena, motibazioen azalpena, ekarriko zituzkeen eskutik, erremediogabeki. Horrelakorik nahi ez zuela argi zekusan.

        Egote soilari jarraiki zion, pentsatzeke, hurrengo orduetarako planik egin gabe, nahiz eta jakin, eta ondo jakin ere, momentu horiek errutinaren itsaso zabal batetan galtzen diren orduak zirela.

        Geldiro janztea, fikziozko maitasun irreala mantentzea, berriz ikusteko esperantzari atea zabalik lagatzea, izango ziratekeen bere maitasunak konponduko zituzkeen arazo arruntak, aste horretan beste sei aldiz egin zituen mugimendu mekaniko berberak. Horrek ez zion axola. Arlo horretan, ez zituen besteek dituzten problemak. Jatetxe dotore batetan bazkari pantagruelikoa egin ondoren, jaka jarriko zukeen bezalaxe, ardurarik gabe, ipiniko zituzkeen gero prakak, aurrean egindakoari galderarik planteatu gabe, erantzunik ez zegoelako.

        Zergatik pasatu dut gaua hemen, zergatik ihardun dut neska honekin, zergatik jo dugu larrua desioz... galderok ez zuten arduratzen, ezta ere zergatik bilatzen zuen gauero emakume narru leuna bere ondoan etzan zedin. Guzti horrek ez zuen garrantzirik. Axola zitzaion bakarra, eranzten hasten zen momenturik, berriro arropak jartzen hasten zen arteko epean gertatzen zena zen.

        Lehen begiradek, keinu motelak eta konbentzionalak, harremanei hasiera emateko prozesu ez-zuzenak, oheraino eramaten zuen bide bihurriak... guzti horrek ez zuen inolako inportantziarik.

        Kirolari baten prestakizun faseekin gonbaratzen zituen; inork ikusten ez duena eta guztiei suposatzen zaiena. Bestela, nola aurkeztu lehiaketetara, nola azaldu burua azken probara?

        Bere buruaz seguru sentitzeko beharra zuen. Azken momentuan egoerari erantzuten jakingo zuela. Ez zuela atzera egingo. Berak, sexualki, esateko zerbait ba zuela. Hori zen kontua. Ez al zen gizona? Ez al zuen emakume batek behar zuen beste emateko ahalmenik?

        Beso sendoez inguratu zuen izenik gabeko neska, bere gorputzaren kontra zapaldu zuen estuki, kabi beroa eraiki zion goiko eta beheko izaren artean, ohearen ingurunetara mugatzen zuen irla lizunean. Beste ordubete iraun zuten honela, isiltasun osoan, izenik ez dagoen munduan hitzen beharren ez bait dago.

        Azkenean, ordua pasatuta, geldiro altxatu zen ohetik. Neska, bekokian musukatu zuen. Honek begiak itxita zituen. Zabal ez zitzan, oso astiro eta isilean, arropa jantzi, zuen, prakak, alkondara, gorbata, jaka. Gelatik irtenda, komunera joan zen, eta han zegoen ispiluan, berriro garbitu, koloniaz burua busti, eta ongi orraztu ondoren, berriro itzuli zen gelara.

        Izarak kenduz, neskaren gorputz biluzi ederra ikusi zuen. Orkatilatik plastikozko tapoi txikia kendu eta segundu gutxitan, larru gaztearen freskotasuna zimurrez bete zen, txikiagotu, idea galdu, ezgizatu, desagertu egin zen.

        Zapatak gordetzeko bezain txikia zen kutxa batetan gorde zuen izenik gabeko neska maitagarria.

        Hainbat kutxa pilatzen zen armairu batetan laga zuen kajatxoa, amoroski.

        Gero, atea zabaldu zuen eta kalera joan zen.

 

 

—2—

 

Izaren azpian sentitu du bere gorputza, gorputz bero maitagarria, berarengana hurbilduz, hurbildu nahi ez balitz bezalako geldotasun berberaz, ume jolasetan bailegoen. Eta gorputzaren beroa sentitu du lepoan, atzean, bere bihotz taupadak koltxoi gainean.

        Ez du engainatzen. Deseiatzen du. Badaki, deseiatzen du eta gau oro eszena berberean dihardute. Gizona emakumearengana hurbilduz, eta hau berarengandik urrun, lokartuarena eginez.

        Gauero, lotan dagoela pentsatzen duenean, besoen artean hartzen du preso, bularraren kontra ipintzen dio aurpegia, musua lagatzen dio bekokian, musu umela eta luzea.

        Gauero bihotzak traizionatu eta lasterketa zoroan darabilkio. Gauero salatzen da dardar basatia menperatzen, eta lortu egiten du... maiz, gehienetan, ez beti.

        Lortzen ez duenean, elkar maitatzen dute, basatiki, errabiaz, inguratzen dituen munduari dagokion legez, araurik gabe.

        Baina ez, ez lioke bere leihoa ireki nahi, hotz dagoelako, hotz uzten duelako, berotasun iturria izozturik sentitzen duelako. Ez du betetzen, ez du ulertzen, ez dio barruaren giltza eman nahi. Nola azalduko lioke bera ikustean, bai, benetan, poztu egiten dela, bere musuei ezti gustua hartzen diela; baina... gorputzak, irrazionaiki, ezetz esaten diola? Nola explikatuko lioke errefusa?

        Berak jakingo balu beste gizonen besoetan urtu egiten dela, etxetik kanpo maitasuna gogoz egiten duela, ordutan eta ordutan gozatzen duela larrualdietan, emakume izateari zentzua hartzen diola... baina gizon horrekin, bere senar maitagarriarekin, ez du desiorik sentitzen, ez du ia inoiz ere gozatu, gaindi ezinezko hesi etsia eraikitzen zaie, bien artean. Nola azaldu? Nola ulertu beronek ere?

        Aste baten zazpi egunetan, hilaren bost asteetan, urteko hile guztietan, urtez urte, gorputz bat bestearen ondoan, baten berotasuna bestearen kontaktuan, erremediogabeki, malefizio baten fruitu bailitzen. Perseok kateaturik sentitu behar izan zuen zoritxar berberaz. Sisifok mendi gainetik harria aldatz behera nola jausten zitzaion ikustearen etsipenaz.

        Ohe batetan, hilda dauden bi gorputz antzutatik bizitza sortu nahi, eta ezin.

        Eta senarraren ispiluan begiratuta, bera, emakumea, ez da emakume sentitzen, esposa baino, porrot egin duen emazte antzua, bizitzarik sortzen jakin ez duen haragi alperrikaldua.

        Emankorra izatea eskatzen ziotelako, amak, senarrak, porteroak, pelukerian, gizarteak... «zenbat seme-alaba duzue?», «ez duzue umerik?», «Ez zaizkizu umeak atsegin?» «Oraindik familiarik ez?», eta erantzunak ezpainetan izozten zitzaiozkion, gorrotoa gero eta hobeto ezagutzen zuten ezpain iharretan.

        Lasaitasunez, buelta erdia eman du ohean, senarra dagoen kontrako alderantz, eta egun batzu lehenago sentitu duen gizon gorputz beroa gogoratu du.

        Hainbat arratsaldetan, pelukeriara joateko alperrikako ordutan, edo goizetan, erosketak egiteko orduan, senarraren ohetik altxatu, jantzi, apaindu, eta ordubete beranduago berriro erantzi, etzan, bere senarrarena ez zen beste ohe batetan, hotel merke baten zirkilu sotilean, izen faltsuen pantaila atzean.

        Eta hamaikagarren eskuko ohe honetan, senarraren ohantzean zeukan gauza berbera, errutina —ilusioen gorpua—, topatu duenean, berriro aldatu, maitale berria ezagutu, beraren gorputza inguratuko duten beso lizunak bilatu, maitatua sentitu... tristeki, patuaren preso.

        Egun batetan, beregan, zerbait desberdin igarri duen arte. Emakume izatearen seinalea hileroko zitara ez da allegatu. Ilusionaturik, ezintasunean sinestu nahi izanik, medikuarengana joan da, eta mirariaren proba eskatu dio. Baina adina makur gertatu zaio. Emakumea bat, baina ama... ama ez da, jadanik, inoiz izango.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.