Kanibalismoa
Itxaro Borda
gizartearen konplaxentziaz baizik
ez da poeta existitzen.
poeta izaten eta ukaiten da
herri baten sentimendu faltsuenak
idilikoenak
biziarazten dituelakoan:
tristezia
maitasunezko penak
klase/aberri borrokak
naturaren aldaketak (beti txarrak)
sineste zahar galduak
minableetan minableena da herriko poeta
gezurtia
beldurtia
helguraz hantua
artifiziala
onhartua da
gizartearen akatsak
oro
kristalizatzen dituen neurrian.
azkenean ez du behar sakon batek idaztera bultzatzen
konplizitate hilkorrak
zozietatearen joko krudelak
xoilik gidatzen ditu poetaren urratsak.
azkenean poeta kanibalerik handiena da
bere biziaz baino gehiago
besteen bizi ondar ustelduetaz hazten baita.
eskoletan ikasi eta segituan pratikan ezarri
teoria poetiko sofistikatuen junglan
zintzotasun guti agertzen da,
nik hiru poeta zintzo kondatzen ditut
ez dut erranen zein
nere sekretua da
kanibalek irentsi artean...
|