L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-4 (1993) —Hurrengo artikulua




 

 

Ioana Albrete Naffaroaco Reguina... denari

 

Txomin Peillen

 

        Toponimiazko etimoligigintza ezta oraindik jakintza zehatza ea ziurtasunez mintzo dena gai horietan, azti lanean dabila, jakintza bideetan. Toponimiaren bi iturri mota daude guttienik: herrikoia oso aldakorra oso ahazkorra eta idatzizkoa, berdin aldakorra eta gure herrian erdal kutsuz agertua.

        Oroitzen naiz nola gazte garaian «Xiberoa» hitza 1870.eko liburu batean ikasi nuen, ezen orduko gazteek, jadanik, Zula (frantses forma Soule) erabiltzen hasiak baitziren, zaharrek Xibua (sic) ziotelarik; zorionez, gerlak etenikako ohitura haria, Etxahunek berriz gorapilatu zuen «Agur Xiberoa» kantu ospetsua idatziz. Halere gutxienik 1571etik 1790etaraino ziberotarrek beti Züberoa idatzi dute. Lehenago, eta euskaraz dokumentu zaharragorik ezean latinez Subola eta gaskoinez Sula agertzen dira: beraz -oa atzizkidun forma da euskalduna guretzat, inolako gipuzkoarren eraginik gabe; gero aztia enaizenaz geroz eztakit Zuberoa hitza geroztikako ala lehendanikakoa denetz, eta «egiazko» izena etzait axola.

        Gisa berean eta urte haietan Parisen Arotzarena izeneko amikuztarra ezagutu nuen, Baxenabarre zer zen etzekiana, ez eta baxenabartarra zela, beak zion eskualduna eta donapaleutarra zela, nahiz eta euskara oso ederki hitzegiten zuen, gure «manexex» eztute «Agur Baxenabarre» kanturik idatzi izen berriaren salbatzeko; gerla ondoren jende askok ordea bazekiten «bas-navarraia» zirela, baina eskolatuenek etzekiten, orduan, Baxenabarre hitza XIX. mende erditan agertu zela eta gaskoin hitza zela, «Baishe Nabarre», XIII. mendetik hasirik XVII. menderaino gaskoina izan baita legezko mintzairetarik bat; baina euskaraz testuetan Etxeparekin hasirik Egiategiraino Axular ta Leizarragaren gandik —eta J.B. Orpustan-ek idatzi arren inolako gaztelera-gipuzkoar eraginik gabe— beti Nafarroa Behera idatzi da. Hori da, Historia garaian herriaren izena euskaraz, beren memoriatik ahantzi eztutenentzat, departamendu baten frantses saltsan eztaudenak, erran nahi baita Hegoaldeko partean. Baxenabarre izen bitxi horren «argitu» beharrez, BasaNabarra forma aipatu da «baso» hitzetik letorkeana, beste Nafarroan aintzina «baso»rik ezpalitz izan bezala. Gainera gaskoinetik frantseserako morrointzan Basse-Navarre naski Baxenabarre'n aitabitxi izan beharra zen.

        Eskola ezaren ondorioz Oztibarrreko jendeek eztakite zer den ibar bat edo ibarre bat, «erreka» diote (sic). Euskararen murrizte hori dela ta, eta Euskal Herrian axolbeanenik den herrian «oihan» hitza ere eztute ezagutzen, gaztelaniaz «monte» den bezala «mendi» diote zuhaiztiari.

        Baina nondik hartu du J.B. Orpustan -oa atzizkia gaztelaniazkoa dela? eta «f» eta «oa» gipuzkoarren eraginez gainjarri dela? Nik dakidanez gipuzkoar gehienek «Naparroa» diote «f»rik gabe. Bestalde eztit erantzun —bere argudioketa desegiten duelako— zergatik, zuberotarrek Nafarroa, nafar-ardua eta nefar-zubia diogun (azken hau Santa Graziko zubi zaharrena da, Athoro hauzotegira joaitean ezkerreko bidean) «E» batekin ere agertzen da «neffar gatz larry» itxurapean, XVIII. mendeko Mongongo Dassança-ren zuberotar aldakian. Gero, «F» hori eztela euskaraz jatorra? Beharbada, baina idoloen garaiera itzuli gabe eta gure «baxenabartarrek» hain miresten duten beren zilbor-euskalki birjinaren errespetuz ez lukete «f» erabili behar eta zuberotarrak jarraikiz erran behar lukete, ahari ez afari, besta ez festa, ohe ez ofe (Baigorrin), auher ez alfer, joan ez fan. Komeni bazaizue baxenabartar izatea, aske zarete baina ez inposa hegoaldekoei beren Nafarroa uztea ez eta zuberotarrei ere, guretzat Nafarroa baita duela ehun ta hogei urte Sallaberry mauletarrak bildu kantuan bezala «Nafarroa guzian zaude famaturik» ezen Navarra-rekin, gaztelaniazko hitzarekin pundua oker ta maingu delako. Bestalde esan bezat Nabarrazaleak nola ulertzen duen Bankan «Ñafarrenia» etxe izena?

        Eztakigula diogunean ezta gure ezjakintasunaren aitorpena funtsezkoa dela baiestea, baina jakintzaren beharrezko urratsa, mintzaira —garbitu nahiz— ezpada mitifikatu nahi eta nik berriz diot eztakidala zer adierazi nahi duten Zuberoa ta Nafarroa, edo Navarra hitzek? Bakarrik ikusten dugu iparraldeko nafartar separatistek hemeretzigarren mendean sartu dutela —euskaran— Baxenabarre. On dagiela, halaxe zazpiak bat izango gara ez seiak bat baina erdalkeriaz ezkara «sulatarrak» izango zuberotarrak baizik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.