L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-4 (1993) —Hurrengo artikulua




 

 

Eroici furor¡

 

E. Urruty

 

I

Carrara-ko harbizi larrosa koloreak argi arin perlakara hedatzen zuen armoretan zehar. Lauki luzeetan, mosaiko dirudien «Brecha» atxurdin puska berera josiek, goiti beheraino, habetan bezala ager arazten zituzten ñabardura anitzetako marra biziak. Murruaren zabalean ikusten ahal zen «Pentelico» harri beltza harlausa disdirantetan. Logikak manaturiko orden batean, Numidiako gorraila, «Lunarqueta» harnabarra, eta Siena-ko harri urre kolorea, lauki, erronbo, trapeziotan leherturik bezala ageri ziren harribitxiak.

        Halaber, zoluan gaindi, «Turquina», «Capolino» , «Serpentino» esmaraldaren parea, aldizka edo kontrara eta trabeska, zernahi geometriatan banatzen ziren, distira urdinkara argi arinean pulunpatzen zelarik.

        Deusek zerratzen ez zuen barne solemne amaigabean gaindi, purpurazko jantzi gainean «Bacassino» zilarrezko oihalttoa lepo inguruka, «Camelotte» oihalezko kapusaia errestan mosaiko koloretsuaren gainera, Bellarmino kardinala bere pauso xumeez baraxe da aintzina. Urrats bederetan, bere itzalera aiduru ditu Monsignore Grassi, «Sakramentuen Kongregazioan» aita begiralea, eta, bestaldera, Monsignore Zucchi teologin eta dominikoa, «Ofizio Sainduko Hauzi Altzatzailea.»

        Murruetako harri hotzek ozenago bihurtzen dute kardinala mintzo den boz ezti bezain barna.

        «Pantelico» harbizi beltz baitan, kobrezko zain abarrek suak bezainbat itsutzen dure arraikiro, non ere hirukoteak kurutze zeinua kasik ber aldian egin baitu, iraganik direlarik tabernakulo eta baldakino bihurrien artean iguzkia bera bezain argimin ageri den Eukaristia Sakratuaren irudi baten aintzinatik. Urrats zenbait haratago aintzinaturik, sabai ezin goragotik dilindan, hamaika kandelako argi ontziek itzal xehea egiten dute marbola zurizko mailadietan behera.

        Sakramentuen Kongregazioko egoitzan, hartarako ordu den aldetik, eskila doinuz hasi dira kandela eliak animatzen; beti elestan, egiak dakarren segurantziarekin airoski higitzen ditu hatzaparrak aita kardinalak, eta eraztun aberatsetan berdin pizten ziren argi printzak su ahuletara.

 

II

Hainbat urteren largoan Elizaren faboretan bere gain hartu izatu dituen nekeengatik, aita Bellarmino «Kongregazioen laguntzaile» deitua da, «Elizaren Bandera», «Jaun Done Paulo berpiztua», eta are bitxiagorik ere etxekitzen zitzaizkion, bedera bedera bere eskuz irabazirik baititu. Bada, Aita Sainduaren kardinalik hautuena zen, zinez fede egiten ziona manaturiko eginkizunetan orotan. Halatan, Erroma meneko lurraldeetan ezezik Europan landa ere kausa aipu handitan zelakoz, Girolamo Brunoren kontra altxatu epaian bada, ez zuen Urbano VIII.ak bide hobeagorik ediren, aita Bellarmino inkisidore izendatzea besterik.

        Nahiz gogoaren kontrara, ez zion kardinalak errefus egin Jaun Done Petrus-en katedratik beretik galde egin zitzaion mertxede eta ber aldian eginkizun latzari.

        Izan ere, hauziaren estakuruan joanik da kongregazioraino, Girolamoren liburuez doktor handien eritzia jakitera. Elkar ezagunak eta hartuak ziren hiru elizgizon larriak, arimaz eta gorputzaz nor bere izaite guztiarekin Jinko eta Eliza Sainduari ahal oroz emanak baitziren. Halere, jinkotiar izanagatik denbora ez zen hain gainetik debaldetan iragaiten; adina aintzina arau are flakatzenago ari zen aita Bellarmino bere osagarrian: zangoak puzturik zituen eta ez zen ibiltzen ahal nekezia handitan edo baizik. Ber maneran, egunaren aldia zatikatzen zuen eskila doinuz orenak jakitera, sobera zen gorturik aspaldixe.

        Hainbesterekin, ez zuen neholaz ere maite jaun Done Petrus-enera higitzen zen jende burrunba eta algara: «espero dezagun zelua trankilago dadin» erraiten zuen, eta handik bada, Vaticano jauregiko bere kanberetara buruz abiatu orde, «Minerva» aldera hartu zuten bide jaun saindu haiek, zeluko, xokorik ttipiena ere lege kanonikoaren arauera ordenatzen zuteno.

        Bidean gaindi, aita Bellarminok, «Eroici Furori» Brunoren liburua zabaldurik esku batean, plama bazterrera izkribaturik dituen heretikoaren makurrak erraiten da ari. Kontrara arrazoiak adi arazi ondoan, kokots larriturik egoiten ziren Ofizio Sainduko beste bi elizgizonak, finean, jaun kardinalaren deliberoa mintzoz eta aieruz laudatzeko.

        Doktrina hautsia den plametara, deblauki oldartzen da kardinala, bere dotoreziaz beteriko latinez Girolamoren argudioen gainera. Printzipalki, unibertsoaren ariaz aipatzen duen «sferx» teoriari egiten dio kasu, buruz buru agertzen baita Airtoteren fisikari aitzi.

        «De Vinculis» ezezik, «Eroici Furori» bere liburu infamantean ere, amodioaz mintzo delarik —ezik harentzat «vinculorum vinculum» baita hederik estuena— otean ez da ageri heretikoa atomoen fisikaren, Epikuroren, Heraklito ilunaren segizale? Ez da aments lerratu haren izkribuetan barrena «De Rerum Naturae» liburu lanjerosoaren itzala? Alta bada, hori oro ongi ezaguturik du aita Bellarminok, hori oro ongi xehatzera prestik da jaun kardinala.

 

III

Ez da zeren harri. Bellarmino kardinalak ez dio bere ospea zor solament Elizan duen karguari, bainan baita urte anitzetan jesuiten ikasetxean doktorrik lehena eta gorena izanari.

        Azken denboretan ez zen ardura agerrira, eta nehoiz baino luzeago egoiten zen etxalte eroso hartan, luma eskuan harturik, giristigoaren aldeko zereginetan. Jesuiten ikasetxea hain hurran egonki, kardinal higatuak leihotik behera ikusten ahal zituen apezgai gazteen kanbera zabal gorak, ohantzeak bederaka bereizirik errezela zuriez. Beheitik goiti ere, saldo batetan oldarturik, oraino tontsuratu gabeko saindugai ttipiek izen handiko kardinalaren irudia leihoan marraturik begiztatzen zuten gau aintzinatua artino, zela errosarioa erraiten edo izkribatzen ari.

        Halaber baita, bestorduko oroitzapenek bandatzen zuten erraietarik gora kardinal zaharra, festa doktoraletara, doktorren mintzaldietara hara berera hurreratzen zenetan. Maite zuen irakasle gazteeekin solastatzea, berdin galdegiten ziela «De Revolutionibus» Copernicoren liburuari ihardets ziezaioten, nahiz Barberini Kardinalak Grinberger jesuit astronomo eta matematikoari egin arazi zion ordulariaren ariaz.

        Bainan oraino maitatzenago zuen patio zabaletan milaka haurretaraino ikustea lanarteko aisia iragaitean.

        Oroit du ber adineko zenean iadanik erretzen zuen jinkotiar sua. Paduan, Konfirmazio sakramentua errezibitu aintzin, aita apezpikua mintzo zitzaion erraiteko ezik laranja bat ukanen zuela sari, ihardesten baldin bazion eia non ote zen Jinko jauna; eta harriturik hainbat egotu zen elizgizon printzipal hura entzutearekin: «eta neronek zerori bi ere emanen dizkizut, erraiten baldin badidazu non ez den.»

        Arren, kardinal handiak, gazteria puxant hartan, ezinago zuhaitz goretan etorriko ziren giristigoaren bihiak ikusten zituen, eta arta handiz begiratzen zuen konpli litezen bere eskuaz ezarriak zituen ikas bideak.

        Bereziki zientziak ziren ororen gainetik haren arrenkura. Izanik ere, Frantzian zehar orotan, Flandren, Suizako kantoietan eta Babieran, Luther eta Calvinoren segizale heretikoen kontra, Bohemian eta Hungrian, berriz, anabaptisten aurka ibilia izanki, ongi jakina zuen irakasle ohiak zientzia eta letretan hagitz gizon trebatua ezik, ez zukeela nehork lekurik ukanen hain furia handitan ihardukitzen zuen Jesusen kanpainia hartan. Ezagutua zuen bada, lurralde heretikoetan gaindi misiolari arituko zirenek liskar teologiko handietan frogatu beharko zituztela ikasetxe hartan berean gorituriko izpirituak.

        Beraz honelatan, Bellarmino kardinalaren xedea zen ahal denik eta jakintsuenak elki litezen mundura Elizaren fabore. Bainan ber aldian ezinago mehar egin ere zuen jakintza hartarako bidea, ezi jakinduria ororen tinia eta muga iragan ahal gabe, Biblia Sainduaren errana bera zen: «gure filosofia giristinoa behar da izan eta jinkotiar teologiaren zerbitzurako; printzipio metafisikoak, egia teologikoan arauera moldatuak eta esprimatuak behar ditugu», zen haren erranik usuena. Hatzarri hartan finkaturik alta, lasatzen ez zuen hede tinko batez gobernatzen zituen ez konpainiako gazteen gorputzak baina bai gogoak.

 

IV

Filosofia giristinoan zientziek konplitu behar duten bere zeregina segurrago eta jorratzenago izan ledin, De Ascensione mentis in Deum per scholas rerum creatorum izkribatzen ari zen. Bizialdi osoan harturiko nekea zen hura, orain abantzu zuena kasik buruturik. Hamasei urte iraganik zituen liburu grinatsu haren alde.

        Haatik ere kardinalaren ixilpeko bozkarioa zen gazteagotik hasia zuen jinkotiar obra eruditoa. Jinkoaren handitasuna erakusten zuen eta goresten ezinago gora; eta ahantzi gabetanik hargatik izaki ttipienaganaino ere luzatzen dela zeluko loria, abereska eta animalitto potingoa ere iguzkiaren argiaz bandatzen dela. Halatan goxoki kontatzen zuen jinkotiar amodioak zein amoltsu egiten duen, harengan fedea ezarria duenaren ispiritua; eta hau erakusteko, ilusionaturik izkribatzen du Nabarrako «Stelea» deitu herrian, abadesak «Enekotta» izena zuen komentu batean sagu bat izendatu zutela saindu, ostia konsakratu jan ondoan.

        Hori oro, fite iraganik bezala zuen izkribaturik, gogotik landa iragan bezain bertan. Bainan egiazko grina, ordea, zientziak eta fisika ziren: Aristoteren pentsaera oinarri, Elizak zehazturik zuen unibertso honetako fisikaz luzaz aipatzen zuen, Copernicoren hobenak agerrira ekarririk, haei aitzi ezarri argudio eta arrazoi bidez erakusten zuen Liburua Sainduak dioen egia. Deuteronome deitu izkribuan bada, haren hamargarren kapituluan ez ote dago ezarria: «Orduan Josuek erran zuen: Iguzkia, ez higi Gabaonen parretik, eta ilargia, Ayalongo haraneko parretik. Eta iguzkia eta ilargia baratu ziren populua bere etsaietarik aspertu arteo» Hori ez ote da Zuzenen Liburuan izkribatua? «Iguzhia gelditu zen beraz zelu erditan, eta egun osoan etzuen egin etzatera» Otean ez da argi? Iguzkia da higikor dabilena lurrari inguruka. Ez kontrara.

        Ber maneran aipatzen zuen Jinkoarenganik bere jakinduria errezibitzen zuen Dabid erregeren errana: «Iguzhia zeruaren buru batetik ilkitzen da eta bertze bururaino laster egiten du, eta deus ez da haren berotasunari gorde dakiokeenik» Halaz mintzo da alta, Ispiritu Sainduaren boza; eta oraino: «Lurra da betiere danik ekuru. Iguzkia da altxatzen eta jeisten» dio errege Dabidek.

        Hau guzia, libertimendu handirekin adiarazten zuen, planeta, konstelazio, fisikaz alegia, hainbat ohar izkribatzen zueno, irakasle bere iragan denborako oroitzapen goxoetara abandonaturik. Behin —izkribatzen du—, deliberatu zuen, Jinko oro ahaldunaren puxantzia eta boterea agerian kontsidera ahal izaiteko, lurraren ondotik iguzkiak egiten duen inguruaren abiadura behar zuela jakin. Halaz bada, Capuan apezpiku zelarik, ekaineko beroetara igurikatu zuen hondartzen arrastiria. Ez zuen tresnarik batere iguzkiaren joaite majestuos hura neurtitzeko, bainan bai, bazuen aldiz denbora izar¡ bat, aski baitzen doi usadioaren indarrez: iguzkia itsas gibelera abailtzen zeno, bi «miserere» erran zituen; egiatan, zinez denbora laburra susko sfera ibiltariari eragiteko!

        Ordu hartako bere jakinmina ez zitzaion oraino itzali, urte anitzetako liskar teologikoez, faltsuki buzturiko prosodia banoez aski nardaturik bazen ere.

        Cesi kardinalaren ilobari, Federico Cesi zientzilari urguilutsuari igorri zion arrapostu batez egin zien urrentzia estabaida hutsalei. Arren, Bellarmino kardinalak galdu bide zion «izar poloaren» aldaeraz bere iritzia otoiz izkriba liezaion. Beraz, galdatu bezala, Federico Cesik, latin ezinago errabiatu batez, prosopopeiaz beteriko arrazoi bide ponposa ihardetsi zion, non ez baitzen halaere kribilduko mintzo fardatua besterik: zeluari beldurturiko apezgai bizarguria bailitzan, jaun kardinalari erraiten zion, iguzkiaz haratago ere ortzi amaigabea ixuri etengabe bat bazela, Jinkoak berak animatzen zuen ixuri xehea hain zuzen.

        Bellarminok ez zuen gutun hura iruski errezibitu. Hura bera, Girolamoren inkisodore Aita Sainduak bere eskuz izendatua! Halaber Aristoteren fisikan doktorrik jakintsuena, zientzilari nola teorikorik handienekin agerian nola ixilean liskar eta erriertan ihardun zuena. Bada, hari berari —zientzilaritto gangar ausarta!—, aski sententzia biblikoez! aski ele biribil ilusigarriez!

        Jaun kardinala, finean jesuit, amoltsu ageri zitzaion arrapostuan baina ironiaz beterik; italieraz ihartdetsi zion eskerrak erraiteko, baita gora laudatzeko. Aski ukan zuen Biblia Saindutik tiraturiko aipamen bat Cesiren teoria makurrak oro bazterrera eramaiteko. Azkentzera, aita on batek bere semeari bezala, inkoaren geriza gomendatzen zion, zelua irabazteko moienik segurrena baita, naski, handik seguragotik ikus litzakeela izar eta planetak oro betireko beren joan-etorri etengabeetan.

        Halako zientzilari harro aldiz inuzentak ez zituen aita Bellarminok jasaiten ahal eta iagoiti, isilean baizik ez zitzaien ekin bere astronomia eta fisika istudioei.

 

V

Hiru, laudera urratsetara pausatzen baitira, «Dum tempus habemus operemur bonum», «Quaeretis me, et non invemetis», «Non tardes converti ad Dominum, et ne differas de die in diem», solas jakinduruak okupatzen ditu jaun sabantak, giristigoko hiru tiniak, aita kardinala bidean laguntzen duteno, non ere kasik iritsiak baitira «sopra Minerva» deitu elizaren itzalera. Bide gurutzean, iguzkiaren menera, seta eta brokanteren gainean purpurazko distira zauliak bizikor linburtzen dira aldez aldera eliz zerbitzarien jantzi argituetan barna; doi arramen diamantezko azal puntetan bezain, doi sugearen lepoan behera bezain, beraren argitzal berdailetan argi izpiak jauzika direnean.

        Agur eta diosala frango elkarri egin ondoan berez dira gizon saindu haiek elkarganik, eta nor bere egoitzara buruz joanik dira, «nona» orenak halarik manatzen duen aldetik. Aita kardinala bere etxera aintzin, oraino baitu denborarik, Jesuiten «Collegium»era buruz zeihartu da liburutegian amini batez bederen pausatzeko, agerraldi ttipi bat egiteko. Luze gabe da handik lekora, bada, haren gutizia beste bat delarik: behako batez ikusi du «scholae» barneak iragaitean; populu gazte freskanta istudiotan ari ikusi du. Barrunbe zabal argietan, «praelectio», «exorcitationes» deitu diziplinak dituzte xede.

        Gibelera utzi du «declamatione aretoa», egiatan erraitea ahal zuelarik, Cicero, Seneca, Caton bera zirela, han beren buruz mintzo zirenak. Ataritik kanpo, ikasetxearen egitura fermu eta hertsiari miraz dago orain jaun kardinala, baztiza gotor eta austeroa ber aldian, bere harri arre koloreekin lerdenkiro ihaulgitzen denari.

        Zangoetan mindurik, ttipi-ttapa bere egoitzara buruz ez da doluetarik landara Bellarmino kardinala.

        Ur bedeinkatuaz busti ditu eri puntak era gero borontean pinpoilka joan dira ur tantak gurutzearen bidean, latinez zerbait murmuriatzearekin batera. Etxe barnean, errezela gorbeltz armoretan behera ezarriek, pisu, erabil ezin dirudite kardinalaren begietara. Beheko solairuan liburutegi ondoan den kanbera ttipi batera joanik da, bere arreba behin ere huts egin gabe egun oroz adelaturik, prestik dukeen «cardamon» eta «laudanoz» nahasia den larosa ur bainu batez zango ubelei atseden emaitera, dolu ilun, ber aldian tai gabeari aringarririk ekartzera.

        Ez zitzaion ahantzi halere, serbitzarisari tinta eraman liezaion erraitea.

 

VI

Bere kanberañoan lasoago denean, Bellarminoren zinez iduri mendrea ikusi zuen tinta ekarlersak, deus kapusai gabe, «brocante» eta ziriko distirantez gabetanik. Mahaiko bere paperei plantaturik, agudo ari zen lanean kandelaren argira.

        Urrats airosez nahiz katua bezain isil, serbitzarisa heldu da eta tinta ontzia ontsatto utzi du mahai gainean bere esku zurbilez. Aita Bellarminok paperei so, haietan beraietan baizik ez baitu gogoa, keinu bat egin du bere besoa altxatuz, ongi dela erraiteko bezala.

        Berriz ganberatik kanpora denean, atetik so egin dio neskatilak gizon saindu jakitunari; ber mementuan, luma eskuan hartzera, aita Bellarminok paper artetatik altxatu du burua eta kandelaren argi xehera, neskatilaren iduri urre kolorean islada ikusi du leiho beltzean. Istant batez iruditu zaio emaztekiaren soaren argiaz hedaturik den hari batez lotu zirela bien begiak, iruditu zaio emazteldaren adats gorria su antzora higitzen dela kandelaren garrarekin batera.

        Atea zerraturik, miraz dago Bellarmino leihoko mirail beltzari, suzko ikuskizun haren erdira higituriko begi zohardiak ageri ziren gune berari. Baina joanik da ilusigarria.

        Mirailaren azalaz barne, jesuiten ikasetxeko leihoak antzemaiten ditu urrunera, jakinduriari eraikitako tenplu bizil hura, non hainbat neke eta atsegin dastatu baitu urte luzeetan barna. Nehork ez zuen hartu berak bezainbat neke bere gain, esuiten ikasetxetan orotan, «ratio studium»-a bat bera izan ledintzat. Nehork ez zuen izan berak bezainbateko arrenkura jesuit kumeak atxekirik izan litzezen giristiar jakintzari.

        Halaber, purpuraz beztitu zuen Gregorio VIII.ak, eta Eliza Sainduaren Kongregazioetan kasik orotan, pisua zen haren erranaren indarra. Ber bidetik, herexiaren kontrara buruz bati zelatari ageria, kurutzearen geriza hedarazi zuen zientzietaraino ere, eginbide hartan ez zelarik hutsala izan su izua, Michel Angelo dibinoak ahantziko ez zuen Savonarolaganik, Girolamo Brunoren hauzia artino, mende erdi bateko suteek jakinduru ezarri baitzuen giristigo osoa.

        Bere burua aintzindari, Eliza Saindua engoinko bere loriara buruz ikusten zuen aita Bellarminok kanbera baitarik aintzina so, non ez baitzuen iadanik deus antzemaiten, mirail beltza besterik.

 

VII

Aniskarra bezain fite iragan zaio gogo baitara Girolamoren liburuan irakurririk duen ahapaldia. Eta higitu da kandela garra, eta higitu da aita Bellarmino garraren isladari beha, haren su gori baitara neskatila lurre kolorearen irudia otean ageriko denentz.

        Ordea, ez du suaren ñir-ñir urduria ere ikusi; deusik gaua bera bestarik. Eta haren barnetik, ilunpetik erautsirik bezala bere begitartea ikusi du, larru zimaurra belarrietatik behera, urteak aintzina arau okerrago maurturiko sudur handia; ezpain lodia eroririk begitartetik berez, doi bizar xume urdinduaren gainera. Bere nini osto koloreez bi begi handi hezek, nola sugeak bere ehizari antsiaturik so egiten zioten bekoz beko han aintzinean zuen irudi tristeari.

        Ispiritua denboratik landara den gauza baita, instaño batez iragan zaio Bellarmino kardinalari bere bizi aldia gogoan zehar, halaber berinetik haraindian den espantu handiko isladari.

        Eta higuindurik bezala altxatu zituen ezpain xokoak, leihoko begi zorrotzei deblauki beha, Ofizio Sainduko bere eginbeharretan, beste begi anitzetan maiz antzeman duen izua, berinezko bere begietan lehen aldiz ikusten zueno.

        Ondoan zuen kandela larua, ahur kaldu batez itzali zuen.

 

        Hiru egunen buruan Girolamo errerik izen zen «Campo deil Fiori» deitu alderdian. Epai agirian, tinta gorriz zuen marraturik bere izena Bellarmino kardinalak, eta zauri arrail zirudien paper zuriaren gainean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.