Enearena
Bergili
euskaratzailea: Otarri
IV Kantua
Muiña: Dido Enea'z maite-minduak bere aizpa Ane'ri azaltzen dizkio barnean ditun kezka limuriak. Ane'k, troiarrak Itali'tik urrutiratzearren, Venus'ekin bat egiten du. Eiza ta ekaitza. Omena.
Baiña, aurretik ere axola astunez zebillen Erregiña miate-zauria elikatzen ari da zain-barru, ta aren txingar ezkutuak kiskaltzen du gaixoa. Bein ta berriz gogora dakarzki gizurenaren sendotasuna ta aren endakoen leial-ospe aundia. Bular barrun josiak daramazki aren betarte ta itzak; arekiko ardurak ez dio noski soinataletan ere atseden goxorik eman nai.
Urrengo egunak sutargi dirdaitsuz lurra joritu-ala ta eguantzak itzal ezkotua ortzipetik uxa, maite-minduak onela itz dagio bere aizpa gogaideari: Ane aizpa, zer ote ditut txundioz naukaten kasketaldi izukorrok? Nor ote dugu, jauregian sar zaigun kanpotar berri au? Aren betartea bai lerdena! Bularrez adoretsu ta izkilluz suar! Nire ustez ta ez da uste utsala, jainkoen ariko dugu au. Ez-axolak gogo mekoa salatu oi du. Ai, ene! nolako aduak eraso dioten! Nolako gudaketak edestu dizkigun, goiargi-euritan! Lenbiziko maitasunak erioz atzipetuta uts egin zidan ezkero, beste iñori ere ezkontz-buztarriz ez biltzeko erabaki amil-eziña barnean txit tinko jarria ezpa-nu, ots, ezkont-oe ta zuziak gogait eragin ezpa-lidate, argalkeri oni bakarrik bear bada amor egingo nion. Bai, Ane, egiz daitortzut: nire senar Sikeu zori txarpean itzali ta gure jainkoak anai.odolez gorritu ziranetik, onexek bakarrik menderatu dizkit zentzuak, eta gogoa artegaz amil-azi. Aintziñako suaren aztarna nabari dut barnean. Ala ere, naiago nuke nik lurrak sabel beltza idekiko ba'lidake, edo aita alguztidunak oiñazkarri-zartaz illunbetara, Ereboko itzal margul ta gau sakonean amil-aziko ba'nindu ere, zu, oi garbitasun! orban loitu edo zerorren eskubideak autsi baiño. Ark, ni beretzat lenbiziko aukera nindunak, eraman zitun nire maite-lorrak. Beuzka ark, obi-barru gorderik». Onela mintza ondoren, malko ugaritan busti-azi zun magala.
Ane'k darantzuio: «Oi zu, argia lain aizpak maite zaitun ori! Gaztaro soil luzean aituko ote zera, negar-jario? Ez seme laztanik, ez Venus'en saririk, ezagutu gabe? Onen ardura dutela, zuk use, itzal-auts obiratuak? Bedi: etzaitu sekula, naiz-ta miñez, iñundiko senarrek makur-erazi, ez Libi'kok, ez aurretik Tiro'ko iñork; Yarbas ezetsi zendun, bai ta Aprika'n garaitz-lur aberatsak janaritzen dituneko beste buruzagi batzuk ere: baiña maite-su atsegintsu orri uko egingo? Ez ote zera konturatzen nortzuen zelaietan egotez zauden? Alde batetik Getuli'ko uriak inguratzen zaitue, emengoak jendeki garai-eziñak bai dituzu gudaketan, bai ta sarrantxa gabeko numiditarrak eta Sirte gordiña ere zure biran daude; lekaro zabal egartsua ta barka'tar ankerren eskualde edatua duzu, bestetik. Eta zer esan Tiro'tik sortu-gudatzaz eta zure nebaren zemaietaz?
»Zigur uste dut nik, jainkoen eta Juno'ren zaipean, aize onarekin bide egin dutela oneraiño iliar ontziak. Nolakoa dakuskezu zuk, ene aizpa, erri au? Nola ugaritzen? Olako ezkontzatik, Teukro'tarren izkilluak lagundurik, zenbaiteraiño jaikiko dan Kartago'tarren dirdaia! Eska jainkoeri zuk orain baiezkoa ta opariak eskeiñiz egin abegi txeratsua ta eio errazoi-akiakuluak oiek emen geldi-azteko: negu gordiñak eta Orion urtsuak izu-errakor dagitela itxasoa, ontziak printzatuta daudela, zerua berriz erruki gabe». Esan auekin are geiago irazeki zion bularte maitez sutua, ta aizparen gogo urduria itxaro-urriñez aserik, aren garbi-nai ta erabea osoan ondatu zitun.
Jauretxera doazi lenen, ango opa-mai aurrean pake-eske auzpazturik; belar biko ardiak eskeintzen dizkie, oitura danez, Kere legelariari, Pebu'ri ta Lieu aitari, ta aurrenik Juno'ri, ezkontz-lokarriaren ardura duna bera baita. Dido liraiñak berak, eskoian azpil zapala, bei adar zuri artean ixurtzen du gantzuki joria; edo opamai guri biran dabil arat-onat, jainkoen begi aitziñan, il-eskintzaz eguna asirik; edo-ta, abereen bular iriki gaiñean makur, aien errai dardaratieri doakie onu billa. Ai!, azti-asmamen utsal erruki bageak zertako ote ditu eskintsari ta jauretxe? Bitartean, suari bigun zaio muiña, ta bular barnean zauri ixilla bizirik. Erretzen dago Dido gaixoa ta urian barna dabil zorabildua. Begira, oian keretar zear dabillan artzaiak, urrundik gezia jaurti ta, ustekabez. orein uxua zauritu du, burni egalaria aren saietsean dardar utzirik; ark igesari diardu azkar, baso ta dikteutar ixurkiak zearkatuz; ala ere, saietsean tinko daraman gezi ilkorra ezin erauzi. Berdintsu Dido zoragarria ere: orain, iriko toki babestuetan zear darama Enea, sidoniar aberaski ta txukuntasunak erakutsiz: bidez, solas-nai ta itz erdia esan orduko ixil. Gero, illun-abarrean, orritsean opa du atsegiña; Ilion'go neke-lorrak berriz entzun nai, ta or dugu aspertzeka edeslariaren aotik dindil. Azkenez, alkarri agur egin ondorean, illargia pizkaka argia zurbilduz doalarik, eta izar-jausiak lotara daragiten garaian, bakar ta goibel geratzen da egoitz utsean, eta ark utzitako egotegietan datza ameskor. Urruti dala, urrundua dakusa, urrunduari dantzuio; edo-ta Askani beraren altzoan artzen du, aren aitaren irudi-lilluraz, barneko maite-sua zerbait moteldu nairik. Dorre asiak ez doaz geroztik gora; gazteak ez dagite izkilluz saiorik; kairik ez dute atontzen, ez gudarako babeski ta zainperik; etxe asiak, arresietako gainkalde eskergak, zeruraiño eltzen diran indarkiñak, dana dago geldirik.
Tzeu'ren emazte laztanak. Dido izurri orrek artua zegola ta izen ona ere etzaiola orren eragozpen jakin zuneko. Venus Saturno'ren alabari au diotsa: «Ospe garaia ta guda-ondorengo ugari irabaziak dituzue, egiaz, zuk eta zure semeak: aundi ta aitu-eziña zure aomena, emazteki bat bera jainko biren amarruz atzipetua baldin bada. Etzait ezezagun, ez, gure arresien bildur ziñala ta Kartago ots-aundiko egoitzak txepel samartzat zeuzkala. Baiña, zer atzen izango du onek? Edo norako, orain, ainbeste liskar? Obe, ba-deritzazu beintzat. ezkontzaz itundu ta betiko bake-alkartzez lotu: eskuan daukazu, beraz, zuk biziki opa izana. Garretan dago Dido maite-zauri aundiz, ezurretaraiño sar zaion suak bait-darabil estu. Biona bedi, bada, enderri au ta itzalpe berdiñez jaurri dezagun: on bekizu frigiar senarrari men egitea, eta nik, ordaiñez, eskuetan jarriko dizkitzut tiritarrak, ezkonsari bezela.»
Venus, orduan (ba-zekian bada maltzur-zurrean ari zala. Itali jaurerria Libi bazterretara aldatu naita), onela mintza zitzaion Juno'ri: «Ni bai xoro orrela ba'neza! Zurekin batera, nork gurako liskarrean sartu? Batez ere, zoriak, zuk diozu. zerorrek aolkatzen duzuna ederretsi bear ba'du? Aduak, baiña, zalantzan naukate; ez dakit ziur Jupiter aundiak nai dun ala ez: tiritarrentzat eta Troia'tik irtendakoentzat iri bat bera nai ote du gero? Erri biak bat-batu ta itunez lotzea, gogoko ote zaio gero? Zu zera aren emazte: zuk eskarika bederen, aztertu zenezake aren barne-muiña. Zoaz aurreko ta orpoz natorkizu ni».
Artan Juno erregiña erabat jaiki: «Bego nere gain neke ori. Adi zakit orain ta neronek erakutsiko dizut itz-labur egoki dana nola burutu. Enea ta Dido gaixoa alkarrekin joateko dira eiztari basora, goizean eguzkia izpi-jori atera ta lurbiran zear zabaldu danekoxe. Odei beltz kazkabarrez nasia ixuriko diot nik goitik beera ta ortzia oro trumoi-dardarez iñarrosi, ain zuzen ere eiztariak urduri bizian oian osoa sarez inguratu dutenean. Gau zurbillak estaliko ditu ondoren, eta eiztari lagun guztiak igesari emango diote, noraezean: naspil ortan, leze-barne edo artzulo bat-batera joko dute Dido ta troiar buruzagiak. Ordun ni ara noake, ta nik bezela zuk nai ba'duzu, neronek alkartuko ditut egiazko ezkontzaz, senar-emazte egiñik. Imeneu doke an». Kitere'k, ordea, nasai-nasai, ontzat eman zun ziotsana, bai ta bere baitan parrelore eten ere, maltzurkeri utsean zebillela ba-zekin eta.
Eguantzak. bitartean jaiki ta Itxasoa uzten du. Gazte-samalda autatua, eguna txirristuz batera, ateetara doa joranez; sare meatz, lokarri, azkon burni zabaldun ta abar, pilloka dakarzkite: jauzi dagie urduri masilitar zaldizkoak, ta eize-zakurrak erne dute begia. Kartago'ko aundizkiak zai zeuzkan erregin berandukorrak etzanguko ate aitzinean: gertu dago aren zaldia ere, urre biziz estalia, irrintzika, aokoak bitsetan. Ba-dator azkenik bera, lagun askoz ingurumari; txartes sidonitarra dakar soiñeko, biran mendel apainduz; urrezkoa du gezi-ontzia; illedia ere urre du korapillatua, jantzi kerexa ere lazu gorri-biziz jasotzen dularik. Ba-datoz ere frigitar jarraigokoak, eta Jul alaia. Aietatik lerdenen eta aurrenengo, begira or Enea ere, giza-talde biak batera bildu-aziz. Apol jainkoak, Liki edurtua ta Xanto'ko ixurkiak utzi ta bere sorterri Delo ikertzerakoan, dantza-taldeak eratu oi ditu ta keretar, driopetar eta agartisotar margotuak oro jauzi ta artasika ari dira, opamai biran barbail ta naste-uts; bera, alare, Zinto'ko bizkar gaiñetan dabiltzu oso lasai, geziak oska lepoan, ille joria osto bigunez batu ta urre-galartzuz estuturik. Aren gisara Enea ere, ez zebillen azkar-ezago. Txit diztikor bai dakar betarte zardena.
Mendi-tontor ta zear-bide gabeko une trinkoetara iritxi ziranean, ona auntz basatiak aitz gaiñeetatik, ikotika, malkar beera abiatzen; beste alderditik ere, orra orein ariñak zelai agiriak zear astrapaladan: beuren joan azkarrean autsa arrotzen dute laiño antzo, ta azkenez mendiak utzirik, saldo aundietan biltzen dira. Au ikusiz, pozez gaiñezka dabil, an beeko ibarraren erdian, Askani aurtxoa bere zaldi bizkorrean lauoinka; abere artean dabil alai, orain oni, gero ari aurrea arturik: giberri otzanen artean basauntz bits-jario idoro nai luke, edo obeki oraindik leoi gorri bat ba'letorkio mendi-beera.
Ontan goi zabala ots aundiz naspiltzen. Ekaitza dator txingorrez nasia. Zelai-lauetan barreiatuak, uzkur tiritar, troiar ta Venu'ren illoba dardanitarra; an-orko arpeetara doaz leia bizian. Ibaika dator ura menditik. Arkaitz-arru bat-baten aterpetu dira Dido ta troiarren gidaria. Zantzu dagie bertatik lurrak eta Juno ezkontzailleak: dizdizka tximistak, eguratsa ezkontz-lekuko; gorengo gingan neskatx taldeak parre-algara. Egun uraxe, noski, gaitz guztien asiera, bai ta eriotzarena ere; ez du bada Dido ezerk biotzikutzen, ez itxusi ez izen on; ez du ere barne-sua ixil-erazteko asmorik. Egiña ezkontza dala dio, ta izen onekin uts egiña estali nai.
Itzetik ortzera, ba-doa Omena Libi'ko uri nagusietan barna. Omena! gaitz azkarra, ezer ez bezin azkar zolia; igi-ala sendotu ta ibilliz indar-berritzen ornen dana: ñimiño lenen bildurrez, aizetara gero puzturik; iraulka goi ta be, eta azkenez odei artean gordetzen dizu burua. Lur amak sortu zun, diotenez, jainkoen sumin gorri, Keu ta Enkelado'rentzat azkenarreba, oin-arin ta ego-bizkor. Mamu izukor ta eskerga duzu: eta, arri-arri ziñez, gorputzean egaki aiña begi zoli ditu aien azpian, eta beste orrenbeste mingain; aoa itz-ontzi ta kont-ala belarri aditzeko. Gauez zeru-lur bitartean egaz dagi, illunean ortz-karraska jardunik; ez ditu iñoiz begiak itxitzen lo goxo ta atsedenari emanez. Jagole antzo, exerita dago egunez teillatu erpiñean edo dorre-buru batean; uri aundietan ikara sartzen du, naiz gezur asmatua naiz egia orobat iragartzen ditularik. Omen au izan zan ordun ere, poz-eztitan, zenbait esamesez erriak ase zituna; zana ta etzana era berdiñean barraia zun: Enea, troiar odoletikoa, etorria zala, ta Dido liraiña arekin alkartu zala; orain, ordea, negu luze guztian, aginterriko menpekoen ardura gabe, gurikerietan bizi zirala, irrits lizunak jota, aurki. Auxe edatzen du jainkosa ziztriñak, parra-parra.
Eta begien itxi-edegi baten Yarbas erregeganakoa artzen du egazka ta bere esan-jardunez aren gogoa asaldarazten du asarre-sua biziagotuz. Errege au, Amon'en seme dugu, neskatx garamantitar bategandik indarrez izana. Bere jaurerri zabaletan eun jauretxe eder opa zizkion Jobe'ri: eun opamai eraiki, jainkoen jagole etengabeko dan su donetsia eskeiñi, azpi joria abere-odolez zipristindu ta atari loratuak osto-txorta eze margo askodunez ornitu.
(Jarraitzeko)
|