L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1959 II (1959-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—Bertsolarien saila—

 

Aita Onaindia

 

        Sarri entzun oi dogu: euskeraz, beste izkuntzetan baiño errezago neurtu daitekela bertsoz. Au dala-ta edo, euskal bertsoak aztatzeko lau alderdietatik so bear arretaz.

        Gure aldizkariak era bitako itz neurtueri leku damotse bere orrialdeetan. 1) Goimaillako olerti edo poesi utsezkoeri ta, 2) gure erri-olerkari edo bertsolarienari.

        Len-saillekoak aldioro dabilkiguz laiño-irritsez, saitzar anizera; arein egazkadak ez dan iñoiz be lurrik ikutzen; au da: arein idazkortzetik urtena, eder da oso, jori, arnas andiko, olerki bizi ta giartsu.

        Besteok, beeratxuago dabiltz; bein edo bein ba-dagiez oneik be euren egazalditxoak, goi-zale, larratxori edo tordantxa iduri; baiña egazkada txikiak beti.

        Alan be, egia autortzeko, bigarrenak doguz garrantzi geiagokoak, gure errian batez be. Goi-olerkia jaso ta bear lez txastatzeko, asko irakurri ta ikasi ezik, ezin olakorik jaritxi. Zenbatek dakigu jakin be, mendi erpiñean bizi dan erroiaren egazkada zabal errege antzekoaren barri? Danok dakigu, ostera, bee samar dabilizan txepetx, ormatxori, karnaba ta kurloiena. Orobat gerta oi da mota bitariko eder-zale oneitan be.

        Kepa donearen egunez, an Amoroto'n nintzan aurten; itxas urreko euskal erri goikutsuz ornidu onetan, meza barria eukan karmeldar gazte batek. Meza ostean, oitura danez, kanpai ta txapliu-ots artean, aurreskua ta pelota partidu batzuk jokatu ta gero, bazkari gozo lurruntsua. Azkenik, sabela ondo aserik, —euskaldunok oi dogu au be—, abesti ta bertsolariak. Lenen, abots zulagarriz kanta mordoa aletu zan; gero bertsolariak bere ekiñaldi. Ni neu zoli ta ernai nengoan zer jazoko. Eta ona: kantu-bitartean jentea berbatsu egoan arren, bertsolariak bere jarduna asi ebanean, danak ixillera ziran, eta ak amaituartean, ez eban iñok txistik be atera. Bazkaldar guztiok konturatu gintzazan erriak, erri zeak zelako itzal, begirune ta maite-sua dautson erri-olerkariari, naizta kaxkar, txepetx antzeko egazkadaduna izan. Ez, euren saillean ez dira txiki, gaillen ta misteriz beteak baiño. Nor eurok aiña erri-biotzari kiliki goxoa eragiteko?

        Aintxiña baten, mundu guztian ziran onakoak; gaur gure artean eta, bakarrik. Oneik gora jaso ta ugaritu bearrean gagoz.

        Eta, ain zuzen be, aurten ba-dogu zorionez bertso-iskanbilla Bizkai alderdi ontan, batez be bertsolarien urteko konkurtsu edo zeingeiagoka dala-ta. Atzen-ekiñaldi edo saioa Bilbo'ko Zezen enparatzan egin aurretik, bost erritan, ots, Urkiola'n, Mungia'n, Bermeo'n, Markiña'n eta Zeanuri'n egin bear ziran orreitakoak. Eta ainbat eta ainbat bertsolari, zar eta gazte, baturik egundoko jarduna egiñak doguz, entzule guztiak adurra dariola itxi ta txalo-zartada zaratatsuak irabazirik.

        Eta guk, olerki ta bertso-saillean diardugunok, ezin ezelan be albora laga euskal olerkiaren alderdi berezi au. Aurrerantzean bada, OLERTI maite onen orrialdeetan jaso ta batuko doguz, esku-xamur ta biotz-gori, erri-bertsolari onein ziturik bikain eta kutunenak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.