A. Machado euskeraz
Antonio Machado
euskaratzailea: Igotz
Ura borbor
Larraiñaren erdian arri zakar gaiñe,
Zut dan untzez josiriko orma zarran ostean
Nekosta goiak bere osto illen orbana.
Jausiz doa arrastia etxetoeri aurkez,
Zei zabal amestian. Dirdiran leiarkiak
Euzki-oiar illaunez. Ikus pendiz goietan,
Garazur nasi antzo, mukulu biziak.
Mana ondarrik bagea zelai ixil bakarrean,
Arimak dager emen bere samin-antza.
Ura borbor ta borbor atxurizko kaikuan.
Itzal-gune guztian urak soilki otsa.
Zer dagik?
Udako gau sor batean
zabal zegon balkoia
ta nire etxeko atea
Erio yat barrura.
Aren oeruntz urbil zan
niri begiratzeke,
eta atzamar ubel guriz
zerbait ausi eban mee.
Mintzul ta begitu barik
jun zan Erio, ostera,
nire ondotik. Zer dagik?
Ak ez itzik atera.
Nare egoan nire aurra,
ni biotz-odoletan.
Ai, arek ausi ebana
bion tarte mintza zan!
Oraindik ez
Amabi jo ditu orduak... ta amabi
atxurkada dira lurrean emonak...
...Ene ordua! nik oiu andi ...Ixilak
au erantzun eustan: Etzaitez bildurtu,
are-orduarian dardarazten dan
azken-tanta jausten, ez dozu ikusiko.
Oraindiño ordurik askoz dagizu lo
itxas-ertz zarraren gaiñean nasaitsu,
ta beste ur-ertzean ontzia lotzean
goiz argi aratz bat idoroko dozu.
Umeen kanta
Eresik dantzudaz
soiñu zarrezko,
aurrak abestuta
jolas-pilloko;
barne ameskorrak
ixurtzen dabez,
arrizko iturriak
euren ura lez:
alaikor ez diran
barre azken bako
soiñu bardiñez,
mergatzak ez diran
min-malko zarrez;
ta ituna diñoe
jori bakuna,
elezar joanen
maite-ituna.
Aurren ezpanetan
kantak daroe
edestia naspil,
argi oiñaze;
urak be ba-dabil,
garbi-urdiña,
iñoiz esan bako
maitasun zarren
sorgin-ipuiña.
Zei zar gerizatsu
baten jostari
dabiltzaz umeak
kanta-kantari...
Arrizko iturria
elezarrezko
leiar betikoa
ixuriz dago.
Abesti bakunak
kanta-kantari
diardue aurrak,
jira-birari,
joan doan zerbait,
biurtze bage:
edestia naspil,
argi oiñaze.
Ur-sorgu ozkirrak
kantari darrai;
edestia aizturik,
miña kantagai.
Itxarrik
Loak ar ete biotza?
Ene ames-erlauntza
lan barik? Igar ete yat
biur oldoz-gaioa,
murko-sail utsa biraka
itzalez okitua?
Ez, lo ez daukat biotza.
Itxarrik dago, itxarrik.
Ez lo ez ames, so dagiz
begi biak zabalik,
urrin-zantzuak, ta dantzu
ixil andi ertzetik.
|