Horati'ren odak
(euskeraz)
Horati
euskaratzailea: Aita Onaindia
XV. Nereu'ren iragarpena
GAIA: Paris, Elene ostuta, Troia'runtz doa itxasoz. Nereu'k, berriz, aizeak geldi-azo ta, iragarle zurrean, diotsa: «Palas ez duzu lo, bide-ertzak ondotxo artuak bait-ditu. Zangar ta aunitz doaiz ornitua uste arren, ez zuk larregi entzin gaitasun oietan; gezi ta aizta-makilletatik iges ta ere, narras irauliko zaitute azkenik. Ulise duzu erasotzaille, Nestor, Teukro, Merion; nola basauntza otsoagandik itzuri? Akil'ek bai luzatuko du zure ondamena, baiña, ala ere, gerkarrak kiskalduko dute Troia». Olerkariak, Paris ta Elene irudipean, Antoni ta Keleopatra ezkonberriak gordetzen ditu nunbait. Antoni, bere emazteakin iges, Peloponeso'n geratu zan eta andik, gudarozte aundi batekin, Itali'ra sar gura zun, Keleopatra Erroma'ko erregiña egiñik. Olerkariak, ostera, ezetz diotsa, ez egiteko olako zorakeririk, erri arteko gudarik sor ez dedin.
Pastor cum traheret per freta...
Idatar ontzietan Elene arrotza
Artzaiak zeramala gaizto itxaso zear,
Nereu'k barerik dauzka aize ego-ariñak,
Iragarririk adu txar:
5 «Damurik daramazu urira, iñoiz Grezi
Gudari askoz eman-aziko dizuna,
Zure eztai ta Priamo'ren erreiñu zarra
Autsi naita dabiltzuna.
Ai!, zenbat izerdi-pats zaldi naiz zaldidun!
10 Dardanitar jendeentzat zenbat illet-erre!
Pala'k jada prest ditu bere buru-oskol,
Ikurdi, gurdi ta aserre.
Alperrik zuk, Venu'ren babespean uzu,
Andrai bertso pozkorrak dizkiezu onduko,
15 Buru-kasket orraztu ta kitara legun;
Alperrik urrun-aziko
Aizta-makil zamatsu, Keret-gezi zorrotz,
Gudari-barbail ta Aiaz anua jarraika;
Beranduxe, baiña, autsez, ai! ezainduko duzu
20 Buruko illedi izundua!
Ez dakusu Laerte-semea, zure onda
Ondatzaille, ta Nestor, Pili'ko bakaldun?
Zure kaltez dabiltza Teukro salamindar
T'Estenel jakitun,
25 Edo, bearrezkoan, zaldizai azkarra.
Merion zuk ezagun. Ta Tideu'ren seme
Ankerra, bere aita baiño zuarrago,
Orra zure biila aserre.
Ibarrez bestaldetik otsoa ikustean,
30 Belarra iges doan orein antzu,
Igesi zoakioz zu ere, estu ta uzkur.
T'ori ez ari abindu!
Akil'en ontzidiak Ilion'en eguna
Luzatuko ta prigitar emakumeena.
35 Negu labur ondoan, baiña, gerkar suak
Kiskail Troia'ko egoitzak!»
OARRAK. 1. Ida Prigi-ko mendi bat zan, eta ango zura egokia nunbait itxas-ontziak egiteko. 2. Paris, Priamo ta Ekuba'ren semea, ardi-zain ibillia zenun Ida mendian. 3. Itxaso ta Gaia'ren aurra, berrogei ta amar Nereitarren aita; geienik Egeu itxaspean bizi zan eta, beste itxas-jainkoen antzera, iragarpen eta antz-aldatze doaiz ornidua. 17. Kerete'ko ugartean azten ziran kañaberakin egiñiko geziak, oso gogorrak ziran. 26. Dumene, Tideu'ren semea. 32. Elene'ri, noski, zangar itza ari baitzion eman.
XVI. Zuri aldia
GAIA: Oda ontan Orati'k, emandako itza jaten du ots, esan duna ezetzten du. Sumiñaldi batean, andere gazte bat iraindu du janbo-bertso mergatzak idatziz. Jitezko asarreak dula dio erru guztia, au baita griñetan gaizto ta izugarriena, ta kalterik andienak dakarzkiguna. Bide ortatik ez jarraitzeko diotsa apalki, aantzi dezala, albait, egindako belzkeria ta ar dezala, arren bai arren, bere kutun-miñen saillean.
O matre pulchra filia pulchrior...
Ama ederragandik, oi zu, ume ederrago!
Egotz naitara nire ziri-aapaldiak;
Nai ba'dituzu, sutara,
Edo-ta Adria itxasora.
5 Ez du Dindimene'k, ez Piti eliztarrak
Orla bere otseiñen gogoa asaldatzen,
Ez Bak'ek, ez Korinbante'k
Arratzean orla jotzen,
Asarre gaiztoak lez: au ez baidu izutzen
10 Ez norikar ezpatak, ez itxas gaizkiñak,
Ez su, ez Jupiter berak,
Ots-izu goitik jetxiak.
Prometeu'k izan zun nun-naitik arturiko
Kiziak len-loiari itsatsi bearra,
15 Ta gure mardan sar ei zun
Leoi eroaren erra.
Sumiñak eraman zun Tieste ondamen
Gaitzera, ta uri zutak ere asarreak
Erauzi zitun errotik,
20 Gudarozte arroputzak
Etsai goldez irauliz beren arresiak.
Bare zaite. Ni ere bular-irakiñak
Jo nindun gazte txorotan,
Eta bertso ariñetan
25 Ustu nun barnea. Gaur, baiña, latza otzan
Biurtu opa dut nik; egiñaz damurik,
Ene laztantxo zaitezan,
Gogoa atzera itzulirik.
OARRAK. 5. Kibele dugu au, Prigi'n, Galatzi'ko muga ondoan, Dindimo mendian jauretxe bat zulako. Piti, Apol'en izengoitia. 8. Kibele'n jaupariak ziran Koribante auek; eta, dirudienez, gure tanbor antzekoren bat jo oi zuten beren jaureskundeetan. 10. Norika'ko burnia oso bikaiña ornen zan ezpatak egiteko, Plini'k dionez. 17. Tieste alderrai zebillen, bere anai Atereu'k erbestetua; bein Plistene igorri zion ura iltzeko aginduz; baiña Atereu'k berak il zun Plistine. Atereu'k, aierkor, itxuraz onezkoak egiten zituztelako oturuntza baten, Tieste'ri jan eragin zion Plistene'n aragia. 21. Goldez irauli oi zuten uri kiskalitako lurra, zorua obeki lautzearren. Kartago'n orrela egin zuten, bai ta Troia'n ere, Propertzi'k dioskunez.
XVII. Tindari'ri
GAIA: Sabina eskualdean ba-zeukan Orati'k etxaguntza edo baserri bat, Mekena'k emana. Toki aitor, jori, oparotsu, otzamarra, ziñez, landa, zelai ta zugatzez inguratua. Jainkoek ere eder zuten noski, ara baitziran aldatzen noizik noiz, beuren egoitz oituzkoak utzirik. An danetik zan ugari: aize ozkirri ariñak ostotzan jostalari, auntz eta ardiak jauzika txiluraren otsera. Araxe dei dagio Tindari neskatxari, artzain-irudipean, an baita seguru izango, Kir mutil gaztearen espa ta zakarkerietatik azke.
Velox amoenum saepe...
Maiz aldatzen du Fauno txit ariñak Likeu
Lukretil joriaz, ta suzko uda-garaitik
Ta aize euritsuetatik
Begiratzen dizkit auntzak.
5 Lasai billatzen dute, oian orritsuan,
Senar atsituaren emazteak an-or
Kurpitz ezkutu ta izpikak;
Musker motzak ez dituzte
Auntz-eskortak izutzen, ez otso erraiak,
10 Ustika datzan ibar eta arkaitz tipiak
Txirul gozoz, oi Tindari!
Oska daudenetik gero.
Jainkoek alde ditut: ene on ta musa
Eder dituzte aiek. Oparoak emen
15 Adar naro ixuriko dizu
Ene zelai-soro-onaurkiz.
Emen, ibar gordean zera uda-galdatik
Zainduko; ta Teia.ariz Penelope duzu
Aipuan, ta Kirke ederra,
20 Irrits berdiñean zalu.
Emen, itzal lasaian, Lesbi-ardo leuna
Txarroz duzu edango; Tioneu Semelei'k
Ez du Marte'kin liskarrik;
Ta ez dukezu bildurrik:
25 Kir, zure maitatzaille gaizto latzak ere
Ez dizu, indar ez berdin, eskurik jarriko,
Ez ille-lokirik autsi,
Ez gona-mendelik suntsi.
OARRAK. 1. Fauno, bai ta ere Pan, artzaien jainkoa. Likeu, Arkadi'ko mendi bat, Fauno'ri opariak eskeintzen zizkiotena. 2. Sabina'ko mendia, Orati'k bere etxauntza joria zeukana. 6. Auntzak. 10. Orati'ren etxaldetik ur samar zegon muiñoa. 15. Amalte'ren adarra dakar gogora, ekoizpenaren ikur eta gauza guztien oparotasuna. 18. Teia urian jaioa duzu Anakreonte, bertso guri goxoak idatzi zituna; aren antzeko neurtitz arin leunez esan nai du. 21. Lesbi ugarteko ardoa emea duzu, kasketa astuntzen ez dulako. 22. Bak, ardoaren jainkoa, bere ama Semele ta Tione, izen bikoitzez deitua.
|