Enearena
Bergili
euskaratzailea: Otarri
V Kantua
Muiña: Eneak, itxas zabalatik ikustatzen du Kartago uria, sutan gorri; bai ta laster somatu ere aren zio zurbilla. Itsu-mustuan sorturiko erauntsiak Sikili'ko kai-barrura bultz daragio. Ankise'n eriotz-urteurrena. Illetak. Illaren omenezko oparia. Jolas-jaiak asten dira: estropadak.
Anartean Enea, erabakitsu, ba-zijoan itxasoz bere ontzi-taldeakin, Iparrak bultzata uin beltzak urratuz eta Elise doakabearen sugarrez dirdirka agiri ziran arresietara burua itzuliz. Jakin ez zergatik ain su aundia; baiña adu gaiztotzat daukate teukrotarrak, maitasun bizi loitu batek sortzen duen oiñazearen indarra bait-dezagute, bai ta emakume sumindu batek zer al dezakean ere.
Ontziak itxas zabalera ziranean, eta geiago lurrik iñundik ere ikusten etzala, itxasoa beian ta zerua goian zeudelarik, odei beltz bat jarri zitzaion Enea'ri buru gaiñean, gau ta ekaitzez izor; ta illunetan izukor biur zan itxasoa bertatik. Palinur endaitz-zaiak onela ots egin zun atze-alde jaikitik: «Ail, zergatik estutu ditu onen odei latzak? Eta zuk, aita Neptun, zer dakarskuzu?» Onela mintzatu ondoren, oialak biltzeko agintzen du, arraun tinkoak artzeko. Eta oial-kolkoak aizeari emanik, onela dio: «O Enea bioztun, Jupiter aitak berak aginduko ba'lit ere, onako eguraldiaz enuke etsiko Itali'ra irixtea. Aizeak aldaturik, zearka orru dagite, ta sartalde beltzetik datozki, egurats osoa laiñotan nasiturik. Gu ez gera naiko aieri aurka egiteko, ez aurrera jarraitzeko ere. Aduak gainkatzen gaitun ezkero, segi dezaiogun; itzul gaitezen dei dagigun lekura. Ez dut uste urruti dan, denik Erix zure anaiaren itxas-ertz zintzoak, ezta Sikili portuak ere, utsik egin gabe ikusitako izarrak neurtzen ba'ditut beiñik-bein». Enea onberak: «Egiaz, aspaldidanik dakust nik ere, orrela eskatzen dutela aizeak, eta zu alperrikan zenbiltzala aien aurka. Biur gaitezen atzera. Aurki dezaket, edo opa, ene ontzi aunatuak eramateko leku obarik, dardanitar Akeste'k nitako daukana baiño lurralde atsegingarriagorik? Ark ez ote ditu gordetzen kolko-barru Ankise nire aitaren ezurrak?» Au esanaz bat, kaiera zuzentzen dira, Aize bigunak ere oial-lagun dituztela. Ontzidiak egaz dagi kresal gaiñez, eta pozarren, azkenik, ondartza ezagunari bira dagiote.
Baiña, urrutian, mendi baten erpin garaitik, ikusten ditu Akeste'k, sor ta lor, itzuli datozen Enea'ren ontzi lagunak, eta bidera datorkie, geziz izukor ta Libi'ko otseme baten larruz estalia: troiar emakume batek Krinis ibaiagandik sortu ta erdi egiña, noski. Ezta oraindik aiztu bere aspaldiko gurasoekin, eta txeraz agurturik, baso-emaitzekin artzen ditu atzera datozen aiek; bai ta pozbidetzat, ibilliz nekatueri bezuza adiskideak eskeiñi ere.
Biaramonean, goiz-goiztik, egun argiak izarrak uxaerazi zitunekoxe, Enea'k batzarrera deitzen ditu itxas ertz zear edaturiko lagunak, eta muiñotxo batera igorik, onela mintzo: «Dardanitar jatorrak, jainkoen odol garbi endakoak: urtea betetzen da, ain zuzen ere, illen gurpilla osotuz, ene jainkotiar aitaren ondar eta ezurrak lurpean gorde ta opa-mai pozge ta itsak eskeiñi genizkionetik. Eta onezkero, nik uste, gain daukagu niretzat beti minkorra izango dan eguna (orrela, jainkuok!, nai izan duzute), bai ta onetsia ere. Getuli'ko ondoetan arrotz ba nenbilke ere, edo-ta Argoli'ko itxasoan atzemana naiz Mikena urian atxillo, alere beteko nituke zintzoki urteroko ziñitz eta jai aundiak, opamaiak emariz txukundurik. Orain naierara gaude neure aitaren auts eta ezur ondoan; eta ez gero, nik uste, urtzitarren asmo ta argi bage; ta, aizeak ekar-aziz, kai adiskideetan sartzen gera. Ea, bada, guztiok alkar arturik, egin dezagun jai pozkor aundia; eska dezazkiogun aize ariñak, eta eder dakiola nik, uri bat jasorik, berari opatutako txadonetan urteko opari auek eskintzea. Akeste'k, Troia'n jaioak, ontzi bakoitzerako bi idi damazkizute. Dei egiezute oturuntzara zeuen erri-jainkoeri, naiz-ta Akeste gure arroziariak gurtzen dituzteneri. Onez gaiñetik, bederatzigarren eguneko goiza garbi-alaia ba'litz gizakiontzat, lurbira zabala izpi dirdaitsuz josirik, lenbizikoz ontzi-lasterketak ipiñiko ditut Teukrotarrentzat. Eta norbait oin-arin ba'da, edo indarrez ausarta, edo obeki bota azkona naiz gezi ariñak, edo-ta esku-zorro latzaz burrukatzeko ustetsu: betoz guztiok onera, eta itxaron beza bakoitzak irabazi duen saria. On ar ezazute desaizuedana, ta jantzi abarrez zeuen kopetak».
Au esanik, bere lokiak koroatzen ditu amatar mirtuz. Berdintsu dagi Elimu'k, au Akeste zarrak, au Askani mutikoak, eta berdin ondoren gazteri guztiak ere. Eta Enea, batzarretik il-obira dijoa, lagun-talde aundia, millaka inguruan ditula. Emen, oitura zanez eskeiñirik, bi murko ardao garbi, bi esne berrizko, bi odol donezko, ixurtzen ditu lurrean; eta, lore gorriak, zabalduaz onela diño: «Agur, aita doatsu; agur, berriro ere, auts alperrik bilduak, ene aita orren gogo ta itzal! Ez dut aizu izan zurekin batean Itali'ko bazterrak billatzea, ez aduak izendatuko lurrak, ez, dana dala, Tiber ibaia».
Eta itzaldi au amaitu ondoren, suge eskerga bat, limuroi, obi-barrenetik irtenda, zazpi kiribil ta zazpi ustai aundi eramanik, obia inguratu gozaro ta opa-maietatik beera irristatu zan. Urdin-beltz zeukan bizkarra, ta urre-diztirak orbanez piztutzen zion ezkata; ostadarrak odeietan, eguzkia aurrez jartzean, eun kolore ez-berdin ematen ditun bezela, nunbait. Au ikusiz, dardar ikara Enea. Azken, sugeak, kiribil luzez edontzi ta murko samur artean narrasturik, janariak dastatu ta, ezeren kalte gabe, berriz ezkutatzen da il-obiaren ondarrean, opa-mai miazkatuak utzirik. Onekin, gar berria artzen du Enea'k asitako oparikizun aitaren omenezkoetan, ziur ez zekien aren bertako Iratxo edo aitaren otseiñetatikoren bat ote zan. Il ta opaltzen ditu, ba, oi bezela, bost ardi ta bost txerri-eme, ta beste ainbeste txal lepo-betoz; murkoz ixurtzen du ardoa ere, Ankise andiaren gogoari ta Akerontetik irtendako beste guztieri dei egiñik. Lagunak ere, bakoitzak duan neurriz, doaiak dakazkite poz-alai, mai-gaiñak bete ta zekorrak illez. Pertzak jartzen dituzte beste batzuk sailka, ta, belarrean eratzorik, burduntzipeetan txingarra ipiñi ta erraiak kiskali.
Eldua zan egun biziki opa izana, ta Faetonte'ren zaldiak ba-zekarten bederatzigarren Eguantza, argi zuriz beera, ta jai-ospe ta Akeste leiñargiaren entzuteak asaldatu zituzten orduko albo-erri guztiak; beterik zeuden itxas-ertzak laguntalde pozkorrez: batzuk eneatarrak ikusten zetozen, beste batzuk txapelketarako gertu. Lenbizi, danen aurrean, zirku erdian, sariak jartzen dituzie: iruoiñeko sagaratuak, buruntza eze ta abarrak, garailleen ordain-saria, izkilluak eta jantzi gorriz josiak, zillarrezko ta urrezko talentak; eta turutak, muiño-maldatik oiuka, jolasen asiera diragar.
Lau ontzi berdiñek, talde guztikoen artean aukeratuak, egiten dute len-saioa, beren arraun astunekin. Mnesteu'k daragio Bale ariñari, arraunlari sutsuekin: Mnesteu laster italiar izango dana, Memmitarrak beragandik bai datoz; Kimer eskerga zaintzen du Gias'ek, ontzi sabel aundi uri baten antzekoa; dardanitar gaztediak saka dagio oneri iru erreskadan, iru bultzez arraunak darabiltzatela; eta Sergestu onegandik bai dakar Sergi sendiak izena, Kentaur aundian daramate, ta Eskila urtzi-kolorezkoan, doa Kloantu; ta emendik datorkizu zuri, oi Kluenti erromar!, izena.
Ba-da urruti, itxas-barruan, arkaitz bat, ur-ertz apartsuei aitzi, noizik-bein urek estalia, ta negu-aizeak izarrak ezkutatzen dituztenean, baga putzituz erasoa; ezti-aldian oso ixil egon oi da, olatu-gain jaikirik zelai antzo; abaro ederra ziñez bertan batzen diran glopeentzat. Ementxe jartzen du Eoea aitak, muga bezela, arte orritsu eze bat, itxastarrentzako ezaugarri, nolako itzuli luzea egin eta nun biratu jakin zezaketen. Zotzean, gero, tokiak aurkeratzen dituzte. Urrutira, an aizaldean, ontzi-buruak berak ere urre-gorriz jositako jantziz ñirñirka daude. Gaiñeratiko gaztedi osoa lertxun-ostoz koroatzen da, ta dizdiz dagite aien sorbalda uts olioz igurdiak. Aulki luzeetan exeri ta besoak arraunetan tinko, adi datoz asi zantzuaren zai; eta dardarazten ditun izuak eta txaloen gurari biziak ikotika jartzen dizkiete biotzak. Ondoren, turutak ozenki jo zunekoxe, danak batera, oldartsu, eraso zuten jarlekuak utzirik. Itxastarren barbailla sarkorra ortzipe zear! Itxas nasiari bitsa dario besoeragiñez; ildo berdiñak arrakatzen dituzte kresal bizkarrean, ta itxas osoa idikitzen da arraunez eta branka mutur-zorrotzez iñarrosia. Zaldi biñako gurdiak etziran noski ain azkar zelairatu, burditegietatik bizkor irten arren; ezta, gurtzaiñak ere ez darabilzkite ain zardai zaldi kementsuen bizkar gain ao-ugelak, soiñ makur ta zigor zemai. Oian osoak diraki bertatik txaloz, giza-oiuz ta adiskideen gora-deiez, ta inguruko itxas-bazterrak aldarrikatzen dute aien marmar-otsa; mendi-bizkarrak ere, ots-zarataz dardar, erantzunez daude urruti.
Iñor baiño len Gias doa igeri, lagun-zarata artean uin-gaiñez txirristaturik; Kloantu datorkio atzetik, arraunetan obea, baiña zur astunagoko ontziakin. Aueri jarraiki, ta alde batera, Bale ta Kentaur datoz aurreratu naiean, eta bein Bale da buru, bein aurrea artu ta gibel uzten du Kentaur txit aundiak, edota biak bitara bide dagite muturrak berdin dituztelarik, tillape edo azpi zabalez ur gazian ildo berdiñak irikiz.
Eta, arkaitzetik urbil, mugara eltzeko zeudela, buru zijoan Gias'ek, garaille bezela itxas zabalean, Menete ontzi-zaiñari akar dagio deadarka: «Zergatik biurtzen didazu, ainbeste, eskubira? Jo zazu onantza! Zabiltza ertzez, ta utz arrauneri ezkerreko arkaitzak ikutzen; bebiltz besteak itxas zabalez!». Au esan arren, Menete'k, uarri itsuen bildur, ur aundira biurtzen du ontzi-muturra. «Nora zoaz, ain zabal? Itzul zaitez arkaitzera, itzul mitez, Menete!», zesaion Gias'ek garraxi baten; eta ona nun dakusan Kloantu orpoz-orpo, aurrea artu nairik. Ark, izan ere, barruragotik jota, Gias'en ontzi ta arkaitz bitartean zear, ezker aldetik bidea laburtuz, aurrerakada kementsu batez buruan jarri ta, muga atzera utzi du, ur barean egokiturik. Orduan, baiña, atsekabeak jo zitun galanki Gias gaztearen ezurrak, masail-bera malko biziak ixuriaz; eta, bere izen ona ta lagunen osasuna aintzat artu gabe, ontziaren atzekalde jaikitik itxasora jaurti zun Menete nagia; berak artu ontziaren zuzendaritza ta aginpidea, ta lagunak biotz-goritu ondoren, ur-ertzera biurtzen du endaitza. Menete astuna, berriz, ur-ondotik azaleratu (zarra ta jantzi bustitan ur-jario gaixoa), ta arkaitzaren guenera igorik, arri bizian ezarri zan. Aren lepotik parra egin zuten Teukrotarrak, bai itxasora egoztean, bai igeri egitean, bai ta orain ere ur gazia aotik okatzean.
Onetan, azkenengo zetozen biregan, ots, Sergestu ta Mnesteu'regan, itxarokizun alaiak indarra piztu zun, geldi samar zijoan Gias'i aurrea artzekoa noski. Orrela dagi Sergestu'k, arkaitzera urbildurik; baiña ez lenena, ala ere, ontzi osoakin buru jarri; erdizka bakarrik aurreratu zaio, aurre-aldetik bada Bale bere leikideak aldea dauko. Eta, bitartean, urrats-aundi ontzi erdian zear, Mnesteu'k, onela diotse bere laguneri: «orain!, oraintxe!, eman arrauneri, Ektor'en lagunok! Troia'ren azken-une larrian nik ere kidetzat autetsiok: erakuts orain orduko kemena, Getuli'ko uarrietan, eta Joni itxasoan, eta Malea'ko baga zakarretan erakutsi zenutena. Nik Mnesteu'k ez ditut aurrenengo sariak eskatzen, ez dut nai txapelketa ontan irabazi. Ala ere...; ez, irabazi dezatela zuk, oi Neptun, ortarako nai dituzunak. Baiña etzaiteze eldu azkenik. lotsagarri bait-litzaizuteke. Saia ontan, oi erritarrak!, ta uxa zuengandik olako lotsakizuna!» Aiek, leiaketa latzean, beuren sorbaldak makurtzen dituzte; eragin tinkoz dardar dagi ontziak borontzezko atze-aldean, eta egaz dijoa ia uretan ikutu gabe. Bertatiko ekiñaldiak, baiña, arnas-estutu ditu aien soin-atalak, eta aoak legortu; arradaka darie izerdia non-nairik.
Eta, ain zuzen ere, orretxek ekarri zien gizaseme aieri opa zuten omena. Sergestu'k, bada, erremin itsuan, barrurago, ontzi-muturra, arkaitzetara zuzendurik, bide gaitz arriskutsuan sartu ta uarri zabal batzuetan birrintzen da gaixoa. Aitzak dardarazi ziran, eta arraunak, indar egiñik, uarriaren gandor zorrotzean ausi: branka ere, printzatua, zintzillika gelditu zan. Itxastarrak jaiki ta oiu-intzirika daude; burdiñaga luze ta kako kizkidunak atera ta uretan biltzen dituzte arraun ausiak. Mnesteu, berriz, pozkariotan eta adore-berritua gertatuakin, aizeeri oles egiñik, itxas ertzetara dijoa arraun-talde bizkorrakin, ur zabal zoztor bagean zear lasai ibilki. Abaro ta kabi goxoa aitz arrakaltsuan daukan uso beingoan arpe artatik uxatuak, soro-zabaldi gain egaztu orduko, izu-izutua, bere kabi-goia astindu oi du ego-ukaldi zakarrez; gero, aize bare zear labainka, argi ta malats urratzen du bidea, ego ariñeri ia eragin gabe. Berdintsu Mnesteu ere, orlaxe Bale'k ere, zangar ebakitzen du azken-ura igesi gogorrean, ta erasoak berak egan darama, nunbait. Eta lenbizi, Sergestu uzten du atzera; laguntasuna eskatu arren, alperrik gaixoak, an baitabil burruka bizian uarri gaiñetik askatu ta aitzarte zear bide egin nairik, arraun ausiak trebeki dabiltzala. Gias'i atz-ematen dio bertatik, bai ta Kimer itzalari ere; onek amor egiten dio, endaitz-maixurik ez dulako.
Ontara, Kloantu gelditzen zaigu bakarrik, mugara eldutzear; arako irrikaz dago, ta ara bultz dagio ontziari, azken-indar giartsuan. Orduan, berriz, ozenagotzen marmar-irrintzia, ta atzetik doana aupatzen dute txera-zantzuz. Ango zaratotsa goi-bee, inguru ta zoko! Sumin-erre dira auek, beuren ederrari ta oinen ardietsiari ez bait-diote eusten, ta txalo-zartagatik eman nai lukete bizia ere; beste aiek, ordea, garaipenak ernerazten: al dute, orrela iruditzen zaielako. Eta, bear bada, aurre-mutur berdiñekin saria ere lortuko zuten, Kloantu'k, artean, bi eskuak itxasorantza luze, otoitz egin ez ba'lu, bere alde jainkoeri otsegin ez ba'liote: «Urtzitarrok, ni nabillen kresal lanetan agintea duzutenok: zin dagitzuet, eta ar ontzat: zuon opa-mai aurrean auzpez, zekor zuri bat eskiñiko dizuet itxas-egal ontan; bere ertzeak ots, erraiak, ain gazitara egotziko ditut, eta ardaoz inguruak oparo ase». Au esan bitartean, an zegon Nereutar neskatx-taldea urpe sakonetik entzuten, bai ta Porku ere, ta Panope gizkarbia; Portun aita esku altsuak saka egion, gaiñera, ontzi ibiltariari; eta au, ipar-aize azkar, gezi dardarati, legorrerantza txit bizkor, kai-barrenean gorderik.
Ankise'n semeak, ordun, oi zunez, danai dei egiñik, turut-ots aundiz, Kloantu azaltzen du garaille, ta ereiñotz ezez estaltzen dizkio lokiak; bai ta aukeratu ditzake naitara iru txal ontzikoentzat, eta ardoa, eta eraman dezake zillar-mordo galanta ere. Saririk onenak, orraitio, buru izanentzako ditu: garaillearentzat, soiñeko eun gorrizko bat, ertzetan batez ere Melibe'tar urre ugariz, ornidua Meander ibaiaren antzeko bi zerrenda dizditsukin. Eta errege-aurra bertan, eun txukunez josia, Ida estotsuan, basauntz bizkorren atzetik atxitxinka, giar ta arnas-estu aieri azkonak jaurtiz; eta Jupiter'en txori izkiloduna, bere zanko makurretan, Ida'tik, darama gora jasota. Bere aurtzai zarrak alperrik daramazkite eskuak izarretaruntz, baita alperrik ari da aizeari zaunkaz zakur-saldo zorabiatua. Mugara bigarren iritxi danari urre gorrizko burni-jantzi iru sare-izurrezkoa ematen dio; ain zuzen ere, Demoleu azpiratuari berak kendua, Simois lasterarren ertzean, an, Ilion jeikiaren azpian; giz-urenari damaio, gudaketa ta liskarretan omen ta babes izan dezan. Askotariko miesaz nasi ta astun, beraren otsein Pegeu ta Sagari'k doi-doi eraman al izan dute beuren bizkarretan; Demoleu, alere, arekin jantzita ibilli oi zan troiar sakabanatuen aurka. Irugarrenen saria, borontzezko pertz berdin bi ta zillarrezko edontzi landu bi dira, inguruak irudi ederrez apainduta. Eta denak, bakoitzak bere saria jaso ta artutako doaiekin, ba-zijoazten pozik, lokiak ere galartzu gorrizkaz estalita zituztela; eta ona nun datorren Sergestu, antze ta neke aundiz uarri gaiztotik azkatu ta, arraunak ere galdurik, alde batetik erori ta aul zetorren ontziari sakaka, lotsa gorrian ta dedu gabe. Orrela jazo oi da sarritan, gurpil astunak bide erdian zearka zapaldu duen sugeakin, edo-ta bidaztiren batek arrika maingu ta erdi-illik utzi duenakin; alderdi batetik, egin-alak egin arren igesi naita, alperrik edatuko da saminkor ustai biribil luzeetan, alperrik begi-ñirñir kiribildu ta jasoko du bere zintzur xistularia; alderdi zauritu ta mengelak ez dio uzten, ta bere eziñean, korapilloz konkortu ta bere kantan toles oi da. Edu ontan mugitzen da Sergestu'ren ontzi baldarra ere, arraunez maingu; ba-dabil, alere, ta kaira sartuz joan doa, aize-oialak arro. Enea'k, poz-esnetan, gaizkatu dun ontziagatik eta onez atera ditun lagunengatik eskeiñi zion saria damaio; mirabe bat duzue ematen diona, Minerba'ren arazoetan ikasia: Foloe du izena, etorkiz keretarra, bularpean bi biki daramazkina.
(Darraike)
|