L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1961 I (1961- urtarrila/martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Olertia goretsi

Onaindia

 

Olerkaria, geienik, zokoratu samar egon oi da, naizta ori merezi ez; eta ez gero gure artean bakarrik, zabarkeri au mundu guztian somatzen dogu. Gaur, alan be, aintzat artzen dala esan bear aren balioa, bai gurean, bai erbestean. Gurean, aldizkari onen bitartez oraintsu eratu ta ospaturiko jai zuzpergarria lekuko. Baiña gaurkoz ez nagokio oneri, Sueziako Akademik Nobel saria deritxola urtero antolatzen dauan munduko idazlari guztien arteko zeingeiagokari baiño.

        Joan dan urteko saria (1960), au da, Nobel-saria, Saint Leger prantses olerkariak jaso dau. Irurogeta amairu urte ditu egiñik; Mistralek, 1904an, sari berberori irabazi ebanean, eukazan baiño bat gitxiago. Bere idazlanak Saint John Perse izen-ordez izenpetu izan ditu, ta mundu guztiko bigarren guda ezkero, geienik beintzat Washingotonen bizi da. Jaso dauan saria 225.896 koroe; milloi bi ta erdi baiño geiago, laurlekotan.

        Alexis Saint Leger Guadalupeko prantses ugartean jaio zan, 1887an; baiña Prantzin egin ebazan gaztetxotik bere ikasle ta enparau eskola azi-orraziak. Ikas-karrera amatiu ondoren, diplomatiku arazoetan jarduna dogu, olerkari lez geroago gaillendurik. 1932garrenean geznari izentatu eban Parntziko gobernuak, gero kantziller. Azken gerratean, eta batez be doixtar gudarozteak Pranzi artu ebanean. Vichyko jaurlaritzak, ots, Petainek, Washingtongo geznari, enbaxadore aukeratu eban; baiña berak arazo orri, artu bearrean, uko egin eutson, eta Ipar-Amerikara aldaturik, an geratu zan egotez, oraindiño be an emonik urteko egunik geienak.

        Bere ele-eder lanak diplomatiku-ikasteakaz batera asi ebazan. Eta Persek idatzitako lanik lenena «Anabasis» dogu, Nobel saria irabazi dauana. Poema epiku luze bat da berau, 1924n argitara emona, ta T. S. Eliotek ingelesera ta Lindegren olerkariak suekar izkerara itzulia. Garai aretako irizlariak goraipa-laiñotan agertu eben mundu ikasiaren begi aurrean. Geroago beste bilduma asko idatzi ta argitaldu dauz; «Vents» (1946), «Exil» (1944), «Amers» (1945), «Eloges», «La gloire des rois» ta abar.

        Eskuraturiko sariaren barri izanik, Legerek azaldu eban: «Sarri au ez daukat neuri egindako ohoretzat bakarrik, geiago esan nai dau, olertiari egin yakon goratzarre ta ordainketa berezia dozue. Ele-ederrezko Nobel saria olerkariai emona izan da batez be, azken urteotan esaterako Boris Pasternaki ta Salbatore Quasimodori. Niretzat adierazgarri benetan, ta saria sortu ebanaren gogo-asmoari osoan dagokiona; arek, bada, olertia koroatzean, bururakizun-zelaiko doaiak batez be goretsi, sendotu ta ziurtarazo nai ebazan. Eta gaurko Nobel Akademik giza-zaletasuna itxartu ta txinpart goriz ixio nai dau, egungo joera ta egikera, erderaz esan, teknika barrien aurrerapenaren bidez jausi ta ondora amildu ez dedin: ondoratze au bai litzake arimarentzat benetako galpena».

        Sarituak beste bein be, barren-poza adierazteko antza, onela iñotsen bere adiskideai: «Pozarren nago elertiagaitik. Biotz-agur txorta lez, goratzarre bikaiña opatu deutsoe gizon orreik. Nire eretxiz, sari au bin baten geiago eskiñi izana, txin esanko dogu. Nunnai gai-giroa besterik sumatzen ez dogun garai onetan, Estokolmoko Jakintz-Akademi olertia ta gizona osotu nairik axolatzen dan giza-zaletasunerutz doala, argi be argi dakust».

        Zintzo ta egiti-zurrean, olerkari oneri buruz au autortu bear, saria jasotorduan ba-ditula alkezkoak, bere ditunak, bai ta nunnaitik jagi oi diran esameslari aurkakoak be. Zergaitik ete sarigarri? Zer ikusi txanbelin ta lillurakor edersaillean? Persen zerk eraginda, zein lits aparteño, zein ertz berezi izan dau begipean Akademi orrek saria emotorduan? Onela iragarri edo azaldu dabe maikoak euren sari emon zioa, errazoia: «Saria eskuratu dautsagu, batez be, bere olertia goi-egazkadaz gorenengo eta irudimen gogorazleduna dalako: eta, bidenabar, poesi orrek, ikuspen zoragarri antzo, geure aldiko egoera bai dausku erdi agiri jarten». Batzuentzat au, esan bitxia besterik ez da. Persek ez ei dau, bere lanik onenetan be, gaur eguneko jardun-egoerari buruzko gaietan zer ikusirik; ortariko lits, margo, xeetasun edo so-alderdirik ez ei dakarsku bere irudimen ugarizko lanetan. Beste batzuk, maikoak Persen olerkiaren barne-muiñeraiño jo ta aren mamin garrantzitsua ulertzera eldu ete diran itaunka dagoz.

        Zin-ziñez esan, olerkari Nobel sari aundiz goretsi au baiño gure alditik urriñago nekez iñor aurkituko. Ikuspen eta ikus-antz lausotan dabilkigu ibilli be; arnas aundiko idazkera dau, ta iragarle antzean, asmamen-joku ta ezkutuko ikusi-makusi biurriz iragazia. Asmo, irudikizun ta gogai, alkarren jarraiko naspil zurbillean dagerkuz bere zoroaldiak oro; baiña beste olerkari guen askok egin izan dauanez, onek ez dausku olango errien arteko biotzetiko aitze maitekorrik eskintzen, ez erakusten, ezta gogo zindozko gizaseme guztiak osoturiko batasunik bururazo be. Ertzez-ertz dabil, bere munduatik. Izan nai dau, ta ba-da izan be, munduaren barne-dirdira ta mamin-agerpide sorgiña; baiña berak asmautakoarena aurki, ezezagun ta ezkututsu, olerkariak bere itz-jolaez une bakoitzean sortu daroana.

        Saint Legeren olerkiak ez dausku mundua, ez giza-barrena agiri-erazten oneik dabezan kezka, auzi, egon-ezin ta buruaustez, sakon ta giar, bizitzak berberak dakazan berotasun ta goranaiz beterik. Onen mundua besterik dozu: txit arrotz, ikuskari, zugatz ta igalez ornidua, itxaso ta ugartez ugari, ta oneitan izaki ta sorkai bakanak eurrez, basamortuan arri biurturiko irudiak gizaldien ondarretik, urrats-nagi, gureganantz datozela dirudienak; mundu lilluragarria egiaz, lurralde barriak txori-luma artean argitara jalgitzen diranekoa. Auxe dogu Saint John Persen olerki-lana lurbirako izkuntzarik geienetara itzulia noski.

        Egun baten itandu ei eutsoen: «Ta, zelan doia zure olerki nagusi Apokalipsi?» «Ez dago olako poemarik. Ez dautsat siñisten Apokalipsri. Bein bakarrik uts egin eban nire adiskide Paul Valéryk, gizabide ta aurrerapenak ilkor dirala esan ebanean, ain zuzen».

        Auxe izan zan Nobel saridunaren erantzuna, idazten ziarduala uste zan poemaz itauntzean, idazten ziarduala uste zan poemaz itauntzean. Persek galdu eban, beste askotxoren antzera, gaztaroko siñestea. Claudelek be, fedea galdu bai, baiña prantses olerkari aundi arek Gabon egun dizditsu baten idoro eban barriro galdutako argia; bein baiño sarriago jarduna dozu Claudel bere adiskide kutun Saint John Perseri barriz be federako bidea erakusten, baiña au ez dago oraindik ogeigarren gizaldiko jakinzale ta olerkari Jainkoagana biurtuen errenkadan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.