L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1961 III (1961-uztaila/iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Horati'ren odak

 

Horati

euskaratzailea: Aita Onaindia

 

 

XXXVI. Ploti numida'ri

 

GAIA: Numida, August'ekin batera iru urtez kantauritarren aurka gudukatu ondoren, etxera itzultzen da, España'tik. Ango poz-dirdira! Lagun ta adiskideak oro lazlandu ta besarkatzen dute samurkiro. Eta batez ere, aren aurtzaroko lagun miña, Lami, eztitan, noski. Ondoren jataldi ederra, soiñu ta dantzaz ornitua. Noiz idatzi ote zun? J. K. aurretiko 25 edo 24'garren urtean; kantauritarren aurkako gudutik 24'garren urtean bait-zan August itzuli.

 

Et ture et fidibus iuvat...

 

               Lurrin-keetan nai ditut ta lira-ots biziz

               Ta zekor baten odol bearra ixuriz,

               Numida'ren Urtzitar jagolak leun-azi.

 

               Esperi urrunetik zoriz bait-zaigu itzul,

          5   T'orain laztantsu dabil lagunekin urgul;

               Lami du biotz-bera txeratzen gogotik,

               Maixu bat-baten mende aurtzaroa igaro

               Ta toga berdin alda zutela oroirik.

 

               Ez bijoa egun au arri zuri gabe;

        10   Txangil lasterrari ez ipiñi neurririk,

               Sali'tarren arauz ez oiñak atsedenik;

               Treiziar txol zapala txurrutatzen bikain,

               Baso'ri Damali'k ez beio irabazi.

               Ez bedi oturuntzan peitu arrosarik,

               Ez api bizikorrik, ez lili utsalik.

 

        15   Damali'ri dizkie begiak orditsu

               Denak ezarriko, t'ez dio Damali'ri

               Iñortxok erauziko maitale berria,

               Untzorri lizuna lez ari atxikia.

 

Oarrak.— Adiskide au, Eli Lami dugu; lenengo liburuko XXVI'garren oda ere, ikusi gendunez, onitxi eskeiñia da.—8. Adin berdiñekoak ziralako, erromatarren oitura zanez, aur-toga utzi ta erri-toga jantzi batera egin zuten; amasei-amazazpi urtetan egin oi zan aldakuntza au, Liberalia deitu jaialdiz-9. Trazitarrak arri zuriz marratzen omen zituten egun zoriontsuak, era beltzez zoritxarrekoak-11. Salitarrak, Marte gudu-jainkoaren apaizak zenitun.

 

 

XXXVII. Bere laguneri

 

GAIA: Edan ta dantzatu, lagunak, dio Orati'k; len, zoritxarpean geundela, ez zan egoki orrelako jairik. Orain, bai, edan ta dantzatu pozik, zemaika zeuden odei beltza urruti-azia baila. Izan ere, Aki'ren garaipenak alaitasuna zekarren bereiziki. Keleopatere arroputzak gaiñez eraginda zeukan, bere zikituekin bat, erromatarren egonarria; baiña eratsia izan da aren ausardia. August'ek eraso zion, sapelaitzak usoari bezela, atxillotzeko asmuz: alare, azken dirdaitsuagoa gura zun: bere jauregiari begiratu bat emanik, suge pozoitsuz ozkatua il zan, bakandere ain argia izanik, apal ta eroria, garaitz-egunerako eraman ez zezaten.

 

 

                        Nunc est bibendum, nunc pede libero...

 

               Edan oraintxe, ta jo orain, lagunak,

               Sorua oin-sarkin; oraintxe baita

               Jainkoen oetzak Salitar jakiz

               Goxo apaintzeko garai txit auta.

 

          5   Asaben sototik len ez zan aizu

               Kekubo arizea; Kapitol bai-zun

               Erregin eroak bere mendeko,

               Ta gizaki erkin saldo batekin.

               Oso ustelsu ta zori onez mozkorrik.

        10   Gure aginterri zabala ere

               Ondiko ta illetaz xeatu nairik.

 

               Baiña gutxitu zan aren sumiña

               Sutatik untzi bat bera doi irtenik;

               Kaisar'ek lot zion bildur biziaz

        15   Ardo zorakorrez kuin zun gogoa,

               Itali'tik egaz zijoalarik,

               —Uso izua saiak edo erbia

               Eiztari ariñak Emon-zabaldi

               Elurtu zear lez—, arraunez ekin

        20   Ta mamutzar likits eriozkiña

               Gura izan zunean katepe atzi.

 

               Ura orraitio, leiñuki il nairik,

               Ez zuen ezpatak eme antzo izu,

               Ezta etzan saia zoko ixillera

        25   Bere ontziakin azkarki ta uzu.

 

               Lerden, sozko bizi so egiñikan

               Bere egoitz jausira, suge biurrak

               Asarrazi zitun eden xurga-min;

               Are anker baitzan, iltzea etsiz:

        30   Ots, Liburni'tarren ontzi latzetan,

               Bera, andere ez-apal, edonor bai'litz,

               Garaitz-arro ager zezaten murritz.

 

Oarrak—-3. Salitar apaizen jan-edanak ots aundikoak omen ziran, batez ere aoxuri bereziz ta aundikiro ospatzen ziralako. -6. Lati-lurraldean, Kekubo zeritzanean, ardo txit ona artu oi zan.— 7. Keleopatere, Aigito'ko erregiñak, Mark Antoni'rekin aituta, Erroma zuzitu nai zun.— 17. Emon edo Tesali, Grezi'ko zabaldia-27. Keleopatere'k, etsaien atz artean ez erortzearren, suge-edenez pozoitu zun bere soiña ortarako, bere aurka suge bat asarrazi naita, urrezko ardatzez sakatu omen zion- 30. Liburnitarrak, itxas lapur bait-ziran, ontzi bizkor latzak erabilli oi zituten.

 

 

XXXVIII. Bere otseiñari

 

GAIA: Gauza arrunt zalea duzu Orati, ta ez zaio bat ere atsegin persitarren antzeko aundikeria; ez du nai larregikerizko ikusgarri ta gaiñerakorik.

 

                        Persicos odi, puer, apparatus...

 

              Iguin ditut, otsein, Persitar apaindurak;

              naskagarri zaizkit koroe iraz eioak;

              Ez zazu azter nun edo lorez diteken

                      arrosa berandua.

          5  Arduraz naukazu mirtu soilla ezertan

              geitu ez dezazun; otsein zaitudan orrek

              on duzu mirtua; bai ta nik ere, lasai,

                      edan arren mats-pean.

 

Oarrak.— 1. Persitarrak oso emanak ziran atsegin eta aragi-irritseri, ta olako jataldi ospetsuetan batez ere buruntza antez eio, usaiki ta igurtziki ta abar, oparo erabilli oi zuten-5. Mirtu edo arraia, zugatz txiki ezea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.