Bakarraldia
(Fray Luis Leoneko'ren «Vida retirada» euskeraz)
Fray Luis Leoneko
euskaratzailea: Gaztelu
1
Bai ziñez zoriontsu
munduko otsaren igesi doana,
eta lurrean jakitun
bakan izan diranen
bidexka ixillez dabillana!
2
Aundien egoera
arroak ez baitu kezkarazten,
urre-nabarriz mairu
argiak jasoriko
etxabe, berak ez aintzat artzen.
3
Aotan aipagarri
izaterik ez dio ardura,
mingañak zurikeriz
goraipa dunaz ere
egiagatik ez jakin-gura.
4
Neri zer dit axola
beatz ariñak auta banindu,
aize uts onen billa
atsanka banabil-da
lera biziz, il-urran, larritsu?
5
Oi mendi, iturri, ibai,
oi ixil gorde atsegingarri!
ontzia gal-zorian,
itxaso izu ontatik
atseden billa bainator larri.
6
Loaldi atengabea,
egun arrai-garbi bat nai dut nik;
odolaz ala diruaz
arro danaren mutur
gaiztoa, eztut nai ikus jadanik.
7
Atzar nazate txoriak
txiunta gozo ez ikasiaz,
eta ez besten mende
dagon arek oi ditun
kardaba gaitzak une guziaz.
8
Neregan bizi nai dut;
griñatxar, gorroto, goganbear
ta uste utsalez at,
goiari zor diodan
zoruna goza nai dut bakar.
9
Mendi-malda beera
badut baratza eskuz landua,
udaberri aldian
lore ederraz apain,
lendanaz baitu nabari zitua.
10
Eta aonen ederra
ikusi eta geitzeaz edo,
muñatz lirain beera
ur-txirripa garbi bat
lasterka-jostari dator araño.
11
Eta gero emaro
zuaitz tartean zearka dabil,
eta joanez lurra
belar naroaz jantziz,
loreak ugari dixuriz bipil.
12
Aizeak baratze-gaña
egurasten, eun usai bidaliz;
susmur ezti guriaz
daragie zuatzai,
urre t'algoa aantzaraziz.
13
Bezate diruketa
ontzira diranak uste aizunaz,
Ipar-Ego aizeak
alkarren leiaz-eta
etzait axola asalda ditunaz.
14
Kirrinka dago masta,
gau illun biurtzen egun argia,
zeruraño dijoa
naasiz itzaroa,
urmendoiz ugalduz ugaria.
15
Mai bat gartxu, atseden
onaz ongi betea nik aski;
arazki landuriko
zillarreria, bego
ekaitzaz bildur oi eztanari.
16
Besteak aginpide
galkorrak ase-eziñik egarri
erre dituño gaxoak,
itzalpera etzan-da
nagon ni emen kanta-kantari.
17
Itzalpean etzan-da,
buru-belarriak zur,
untzorriz ta ereñotzez koroi,
goiargi-ari mearen
doñu eratsu onexen entzunkoi.
|