Horati'ren odak
(II'garren sailla)
Horati
euskaratzailea: A.O.
VI. Septimi'ri
GAIA: Irudi danez, alkarrekin gudari ibilliak dira Orati ta Septimi; bizi-bizi alkar maite zuten. Septimi, ordea, berriz ere guda-zelairako gertu dago; naiz Kantauritarrak azpiratzera, naiz Libi'ko ondar gorrietara, pozik joango litzake. Ezetz diotsa Olerkariak, oda arin onen bitartez; Tibur aldean naiz Tarento'n askoz obeki emango du zartzaroa. Berak ere an iltzea opa du, ta gorpua adiskidearen malko beroz ezotua ikusi.
Septimi Gades aditure mecum, et...
Enekin, Septimi, Gades'a ta Kantauritar
Gure uztarrik iñoiz ar ez dutenetara,
Naiz mauri-uiñak beti borbor diran lurrera
Ziñoiakezan ori:
5 Tibur bekit leun, argeu'tarrak irasia,
Ene zartzaroaren atseden tgkia;
Bekit, bai, ene itxaso, lur ta gudatiko
Naigabe-lorren muga.
Balbe etsaiek galazi ezik, ardi illetsuk
10 Maite duten Galesi ibaira noake;
Bai ta Palant Lakoni'tarrak mende zeuzkan
Lurralde zear ere.
Ezer ez aiña irrika dut lur-zokondo ura:
Eztik eztagio an Himeto'ri amor,
15 Ez eta Venapro'ri oliondo orleiak
Ez diote ezer zor.
Luze duzu an uda berri; negua illaun,
Jupiter'ek emana; ta Bak ugalkorrak
Eder dun Aulon'i ez dio bekaitz-miñik
20 Falerno'ko mahatsak.
Bakartegi ta muiño atsegarri auek
Ar nai zaituzte enekin: ta an bustiko duzu,
Zor-malkoz, olerkari adiskidearen
Autsa, bero, pilpiltsu.
Oarrak. 1. Gaur Kadiz; au da, lurbiraren azkena. 2. Batez ere Bizkai ta Gipuzkoa, eguno, osorik beintzat, erromatarren niende egon etziranak. Aien uztarria onela zenun: ate antzeko bat, lurrean sarturiko taket bi alboetan eta auen gaiñean beste bat. Emendik igaro-azten zituten azpiratuak, su-izkillu ta gudari-jantzi gabe. 10. Itali-egoaldeko ibaia. 14. Himeto, Atika'ko mendian, ezti goxoa ontzen zuten erleak. 15. Kanpani goialdeko mendiska, oriotan ospetsu. 19. Tarento inguruko muna.
VII. Ponpei Varo'ri
GAIA: Zorionak damazkio Orati'k bere adiskide Ponpei'ri; au, luzaroan, gudari ta arrotz ibillia baitu. Bego, onezkero, bere ondoan atsedentsu, jan-edanari emana. Zeinbat arriskutik igestu ondoren, egoki zaio egonaren goxotasuna. Eskein Tzeu'ri oturuntza agindua; ez ager mukertsu ardoa edatean, ez gantzukiak ixurtzean. Nork eundu guri buru-ustaiak? Jazckun pozkor ontan josta gaitezen neurri gabe.
O saepe mecum tempus in ultimum...
O Ponpei ori, ene maiteetan aurrena!
Nerekin bizitz-azken-urbil sarri izana,
Bruto buru zalako gudaldi aretan:
Nork biur zaitu berriz, erromatar ori,
5 Aberri-jainkoekin Itali-zerura?
Zurekin ez al nuen edanez laburtu
Luze zaidan eguna, koroez burua
Ta Siri'ko igurtzikiz adatsa dirditsu?
Zugaz nintzan Pilipo'n, eta iges nik azkar,
10 Soin-beso-babeskia itsusi galdurik;
Adore ta indar gabe, aurrenen izanak
Lur-gaiña jo bait-zuten okotzez, laidorik.
Baiña ni, ikarakoi au, Merkuri ariñak
Ganduz eraman nindun etsaien erditi;
15 Zu, ordea, itxasok uin irakiñez murgil,
Gudara zinduzan, ai! berriz ere itzuli.
Biur, ba, Jupiter'i orrits agindua,
Ta jar ene ereiñotzpe saiets guda luzez
Aunatua; eta ez asketsi upelik,
20 Zuretako aspaldi axolaz gorderik.
Masik azkorreko usul jaiki-lauak bete;
Maskor arruetatik ixur gantzukia.
Ustaiak atontzeko nork du ardurarik,
Api ezkoz edo-ta mirtuz nork apaindu?
25 Nor du Venu'k aukerako edari-epaille?
Enaiz ni edanean iñolaz izango
Edoniarrak bezain ere zuhurrago.
Samur bait-zait irrits au, laguna itzultzean.
Oarrak. 3. Pilipo'ko burrukaldira baiño lendik ere, Bruto'ren gudarozteak saiorik asko egin zitun; an zan gure Orati ere. 8. Lateraz Malobathrum deritzaion gantzuki au India'ko zingiretan suster bage sortzen diran ostoz egiña zan. 13. Merkuri, joare makurraren aita, olerkarien babes-lagun. 18. Ereiñotz-aben bat eukan nunbait Orati'k bere etxe ondoan. 21. Bi kirtendun edontzi aundia, oso egoki ta artez egiña. 27. Nesto ta Estrimon bitartean dagon Edoni edo Tratzi errikoak, edalari amorratuak ziran.
VIII. Bariñe'ri
GAIA: Oda txairo, egalaria duzu au, gerkar olerkariren baten antzera osatua. Orati'k, eskertsu ta pipermiñez goratzen du jauregitar emakume gordin baten biziera. Bariñe gerkar izena damaio, baiña diotenez, alako Jule Bariñe, Erroma'ko sendi ezagunekoa gendun.
Ulla si juris tibi perjerati...
Iñoiz etzazu izan, itz origatik,
Ezeren kalterik, ene Bariñe;
Ortz bat beltz itzuli, naiz atzazkal bat
Zuri motz biur:
5 Siñistuko nizun. Baiña anker ori,
Ziñitzez burua lot duzularik,
Ederrago zaitut, ta gazte denak
Dabiltz kezkarik.
Laket zaizu aman auts estaliak
10 Gezurtzea, naiz gau-itzal ixilak,
Naiz zeru osoa, ta ango jainko
Eriotzgeak.
Venu'k irri dagi, au ikusiaz;
Bai ta Ninpa zalu ta Kupidu'k be:
15 Au beti ari da odol-errotan
Gezi-txingartzen.
Zuretzat azia da gazte oro,
Morroi-sail berri; ta len-maitaleak,
Maiz zemaitu arren, ez dute utzi nai
20 Andre gaiztoa.
Amak beren txikiz bildur zaizkizu,
Bildur zar ta neskatx ezkon-berriak;
Zure ago-atsak senarrak ostu
Bildur dituzu.
Oarrak. 3. Antziñatean uste zutenez, agin bat naiz azazkal bat loi edo beltz agertzea, gezur naiz añena naiz iruzur baten ezaugarri zenun. 6. Norbere buruagatik zin egin oi zuenak, ortarako beartua gelditzen zan, eta naitaez bete bear zuen emandako itza. 14. Gezur ta ziri-sartze oiek etzaituzte zu ikaratzen, Venu'k eta Ninpa'k eta Maitagarriak irri ta par baitagite. Kupidu, ordea, atergabe ari da bolu-ardatz odolduan gezi istatsuak zorroztzen. 21. Au dala-ta, ikara dira noski amak, zar zikoitzak eta andre gazte ezkon-berriak.
IX. Balgi'ri
GAIA: Aldiaren aldakortasuna gai arturik, naiko negartu duela diotsa Balgi'ri Miste aurraren eriotza. Ortzia ezpaitago beti euritan, ezta ur-zabaldia beti naspil. Omer'ek edesten ditun illeta guren aundienak ere, etziran betikoak izan: Nestor'ek etzun betikoz eiagoratu bere Antilok gaztea, ezta Piriamo'ren alabak ere beuren anai Troilo. Naitaez gerta-bearra dana gura izatea, zuhurrarena omen. Balgi au kontsul izan zan J. K. aurretiko 12'garren urtean; olerkari bezela illotsak eta negar-bertsoak biribildu zizkigun; sendakintzaz ere idatzi zuen.
Non semper imbres nubibus hispidos...
Alor sasiz josira ez daror euria,
Balgi adiskidea, etengabe goitik;
Aize-jotze ezberdiñak eztu aldioro
Kaspi'ko itxas-azala zakar zirimoltzen;
5 Armeni'ko ur-aldeak ez diraute illik-il
Izotz setatiaren azpiko maindire;
Gargano'ko arteak ez du beti ipar-lan,
Ezta zumarrak beti alargun ostotan.
Zu beti zagoz Miste ostuari oiuz,
10 Bertso goibeletan; ez zaitu maite-miñak
Uzten, ez Artizarra lerden jaikitzean,
Ez euzki-galdak jota iges uxatzean.
Aita iru aldiz zarrak etzun, alaere,
Antilok maitea urte anditan negartu,
15 Troilo aurra ere ez zuten beti malkotu
Aren guraso eta prigitar arrebak.
Utz, bada, zinkurin ta espa iru melingak,
Ta abes ditzagun August Kaisar'en egintza
Berriak; ta Nipate leitu ta Medo ubel
20 Enderri garaituei bidez itsatsia,
Iskanbil gutxigotan zapart dagitela,
Ta gelondar ozteak muga izentatuan
Dabiltzela, lur-zelai medar ertseraziz.
Oarrak. 4. Kaspi au zingira aundi bat duzu, Asia aldean, beste itxasoekin artu-emanik, agiriz beintzat, ez duena. 5. Armeni au, berriz, Asi Txiki'tik Kaspi itxasoraiño edatzen da; mendiz inguratua dago, ta eguraldi guztiz otza geienik. 7. Gargano, Apuli'ko mendia. 9. Miste, jopu-izena arri-idazkunetan. 13. Nestor, Troia'ko arresi azpian il zan Antilok'en aita; larogeta amar urte bizi izan zan. 15. Piriamo ta Ekuba'ren semea, Akileu'k erail zuna. 19. Nipate ta Medo, Armeni'ko ibaiak.22. Gelondarrak, ots, Tanais sorkaldeko sarmatar erriak.
X. Likini Murena'ri
GAIA: Zori on naiz txar, ein berdiña zaindu. Bizialdi ontan onela jokatu bear dugu, alegia. Itxastarrak zer dagiten dakar gogora Olerkariak, irudi bizi-liraiñez: galzoriari bizkar eman ta zigur irautzeko, eztira aiek itxas zabalean lar sartzen, ezta ertzeregi urbildu ere. Beraz, gizonak ez du ibilli bear ez goregi ez sakonegi; erdiko bide dirdaitsutik baiño.
Rectius vives, Licini, neque altum...
Zurrago zenbilkez, ene Likini!
Beti itxas aundiri aier gabea,
Edo, ekaitz izu, geiegi ikutuz
Urertz gaiztoa.
5 Erdi-bide izpitsuz doan edonork
Eztu izango sapai zar atsiturik;
Ezta ere, zugur, iñarts lezaken
Jauregi autik.
Ler zutiak geigo aizez dardartzen,
10 Dorre eskergak zarta aundigoz jausten,
Tximistak maizago mendi garaiak
Ditu zauritzen.
Gaitzean ditxaro, ta zori obez
Bildur duzu biotz ongi gertua,
15 Jupiter'ek negu motza dakar gaur
Ta biar uxa.
Orain gaizki arren, ez beti orla;
Apol'ek esnatzen kitaraz iñoiz
Musa ixila, t'ez du beti gezitzen
20 Ustai urtika.
Larrialdi oroz idor ta kementsu
Ager zaitez beti; ta zeuk, zugurki,
Aize leunak jorik, dituzu ulduko
Oial puztuak.
Oarrak. 1. Likini Murena, Prokulei'ren anai ta Mekena'ren ezkon-anai dugu, Kikero'k ere sarri eipatua. Bigarren sail ontako bigarren odan berautaz jardun gendun. August Kaisar'en matxiñadan esku arturik, an il zan. 15. Neguak Izadi osoa ederrik gabe jartzen du. 18. Apol, Jupiter ta Latone'n semea, Olerti ta Ereserti'ren jainko zenun. 22. Gizon begiratu ta umoak, bizitzako gora-berak, ibar-muiñoak, neurrira ekartzen jakin bear du.
XI. Irpin Kintzi'ri
GAIA: Kezka ta ardurak auzo utzirik, bizialdiak berekin dakazkigun poz-atsegin alaikorretan murgil gaitezen. Etzaite berri-zale izan; etzaite geiegi saiatu bizitzako gauzetaz. Adin lilitsua iraizean dioa, ta atzetik datorkigu, itzal gogaikarri antzera, zartzaro aula. Lorak ere, erneala erortzen. Illargiak bere gora-berak ditu. Zergatik, bada gogo-kezkatan? Buruak arrosa-ustaiz usaintsu, edan dezagun naitara. Epikurtarrak zuten solaskera au.
Quid bellicosus Cantaber, et Scythes...
Kantauritar zuharrak eta Adri'k banatzen
Gaitun eskitar beltzak zeren opa diran
Atzeman-min asege ori
Laga ezazu, Irpin Kintzi!
5 Etzaite kezka gutxi eskatzen dun biziz.
Lastersko doa atzeruntz Gaztaro leun ederra,
Burusoil igarrak uixatuz
Maite-su loi ta lo erreza.
Udarlorak noiz-nai ez dute eder berbera,
10 Ez Illargi'k dizditzen aurpegi berdiñez.
Zergatik nekatu oi duzu
Barne aula asmo betikorrez?
Albo zut naiz ler onen azpian etzanik,
Nola ez edan kezka gabe, al dalarik,
15 Ille soilak arrosa-ustaiz diz,
Asiri'ko akaraz jori?
Axol marraskariak Ebi'k aitzen ditu.
Zein morroik otzituko guri, lei bizian,
Sua lako Falermo-ontziak
20 Joan doan ur ozkirrian?
Nork aterako digu, bere etxetik, Lide
Maite mukerra? Tira, datorrela bizkor
Bere boli-jogailluakin,
Lakoni-eraz adatsa dula.
Oarrak. 1. Oda au, J. K. aurretiko 26'garrenaren amairuntz edo 25'garrenaren asieran egiña duzu; Kantauri'n, bada, orduantxe izan zan olako matxiñada gogorra Erromatarren aurka; baita Praate'k ere, garai artan Eskiti'n lenera itzuli nai izan zun bere bakal-aulkia. 2. Adriatik itxasoak bereizten zitun, batez ere, Itali ta Eskiti. 7. Berrogei bat urte zitun orduan Orati'k; baiña, dakigunez, oso gazterik kaska-soildu zan. 16. Akara edo nardua India'ko landaratxoa zan, estutuz olio txit usaitsua ematen zuna. 18. Ebi, lenengo sailleko amazortzigarren odan esan gendunez, Bak'en izengoitia.
|