Enearena
VII Kantua
Bergili
euskaratzailea: Otarri
MUIÑA: Enea'k bere ama iñudea eortzen du, lurralde aieri aren izenez Kaieta deiturik.Itxasoz doa gero, oialak aizetan. Kirke'n egoitzai bizkar emanik, Tiber aoan sartzen da. Enea aratzean, nola zegoen Lati; ango errege ta onen alaba Labiñe ezkongea; Turno, errutuldarren bakaldun. Ainitz arrigarri: ereiñotz sagaratuko erle moltzo; Labiñe'n kopet inguruko su-lama; Paun'en iragarkia, Albune-iturrian. Troiarrak gose, Kelen'ek aurrez esanak beterik. Enea'k Lati'ko erregeari geznariak igorri. Adeikor artzen ditu onek; Piko'ren eliza; Ilioneu'xen itzaldia ta erantzuna; Latin erregek Enea'ri eskeintzen bere alaba; geznari bakoitzari sari bana. Berriz ere June ta troiarrak. Alekto Sumiñak esan-ezin aiña azpikeri asmatzen ditu, bertakoak troiar etor-berrien aurka asaldatzeko.
Zuk ere, Kaieta, eneatar iñude!, ospe ta izen betikorra eman zenien, iltzean, gure itxas-bazterrei; ta orain zure deduak iraun-azten du obi au, bai ta (onakoa aintza baldin ba'da) zure ezurrak aztarnazten dute Esperi aundia ere.
Enea onberak, bada, oitura zanez illetak bukatu ta zupu bezela lur-meta galanta jaso ostean, eta itxas-erraiak paketu, oialak aize-pirpir, nasa-kolkoak uzten ditu. Aizeak gabaz areagotzen du arnasa, ta illargi zuriak ez diote bidea ukatzen: kresal-sabela ñirñir dago argi urduri pean. Kirke'n lurraldeko egal urrenak aztertzen dituzte lenen. Eguzkiaren alaba guriak, emen, baso eldugaitzak dardarazten ditu bere kantu etengabez; goi-sapai diztikorretan, ordea, gaua argitzeko nunbait, izai usaitsua erretzen du, zapi meiak orrazi legunez igazirik. Emetik aditzen dira katerik nai ez dutelako, gau beranduan ere, orruka diarduten leoien alaru ta asarre-murruzak, bai ta basurde illetsu ta artzen oiu suminkorrak beren okuillu-zilloetan; otso eskergak ere marru ta aulika: Kirke jainkosa ankerrak bait-zitun auek, giza-tankera kendurik, belar pozoitsuz, betarte ta soin abere biurtu. Neptun'ek, bada, troiar onak kai aietara ekar-azirik, era ortako malmutzik jasan ez zezaten, ezta ere bazter izugarri aietan oiñik jarri, aize ongarriz aien ontzi-oialak zanpatu ta iges-bidean ipiñi zitun, ubide irakin aietatik iraizirik.
Itxasoa dagoneko izpiz gorrizkatzen zioan, eta Eguantz oriska ere, larrosazko gurdian, irri goxoz zebillen ortzigoi zear. Itzetik ortzera aizeak ibitu ziran, eta putz oro otzandu: arraunak lan dagite zoli ta ermo, atxurdin leunean. Eta orduan ikusten du Enea'k, kresal-gaiñetik, arako baso-arlo txit zabala. Onen erdian zear dabil Tiber, nasai ta irribarretsu, gero ondar gorriz asetua, zirimol bizkorretan itxasora erortzeko. Inguru ta gain, egaztirik asko, ibaiko ertz-aoetara egiñak, kantuz samurtzen dute eguratsa, basoan zear egazka. Ontan itxastarrak, Enea'ren aginduz, bidea okertu ta ontzi-muturrak lurrerantz biurtzen dituzte, ibai gerizpetsutik pozez jardunik.
Ats orain, oi Erat! Ona zer nai dutan adierazi: zeintzuk errege ziran, nolako garaiak orduan, zelan zegoan beiñolako Lati, gudarozte etorberri batek lenbizi Ausoni'ko ur-ertzera ontzidia ekar zuenean; bai ta nundik nora sortu ziran aurreneko gudaketak gogorazi ere. Zuk, jainkoeme, zuk argitu olerkaria! Alkar-jotze ikaragarriak erasiko ditut, burrukaldi biziak edestuko, erailtriskantzarako barne-berotu erregeak aipatuko, ta tirrendar gudaroztearena ta Esperi osoa indarrez izkillu-jabe egiñarena azalduko. Gauzen egokitasuna aundiago sortzen zait, goragoko zerbaitek naragi. Latin erregek, onezkero zaartua, pake eztitan jaurtzen zitun bere soro-barruti ta iri atsegiñak. Au, Paun'ek eta Marike, Laurente'ko ur-neskatxak, sortua izan zala aditua dugu; Paun'en aita, berriz, Piku; ta onek zu, oi Saturno!, zaitu aita; zu zera aren odolaren atzenengo sortzaille. Urtzitarrak onela nai izanik,
etzun onek semerik izan, ezta giza-ondorenik ere: euki zun bakarra bera ere, lenbiziko gaztaroan ebatsi zioten. Alaba batek iraun-azten zitun soilki aren etxe ta laterri aundi-edatuak; senar artzeko eldua berau, baiña ezkongei urte luzeetan. Ainitzek eskatu oi zuan aren eskua bai Lati aunditik, bai Ausoni osotik ere; ta bereziki eskatu zion aiton ta asabaz altsu zan Turno txit zardenak: erregiñak ere suintzat opa zun, nai ta joran miragarriz. Alan ere, jainkoen nai-erakutsiak berein era ta ikara-gailluz debekatzen zuten.
Jauregi erdian eta bertako tokirik gordeenean ba-zan ereiñotz bat, adar doneduna ta urte luzeetan ikaraz iraun-azia. Esana zanez, lenbiziko gaztelu-jauregiak jasoten asi ziranean, an idoro zuen Latin aitak, eta Poibu'ri eskeiñi zion bertatik; gerora, ereiñotz ontatik omen dakarte Laurente izena lurralde artako biztanleak. Erle-pillo eskerga bein, arrigarria ziñez! egurats argi zear ozenkiro etorririk, zugaitz orren kusku-gaillurrean gelditu zan; eta, beren zangoak naspil, or arako erle-moltzo ura abar ostotsuan zintzilika. Ikus-ala, olerkari batek ots: «Etorri datorren gizon arrotza dakusgu, ta gaztelu gorenenaren jabe izanik, alderdi berdiñak nai ditun gudaroztea». Orrezaz gaiñera, Labiñe'ri, zuzi orbangez opa-maiak ixio ta aitaren ondoan egoela, ikusi zutenez izugarria noski! kopeta eder luzea suak artu ta erre egin zion su zartakorrak zeukan apaingarri osoa, kiskali egin zion erregiñadatsa ta arri-pitxizko koroe baliosa; argi gorriak, azkenik, ke-jario, inguruak artu ta jauregi guztira zabaldu zun sua. Latz zaigu au, egiazki, ta ikusteko arrigarri; igarleak ziotenez, bada, Labiñe bera, bai zoriz bai egitekoz, ospe aundikoa izango zan; erriari, baiña, guda itzala etorriko zitzaion ortik.
Erregea, beraz, iragarki izukor aiekin kezkatsu, Paun bere aita zori gaiztokoarengana zuzendurik, Albune garaiko oianetan ibilli dabil onu-billa: baso nagusi ontan baitago iturri done bat oso durundikorra, illun ta kirats naskagarria dariona. Ara joan oi dira erantzun-eske, beuren ezbai ta zalantzetan, italiar ta enotriar osokoak; apaizak an, emaitzak eraman eta gau ixilpean ildako ardi-larru edatuetan etzanik, loak artu dunean, alazki egan dabilzkin berein mamutzar ikusi oi ditu, ta askotariko oiu-abotsak entzun; bai ta jainko-izkeraz gozartu ta su-leize sakonetan Akeront'ekin mintzatu. Ordun, berealaxe, Latin aitak berak ere, erantzun-eske ara joanik, aztura zanez, eun ardi urte biko illetsu iltzen ditu, ondoren aien larru ta ille-pilloan zan bezin luze etzanik. Baiña, bat-batez, oian sakonak onela ots:
«Ez nasi, arren, ene odola!, latitarren eztaietan zeure alaba, ezta antolaturiko ezkontza ontzat artu ere! Suin arrotzak etorriko zaizkizu, ta suek beren egitez izarkietaraiño altxako dute zure izena, ta auen billobak beren zangopean jarriak ikusiko dituzte Eguzkiak, bere ibillaldian, itxaso batak eta besteak alkartzen ditun eskualde guziak». Etzitun ito aoan Latin berak ere Paun'ek gau ixillean emaniko erantzun eta aolku auek; Omenak, ba, inguruan zabal egaztu ta laister, laomedontiar gazteriak ur-egal belartsuan ontzidia lotu zueneko, ausontar uriak zear eraman zitun.
Enea, Jul lerdena ta buruzagi nagusiak zuamu adartsu jaikipean etzaten dira. Enparauak, bizkitartean, janari atontzen diardute luzapenik gabe; belar gaiñean, mai gisan, irin narezko opillak jartzen dituzte (Jupiter'ek berak orrela eskolatuta), ta ogizko soru ura basa-igaliz ugaritzen. Ta, zori onetan, jakiak oro, aitutakoan noski, jateko urrituak ogi-opil meetara ortzak itzul-azi ta beuren esku-albagin ausarditsuz azal lakar biribilla ausi zutenean, aien lauki zabalei ere barkatu gabe, ots dagi Jul'ek: «Oi gure maiak ere iruntsi bearra!» Ta etzun jarraitu bere ateraldian. Abots arek, ordea, aditu zanekoxe, amaira zitun langintzak; eta aita oartu zan lenbizikoz mintzo zanaren agotik: arrimen aundiz barrenean irauli zun bereziki esanaren muiña. Ondoren, «Agur diño, zoriak zor zidan lur ori! Agur, zuek Troia'ko etxe-jainko zindoak! Au dut etxe, au dut aberri. Ankise ene aitak, orain oroitzen naiz, utzi zizkidan siratsen alako ezkutuak: «Zurekiko, oi seme!, itxas-egal ezagun gabeetara iritxirik, zer-jan guziak andeata, gose gorriak maieak ere jatera beartuko zaitu; olakoan, naiz-ta aul ta nekatua, itxaron an atsedena; ta jaso itzazu, arren, ez aiztu arrimeta batekin zeure lenengo bizilekuak»-. Auxe duzute arako gose-miña; atzeneko su gelditzen zitzaigun, gure erbeste-lorrak bukatuko ditun au. Augatik, biotz on! Eta, pozaren mende, eguzkiaren len-izpiekin araka ditzagun inguru auek; ikus dezagun zein dan aien uria ta nolako gizonak bizi diran bertan, kai au laga ta banandu gaitezen biderik asko zear. Orain, berriz, ixuri Jobe'ri zartain-opariak, deitu eskarika ene aita Ankise, ta ardoak jarri bein ta berriz mal gaiñetan».
Gisa ontan mintzatu ondoren, abar orritsuz estutzen ditu bere lokiak, eta oles dagie eske-zurrian tokiko Iratxoari, jainkoetan lena dan Lurrari, ur-neskatxeri ta ibai oindio ezezaguneri; oles dagio Gauari, oles Gaueko izar jaioberrieri, oles Ida'ko Jupiter'i, eta oles, saillean, Prigi amari ta zeru ta lur ditun beraren bi aitei. Ta aita guztialtsuak, ontan, iru aldiz astrapalatsu oiu egin zun ortze-gingatik, bai ta eguratsean berberak eskuz dardarizaturik, urre-odei argi-islaz piztua erakutsi ere. Ta amenekoan troiar guda-gizonen artean, uri agindua eraikitzeko eguna iritxi dalako berri pozgarria zabaldu zan. Eta, zeiñek geiagoka, oturuntzak gertatzen dituzte berriz ere: iragarri itzal arekin alai, pertzak erdian egokitu ta ardo-txangiliak goraiño bete.
Era onetan, urrengo goiz-argituan lurraldeak islatu ziranean, banan-banan ikertu ta aztertzen dituzte ango iri, inguru ta itxas-egalak: auek dira Numik iturriko urmaelak, au da Tiber ibaia, emen bizi zaizkizue latitar kementsuak. Ankise'n semeak, orduan, mota guzietatik aukeratu ta eun geznari bialtzen ditu ango erregeren jauregi leiñargira, denak Pala'ren arbaztaz koroatuak; aueri agindu dienez, maite-erakutsiak eraman beer dizkiote bakaldunari, ta pakea eskatu teukrotarrentzako. Ez dute nai egitekoa luzatu, ta zur dabiltza agindutakoak, eta ba-doatzi oin-arin. Berak ere, zipu txikiakin, arresiak marratu ta inguruak sendatzen ditu ta kapardi bezela lubaki, lezoi ta murretaz len-egoitzak ur-ertzean borobildu.
Eta geznariak dagoneko, bide-egiñik ate-muruetara zioaztela iritxiz, argi ikusi al zituzten latitarren dorre-gaillur ta sapai goratuak. Mutillak, gaztedi len-adin loretsua uri aurrean ari dira zaldi-gain saiatu ta gurdiak autsean erten, edo-ta ustai tinkoak erabiltzen, edo azkon biurkorrak jaurtzen, edo ariñean ta zartakoan liskar; ontan, zaldizko mezulari batek errege urtetsuaren belarrietara dakar, askai ederreko gizakume batzuk, jantzi bakanetan, ara iritxi diralako izparra. Deitzeko ta datoztela bere jauregi barnera, agintzen die; bera, ordea, danen erdian, arbasoen aulki goitituan exeritzen dakie.
Uriko alderdirik goenenean ba-zegon jauregi erten bat, eun zutoinduna, Laurente Piku'ren errege-etxea, izugarri noski oianez ta aurretikoen uzkurtzaz. Zantzu onekoa bide zan erregeentzat, bertan bait-zituzten jaso oi agint-makillak ta lenbiziko azaoak: eliz au zuten auzitegi, auxe orrits doneetarako leku: gurasoak emen jarri oi ziran, aariak illik, mai luzeetan. Atarian zeuden, gaiñera, taiuz ipiñita, antziñako arbasoen izai zarrezko iduriak, Ital, ta Sabin aita, mats-aien landatzaille, makets makurra bere iduripean dularik, eta Saturno zarra ta bi kopetadun Jano'rena, ta aberri alde burrukaturik gudazauriak erakusten dituzten beste erregeenak asieratik ara. Karel-muturretatik zintzilika daude, ortaz gaiñera, ainbat izkillu-tresna, gurdi arrapatu, aizto makur ta buru-oskol, ate-berroillo eskerga, azkon, babeski ta ontzietan ebatsitako erpatzar. Txartes laburra soiñean zuela, exerita zegon kirinal makilla eskubian ta babeskia ezkerrean, Piku berbera, zaldi-ezle izana, bere emazte Kirke'k, griña bizitan, urrezko uberaz jo ta edenez makur-azirik, egazti biurtu ta egatsak berein margoz zipristindu zizkiona. Latin erregeak, onako jainko-eliz barruan ta gurasoengandiko zizailluan zirats exeria, berera deitu zitun teukrotarrak, eta ingurura urbildu zitzaizkionean, berak lenbizi itz auek ebaki zitun, aurpegi alai alegia:
«Esaiguzute, dardandarrak, etzaitugu, ba, ez erriz ez endaz ezezagun, eta entzuna baitugu nola okertu duzuten itxasoz zeuen onantzako bidea zeren billa zabiltzaten. Zerk narrastu ditu zuen ontziak, edo zeren bearrez zatozte Ausoni-ertzera, ainbeste ubi oztiñez? Okerreko bidetik ibilki edo ekaitzak erasota mariñelak maiz jasan bear izaten dituzte onakoak, ibai-ertzera jo ta kairatu ba'zerate, gure arrotzekiko onginaia etzazute ezetsi, ezta Saturno'n odoleko Latindarrak aantzi ere, ongi-artze au, ez bearrez ta legez, beren oldez ta antziñako jainkoak irakatsitako oitura zaitzearren baizik, bait-dagite. Ta, ain zuzen ere, gogoratzen dut omena illunago baita urtez-urte, aurunkotar zarrak edestu oi zutela: nola alor auetan jaiotako Dardan, Prigi'ko ideatar uriraiño sartu zan, eta gerora trazitar Samo'raiño, ortik deitua baita gaur Samotrazi. Zeru izarratuko urre-jauregiak atosten du orain bakaulkian, Korit'eko tirrendar bizilekutik irtendakoa, ta orrela jainkoen moltzoa geiagotzen da opa-maietan».
Aor arek esana. Ta Ilioneu'k, jarraian, onela erantzun zion: «Errege, Paun'en narea lerden: iñundiko ekaitz illunek ez gaitu indar-azi, ez izarrek edo ur-egalek zuzenbidean ziria sartu, zuen lurraldeetara jotzean: eguzkiak beiñola, Olinpu urrutitik urrats egitean, aundigorik ikusten etzun aginterritik erauziak, erabateko iritziz ta gogoz jo dugu guztiak zuen uri ontara. Jupiter'gandik dator gure enda azia; Jobe arbasoagan poztu oi da dardandar gaztedia. Gure errege bera ere, troiar Enea, Jobe'ren enda garaiko dugu: arek bidalita gatoz zure gorapeetara. Zein ekaitz gordiña zabaldu zan Mikena ankerretik, esku-ugel gabe, idear zelaiak zear! Zein adurrek jo-erazi zitun ludi biak, Europa ta Asia, sarri entzunak ditu bai arek, Itxasoa bere gain kurubilkatu oi dan muga baiño arago atzen-lurrak bereizi ta eguzki-galda esparrua, beste lau zatien erdian jarririk, banandu oi ditunak noski. Ugalde-ufa artatik ainbat itxaso zabal zear alderrai eragiñak, ezarleku medarra ta ugalde gaitz gabea eskatzen dugu aberri-jainkoentzat, bai ta guziontzat ur ta egurats zabal ere. Ez gera naska izango zuen erreiñurako, ez ariña ere zuen ospea, ez laster ilko ontarte ain aundiaren esker ona: ez, alegia, ausonitarrei damu izango beren baltsan Troia artu izana. Enea'ren adur ta aren eskubi altsuarren zin dagit, iñor baldin bada egiunez ta guda-izkilluz leial baita, erririk askok, endarik askok ez gaitzazue gutxietsi, gogoz baldin ba'ditugu eskuetan lokarriak eta aoan eske-itzak erakusten berentako eskatu ta berekin alkartu nai izan gaituztela: jainko-siratsak, baiña, beren aginduz, zuen lurraldeak billatzera beartu gaituzte. Dardan, emendik ilkia, onera itzultzen du Apol'ek; eta berak, agindu zorrotzez, Tiber tirrendarrera ta Numik iturri ondoko ubi donetsietara bultz daragio kirmentsu. Bere len-zoriaren emari pitiño auek bialtzen dizkizu, Troia kiskalian bildutako ondar-mondarrak. Urre onekin ixurki egin oi zun Ankise aitaren opamai aldamenean; au duzu Piriamu'ren soiñekoa, oi zanez erri bilduari epaiak ematerakoan jazten zuna; auek dituzu aren agint-makilla, txano sagaratu ta apaindurak, iliatar emakumen lana noski».
Ilioneu onela mintzo dalarik, Latin bakaldunak, soa bee-gaiñean josia ta begi ernaiak arat-onat, zorrotz dager aurpegia. Ez du jantzi margoztuak asaldatzen, ez dio Piriamu'ren agint-makillak eragiten; gogo-nasi dabil, orraitio, barne-iraulka luzaro, bere alabaren ezkontzari ta ezkon-oeari buruz: gogo-barru arduraz darabil iñauldurika Paun'ek aintziña iragarri zion zoria. Au zuela nonbait erbestetik etorria, adurrak suintzat beiñola iragarri ziona, ta ardura-soroziketa berdiñez bere erreiñura deitua; onentzat ba-da indarretan etorkizun dan azi aratza, ta indar orrekin lurbira osoaren jabe egingo. Atzenez au diño: «Jainkoek indar bekizkigu gure asmo ta beren esanak! Emango zaizu, oi troiar!, gura duzuna, ta ez ditut nik arbuiatzen zure emaitzak: Latin errege dan guztian etzaizue peituko ez alor joritsu baten guritasuna, ez Troia'ko aundi izatea. Betorkigu orain Enea bera, gurekiko leiaz baldin ba'da, arrotz-legez gurekin korapillotu nai ba'du; lagun-izenez deitua izan nai ba'du, betor, bai, beingoan, ta ez bitza itzuri aurpegi adiskidekorrak. Zuen erregeren eskubia ukitzea, pake-zantzu diteke niretzat. Erantzunez orain, eraman zuek erregeri ene irakatsiak. Ba-dut alaba bat, aitaren jauretxeko zoriak eta ortzetiko zantzu askok, gure endagandiko gizaki batekin alkar-batzen ez diotena uzten; zantzu oiek diotenez, erbestetik etortzeko omen ditugu suiñak: Lati onen zai dago, noski, ta auek beren odolez izarkietaraiño jasoko omen digute izena. Auxe da adurrak eskatzen dutena; siñeste ontan naukazue, ta ene ulermenak egirik igartzen baldin ba'dit, baita berau biziki opa izan ere».
Auek esanik, mota guzitariko zaldiak aukeratzen dizkie aitak. Irureun bat zeuden txau-txau okuillu eraiñetan: bertatik agintzen du eraman ditzatela teukrotar guzientzat bana, txalma ta estalki urre gorrian landuekin; egatsak dauzkate zangoetan, urrezko samakoak lopeetatik dindil: osoro urrez dioazte estaliak, ortz-aginpean ere urre larua miazkatzen dutelarik. Enea lekutuari zaltenak, Kirke trebeak, aitari ostu ta ama azpi-jarritako batetik sor-erazi zitun sasi-enda aietakoak. Eneatarrak badatoz itzuliz, Latin erregeren emaitz auekin jaiki ta garaitsu zaldi gain, pakea dakartela aurki.
Baiña ona nun datorren Jobe'ren emazte suminkoia inakiar Argo'tik, aizeak eramana; ortzi-goi urrunetik, sikiliar Pakin'etik ikuskatu zun Enea, pozkarioz betea, ta dardandarren ontzi-sailla. Etxe teillatudunak eragiten ari dira, dakusanez; lurrari erantsirik, ontziak laga dituzte bertanbera. An kokatu zan, alderik alde oiñaze biziak artua; burua zirkinduz gero, itzok bota zituan bular barrenetik:
«O leiñu ezetsi! O adur prigitar guren aurkakoak! Sigeutar zelaietan jausi ziran, agian? Ezin al dute atxillotuak, atxillo egon? Troia su-piztuak erre zituan, aurki, gizakume auek? Bidea urratu zuten gudarozte ta suaren erditik. Nire jainkotasun auldua, bear bada, eroria datza azkenik, eta ontara iritxi naiz leia-errak asetua. Nerau ere gero, neure gaiztakeriz, beren aberriak jaurtiak eta itsaso zabal zear igeslari zioaztenai bidea eragozten leiaka ibillia naiz: bai, teukrotarren kaltez aitu nitun zeruko ta lurreko indarrak oro. Zer onik ekarri didate Sirte ta Eskila'k, zer Karibdis zabalak? Itxasoz ta nitaz ziur, Tiber'ko ago leiatuan etxegintzan diardute! Marte'k suntsitu al izan zun lapitar enda gordiña; jainkoen aitak, ordea, Diane'n suminpean ipiñi zun Kalidon zarra. Ta zer gaitz egin zuten lapitarrak edo-ta Kalidon'ek, ainbesteko zigor latza leporatzeko? Nik, ostera, Jupiter'en emaztegoi onek, zori gaiztoko! gauza guzietan sartu ta ezer ere ausartu gabe utzi ez dutan au, Enea'k nauka menderatua. Nire jainkotasuna naiko aundi ez baldin ba'da, oraindik aundi danari laguntza eskatu, ez ote bai ote, egongo al naiz? Goikoak makur-azi ezin ba'ditut, Akeront dut asalduko! Etzait laket izango bedi! latindar erreiñuak debekatzea, ta aduen bitartez, Labiñe ere emaztetzat daukate ziurrik asko; baiña aizu zait asmo aundi oieri eragozpenak jartzea, aizu zait bi errege oien erriak ausiabartsu erastea: beren pentzutan, suin ta aitagiarreba alkartu ditezela! Troiar ta errutular odola zure ezkon-sari, oi neskatx! Belone ere zai daukazu ama besoetako. Onezkero Kiseida, su-izor, ezta soilki izango buztarri-suak erditu zituna; Venu'k ere erditze berdiña izango digu, ta ona berton bigarren Paris, ta ezkontz-zuziak berriz ere adur gaiztokoak dirake Pergamo berriztuarentzat».
Auek esanaz bat, lurrerako bidea artu zun suminkor. Jainkosa asarrekorren bizileku dan leize illunera jetxirik, Alekto zurbillari dei dagio, onek bai ditu ereiten, biotz-anker, gudu its, ikusi-ezin, azpikeri ta eraite kaltegarriak. Pluton aitak berak ere gorroto dio mamu oni, bai ta iguin dute erabat bere aizpa leizetarrak: ainbat aurpegi-tankera artzen ditu, ain betosko izugarria agertu oi digu, suge-dariola txit beltza bait-zaigu! Oni sua zirikatzen dio June'k, itz auek mingatuz:
«Oi neskatx, Gaua'ren alaba!, egidazu neuri lan auxe, zuri dagokizun egitekoa: gure dedu ta ospea toki ontatik urrutiratu ez ditezen; eneatarrak ezkontz-lokarriz Latin inguratu ez dezaten, italiar muga-buruen jabe egin ez ditezen, egidazu arren! Zuk, gogo berdiñeko anaiak ere burrukan ipiñirik, asarrez lurrera ditzakezu etxeak; zuk sar dezakezu aterpeetan izurria ta zuzi eriozkorra; milla izen dituzu zuk, kalterako ere milla egokiera. Iñarros zazu zerorren bular-azpi emakor ori, suntsi zazu borobildu duten pakea, erein burruka-su gaizkiña: izkillu-min bedi gaztedia, bebil aien eske, bai ta indarrez kendu ere».
Alekto, au entzunda bertatik, gorgoni-aizez putzutua, egada zaluz Lati ta Laurentin erregeren aterpe eraiñetara doa lendabizi; aren emazte Amate'n gela ixillean kokatzen da poliki poliki. Amate au, teukrotarren etorrera Turno'ren ezkontza zirala-ta, eme-ardurez ta asarre biziak artua, irakin bolbolka zegon garai aretan. Jainkosak oni, bere adats urdiñeko suge bat egotzi ta bular azpitik errai-zokoraiño sartzen dio, olako mamorroakin etxe osora sumin-atsa zabaldu ta urduritasunez nahasi dezan. Sugeak berak, ia oarkabe, jantzi bitartez bular samur beera jetxirik, taiutsu sumin-alaba iruzurtzen du, bere ziraun-arnasa ere idarokitzen diolarik: urre itzuli da aren idunean, galartzu luze aren ille kiribilduetan, aren soin-atalez doa txirriskor zabalduaz. Eta lerde likitsu artatiko len-kutsua aren zentzunekin jabetu ta sua ezur-barrura sar dionean; baitan bular osoa sutan nabari duanean, ordun samurkiago itz dagio, etxekoandreak oi dutenez, aren alaba ta prigitar senarrazko ezkontza malko-ixurika gogoraziz:
«O aita!, Labiñe eman bear ote, teukrotar arrotz oiek eraman dezaiguten? Ez alabarentzat ez zuretzat, ez al duzu errukirik? Ohoin gaiztoak, lenbiziko aizea asmatu ordukoxe, neskatxakin itxasora egiñik, errukarri lagako duen ama onen tamalik ere, ez ote duzu? Taiu ortan ez al zan sartu prigitar artzaia Lakedemoni'n, Leda'ren alaba Elene berakin eramanik Troia'ko urira? Nun datza, edo zer da, zure fede donea? Nun zure aurretikoen ardura zarra, ta zure esku ainbatetan Turno odolkideari emana? Latindarrentzat suin atzerritarra eskatzen baldin ba'dute ta ar ezazute egitzat, Paun zure aitaren aginduak ere ortara bait-zaitu beartzen, gure agint-makilpe ez dagon lur oro atzerriko deritzait: auxe duzu jainkoek diotena ere. Turno'k berak ere, erraldiko len-jatorrira jo ezkero, Inak eta Akrisi ditu guraso, ta Grezi erdiko Mikena, bere seaska».
Eta bertatik, solas auekin Latin zuritzen saiatu arren, au lengo asmoan sendo zegola konturatu zanean, eta suge gorriaren gaitz asarrerazleak aren erraietan sakonki sartu ta zearo nahasi zuenean, orduan ba-dioa zori gaiztoko ura, erraldoi maketsak eragiña, zoro ta bits-jario, uri aundiaren zokondorik zokondo. Begira aterpe uts zabalean, oldar makurraren eragiñez biraka dabillen ziba, mutiko taldea beren jolasean adi-adi daukalarik; jostaillu au, sendel-zartakoz bultzatua, zabalgune inguruz dantzari darabilte; gazte-talde ez jakiña, ostera, arri egiñik dago, ezpel iraullkariari emandako ukaldiak poz-erazita. Era berean dioa ura ere irietan zear, ez nagi, ibilli bizkorrean baizik, erri basatiak kezka bizitan sartuaz. Are geiago oraindik: Bak'en iratxoa antz-artu ta sumin-uts ba-dioa egan oienatera, ta mendi ostotsuan gordeten du bere alaba, teukrotarrei orrela ezkon-ogea galazi ta zuziak luzerazo naiean. Goialdi txarrez, ondoren, ots dagi: «Euoe, Bak! Zu zaitut soil-soil neskatxaren gai; zuretzat igitzen ditu bakarrik igun zumaillak, zuri dantzatzen dizu, zure omenez bazkatzen du adats eskeiñia». Durundiz dabil leloa; su-kemen berberak, Asarreak aien bular-azpietan ixioak, andere guzieri batean bultz dagie izukor, bizileku berrien billa. Bertatik utzi dituzte beren etxeak, aizetara emanaz sama ta ille. Batzuk txilio erdiragarriz goiak betetzen dituzten bitartean, besteak, larruz gerrikaturik, mats-abar kertenak daramazkite tente. Berak erabat, aien erdian goitua, ler dirdirkorra darabil iskitsu, Turno ta bere alabaren eztai-kanta abesturik; eta, bat-batean, odol-begiak biraz, deadar dagi betosko zitalez: «Ea, adi an nai emen, Latindar andereak! Zuen biotz onetan baldin ba'da oindio Amate zori gaiztoko onenganako esker izpirik, amaren eskubideen ajolik baldin ba'duzute, jarein itzazute zeuen adatsetako galartzuak eta eman jan-edanari nerekin bat». Or-emen, baso itsuetan barna, pizti-eremu zear, Bak'en oldarrez kunkuin, Alekto'k onelaxe akuillatzen du erregiña.
(Darraike)
|