Horati'ren odak
(III'garren sailla)
Horati
euskaratzailea: Aita Onaindia
II. Bere ñagunai
GAIA: Gosea, egarria ta tan neketsuak eramaten gazte-gaztetatik erakutsi bear zaie Erroma'ko mutillai, gudate zakarrerako gai egin ditezten batez ere. Orla tritxitako kemenak, erritar xumeen gaiñez jartzen ditu auek. Gizonari dagokion dedurik garaiena gudari izatean datza, atsegingarri baita aberriaren alde bizia ematea. Eriok ea bezate asketsi txepelai. Ona eztago, bese omen gora-beretan, erri zearen ustetik zintzilika; ezetsi aren erabakiak eta zador ezagungaitzez zuzen itzazu ango gazteak, izarrak jotzeraiño aurki. Ixillak ere ba-du bere saria; zu etzaite ar-emanean sartu ezkutua agerian ipiñi dunarekin.
Angustam amice pauperiem pati...
Gogo onez ikas beza gazte bulartsuak
gudu latzean txiro ta medar bizitzen,
ta zaldizko izugarri, igunez
partitar ankerrak aizatzen.
5 Bizi bedi aizetan, gauza izu artean,
ta jauntxo gudarian andreak ta neskatx
aziak, etsai-arresitik
arduratsu begiraturik,
antsi dezatela, «Ai, ene bakal-senarrak,
10 burrukan otz, ez beza bultz leoi biurrik
gudara, asarre odoltsuak
iltze erditik ebats duenik!»
Aberri alde iltzea, ezti bezain eder.
Iges doana ere Balbe'k du oratzen,
15 gazte emeen belaun ta sorbalda
ikusi ez die parkatzen.
Makur lotsakorrik ez dakin onbideak
loi-ezaindu gabeko deduz dirdir dagi;
ez artean ez uzten maketsak,
20 erri-aizearen jostari.
Onbideak, ilkor ez diranai zerua
irikiaz, zidor gal-aziz ibil nai du;
gizartea ta lur ezea
ego igesle nardatzen ditu.
25 Sari ziurra ba-du ixilkai zintzoak.
Legorpe berdiñean bizitzen eztut nik
utziko Kere ezkutuaren
ixilla barreia duenik,
ezta ura nigaz ontzi me itxasoz ibilli.
30 Egun-aitak maiz, zabar, loiz bil du osoa.
Zigor'ek eztu uzten, naiz oin-sor,
jo gabe iges doan gaiztoa.
Oarrak. 1. Erromatarren artean, amazazpi urtekin asten zan gudaritza, eta an ikasi oi zuten mutil gazteak, ezeukiak berarekin ditun lazturak gogo-naiz eramaten. 4. Oso burrukari ziran paritarrak, Eskiti'tik irten eta Persitarren ondakin-triskantza gain egokitu ziranak. 6. Jauntxo edo tyrannus gerkeraz turannos itzak, aintziñakoen artean, errege edo agintari esan nai zuen. Gerkarrak, askatasun zale baitziran, aginpide latz-gordiñez erriak menderatzen zituztenei ematen zien izen au. 14. Balbe, au da, eriotz. 19. Erriepaikaritza nagusiak bere ezaugarria zuen: agatxo-sorta bat, aizkora edo maketsa erdian zerkalarik; au, ordea, etzuten jarri naiz kendu erriaren aizez egiten. 27. Kere, Saturno ta Kibele'n alaba zan; aren omenez ospatzen ziran ezkutukiak, txit ixillak baitziran, iñork iragarten ba'zitun, olakoa Jainkoen aserrepean bizi zalako ustea zuten. 90. Egun-aita Diespiter, ots, Jupiter, jainkoen nugusi.
III. Gizaseme zintzoari buruz
GAIA: Artez eragikorra, bizitzako arrisku-zemairik aundienetan ere, ezta beingoan ikaratuko; bost axola olakoari erri-naste, alkar ulertu-ezin, matxiñada, jauntxo odol beroen arrokeri ta antzekoakaitik: urki-garapa edo txirlore iduri zaizkionak ditu. Munduari on egin diotenen izenak dakazki urrengo: Polux, Erkul, Bak, eta auen artean August, Erroma'ko agintari nagusia. Gero, olermen-egoak zabal, Jainkoen goi-batzarreraiño doa Orati, June'ren ezpaiñetan itzaldi arnas aundikoa ipiñirik. Erroma troiar aritik ba'dator ere, ura (Ilion, Troia) geiegi goratzea ezta egoki.
Iustum ac tenacem propositi virum...
Gizon zintzoa, bere asmoan zail dana,
eztu igitzen gogamen sustraitutik gaitza
zabaldu nai dun erri-zinkak,
ez jauntxoen betosko beltzak;
5 ez Adri durdurian jaun dan Ipar lokak,
ez Jobe aundiaren esku ziztariak;
mundua, susiz, beera ba'ledi,
izukaitz lekuske galkuntzak.
Polux t'Erkul sarkaillak, antze ontan gogor,
10 goiko su-gazteluak zituzten iritxi;
August'ek auekin, etzanik,
guriña deda ao gorri.
Ta zu ere, Bak aita, orla merezirik,
katamotzak eraman zindun muker lepo;
15 Kirin'ek orrela igestu zun
Akeront, Gudu'ren zaldizko;
June baitzan Jainkoen billera nausian
eder asko mintzatu: «Ilion, Ilion!
epaille zatar gaizto batek,
20 emakume arrotza lagun,
errauts biurtua. Laomedon'ek opa
sari gabe Jainkoak zitunetik utzi,
nik ta Minerba txauak zindugun
erri ta buru illun ezetsi.
25 Eztu gero dizditu Lakena loiaren
arrotz doillorrak; ezta Priamu'ren txamail
dongeak akitar jauzkorrak,
Ektor lagun, ez ditu sakail.
Ta paketu zan gudu geure ezin ikusiz
30 Luzatua. Asarre latz auek, gerozti,
ta troiar jaupariak erdi
zun illoba iguina Marte'ri
itzuliko dizkiot. Ontzat ematen dut,
goitiko egoitzetan sarturik ñirñari,
35 mistel-guriña txastatuz leun
jainko-mailletan dedin jarri.
Bego alere Erroma ta Ilion artean
itxas luzea asarre; erkatuak pozik
bebiltza nainon agindurik;
40 Priamu ta Paris'en gaiñik
beude zartaz piztiak, ta abereak azke
gorde bitzate kumak aien obietan;
bego Kapitol, Erroma autak
legetuz medar garaituak.
45 Dardar edatu izena lur azkeneraiño;
erdiko urak Europa ta Aprika banandu
ta Nil putzituak alorrak
urtzen ditun lur artaraiño.
Bedi urre idoro-eza ezetsiz aundiki,
50 lur-azpi dagolarik obe baita urrea
ta ez gizagai oreturik,
deun oro ere eskuz osturik.
Dana dala, munduko mugarik zaillena
ukitu beza iskilluz, sua ta illunpea
55 ta euri-jasik itsuenak
diran lekuan saia naita.
Baiña erromar gudu-zaleai zoriok
digarzkit, on izanik ta lar ustekorrak
berriz jaso nai ez ditzaten
60 asabon Troia'ko sapaiak.
Txori zurbilpe Troia zoriz ber-jaiorik,
berriro leramake triskantza illunera,
Jobe'n andre-arreba naizen su
sail garaillen buru dalarik.
65 Ta, Apol egille, irutan zutitu ba'dadi
burnizko ormea, irutan litzake suntsirik
nere gerkarrak erauzia,
senar ta aur andreak mindurik».
Baiña au ez dagokio lira yaukalari.
70 Nora oa, Muse? Utz jainkoen autuak
arro edestu t'era txikiz
gai gurenak mee biurtzeak.
Oarrak. S. Adriatik itxasoa Itali, Grezi ta Iliri tarteko izpazter zabala da. 9. Indar auetan tinko, ots, eramankor ta zuzentsu, ilkor zirala ezilkor biurtu ziran, izarki-argiz dizdiz dagian ortziraiño igorik; Erkul'ek, alderrai, ludi zarreko iru alderdiak, Europa, Asia ta Aprika igaro zitun. 14. Bak'ek ezitako katamotzak giza-eratasunaren eta aurrerakuntzaren ezaugarri dira; oroigaillurik geienetan, eta olertian batez ere, panterak izan oi dira; iñoiz baita leoiak, giza-zaldiak, akerrak eta abar ere. 21. Laomedon'ek, Apol'ek eta Neptun'ek Troia'ko arresiak eraiki zituzten arren, eskeiñitako alogera ukatu zien eta zemai izugarriz uritik egotzi zitun, Omer'ek Iliada'ko XXXI'garren kantuan dionez. 24. Paris da doillor au, Elena ebatsi zuna; Lakena, Lakedemoni'ko erregiña zalako. 32. Erromul'en ama Ilie odolez troiarra zan. 43. Kapitol, Tiber ibaiaren ezker-ertzean, Tarpei mendiska gaiñean jasoriko gaztelu bat zan. 46. Erromatarrak fretum Gaditanum deitzen zioten Gibraltar'ko itxas-atakaraiño; Europa ta Aprika onek baiditu bereizten. 65. Laomedon'en garaitik, Peibu edo Apol'ek eraiki oi zitun Troia'ko orma-murruak.
|