Jorge Manrique
(1440-1478)
Aspalditxo, liburu eder batean argitaratzekoak ziran Jorge Manrique'ren bertso auek euskeratuak. Baiña asmo aiek asmo-utsetan gelditu ziran, beste mundu ontako gauza askoren antzera.
Orregatik datoz orain leku anetan OLERTI'ko irakurleak ikus ditzaten. Artu nuan neurria etzan erreza ta orregatik noizbeinka eztute iritxi nere bertsoak bear aiña indar.
Beste norbaitek ere euskeratuak izan bear ditu bertso auek (osorik ez). Betoz, ba, nereak ere euskal-alorra aberastera.
Beraren aita don Rodrigo Manrique,
Santiago'ren Maestre izanaren eriotzan
Jorge Manrique
euskaratzailea: Etxaniz'tar Nemesio
Oroi bekigu gogoa,
ta zentza, astinduz loa,
ikusirik,
nola dijoan bizitza
ta datorren eriotza
ain ixillik.
Zein utsa dan atsegiña,
nola duan ain samiña
oroipena;
gure iritziz, nolatan
ederragoa izan dan
beti lena.
Gaurko gauzak ain aguro
galtzen ikusiaz oro,
artzekoa
galdutzat jo dezakegu,
buruz neurtu nai ba-degu
gerokoa.
Ezpeza iñork uste izan
ikusteko gaudenetan,
luzaroago
iraungo digunik pozak;
guziak baitira ezak
azkar galtzeko.
Eriotz-itxas-azpira
doazen ibaiak dira
gure biziak.
An dute beren azkena,
ta aginte ondapena,
aundi-maundiak.
Ibai estu ta zabalak
an galtzen ditu gesalak;
ara orduko,
aberats eta langille,
guziak jartzen dituzte
neurri bateko.
DEIA
Ez det nai olerkarien
ezta lurreko iztunen
olesik;
ezta pozoi izkutu duten
aien itxurakerien
bearrik.
Gizonen artean bizi
ta munduak Aren berri
jakiteke,
ibilli zan Jainkoari,
noakio, otoi ta dei,
laguntz-eske.
Mundu au bide bat degu,
beste baterako leku
billatzeko;
baiña kontu izan aurrez,
daramagun bidean ez
okertzeko.
Irten giñan jaiotzean;
biziz, ba-goaz bidean;
eta azkena,
eriotza da; onela
illik iristen degula
atsedena.
Mundu au irabazpide
aundi biur genezake,
zuzen jokatuz;
gerokoa iristeko
egiña baita lurreko
bizia tajuz.
Ortarako Jesus Bera
jetxi zan gu jasotzera
zeruraiño;
gure artean jaioaz,
ta neke asko jasoaz
iltzeraiño.
Zein balio gutxi duten
ondoren garabilzkiten
uskeri auek;
il baiño len, oiek sarri
kentzen baitizkigu ludi
billau onek.
Auek, urteen erortzez;
aiek, zorigaitzen bidez,
galtzen zaizkigu;
bizibide goienean,
gutxien uste danean,
gureak jai du.
Ots, giza-edertasuna
ta arpegi-azal leguna,
zuri-gorrixka,
urte apur batzuetan,
gazte izanari nolatan
ondatzen zaizka?
Trebe ta arin zebillena,
ta gaztetako kemena
ta itz arroak,
agure zarpail ta baldar
biurtzen dizkigu azkar
zar-auzoak.
Odolaren leñargia,
ta aitorren seme etorria
seaskatik,
zenbat bide ta eratan
erortzen dan mundu ontan
goi artatik.
Batzuek ezertarako
eskurik ez dutelako
baztartuak;
besteak, dirurik gabe,
lan arlotetan mirabe
makurtuak.
Ez-orduan datozkigun
bizimodu ta ondasun
igeskorrak,
etxekoandre aldabera
dute, ta argatik ez dira
iraunkorrak.
Adurrak gurpil eroan
itzul-iraulka daroan
altxor-gurdia,
aldatuz dijoa beti
eskuz-esku, erriz-erri,
denon zoria.
Bizi osoan ba-genu
ondasun auetan esku,
alaz ta ere,
ez gaitzatela txoratu;
ames batek aiña bai-du
biziak epe.
Emengo atsegin-pozak,
egun bateko larrosak
aiña diraute;
ta aiei zor zaizkien miñak,
betiraunean agiñak
zorrozten daude.
Bizi lanpetu ontako
atsegiñak, guretzako
zer ditugu,
irtera gabeko bide
galduak baizik? Ta gure
galtzulo itxu,
ez al-degu eriotza?
Laisterka goaz aruntza,
denok galtzera;
kontura orduko, andik
itzuli nai ta eziñik,
ondatzen gera.
Soiñaren edertasuna
eskuratzeko almena
ba-gendu errez,
animarena daukagun
bezela, Jainkoa lagun,
bai alegiñez
saiatuko giñakela
gure neskame ustela
edertzen,
etxekoandrea arlote
utzirik, arreta gabe,
usteltzen!
Errege garai zenbaiten
bizitzetan degu ikusten,
zeiñen azkar,
aien adur onak bertan
ondapen biurtu ziran
eta negar!
Ezer ez degu sendorik;
ezpaidu iñor etxekorik
eriotzak.
Arek berdin artzen ditu
agintari, Aita Santu,
naiz arotzak.
Ez aipa ikusi gabeko
troiatarren antxiñako
aintza-omenak;
utzi ditzagun albora
erromatarren denbora
ain ezagunak;
joan-gizaldiko kezka
baztar dezagun, zer gerta
zan jakiteke;
ta gatozen atzokora,
jaurti baitegu zokora
oroitzik gabe.
Nun da Juan Errege jauna?
Ta Aragoi'ko Infant-izena
zutenak, nun?
Ainbeste galai sasoiko
ta aiek zekizkiten joko
ta asmakizun;
Zuzentza ta zaldunen gudu,
oial apain, edergaillu,
ta gandorrak,
zer ziran amesetako
aberastasuna baiño,
ain galdorrak?
Zer egin zuten andreen
burtzapi ta jantzi gaillen
usaituak?
Zer maitaleen itz-gori
ta biotzetan su bizi
biurtuak?
Ta maitearen atetan
jardunak soiñu gozotan,
nun dira?
Nun dantzak? Nun ordukoen
soiñeko berri argien
dizdira?
Areago, berriz, aren
oiñordeko izan zanaren
biziera!
Enrike jaunak zein ezti
arki zun mundu gezurti
gozabera?
Baiña, atozea, zein azkar
biur zitzaion ain zakar
eta etsai,
len bere lagun izana?
Ain azkar zun negar-lana,
lapurtu-zai!
Eskupeko geiegiak,
ta Errege-jauregiak,
urrez beteak;
ontzi ederki landuak
ta altxor-kutxetan diruak
ongi gordeak;
zaldi dotoredun jende
ta aren inguru ainbeste
erakutsi,
nun billa ditzakegu?
Intza bezela zaizkigu
utsera jausi.
Aren anai gaitz-gabea,
bizi zala, oiñordea
zeritzana;
alaiñeko jaun bikaiñez
inguratua, omenez
genduana;
ilkor zanez, bai berela
eriotzak sar zuala
bere labean!
Jaunaren bide ezkutuak!
urez galdu zitun suak
gar ziranean.
Kondestable aundi ura,
berriz, nork ez du kontura
ekarriko?
Ala ikusi bai-gendun,
lepoa ebakita, illun
bukatzeko!
Aren altxor ugariak,
zitun etxe ta erriak
ta agintea,
negar-iturri izan ziran,
geiturik aiek uztean
naigabea.
Ta beste bi anai aiek,
Maestre izanik, erregek
aiña esku
zutenak, beren mendean
guziak zituztenean
azpiratu;
ain sonatua izan zuten
aberastasuna ta izen
garaia,
argitsuen zeudenean,
el zitzaien bat-batean
amaia.
Ainbeste duke ta markes,
konde ta baroi, agintez
ain ezagunak,
esaiguk, eriotz orrek,
ire eskupean nun zeudek
illotz-illunak?
Ta aiek, pake ta gerratan
egin zituzten lanetan,
zer irabazi
ziten? Ire esku gogorrak
xetzen baitizkik sokorrak
bezin bizi.
Konta ezin ala oste,
ikurrin ta estandarte,
gaztelu
gaillen ta orma sendoak,
gudutarako jasoak,
gordaillu,
inguru-zulo sakona
ta beste edozer arreta,
dena dek alperrik;
atorrenean asarre,
azkonaz alderik-alde,
zulatzen dek ik.
Errodrigo Manrique,
izen ta adorez ain beste
izan zana,
gizon onen babes-leku
ta denok ala maitatu
genduana,
alperrik da goratzea;
izan zun jokabidea
ikus bai-gendun.
Nago ni, beraz, ixillik,
mundu guzia jakiñik
baitago egun.
Bere lagunen ain lagun!
Morroe ta aidentzat ain jaun
begiratua!
Nolako etsaien etsai!
Maestre izateko, ain gai
ta bulartsua!
Zentzudun zentzudunekin,
umoreko alaiekin,
ain burutsu!
Esanekoekin, samur;
lotsagabeekin, txakur
ta kementsu.
Oktabiano adurrez,
Julio Kaisar kemenez
guda-oiñetan;
onbidetan Aprikatar,
jakitez Ainbal'en par,
berdin lanetan.
Trajano berri, onean;
Tito, esku zabalean,
emakor alai;
Arkidano indarretan,
Mark Tulio bere itzetan,
zintzo bete-zai.
Andoni Pio barkatzen,
Mark Aureli erakusten
musu berdiña;
Adrian bezin izlari,
gizatasunez Todosi
bezin bikaiña;
gudu-neurriak gordetzen
Aureli Alexander'en
tankerako;
Konstantino sinismenez,
Gamel, bere erria ziñez
maitatzeko.
Etzuan utzi altxorrik,
ez ontzi ta ondasunik;
baiña gudutan
mauruei kendu zizkien
ainbeste gaztelu gaillen,
ta burruketan
zaldi ta zaldun ugari,
eskerrak bere eskuari,
lotu zituan;
onela iritxirik ainbat
mendeko ta alor beretzat
lege onean.
Bere izen eta izaera
gordetzearren, zertara
etzan beartu?
Ezbearrean, morroe
ta anaiekin, bildur gabe,
zan oldartu;
ta zekarren leiaketan,
jokabide garbietan,
len izan zuan
baiño lur askoz geiago
iritxi zun beretzako
azken-orduan.
Gaztetan bere besoak
urratutako ildoak,
lenaz gain
sakondu zitun berriro,
jokatuz zartu ta gero
ain bikain.
Bere esku ta alegiñez,
zartzaro ta irabazpidez
ikusi gendun
mailla goieneko aide,
ta gure Españi'n entzute
aundiko zaldun.
Ainbeste aldiz oletan
bere bizia arriskutan
jarri-ondoren;
bere erregearen alde
erakutsiaz ainbeste
gogo ta kemen;
konta ezin ala bidez,
egite argi ta onez
aberastuta,
Ocaña, bere errian
eriotzak deitu zuan
itaia artuta:
ERIOTZAREN ITZAK
Esanaz: Zaldun kementsu,
utzi zazu mundu paltsu
onen gezurra;
ta indartuz zure biotza,
laztan zazu eriotza
bustiz zintzurra;
osasuna ta bizia
ezetsiz, zure zoria
izen on truke
saldua bai-zera. Irain
au artzeko zatoz orain
bildurrik gabe.
Ez dakizula izan garratz
gaiñean dezun gudu latz
eta larria;
gerorako or baitezu
zure bizitza kementsu
orren argia.
Omen-bizitza betiko
lur onetan irauteko
ezpada ere,
gorputz-bizitzari zorrik
ez dio, ta argatik pozik
au gal diteke.
Betiko bizitzarako
ez du balio munduko
aunditasunak,
ez pekatu-kutsu duten
atsegiñezko gozapen
ezti lizunak;
prailleak, otoi ta damuz,
irixten dute urratuz
zeru-bidea;
zaldunak, berriz, mauruen
kontra oldartuz zabaltzen
goiko atea.
Ta ainbeste siñisgabeko
illak dituzun ezkero;
giz-argi orrek,
zure eskuz irabazia
dezun betiko saria,
zeiñek, zuk bestek,
jaso dezake ain legez?
Uste ta sinismen betez
zaude, bada, alai,
zurea dezun betiko
irugarren bizitzako
sariaren zai.
MAESTREAREN ERANTZUNA
Ez dezagun astirikan
galdu orain alperrikan.
Bizi kaxkar au
galtzeko ez det kezkarik;
ta gaur zearo etsirik
arkituko nau
Jaungoikoak, nik Arekin
borondatea bat egin
bai-det orain.
Arek nai baño geiago
bizitzea, ezpaitago
nere gain.
OTOITZA
Nere gaiztakeri aueri
zor denak ordaintzearren
jetxi ziñana,
ta Jainkoaren argia
estaliaz, aragia
ar zenduana,
neregatik Gurutzean
oiñazez lertuta il ziñan
ezkero,
barkapena zure errukiz,
det nik, ez nere irabaziz,
espero.
AZKENA
Azkeneraiño onela
zentzun guziak zitula
argi buruan,
andre ta seme-alabak
morroe ta anai-arrebak
oe-inguruan,
eskeiñi zion bizia
Jaunari, (bere zoria
goian beza! )
ta guk galdu degun arren,
aren oroitzak gozatzen
digu eza.
|