L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1965 I-II Ikurrin (1965-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Orati'ren odak

(III'garren sailla)

 

Orati

euskaratzailea: Aita Onaindia

 

IV. Kaliope'ri

 

GAIA: Oda bikaiña oso, ta Horati'k bere lau liburuetan bildu zitunetatik luzeena. Bere gogai-ardatza auxe da: Aginterriak laster doaz amilbera, adimen argitsuak indarra otsein dula lagundu ezik. Indarra bakarrik ezta ezer, au bada bere aundiz erori oi da. Horati'k au dirakas, eta August'ek auxe du lege bere aginte-arazoetan. Jakituri orren sorburu, ordea, ortzitar Musak dira: Horati aien apaiz ta igarle dugu. August'ek berriz aiengan du poza ta atsedena. Musa oiek ongille aundiak dira, beren argipean ibilki, Horati'k bezela zuzen dana ta oitura onak erakutsi, edo-ta August'en antzera ona lur gaiñean zabaltzeko bakarrik indarra erabiltzen dutenentzat batez ere. Onua ta zurtasuna ditugu gantzuki eder bi, beti ondo jokatzeko geure bizibidean. Erraldoi ta auen lagunak etzuten orrela egin; beraz, amildegi malkartsuz ondatuak izan ziran.

 

                        Descende caelo, et dic age tibia...

 

               Jetxi zerutik ta, ia, jo zazu txirulez,

               Andere Kaliope, luzezko leun kanta;

                       Naiz —gurago ote?— aots zoliz

                       Edo Poibu'ren kitara-ariz.

 

          5   Aditzen?... Oler-senak ete nau zoratzen?

               Entzun uste dut eta aron nabillela

                       Baso donetsi zear, or-an,

                       Ur leun ta aizez asetuetan.

 

               Bein, Vultur gain, jostaz ta loaz nekatua,

        10   Azi nindun Apuli mugaz bestekalde,

                       Arako uso ospetsuak osto

                       Berriz estal ninduten oso.

 

               Arrigarri zitzaien au naiz Akeronte

               Goituko kabian ta Banki oianetan,

        15           Naiz Forenti apaleko zelai

                       Gurietan bizi diranai.

 

               Nola ni egon ere lo, gorputz-eskier,

               Suge beltz ta artz artean? Nola ereiñotz deun

                       Ta mirtu ostoz estalirik,

        20          Aur zankar, jainko-jaurri barik?

 

               Zuena, Musak, zuen naiz Sabin-goi otzera

               Igorik, zein Preneste ezean gozatsu,

                       Zein Tibur erpifez aizetu,

                       Zein Baia urtsuak atsegindu.

 

        25   Zuen iturri-dantzen zale nintzalako,

               Ez nindun il Pilipo'n guda-oin utziak;

                       Ez zugatz itsa, ez Palinur,

                       Etzaidan gaitz izan Sikul'go ur.

 

               Zuok iñolaz ere nekin zeratela,

        30   Bospor zoroz ibilko naiz itxastar alai,

                       Ta txangoz Asiri mugako

                       Ondar kiskaliz naiz saiako.

 

               Britandar arrotz-etsaiak ikertuko ditut,

               Konkan ere bai, zaldi-odolez alaia;

        35           Berdin Gelondar gezidunak

                       T'oso Eskitiar ibaia.

 

               Zuok, Pieri leizan poz zenuten Kaisar

               Gurena, bere lanak bukatu naiean,

                       Gudari-saldo erbalduak

        40           Uritan ertsi zitunean.

 

               Goitar joriok, onu leuna damazute,

               Ta ematez alaitzen. Jobe'k ba-dakigu

                       Nola goi-lantarrez garbitu

                       Zitun Titan ta aietar d'onge.

 

        45   Lege zur darabilzki ark lur igigea,

               Itxas putz-aunditua ta uri-buruak,

                       Bai jargo illuna ta Jainkoak,

                       Berdin gizaki ilkor taldeak.

 

               Izu eskerga ekar zion Jupiter'i

        50   Beso-altsu uste zan gazteri lakarrak,

                       Ta anaiak, Pelion jar nairik

                       Olinpu beltzaren gaiñetik.

 

               Zer, baiña, al dute Tipeu'k ta Mima zaintzaillak,

               Zer dagi Porpirion antz zemaikordunak,

        55           Zer Erretu'k, zer Enkeladu'k,

                       Ausart jaurtiz supil ausiak?

 

               Pala'n ikurdi oskor aitzi, zer al dute

               Zirrilda oiek? Antxe zegon su-jario

                       Vulkan, an zan June amandre;

        60           Antxe bizkar-gain, uzteke,

 

               Arranbel-eramaille, Kastali'ko iñotzez

               Bere ille txau azkeak ezkotzen dituna,

                       Liki-txara t'oianak dauzkan

                       Deli ta Patara'ko Apol.

 

        65   Indar zur-eza bere aundiz da erortzen;

               Jainkoak dute berriz neurtua ugaltzen,

                       Edozein gaitz barrun oretzen

                       Dunari ingira diotela.

 

               Ene esanen lekuko or Gigas eun eskudun,

        70   Orion ere ezagun baitugu Diane

                       Ikugea zirika zuna,

                       Neskutzaren geziz ezia.

 

               Miñez da Lurra bere bidutzi eortz gain,

               Bere aur Orko itsera tximistaz jaurtiak

        75           Negarluaz; gain duten Etna

                       Etzun su kiskalkorrak aitu;

 

               Eztu Liki loiaren gibela saitzarrak

               Uzten, nabarmenaren zaintza erantzia;

                       Ta irureun katek lotzen dute

        80           Piritoo maitalea ore.

 

Oarrak.— 2. Maitagarri edo Musaen artean Kaliope zan agurgarriena, ots, errergiña; ark idarokita kanta oi zuten aintziñakoak, bertso-sail luze soiñutsuetan, jainko ta gizurenak jauki ta buruturiko egipen arrigarriak.— 9. Vultur, gaur Azerenza.— 11. Venus'n gurdia zerabilten usoak.— 14. Banzi ta Farenti, gaur Banzi ta Forenza, bata mendartean sartua ta lur lauan bestea; Lukani'n zeuden biak Orati loak artu zun lekuan.— 22. Preneste, gaur Palestrina, Lati'ko uri zarra, Erroma'tik egoaldera; udan batez ere, aize ozkirritan aberats.— 26. Pilipo, Tesali'ko uria; ementxe izan zan Bruto ta Kasi'ren aurkako erasoaldi latza; erromatar gudarozteak atzera egin zunean, an zan Orati ere, baiña Musak lagundurik etzun ezeren kalterik izan.— 27. Palinur, —Enearen ontzi-zuzendaritik du izena—, Lukani sarkalderuntz dagon itxas-muturra.— 34. Konkan, Espaiñi'ko Tarrakone aldeko erria; atsegin basakar au omen zuten, Bergili'k bere Lur-kantak'etan, III, 460-561, dionez, bisaltar ta geloridarrak ere.— 37. Pieri mendia Musai opalduta zegon, Tesali ta Makedoni'ko mugaldean.— 39. Uri askotan taldeka banandu zitun August'ek Aki'ko gudu-erasoan izan ziran eun milla gizonak.— 53. Tipeu, Tartar ta Lurraren azken-semea, aize kaltegarri ta asarre gaizkiñen aita, euri burudun bidutzia, Etna pean obiratuta; Tipeu, Mima, Porpirion, Enkeladu, Erretu dira Erraldoien izenak, beren indarrenean ustetsu ortzi-goiraiño igo nai izan zutelako, Lurraren sabel-leizara amilduak.— 61. Kastali, Parnaso'ko iturri donetsia.— 64. Apol'ek, neguko sei illetan, Liki'ko Patara'n eman oi zitun bere iragarpenak, eta Delos'eri udako sei illabeteetan.— 60. Ixiori'en seme ta lapitarren bakaldun, Persefone ebatsi nai izan zun, Teseu bere adiskide miñak lagunduta.

 

 

V. August'en goralpenez

 

GAIA: Jupiter goi-jainkoak, odei ta laiño artean, iñusturi ta trumonots diarduala, August'ek gudu-oiñaztarrak jaurtzen ditu britandar eta persatar gogaikarrien aurka. Krasa'tarrak, aita ta semea, ta auekin bi milla erromatar jausi ziran Carres'ko triskantza ikaragarrian, Kristo'ren aurreko 53'rarren urtean; ogei milla, gaiñera, atxillo egin zituzten etsaiak, eta batzuk, bizirik irtetzearren, bertako emakumeak emaztetzat artu ta partitarren gudari egin ziran; auek darabilzki Orati'k darda gaiñean. Erregul'en ikasbide ederra, ordea, gogo beroz txalotzen du.

 

                        Caelo tonantem credidimus Joven...

 

               Odei-ots izu Jobe uste genun goian

               Nausi; baiña August degu lurrean jainkoa,

                       Bere erreiñura uztar baititu

                       Britandar eta persar iru.

 

          5   Bizi al zan Kraso'ren gudaria zakar,

               Arrotz-andraren senar? Eta, —oi biltzarra

                       Eta ekandu aldatuak!—

                       Marsotar eta Bulletarrak

 

               Medo errege mende aita izun lurrean

        10   Zaartu dira, ikurdiak, izen ta toga aantziz,

                       Vesta betikorra, Jupiter

                       T'Erroma uria aratz dirala?

 

               Au aitzindu zigun, bai, Erregul zorrotzak;

               Baldintza itsusiak baieztu naiezta,

        15           Gero gaitz aundiak izango

                       Zitun naasia ezetsita,

 

               Espe zegon gaztedi erruki duin-eza

               Ilkor etsiz, esan zun: «Neuk nitun ikusi

                       Gure ikurrin ta armak, odolge,

        20           Puni-elizetan zintzili;

 

               Erritar azkeen bizkar beso biurtuak,

               Sar-ateak zabalik, ta berriz landuta

                       Zeuden gure gudu-kemenak

                       Maizpildu zitun alor-saillak.

 

        25   Urrez erosi arren, gure gudaria

               Ote zaillago eingo? Gaitzari kaltea.

                       Ezta leneratuko berez

                       Margo gal dun artillea.

 

               Giza-kemena ere, bein auldu ezkero,

        30   Ezta berriz itzul oi bular erdoitura.

                       Sare itsu artetik iges dan

                       Oreiñak nai ba'du burruka,

 

               Sendo izango ere etsai txarrari emana;

               Gudu berriz, bai, joko ditu penitarrak

        35           Beso atzitan lokiak aul

                       Asma t'eriok izu zunak.

 

               Onek, bizia nundik artu etzekila,

               Guduz nasi zun pakea. Au lotsaria!

                       Oi, Kartago aundi, Itali'ka

        40           Mozkin laidotsuz goretsia!»

 

               Esan oi da, jopu bai'litzan, bere emazte

               Garbiaren laztana ta aurrak bazterturik

                       Eta bere giza-arpegia

                       Beian itunki tinkoturik,

 

        45   Guraso urduri aiek iñork lendik eman

               Gabeko onuz etsirik, gelduta so zeuden

                       Lagun artetik joan zala

                       Atzerrirako bidez lerden.

 

               Ta ba-zekin ark ondo zer sari emango

        56   Zion arrotz gaizkiñak! Alere, utzi zitun

                       Senideak eta itzulia

                       Galazi nai zion erria.

 

               Joan zitzaigun bere zainpekoen garatz

               Luzetako auziak garbirik utzita,

        55           Venafro soro naiz Lakede

                       Tarento'ra lez ba'lioia.

 

Oarrak.— 6. Senadua.— 8. Itali'ko erri gudalaririk azkarrenak.— 13. M. Atili Erregul, Kristo aurreko 326'garren urtean konsul izana. Ur ta lur gauza arrigarriak egin ondoan, lakedemoniar Xantipo buruzagi zuten kartagotarrak azpiratu ta morroillope jarri zuten. Esana danez, bost urte giltzapean egin ostean, Erroma'ra bialdu zuten pakezkoak egiteko, baiña zeramazkin erabakiak Erroma'n tan. Berbera alegindu zan erabaki aiek Biltzarrak baieztu etzitzan. Kartago'ra biurturik, antxe il zan neke gorriz oiñazetua.— 22. Kartago'koak, alegia, zabalik bai-zeuden pake betean bezela, ezeren kezka gabe.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.