Esopo'ren ipuiñak
Esopo
euskaratzailea: Igotz
1. On-gaitzak
Gatxak baiño aulago ziran Onak. Gaitzak, au ikusiaz, lurretik bota egin ebezan Onak; oneik, orduan, zerura igon ziran.
Zeus'i itandu eutsoen, ara eldukeran, gizonakin zer egin bear eben. Jainkoak erantzun eutsen danak batera etzeitezala joan gizon ilkorren aurrera, bata orain ta gero bestea baiño.
Au dala-ta giza-semeen artean bizi diran Gatxak, eten barik, or berean dabiltza gizonen ingurumari, arei gogait eragiten. Onak, ostera, zerutik datozelako, noz edo nozkoren baten bakarrik urreratzen yakez.
* * *
Ipuiñaren erakutsia: ona noizka datorkigu, gatxak ostera egunero larritzen gaitu.
2. Iduri-saltzaillea
Gizon batek, Ermes bat zulean landu ta azokako enparantzara eroan eban salduteko. Etxakon eroslerik agertu ta, buruak emon eutsanez, ontasunak eta mesedeak parrastaka banatzen ebazan jainkoa saltzen ebala, iñoan oiu batean.
An alboan begi-luze eukon batek, baiña, esautsan:
Entzuizu, ain ongille ba'da, zergaitik saltzen dozu beroi?; zergaitik ez dozuz zeuretzat artzen mesede orreik?
Nik erantzun eutson besteak andik besteko laguntasuna bear dot eta onek eztau iñoiz be esturarik bere mesedeak egiteko.
* * *
Ipuiñaren erakutsia: ona emen gizon bat bere arazoetan buru-belarri sartua, Jainkoagaitik be ezer ez dautsona.
3. Arranoa eta azeria
Arranoa ta azeria oso adiskide egin zirean; eta euren maitasun-lokarriak geiago sendotzeagaitik, alkarregaz bizi izatea erabagi eben. Arranoak ortarako zugatz jagi-jagi bat aukeratu ta antxe ipini ebazan bere kumak; azeriak, ostera, zugatz-enbor arexen azpi-azpiko sasitzan egokitu ebazan bere luki-kumatxuak.
Egun baten, orraitiño, azeria jan-billa joana zala, arrano gosekillak sasitza gaiñera jatsi ta azerikumak ostu zituan, berak eta bere txikiak sekulako jatordua egiñik.
Itzuli zan azeria, baita larritu be; baiña kumetxoen eriotzak baiño geiago min emon eutsan arranoak berari egiñiko zitalkeria ari ordain-azo eziñak. Lau ankako piztia zan bera, ta zelan a lako egazti bat jazarri ta aurrean artu? Aulak eta eziñak egin oi dabena egitea, naikoa eban gaixoak: urrundik arerioa madarikatu. Ezin besterik.
Arranoak be, orraitiño, laster izan eban berea, adiskidetasunaren kontrako eginen txarra kitutuaz.
Landa egalean ebiltzan gizon batzuk, auntz bati narrua kendu ta iateko bera maneatzen. Arranoak ontan opamaira iatsi ta, sua erion sakarramin bat erpakaz arturik, bere abira eroan eban. Beingoan galtsu igarrai su-emon eutsan aize-bolada zakar batek, eta egaz egiteko oindiño gauza etziran arranokumak sutan beera jausi zirean.
Azeria ordun zugatz-pera zan arin be arin, eta kume gaixo areik bat-banaka iruntsi ebazan, zugatzganeko arerioaren begi aurre-aurrean.
* * *
Ipuin onek darakusgu: zuk adiskide dozunari ziria sartu ba'dagiozu, aul dalako edo bear bada, adiskide orren bengantzatik iges egingo dozu, baiña zeruko zigorretik ez dozu ezelan be igesik egingo.
4. Arranoa eta kakarraldoa
Erbi batek, arranoak estu artuta, bere burua urtenbide barik ikusi ebanean, zoriak lenengo eskiñi eutson izaki bakarragana, joaz, laguntasuna eskatu eutsan kakarraldo bati, larrialdi atatik onez urten eiten. Baietz besteak, lagunduko eutsola. Eta arranoa ego-zabal urreratzen ikusirik, erbiari parkatzeko eskatu eutson kakarraldoak. Arranoak, baiña, aren ezereza ezetsiaz, kakarraldoaren beraren aurrean zatitu ta iruntsi eban erbi gaixoa.
Ordutik geiago kakarraldoa, gaizto ari ordaiña emon bear eutsola-ta, arranoak abia nun egingo ete eban billa ebillan egunik egun; eta arek arrautzak jarri ebazanean, goi-goiraiño egaz egiñik, arrautzak bilin-balaunka itzuli ta beraren ganean apurtzen eutsozan. Arranoak, beraz, andik eta emendik jaurtia, Zeus'egana jo eban Zeus'i eskiñia baitzan, bere txikiak ipinteko leku seguru eske.
Zeus'ek beraren altzo barruan ipinteko baimena emon eutsan. Kakarraldoa, barriz, laster konturatu zan atrikuluaz; basazko bolatxu bat maneatu eban beingo batean, egaztu zan gero Zeus'en altzoraino, ta aren gain-gain jausten itxi eban bolatxua. Jagi zan Zeus basea astintzeko, ta igarri barik lurrera jausi yakozan altzoko arrautzak.
Areanik ona, kakarraldoak agertzen diran garaian, arranoak ez ei dabe arrautzarik ipinten.
* * *
Ipuiñaren irakaspena: ezta iñor besape bota bear, aintzat-eza egiñik; aldia joanaz, bada, izakirik makalena be irain bat ordaiñazteko lain izan daiteke.
5. Arrano, artzaiña eta belabaltza
Arrano batek, aizkorri goi batetik egaz eginda, bildots bat arrapau eban. Belabaltzak au ikusirik, gitxiago ez izatearren, beste ainbeste egin nai ta aari bati oratu eutson saputzetik farata andian; erpak orraitiño ule-moltsoetan katiatu yakozan, eta andik jaregiteko egoai eragin arren, alperrekoak izan yakozan indarketa guztiak.
Artzaiñak ikusi eban au, ta, aringa araiño eldurik, belabaltza arrapau ta ego-puntak ebagirik, illunkeran etxera eroan eban, bere semeak ikusi egien. Txori a zetariko egazti zan itandu eutsoen areik, eta artzaiñak:
Belabaltza, nire ustez; arrano bat, ostera, bere aize ta asmuz.
* * *
Zu be era berean, altsuak aiña izan gurata, aldia galdu ez-ezik, besteen irribide egin oi zara dituzun zori txarrakaitik.
6. Arrano egamotxa ta azeria
Gizon batek bein arrano bati ezarri eutson eskua; egoak moztu ta oillotokira bialdu eban, oillo artean bizi eiten. Egazti arroputzak, atsekabearen atsekabez, burua makurtzen eban, ezer be jan barik: erregiñ atxilotua zirudian.
Beste batek, onela ikusiz errukiturik, erosi egin eban; atera eutsozan luma ebagiak, eta mirraz igurtzi ondoren, azten asi yakozan barriro. Arranoak ordun, egazkadea arturik, erbi bat arrapau eban bere erpa artean, bere askatzailleari esker onez eroateko.
Azeri batek, au ikusirik, esan eutson:
Ori eztok erbia eroan bear dautsokana, eure lenengo ugazaba baiño; berez be ona dok bigarrena; bestea leunazo egik obeto, bigarrenez be eskua ezarri ta egoak atera ez daiskazan.
* * *
Onek darakusgu: ongilleai esku zabaleko erantzun bear dautsegu; gaiztoengandik, ostera, urrin ta zur ibilli.
7. Geziak zaurituriko arranoa
Arkaitz-buruan jarri zan arranoa erbien begira, zelatean. Gizon batek gezia jaurti eutson, aragiraiño sarturik aren puntea. Arranoak bere lumazko eztena ikusirik, ots egin eban:
Latzagoa yat samiña, neure lumaz iltean!
* * *
Geure iskilluz azpiratuak gareanean, oraindik zorrotzago izan oi yaku samiñaren eztena.
8. Urretxindorra eta arraia
Areitz gandorrean kokaturik kantari egoan urretxindor bat, oitura ebanez. Janariz urri sainar ebillen arraia (mirua) oartu zan eta, aren ganera jaurt egiñez, bere erpartean estutu eban.
Urretxindorrak, il-etsia, jarein egiala eskatu eutson errenga, ezingo ebala berak bakarrik arraiaren sabela bere, ta, gosez ba'egoan, txori andiagoak arrapatu bear ebazala, esanik. Arraiak jardetsi eutson:
Ikusi be egin ez yuadanaren atzetik joateko daukadan zati oni iges egiten itxiko ba'neutsok, tentel buru-loka nintzakek.
* * *
Ipuin onen irakaspena: gizartean be, onibar andiagoak jaristearren esku artean daukazanai joaten izten dautsen gizonak, papao goi-ariñak dira.
9. Urretxindorra eta elaia
Elaiak bein gomita egion urretxindorrari, bere antzera, gizakien teillatupean abia ipiñi ta areikaz bizi izatera.
Urretxindorrak erantzun eutson:
Etxoat barriro gogorazo nai bein bateko neure zoritxarren gomutea, ta orixegaitik naiago yoat toki urriñetan bizi.
* * *
Ipuin onen muiña: zoriaren zartako latzez atsekabeturiko gizonak, gatxak zauritu eban lekutik bertatik be, iges egin oi dau.
10. Atenas'ko zorduna
Atenas'ko zordun batek, zor eutsona ordaindu egiola-ta gogor erabillen artzekodunari, garai atan estu samar aurkitzen zalako, epe labur bat emon egiola eskatu eutson lenengo; artzekoduna, baiña, ezin zuritu izan eban; eta etxera joanik eukan txarrieme bakarra ekarri eutson, bere begien aurrean saltzeko.
Erosle bat aurreratu zan, makera a emokorra ete zan itaunka.
Bai, orixe! erantzun eban zordunak; oi ez batean emokorra. Misterietan kume urruzak egiten ditu; Panatene-jaietan, barriz, arrak.
Eroslea arritu zan entzunagaz, eta zordunak ots:
Etzaitez ainbeste arritu; makera onek aumeak be emongo dautzuz Dionisi-jaietan!
* * *
Ipuiñaren mamiña: batzuk, euren onerako danean, bape ardura barik esaten dabez, baita izan ezin leitekezan gauzak be.
11. Baltza
Arako gizon batek baltz bat erosi eban, aren kolorea aurreko ugazabaren ardurarik ezagaitik zalakoan.
Etxera eroanda, al zituan garbiketa guztiak egin eutsezan, ari narrua zuritu nairik makiña bat era saiatua ebazan. Baiña, dana alperrik: ezin izan eban aren kolorea aldatu, ta azkenik, ardurearen arduraz, geixotu egin yakun baltza.
* * *
Ipuiñaren mamiña: berezkoak beti dirau txikitatik geiago agertzen yakun erara.
12. Oillarra eta ogi-gaztaia
Ogi-gaztai batek bein, oillar bat atzemon ondoren bera jateko errazoi itxurazko batzuk erakutsi nai izan ebazan.
Lenengo, gabaz kantari gizonai lo egiten galazorik gogaikarri yakela, leporatu eutson; oillarrak, ostera, bere burua zuritu nairik, arei onurakor izatearren, ori egiten ebala erantzur eutson; gizonai, ain zuzen, itxarturik, egunean-eguneango lanak gogora ekarri oi eutsezan.
Ogi-gaztaiak, orduan, salakuntza barri bat dakartso: bere amagaz eta bere arrebakaz eukazan ar-emonakaz kalte egiten eutsola izadiari. Oillarrak erantzuki, esan eutson arein jabeari on be egiten eutsola, oilloak era orretan arrautza geiago jarten ebala-ta.
Bestelango zera! ogi gaztaiak oiu-; dakustanez edozetarako daukak ik erantzuna. Ni, alan be, ez noak origaitik barau egitera!
Eta iruntsi egin eban oillarra.
* * *
Ipuiñaren irakaspena: izakera gaiztokoak, gaitz egin nai izan ezkero, agiri-agirian egin oi dau berea, akiakullu eder batez estali ezin bada.
13. Katua eta saguak
Ba-zan saguz beteriko etxealde bat. Katu zar batek jakin eban au, eta ara joanik, bata bestearen ondoren, danak jaten iñarduan. Saguak, beti eizatzen zitula ikusirik, euren gorde-zuloetan ezkutatzen ziran; eta katuak, zulo areitan atzemon eziñik, amarru bit asmau eban andik urten eragiteko.
Beraz, egur garai batera igonik, bertan esegi ta illarena egin eban; saguetaiko batek, baiña, muturra erakutsi ta katua an ikusirik, bota eutson:
Entzuik, adiskide: zaku bat ba'intz be, enintzakek urreratuko!
* * *
Ipuiñaren adierazpena: gizon zentzundunai, bein edo bein norbaitzuen gaitza artu daben ezkero, eztautse geiago iñok patu ta trikimailluz lakatzik sartuko.
14. Musterla eta oilloak
Musterla (ogi-gaztai) bat, eskorta bateko oillo batzuk geixorik egozala entzunik, osagille muxaranga edo arpegi-ordekoz jantzi, areik erabilli oi dabezan tresnak artu ta oillotokira joan zan.
Atera eldu zanean oilloai itandu eutsen osasunez zelan ebiltzan.
Ederto be ederto, i ortik ba'oa erantzun eutsoen.
* * *
Zur elduak laster igarri oi dabez gaiztoen marrukeriak, naiz-ta onez onean ibilli.
15. Auntza eta auntzaiña
Auntzain ezeinbatek dei egitsen auntzai, okuillura eroetako. Areitako bat, larre gozo aurrean antza, janean lotu zan pixkaten; auntzaiñak, arri bat jaurtirik, ain zuzen be jo ta adar bat apurtu eutson.
Auntzaiñak, arrenga, ugazabari ez esateko eskatu eutson; auntzak erantzun:
Nik, bai, ixillik euki nai neuke, baiña ezin! Or agirian nire adar ausia.
* * *
Txarto egiña agirikoa baldin ba'da, ezin, ikusi ta itsu egin.
16. Auntza eta astoa
Baserritar batek bai auntzari bai astoari bardin samar jaten emoten ziarduan. Auntza bekaitzez jarri yakon astoari, narrua berak baiño obeto beterik eukalako; eta, alako egunean, bertatik bota eutson:
Ur-gurpil ta karga, amairik eztaun lorra dok ire bizibidea; egik, otoi, aldi txarrak emon dauala, eure gorputza zulo batean jausten itxiaz: atseden emongo daue orrela.
Astoak, oso meneko, auntzak esana egin eban: zulo baten amildu zan, baita gorputza zauritan mindu be, ta ez gitxi. Abel-sendatzailleari, albaiteruari dei egin eutson ugazabak, zaurituarentzat osabideren bat eskaturik. Osalariak esan eutson auntz baten biriki-auspoakaz egiñiko edaria emoteko, osa-
ki orrek indar-barrituko ebala-ta. Beraz, auntzari narrua kendu eutsoen astoa osatzeko.
* * *
Gaiztakeriak iñoren aurka asmetan dabezana, azkenez bere zori txarraren len-langille dozu.
17. Auntzaiña eta basauntzak
Auntzain batek basora atera ebazan bere auntzak, eta bertatik ikusi eban basauntz batzuk be bereakaz nastau zireala. Illuntzian, bere txabolara eroan ebazan danak.
Urrengo goizean, ekaitz eta euri-jasa ikaragarria sortu zan; ezin atera izan zituan bere auntzak, eta txabola barruan zaindu ebazan; bere auntzai eskutada bat bear emon eutsen bakar-bakarrik, gosez ez ilteko lain; arrotzai, ostera, alako bi bai, bereakaz geratu zeitezan.
Eguraldia eztitu zan azkenez; danak zelaira urten ziranean, basauntzak mendira iges egin eben. Auntzaiñak, esker txarrekoak zirala-ta, estu artu ebazan, arduratsu jagon ondoren izten ebelako. Areik, alan eta guzti be, buruak biurtu ta esan eutsoen:
-Errazoi geiago; lagun, igan uste gitxi izateko; gu eldu-barriok, ba, eure menpeko zarrak baiño obeto artuba'gaituzak be, onek esan nai yok, beste auntz batzuk etorri ba'letorz, gu be areikaitik ezetsiak izango giñakela.
* * *
Ipuin onek darakusgu: bein ta barriz esan arren, ezta siñistu bear adiskide barri garealarik, adiskide zarren aurretik igaro-azten gaituezanen maite-ziurpenetan. Gogora daigun: gure adiskidetasuna zaartzean eta areik beste batzuk ezagutzean, adiskide barriok eukiko dabe ziurrik asko euren goragoko lekua.
18. Mirabe motza eta Aprodite
Mirabe motz gaizto batek bere nausiaren oneritxia ta maitasuna eukazan. Arek emoten eutson diruagaz bere burua apaindu ta dotoretu oi eban edergaillu diztikorrez, etxeko andrearen beraren pareko.
Oparirik asko eskintzen eutsozan Aprodite'ri be, edertu egiala eskatu ta esker ona erakutsiaz. Jainkosak, baiña, amesetan agerturik esan eutson:
Ez egidan eskerrik emon i eder egiteagaitik, i edertzat aukan gizon orren kontra su-artua naiabiln eta.
* * *
Bide lotsakorrez aberastu gareanean, ez gaitu arrokeriak itsutu bear; leiñargiko kumarik edo edertasunik ez ba'dogu, atan be.
19. Arranoa eta oillar biak
Oilloak tarteko, asarratu ziran oillar bi; batek uxatu eban bestea.
Sastraka batera baztertu zan azpiratua, bere burua an ostendurik. Garaillea, ostera, aidean tutar-tutarrez orma goi batera igonik, bular betean kantari asi zan, kukurru ta kurrukuku.
Arik laster, baiña, arrano batek osoan eratsi ta erpartean arturik eroan eban egazka.
Arrezkero, sastraka ostean gorde zan oillarrak, oso baketsu, ernal azo al izan zituan oilloak.
20. Eperra eta oillarrak
Oillar bi eukazan gizon batek eperra, etxetiarra bera, erosi ta oillarrakaz batera janaritzeko oillotegira eroan eban. Oillarrak kosk emendik eta kosk andik ez eutseen baketan izten; eperra, ostera, enda berezikoa zalako zeatu ta gogor artzen ebela uste izanik, apal-apal egoan.
Egun batzuk geroago, baiña, oillarrak eurak be euren artean burrukatzen zirala, ta bata besteagandik bananduten ziranean odolez beterik egozala ikusirik, bere kolkorako esan eban:
Ez naz gaurtik aireriaka ibilliko, oillarrak jo ta jo narabilleko; euren artean be ez dagoz baketan.
* * *
Ipuin onek darakusgu: gizon zentzundunak errez eroan oi dabez auzokoen iraiñak, oneik euren senitartekoeri be ez dautsela parkatzen ikusi ezkero, askoz geiago.
|