Bertolt Brecht'en kantak eta poemak
Bertolt Brecht
euskaratzailea: Otsalar
Ondore markatuak
Bonbardeoak guregana eldu baino anitz lehenago
bizi ezinezkoak ziren gure
uriak. Kaiño-zuloak
ezin zituen eraman
zikiñak.
Asmo gabeko erasoetan erori baino anitz lehenago,
oraindik zutik zeuden uriak igaro ondorean,
gure andrek ziren
alargun, eta gure semeek umezurtz.
Markatu zirenak hillobietara eror baino anitz lehenago,
adiskideak falta genituen. Kareak jan
zizkigunak ez ziren ia aurpegiak.
Herbesteraturik.
Lehen urteen gorde-lekua (1)
Madarien eta Sund'en arrean zauden etxea; errazu:
«Egia zeatza da» ezaupide zaharra
igesik joan zanak, denboretan edukia zure ormen artean,
irauntze ahal du bonbardeoen ondoreau?
(1) Brecht'ek orman idatzia jarri zuen ezaupidea: Die Wahrheit its Konkret (= Egia zeatza da).
Itzulera
Ene sortherria, zelan arkitu nuen?
Makiña bat bonbardeo ondorean
etxera itzuli naiz.
Ta nun da ene etxea? Khez ikusten diran mendi
handi haietan.
Erretzen dagoana,
hura da.
Ene sortherria, zelan hartu ninduan?
Ene aurretik dijoaz bonbardeoak. Amaika hilketak
nere etorrera adierazten dizute. Su-oldeak
aurreztu dute semea.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak?
Zer ukan zuen soldaduaren andreak
Praga'ko uri zaharretik?
Zapata parea, agur bat eta
takoidun zapatak ukan zituen Praga'tik.
Praga'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak
Vistula igarotzen dan Varsovia'tik?
Kolore ederdun liñuzko atorra
bat ukan zuen Varsovia'tik.
Varsovia'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak
Sund'ek bustitzen duen Oslo'tik?
Larruzko lepokoa ukan zuen Oslo'tik,
erregalu ederra Oslo'tik ukana.
Oslo'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak
Rotterdam'go uri aberatsetik?
Sonbreru eder bat ukan zuen
ta zein ederki ematen duen holandresen sonbreruak!
Holanda'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak
Bruselas'ko uri ederretik?
Andre guziak beti amets egin duten
arreun-xerra ukan zuen Bruselas'dik.
Bruselas'dik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak
Paris'tik, argiaren uritik?
Sedazko soineku bat ukan zuen
hura adiskideen enbidia! Paris'tik.
Paris'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak
Libia urrutiko Tripoli'tik?
Kate bat eta kuttunak,
kobrezko katea ukan zuen Libia'tik.
Libia'tik ukan zuen.
Zer ukan zuen soldaduaren andreak
Rusia'tik, bukaera gabeko lurralde hartatik?
Alargunaren buruko-beltza ukan zuen
hilletetara joateko, Rusia'tik.
Rusia'tik ukan zuen.
(Schweik Munduko bigarren Gerratean-dik, 1942).
Galileo'ren dotrina eta eritzia
Oro-ahaltsuak erran zuenean «Egin bedi»,
eguzkiari erran zion, bere aginduz,
kriselu bat eraman zezala munduaren jiran
neskametxo bat orbita inguruko bezala.
Zeren, beren nahia zen haur bakotxa
jira zezala bera baiño hobearen inguruan.
Eta ariñak asi ziren astunagoen inguruan bueltaka,
atzekoek aurrekoen ondorean, zelan lurrean ala zeruan,
eta aita santuaren bueltan jiratzen dira kardenalak.
Kardenalen bueltan jiratuz apezpikoak.
Apezpikoen bueltan jiratuz sekretarioak.
Sekretarioen bueltan jiratuz errejidoreak.
Errejidoreen bueltan jiratuz arotzak.
Arotzen bueltan jiratuz zerbitzariak.
Zerbitzarien bueltan jiratuz zakurrak, oilloak eta eskaleak.
(Galileo'ren bizitza-tik, 1938).
|