L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1969 III-IV Gazta¤adi (1969-uztaila/abendua) —<oler2836>




 

 

«Lapikoa»

Plauto'ren «Aulularia»

 

Plauto

euskeratzailea: A.M. Labayen

 

Ibinagabeitia Andima (G. B.)

elertizale jakintsu

eta

biotz zabaleko adiskide

miñari, oroitzapenez.

 

        PLAUTO EUSKERAZ

        Bein baño geiagotan burura etorri izan zitzaidan Plauto'ren komeriren bat euskeratzea gauza egokia litzakeala. Asmo hori beste asko bezela bazterrean utzirik neukan. Baiñan, orra nun! uste gabean gogo hura berriz piztu zaidan Aita Lino Akesolo'k orantsu-orain (1) argitarutako «Plauto Bascongado» lan ederra irakurriaz.

        Plauto'ren inguruan Aita Akesolo idazle bikaiñak ematen dizkigun berriak oso dira jakingarri, batez ere, bere errilijio anai Santa Teresa'ko Aita Bartolome euskeltzale ospetsuari buruz diardutelako.

        Jakiña da gure Aita Bartolo karmeldarrak Plauto'ren «Poenelus» deritzan komeriaren zati illun bat euskeraren bidez adierazi izan zitekela uste izan zuala. Ez naiz, ni, nere ezjakiñean «erudito» auzi hortan sartuko; eta are gutxiago Fray Bartolome'k egindako itzulpena ondo ala gaizki dagon erabakitzera.

        Eztabaida hori Lecluse euskeltzale prantzesarekin sortu zuan lendabizi; eta geroxeago gure Iztueta zaldibitarra ere tartean sartu zan, sasi-letradutzan, ala beharrez...

        Fray Bartolome ez zan isilik gelditu ta «Plauto Poliglota» beste lantxo batez erantzuna eman zuan.

        Olakoetan gerta oi danez auzia nahasi zan eta urrutitik ez dugu ikusten nork zuan arrazoi. Binbitartean «Poenelus»'en zatia lehen bezin illun gelditu zan, Rabelais'en «Pantagruel» puskarekin jazo zan arabera; alegia, asko ta asko falta dutela argitasun osoa egin dedin.

        Iñoiz gure jakintsuek illunpea zulatu ta egia egingo ahal dute.

        Ni, neu, nere aldetik, Plauto'k gure artean izan duan oraingotasunez jabeturik, aren komerietatik bat euskeratzera ausartu naiz, euskal kultura aberasteko asmotan, eta besteak baño gutxiago izan ez gaitezen. Aukeratu dudan lana «Aulularia» deritzana, ots!, euskeraz «Lapikoa», ala «Lapikoaren komeria» deitu genezakeana.

        Ain zuzen gallegoz «A Comedia da Oliña» argitaturik dagoana (2). - Kata!aneraz, berriz, aspaldidanik ezagutua dute: «La Commedia de la Olla» izenez. Azken aldi hontan «L'Oliba» taldea ume-teatrotzat antzezten ari dana.

        Ez dago esan beharrik gazteleraz, prantzesez, alemanez, eta europar izkuntza geienetan itzulirik dagoala.

        Euskeratze lanean nik geien bat Blanco Garcia'ren ardurapean azaldutako gaztel itzulpenaz baliatu naizela aitortu behar dut (3).

        Baita ere Ch. Georgin «Le Theatre À Rome» latin-pusketak dituan eskola liburua begi aurrean izan ditudala.

        Guzien beharretan arkitzen da itzultzallea, ezen, «Aulularia» dalakoa ez bait da iñon oso osorik arkitzen. Utsune askotxo omen ditu ta gaia Codro Urceo polonitarra, ta Ph. Pare prantzesak eta Oxford'eko Lindsay jakintsuek asmatutakoaz beterik daude.

        «Aulularia» euskeraz nola «Lapikoa» biurtu dan esatea bidezko dala esatea derizkiot. Lapiko izena, eltze, ontzi edo beste edozein baño borobillagoa dala uste izan dut. Gaia ta jardunean Garcia Blanco'ren textoari jarraitu diot, naiz leku gutxi batzuetan, bestetatik ere zerbait arturik.

        Elkarrizketan Blanco Garcia'k beti «tu» bigarren personan erabilli arren, erderaz oi danez, gure «zu» leun ta biguñegia iruditu zait eta zenbait lekutan «iketako» aditz jokuak sartu ditut, jardunari indar eta bizitasun geiago eman nahiez.

        Antziñan gizonezkoek elkarren artean «ika» itzegiten omen zuten, bai griego-elendarrek eta bai gero laziotarrek. Gazteleraz Vuestra merced (Ud.) ta euskeraz «zuka» mintzatzea geroztik sartutakoa dala, gramatikariak diotenez. Baiñan hontan ere ez datoz guziok bat.

        Azkue'ren iritzian (4) berriz, «ika»ri dagozkion aditz-jokuak ez dira ain zarrak, bestela, «zukakoa» ezin bizi al izango omen zan. Gañera, naspilla aundia sortzen duala dio, ta berak guzia gogoz kenduko lukeala; alik eta gutxiena erabilli bai beintzat.

        Bigarren personaren jardun zuzenean bai baiñan ez zearkakotan. Bein «itano» aditz jokuan giza-emakumea berezi ezkero zukako aditz jokuari amore eman dezaioke errezago bait da. Ala uste dut neronek ere. Erri-usarioa ere bide hortatik doa. Amaseigarren mendean Leizarraga'k Jainkoa'ri ere ika egiten zion: «Hire izena, hire erresuma» esanez. Geroztiko kristau ikasbide ta otoitzak diote: «zeruetan zudeena»; «zure erreinua» abar eta abar. Gaurko liturjian apaizak aldaretik otsegiten digunean: «Jauna zuekin» guk erantzuten diogu: «eta zure espirituarekin» ta ez «ire espirituarekin» naiz erderaz: «con tu espiritu», esan. Mendiburu'ren «Otoitz-Gai» liburuetan irakurtzen da Jainkoak Adan'i «ika» itzegiten: «Ontatik jaten baduk galduko duk ik ire bizitza».

        Eta Eba'ri berriz: «Jan dun erorrek eta jan arazi dion «Adan'i»

        Gañerantzekoa «zuka» jarraitzen du. Nik ere aditz jokuak nahasian erabiltzen ditut erriaren antzera: Nagusi batek jopu edo morroiari itzegiten dionean, «ika» noski. Eta baita ere jende xehak beren arteko jardunetan, gure bertsolariek egiten duten eran: Esate baterako Xenpelarrek.


Nagusia:         Praskutxo zer dakarrek ik nere erritik

                aspaldian ez diat ango berririk...

Morroia:         Nere nagusi jauna etxeko berriak dira

                ezin geiago negargarriak...


        Aditz-jokuak nere belarriz, gramatikariei begira gabe Tolosa inguruan entzuten diranetakoak. Erri batetik bestera aldakuntzak dirala ba-dakit, batik bat «IZAN» aditz joku laguntzaleetan.

        Adibidez: Jan- ditu = G. Jan dizkik; eta E. Jan dizkin. Eta ez «zetin» zetik, zetunat, zetunan, beste zenbait tokitan erabil oi diran bezela. Z izki hau aditz labur edo sintetikotako irugarren personetan ezaguna da: Ibil = zebillek, etorri, zetorrek; ekarri = zekarrek; jakin = zekik, abar eta abar. Eta aski da nik gorrotatzen ditudan gramatikeriaz...


* * *


        Azkenik, zerbait esan zagun «Aulularia» ta bere egille izan zan Tito Maccio PLAUTO'tzaz. Jesukristo aurreko (254- 184) urteetan bizi izan zan. Arrezkero, ark sortutako teatro-komeriak eta bertan ausarki agertzen dituan ateraldi, izkirimiri ta zirtoak erromatarrei ez ezik mundu guziko jendeari parregin arazi die. XV-XVI mendetan gertatutako Pizkundeak Plauto'ren ezaguera Europa zear zabaldu zuan eta geroztik aren lanen itzulpenak izkuntza jakitun guzietara egiñak dira.

        Aren antzera Moliere'k «L'Avare» eta Tartuffe tankera irritsuan tajutu zituan. «Lapikoa» Zikotza'ren antzirudia da. Orain eta beti. Gizonaren griñak ez bait dira batere aldatu. Beraz, orduko gaiek gaurko balio dizute gutxi-gora behera... Gauza berririk sortzea zeregin gaitza dala erakusteko kritikariak Plauto eredutzat jartzen dute, latiñezko literatura griegotik artua dala esanez. Plauto, Menandro, Filemon eta kideen jarraitzalletzat jo behar dugu. Plauto'ren komeriarik ospetsuenak: «Amphitrion» «Captivi», «Miles Gloriosus» eta nik euskeratua dizudan «Aulularia» dezute. «Poenelus» deritzana gure Fray Bartolome karmeldarrak begiko izan zuana ere grezitarren iturburutik isuritakoa omen da, naiz garbi jakin ez nundik datorren.

        Españia'n ere Plauto'k bere kutsua utzi du «La Celestina» eta beste teatro-lanetan V. Blanco Garcia Zaragoza'ko Universidade-maisuak dionez. Gazteleraz itzultzalle asko izan du: Villalobos, Timoneda ta Menendez y Pelayo besteen artean. Gallegoz eta katalaneraz ere itzulia dago goraxeago aitatu dugun bezela. Euskerazkoari ere etorri zaio «txanda» eta emen duzute nere «Lapikoa» eltzekari arrunta sukaldari trakets onek maniatua... Alare uste dut teatro zuzendari-errejidore erne batek bere esku artutik antzezkizun bizi ta giartsu bat antola dezakeala. Plauto'ren gaia gaurkotuaz bai irudi, jantzi, jardun eta zimikoz, ziñez erakusgarri izan diteke oraingo gizartearen jolasaldirako.


(1) Lino de Aquesolo: «Fr. Bartolome de Santa Teresa y su Plauto Vascongado». B. R. S. A. P. numeros 3-4º. San Sebastian, 1968.

(2) Iglesia Alvariño.— Ed. Galaxia. Vigo, 1962.

(3) Plauto - Comedias Ed. Aguilar. Madrid, 1962

(3) Librairie Hatier. Paris.

(4) «Morfología Vasca». Bilbao, 1925.

Tolosa, 1969

 

 

Plauto'ren «Aulularia»

Lapikoa

 

Komeria

Bost Ekitalditan

A. M. Labayen'ek itzulia

 

 

JOKU-LAGUNAK

 

LAR: Etxe-Jainkoa

EUKLION: Agure zekena

FEDRA: Euklion'en alaba

ESTAFILA: Euklion'en mirabea

MEGADORO: Agure aberatsa

LIKONIDES: bere illoba

ESTROBILO: Megadoro'ren morroi-jopua

EUNOMI: Megadoro'ren arreba

ANTRAX: sukaldaria

KONGRION:   "

FRIJIA: txibilitu-jotzallea

EULESI:   "             "

PITODIKO: morroi-jopu

ESTROFILO: Likonides'en morroi

ZIGOREMALLEAK.

 

GERTA-LEKUA = ATENAS edo Euskal-erriko edozein tokitan.

ANTZEZTOKIA = Erdian FEDE - ONAREN JAURETXEA; sarrera aurre ederrez; alboan etxe bana. Atzealdean oiana. Besterik ez.

 

ITZAURREA

 

LAR-JAINKOA: Ni, neu, nor naizen? Iñork arriturik galdegin ez dezan, neronek itz gutxitan esango dizuet. Jakin zatute bada, ateratzen ikusi nazuten etxe ontako Lar-Jainkoa nazutela. Urte asko da emen bizi ta bertako nagusia zaindu eta begiratzen dudala, bere aita ta aitona zaindu nituan eran.

        Aitona zanak altxor bat erakus zidan supazterrean ezkutaturik zeukana, iñork jakin ez zezan, isilpekoa gordetzeko esanez.

        Hura il zalarik —gizonaren zekena!— ez zion semeari isilpekoa agertu nahi izan. Altxorra erakustea baño, obe zerizkion semea mixerian uztea. Lursoro koskor bat besterik ez zion laga neke ta lan gogorra egiñez bizi zedin.

        Agure zikotza ildakoan, oartzen asi nintzan, ea semeak aitak baño geiago ohoratzen ote nindun. Baiñan nitaz gero ta arreta gutxiago zuala ikusi nuan. Nik, neuk era berean ordaindu nion, eta bizi ala il egin zan.

        Ark seme bat utzi zuan orain etxe ontako jabea dana, ta aita eta aitona izan zituan oitura berberak dituana. Ez du alaba bat besterik. Onek bai, egunero, intzentsu, ardo ta beste esku-erakutsiak eskeintzen dizkit; eta lore-koroiez apaintzen nau. Jaiera hau saristatze arren alegindu naiz, aren aita dan Euklion'ek altxorra azaldu dezan. Onela alaba oparo ezkonduko dualakoan.

        Hau, bana-banako gazte batek liluratua du. Berak neskatxa nor dan ondo daki, baiñan onek, ordea ez du limurtzalea ezagutzen.

        Aitak, berriz, ez daki tutik, gertaturikoaren berri. Niri dagokit jaun zahar bati neskatxaren eskua eska araztea, onela maitaleak arekin ezkontzeko egokiera izan dezan, bada ezkontza-eskea egingo daun auzoko agure hori, neskatxaren ohorea Zeres'ren gau-jaia batean laidoztu zuan gaztearen osaba bait da.

        Alabaiñan, entzun: Euklion agurea etxean karraxika ari da oitura duanez. Ba- al dakizute zer gertatzen zaion?... Neskame daukan atsoa kampora bota nahi duala ezer jakin ez dezan.

        Seguru asko urre-lapikoari begiraldi bat eman nahiko dio. Beldur bait da ez ote dioten ostu!

 

 

I EKITALDIA

 

I'go Agerraldia

Euklion eta Estafile

 

EUKLION: Emendik ateratzeko esaten diat! Irten kampora! Ikusmiralle!, Ispi begi oriekin!

ESTAFILE: Zergatik onoko doakabe hau ain zakar astintzen dezu?

EUKLION: Benetan doakabe izan aizenan eta merezi dunan bizimodu txarra eraman dezanan.

ESTAFILE: Baiñan, zergatik ni orain etxetik kampora bota?

EUKLION: Eta nik esan behar al diñat? asun-zotal hori! oa ate ortatik! Anka! (jendeari) ikus nola dijoan! (Estafile'ri) Ba- al dakin zer emango diñatan? ba... makilla akulluduna artzen ba ditut txaberama (tortuga) pausoa bizkortuko zain...

ESTAFILE: (Berekiko). Obe izango nuan Jainkoek urkamendira bortxa ba ninduten zure etxean joputzat serbitzea baño.

EUKLION: Zer ari da gaizkille hori orztartean marmarizuan?... (Estafile'ri). Begiak aterako dizkiñat nik egiten dudan guzia ikusmira ez dezanan. Oa! oa aruntzago! Geiago oraindik! Geldi or! Leku ortatik mugitzen ba-aiz behatz ala azkazal luzeaz bederik; burua itzultzen ba'dun nik baimenik ez eman bitartean, gurutz zigorrera bidaliko aunat, ikas dezanan. (Jendeari). Ez dut beiñere ikusi atso hau baño okerragorik. Beldur naiz ain da zalataria, urrea nun dagon gordea usmoa ar dezala. Maltzur alenak bizkarrean ere begiak bait ditu! Noan, noan!, ikustera urrea nik utzitako lekuan ote dagon. Onek ematen dizkit kezka ta buruausteak!... (Bijoa).

 

II AGERRALDIA

Estafile, bakarrik

 

ESTAFILE: Iñondik ezin asma dut —Jainkoek lagun nazatela!— zer gertatzen zaion nere nagusiari, ala zer eroaldiak jo duan, onela, ni gaxoa hau, egunean amar aldi, etxetik bialtzeko. Ez dakit zer nolako burrunda jabetu dan gizon ortaz gau osoak begirik itxi gabe igarotzen ditu ta egunez zapatari errenaren antzo alkian eserita jeikitzeke gelditzan da.

        Bestalde, neskatxaren ezbeharra ezin izkutatu ahal izango diogu luzarago ohean sartzeko zorian bait dago. Niretzat onena abe batetik lepozamarra zintzilik jartzea izango litzake.

 

III AGERRALDIA

Euklion et Estafile

 

EUKLION: (Sarturik, albora mintzatuaz). Alare, etxetik lasai irten niteke, barruan guzia osorik dagola ikusiaz. (Estafile'ri). Sar adi barrura ta zaitu zan bertan dagoana.

ESTAFILE: Zer ordea? Zer nahi duzu nik gorde dezadan? Etxeko ormak eraman ote dituzten beldur al zera ala?... Zer beste ostu dezateke lapurrek? Emen ez bait dago arratoi eta armiarmasare besterik!

EUKLION: Miragarri izango uke ire arpegiarengatik Jupiter'ek Filipo edo Dario erregen ondasunak eman zenidala. Sorgin! iru aldiz sorgin! Ik esandako armiarmasareok ere gorde nahi dizkiñat. Pobre naun, bai, egia den, baiñan egonarriz Jainkoek emandakoekin bizitzen naun. Beraz oa barrura ta atea itxi zan. Laister naun berriz emen. Eta kontuz, etxean arrotzik sar ez dedin.

        Iñortxo su-billa etorri ez dedin onena itzaltzea izango den, orrela ez diten izango ezer galdetzeko aitzekirik. Ni itzulitakoan sua ez ba-dago itzalita eorri itzaliko aunat. Beste norbait ur-billa baldin ba zetorren, esaion guzia isuria dala. Eta Aiztoa, (Labana) aizkora ala almaitza edo antzeko tresnarik eskatzera datozen auzokoei, esaien lapurrek etorri dirala eta guzia eraman dutela.

        Ez diñat nahi iñor sar dedin. Andre Zorion ber bera etorriko ba litz ere entzun! Ez zaion utzi etxean sartzen.

ESTAFILE: Polux arren! Jainko-andre horrek ez digu batere ikustaldirik egiten. Ez da beñere bixitan izan naiz jauretxea or aldamenean izan.

EUKLION: Itxi zan ahoa eta oa barrura.

ESTAFILE: Isildu naiz eta ba-noakizu. (Bijoa etxeruntz).

EUKLION: Itxi zan atea tranka ta zerrallu biaz. Berehala naun berriz emen.

 

IV AGERRALDIA

Euklion (bakarrik)

 

EUKLION: Kezka larriz beterik nago etxetik atera behar ontaz. Gogo txarrez noa zakurra sokatik bezela. Baiñan zer egin? Erruki-etxeko nagusiak auzokoen artean diru banaketa agindua omen du. Ez ba-noa, ta nere zatia artzez uzten ba dut, susmo gaiztoa sortuko zaie: alegia, ez al da ala?: nere etxean altxorren bat gorderik daukadala-ta... Ezin sinis bait diteke behartsu batek zillar-txanpon batzuek arbuia ditzan. Ala fede! ezer ez daukadala alegintzen ari naizenean guziok badakitela derizkiot. Eta irriparrez lehenago baño gozoago agurtzen nautela dirudi. Niegana datoz, gelditzen zaizkit, eskua ematen nola nagon galdetuz, zertan naizen eta nola dijoazen nere arazoak. Azkenik noan, noan nere bidetik eta onela itzuliko naiz etxera alik eta laisterren.

 

 

BIGARREN EKITALDIA

 

I AGERRALDIA

Eunomi ta Megadoro (anai-arreba)

 

EUNOMI: Esatera noakizun itzok, anai, dizudan maitasunez solastuak dirala uste izatea nahi nuke, eta zure onerako esanak, berezko arreba on baten diñakoak.

        Emakumezkoak, beti, gogaikarritzat eta mingainluzetzat gauzkatela ba-dakit eta ez dala egundaño, iñon emakumezko muturik arkitu, diotela jendeak.

        Alaz eta guziz, pentsa zazu, anai, ez daukadala munduan zu baño aide urbillagorik. Eta bidezko dala, elkar zaindu ta batez beste elkarri komeni zaizkigun aolkuak ematea, zuk niri, aña, orobat nik zuri ere. Eta ez beldurrez elkarri ezer kolkoan isil gordetzea. Orregatik kampora deitu zaitut: zurekiko isil arazoaz jardun dezagun.

MEGADORO: Ekatzu esku hori! emakumeetan bikañena!

EUNOMI: (Ingurura begiraturik). Nun da emakume bikain hori? Zein da bera?

MEGADORO: Zeorri!

EUNOMI: Ni, neu? Eta zeorrek esaten al didazu?

MEGADORO: Ukatzea gogo ba-duzu, uko egingo dut.

EUNOMI: Zu bezelako gizon batek beti esan behar du egia. Ez da emakumezko bikañik. Zein baño zein txarragoak bait dira.

MEGADORO: Uste hortan natzaizu ni ere ta orrela gura duzunez ez dizut ezezkorik esango.

EUNOMI: Entzun nahi al didazu, arren!

MEGADORO: Adi, adi naukazu. Esazu gogoak ematen dizun guzia.

EUNOMI: Zure onerako gehienik komeni zaizun aholkua emango dizut, ba...

MEGADORO: Ai! arreba! Beti lelo horrekin ari zera.

EUNOMI: Ba, ta nik esandakoa egitea nahi dut.

MEGADORO: Baiñan, zertaz diarduzu?

EUNOMI:-Bizi guzirako zure zoriona izango diran seme-alabatzaz...

MEGADORO: Jainkoek, ala opa dezaidatela!

EUNOMI: Horretarako etxera emazte bat ekarri behar duzu.

MEGADORO: Ai ene! Orduan galdua naiz!

EUNOMI: Zergatik ordea?

MEGADORO: Arri koskorrak antzo zure itzok buruko miña ematen didatelako.

EUNOMI: Egizu arrebak esandakoa, gizona!

MEGADORO: Egingo dut, arreba, nere gogokoa baldin ba'da.

EUNOMI: Zure onagatik diot...

MEGADORO: Orduan, ezkondu baño lehen obe dut il... Billa zaidazu ezkontza-biharamonean ilko dan emaztea. Baldintza honekin eztaiak gertutzen asi ziñezke.

EUNOMI: Bat ekarriko dizut dote aundia dizuna, baiñan zahar samarra. Gara erdia pasatuxea du. Zure izenean egingo diot eskea.

MEGADORO: Niri, galdera bat egiteko baimena ematen al didazu?

EUNOMI: Galdegin dezakezu gogoko zaizuna.

MEGADORO: Gizon umotu bat adiñez aurrera dijoan emakumezko batekin ezkontzen baldin ba-da ta txantxetan aurdun gelditzen ba'da, zer izen uste duzu jarri behar zaiola aurrari, «ume

zurtz» izena ez ba'da?

        Oraintxe bertan kezka ortatik arinduko zaitut, arreba. Jainkoei ta nere asabei esker ez naute lilurazten ez agintaritza, ez aberastasun eta ez ohore dirdaiek!

        Ez marfillezko gurdi, ez purpura jantzi eta ez beste zer nahi girgallerik oi danez senarrok jopu biurtzen dituztenetako horiek!...

EUNOMI: Esaidazu, orduan norekin ezkondu nahi duzun.

MEGADORO: Aguro! gañera! Ezagutzen al duzu Euklion or bertan bizi dan agure xahar hori?...

EUNOMI: Ez dot ezagutuko bada. Ez dirudi gizon txarra danik.

MEGADORO: Ain zuzen, bada ezkongai daukan bere alaba batekin elkartu nahi dut. Ez itzik atera, arreba, zer akatz arkituko diozun ba-dakit. Alegia pobrea dala. Baiñan dirugabea izanagatik bera da atsegin zaidana.

EUNOMI: Jainkoek lagun zaitzatela!

MEGADORO: Uste ortan nago.

EUNOMI: Zerbait geiago gura al duzu?

MEGADORO: Ba-zoazkela, ondotxo!

EUNOMI: Orobat zu ere! (Bijoa).

MEGADORO: Euklion etxean ote dan ikustera noa. Baiñan zertan ari naiz! Ortxen dagota. Nundik etorri ote da?

 

II AGERRALDIA

Euklion eta Megadoro

 

EUKLION: (Megadoro ikusteke). Etxetik irtendakoan antzeman nion astia alperrik galtzera nijoala. Orregatik gogo txarrez atera nintzan. Ez nuan Errukiki-etxeko kidetatik iñor begiztatu. Ezta diru banaketa egin behar zuan mai-bururik ere. Beraz, noan etxeruntz laisterka-laisterka. Gorputzez emen ba-nago ere, gogoa an bait daukat.

MEGADORO: Agur Euklion!: Osasun eta diru!

EUKLION: Jainkoek gorde zaitzatela Megadoro.

MEGADORO: Eta zu, zer modu? Bizkor al zaude?

EUKLION: (Albora). Aberats batek behartsu bati arrera ona egitean susmo txarra artzen dut. Nunbait, urrea daukadala zerbait jakin du eta hori dala-ta agurtzen nau ain amultsu.

MEGADORO: Zer ari zera bakarka ausnartzen? Onik al zaude ala ez?

EUKLION: Ez ain ondo... diru-kontuan.

MEGADORO: Zere barrunbea lasai baldin badaukazu, aski duzu hori ongi bizitzeko.

EUKLION: (Albora). Ala jainkoa! Atsoak nere urrearen kontua salatu diola egingo nuke! Hau eguzkia bezain argi dago. Etxera itzul dedinean mingaiña ebaki eta begiak aterako dizkiot.

MEGADORO: Baiñan, zer ari zera beti zere buruarekin itzegiten?

EUKLION: Nere gabeziaz errukitzen naiz. Alaba bat ezkongai, ba-dizut, gaxoa doterik gabekoa, ordea. Ez dakit nori emaztetzat eskeñi ta ez dit iñork artzeko eskerik egiten.

MEGADORO: Zaude isilik, Euklion, eta izazu kemen! Zure alabak dotea izango du. Neronek lagunduko zaitut. Esaidazu zer behar duzun.

EUKLION: (Albora). Hau eskeintzera datorrenean zerbait irriki duala siñale: ahoa zabaldu du nere urrea irentsi nahiez. Esku batean arri-koskorra eta bestean ogia erakusten dizkit. Ez naiz fio pobre batekin ain losintzalle agertzen dan aberats batez... Lendabizi luza eskua leunki gero zama aztuna bizkar gañera botatzeko. Antzeko olagarro pizti arrapatzailleak ondotxo ezagutzen ditut.

MEGADORO: Egizu kasu, Euklion! Unetxo bat. Zuretzat eta niretzat arduratsu diran itz bi esan nahi dizkitzut eta...

EUKLION: Ai ni doakabe alena! Urrea arrapatu didate! Orain horrek nerekin tratuan asi nahiko du. Ziur! Noan lehenago etxea miatzera.

MEGADORO: Nora zoaz gizon?

EUKLION: Bereala nator. Etxera noa zerbait ikustera (bijoa laisterka).

MEGADORO: Alaba aipatzen diodalarik ezkontzan eman dezaidan, sinisturik nago iseka egiten diodala usteko duala. Ez bait dago pobre guzien artean hura añako miserablerik...

EUKLION: (Berriz sartuaz eta albora mintzatuz). Alare! Jainkoek babestu naute. Salbo daukat guzia. Eta salbo dagoana, bixtan da ez dala galtzen. Geiegizko beldurra izan nuan. Etxean sartu aurretik ea, ezin ar nezakean asnasik-eta... (Oiuz). Zuregana natorkizu, Megador. Zerbait gure ote dezun edo...

MEGADORO: Eskerrikasko... Zera... bakarrik... egingo dizkizudan galdekizunei erantzutea nahi nuke.

EUKLION: Noiz eta gogoko ez zaizkidan gauzarik ez didazun galdegiten...

MEGADORO: Ez. Esate baterako... nire jatorriaz zer iritzi duzun...

EUKLION: Oso ona.

MEGADORO: Eta itzeko gizona ote naizen uste al duzun.

EUKLION: Baita ere.

MEGADORO: Eta nere eginkizunaz... zer?

EUKLION: Ez dirala ez txar, eta ez lotsagarri.

MEGADORO: Zenbat urte ditudan ba al dakizu?

EUKLION: Asko dirala ba-dakit, zure ondasunak añakoak...

MEGADORO: Nik ere zu gizon prestutzat zauzkat, eta uste hontan nagokizu.

EUKLION: (Albora). Honek nere urrearen usaia artu dik! (Megador'i). Orain, zer behar duzu nitaz?...

MEGADORO: Zuk ta nik, elkar ondo ezagutzen dugun ezkero, alabaren eskua eskatzen dizut. Bion eta neskatxaren onerako izango bait da, naski... Itz ematen al didazu?

EUKLION: Begira, Megadoro! Ez da egoki ni bezelako batengatik par egitea; ez bait dizut ez zuri ta ez zuretarrei kalterik egin. Ez nere itzez ez eginkizunez ez dut merezi izan zuk orrela jardutea.

MEGADORO: Zin dagizut, ez natorrela zutaz irri egitera. Hori billaukeria litzake.

EUKLION: Orduan, zergaitik nere alaba emaztetzat eskatzen didazu?

MEGADORO: Zure zoriona egitearren eta zuk eta zuretarrok nerea egin dezazuten.

EUKLION: Baiña, Megadoro, onoko hau bururatzen zait. Alegia, zu gizon altsu ta aberatsa zerala eta ni aldiz, behartsuen artean behartsuena. Nere alaba zurekin ezkontzen ba-dut, zu, uztarriaren idia izango zera, ta ni berriz astoa. Idia astoerakin uztartuta dagoalarik, honek ez du ark bezela zama eramango ahal izan. Eta astoa loitan etzinik geldituko dala gertatuko da; eta idiak ez duala nitaz ardurarik izango, jaio izango ez ba-nintz antzo.

        Zuk batere errukirik gabe begiratuko ninduzuke; eta nere kidekoak par egingo lukete nitaz. Elkarrengandik bereziko ba'giña ez nuke iñongo lekuan ikullu segurorik arkituko. Astoek aginka jango bait ninduteke; eta idiek adarka eraso. Nere patu izugarria hori litzake asto izatetik idi izatera biurtuko ba'nintz.

MEGADORO: Zure aideak zenbat eta goragokoak izan ainbat obe zuretzat. Onetsitzazu nere esanak; kasu egizu eta emaidazu alabaren eskua...

EUKLION: Ezin diot ordea doterik eman...

MEGADORO: Ala izanik ez deus eman. Doterik aski du bere oitura onekin.

EUKLION: Hau garbi jarri nahi dizut diru-altxorra arkitu dudala ez dezazun uste.

MEGADORO: Ez daukazu esan beharrik, zure itza ematea naikoa da.

EUKLION: Alabitz!... (albora zerbait entzun izan ba'lu antzo). Ala Jainkoa! Nere burua galtzen ari ote naiz?

MEGADORO: Zer gertatzen zaizu, bada?

EUKLION: Zer nolako burni-tampatekoak dira oriek? (Etxeruntz joanez).

MEGADORO: Etxeko baratza atxurtzeko agindua eman bait dut. (Entzungor eginda joan dala ikusirik). Erantzupen garbirik emateke alde egin dit. Ez nau aintzakotzat artzen bere adiskide izan nahi dudala ikusita... Onelakoa da jendea. Aberats bat pobre bati mesede eskatzera badijoakio, hau bere burua lotuko ote duan beldur da; behartsuaren kaltean. Adiona pasa ta gero irrikitzen asiko da, beranduegi ordea.

EUKLION: (Berriz sarturik eta Estafila'rekin jardunean ariko balitz antzo). Mingaiña errotik atera dezaizutela ez ba dut orain bertan agintzen, ba-zoazke neretzat «txikiatzaillearen billa». Baimena ba-duzu.

MEGADORO: Jainkoek dira lekuko, Euklion, zuk nere zartzaro ille-urdiñak oartzeke jolastarako gaitzat naukazula. Ez al da ala?

EUKLION: Ezta urrik eman ere Megadoro! Neroni ere jolastarako gauza al naiz bada?

MEGADORO: Zertan gaituzu bada? Azkenik zure alabaren eskua ematen al didazu, bai ala ez?

EUKLION: Esandako dotearekin bai.

MEGADORO: Itza ematen al didazu.

EUKLION: Bai jauna.

MEGADORO: Orduan Jainkoek oniritzi gaitzatela!

EUKLION: Alabitz! baiñan ez ahaztu esandakoa: nere alabak ez duala doterik eramango.

MEGADORO: Gogoan daukat.

EUKLION: Bai nik ere, zuek gauzak nahasten dituzutela; ta tratua ez tratutzat, eta itunbena ez itunduz jokatzen duzutela, gogoak ala ematen dizutenean.

MEGADORO: Nerekin ez duzu eztabadarik izango. Eta eztaiari buruz, ba al da ziorik gaur bertan ez ospatu al izateko?

EUKLION: Fitxik ez! Ongi derizkiot gaur bertan ospatzea.

MEGADORO: Orduan, gertakizunak egitera noa. Zerbait behar ba-duzu.

EUKLION: Ez, ameto!, ados nagozu. Agur!, zoaz ondotxo.

MEGADORO: (Urrutiraturik). Estrobilo! Jarraikidak merkatura! (bijoa).

EUKLION: Alde egin du. Jainko ilezkorrak! Urrearen ahalmena! Erabat ziur nago Megadoro horrek etxean ezkutaturik daukadan altxorraren berri ba-duala eta zurrupatu nahiez dabillela. Arrazoia hori du ain leia biziz eztaia aurreratzekoa.

 

III AGERRALDIA

Euklion eta Estafile

 

EUKLION: Nun abil? Nere alabari dotea eman behar diodanala auzo guzian zabaldu ta gero? (Isilunea) Estafile! Iri otsegiten diñat bai! Ez al den entzuten? (Estafile Euklion'en etxetik irtenaz). Garbi itzan aguro ta barrendik ontzi guziak. Arestian nere alabaren eskua Megadoro gure auzokideari eman zionat eta...

ESTAFILE: Jainkoek lagun zakidatela!, baiñan eziñezkoa da: aguroegi joatea da hori guzia.

EUKLION: Iso eta anka! Plazatik itzul nadinean egon dedilla guzia prestu. Itxi sendo; berehala naun emen berriz. (bijoa).

ESTAFILE: Zer egin orain?... A zer nolako ezbeharra datorkigun buru gañera nagusiaren alabari ta neri. Gaxoa laister aurra egiteko dago ta lotsa ezin izkutatuko dugu geiago... Orain barrura noa, nagusia itzulitakoan agindutako guziak gertu egon ditezen. Beldur, naiz. Ala Jainkoa!, edaria garraztasunez nahasturik txasta beharko duala.

 

IV AGERRALDIA

Estrobilo, Antrax eta Kongrion

 

ESTROBILO: Nere nagusiak plazan erosketak egin ondoren sukaldari ta txistu-jotzailleak kontratatu dizkik. Guziarekin erdibana egiteko esanez.

ANTRAX: Nere buruarekin ez ahal duk hori eginen... Nik zerbait egitea nahi ba'duk oso-osorik artu beharko nauk.

KONGRION: A zer nolako milixka ta lotsati alena ez bestena! Azal hori! Norbaitek artuko ba'inkek ire burua erdibanatzen utzik uke, bai!

ESTROBILO: Ez duk hori, ANTRAX: Ik era txarrera artu duk. Beok! Nere nagusia ezkondu egiten duk...

ANTRAX: Norekin?

ESTROBILO: Auzoko Euklion'en alabarekin. Eta erositako erdia ara eramatea agindu dik. Ots sukaldari ta txistu-jotzaille bana.

ANTRAX: Beraz, erdia onerako (Euklion'etxea siñalaturik); eta beste erdia gure etxerako?

ESTROBILO: Hori bera!

ANTRAX: Zer dala-ta? Agure horrek ezin leporatu ahal ditu alabaren eztai-gastu guziak edo zer?

ESTROBILO: Bai, bai, toki onean!

ANTRAX: Zergatik ez?

ESTROBILO: Eta ik galdegiten al didak?... Ez al dakik agure hori erdoitutako burni zahar baño idorrago dala?

ANTRAX: Ez duk orrenbeste izango.

KONGRION: Benetan ari ba'da...

ESTROBILO: Eorrek juzga! Erabat jo-ta, ondaturik dagoala esaten bait dik! Jainkoei laguntza eskatzen zioek; noiz ez gizonei, etxeko tximinitik kea ateratzen ikusten duanean. Ohera joandakoan ere ahoa estaltzen omen dik zapi batekin...

ANTRAX: Zertarako?

ESTROBILO: Lotan dagon bitartean arnasa alperrik gal ez dedin...

ANTRAX: Eta atzekoaldeko ahoa ere estaliko dik orduan... aizea igesi joan ez dakion. Noski...

ESTROBILO: Sines nazak nik neuk sinestuko indukek bezela.

ANTRAX: Bai gizon! Sinisten aut!

ESTROBILO: Ba-duk zerbait geiago ere! Arpegia garbitzen duanean isuritako uraz nigar egiten dik.

ANTRAX: Orduan ez diat uste agure ortatik txanponik atera litekeanik gure libertadea erostearren.

ESTROBILO: Ezta gosea ere, eskatu ezkero ez likek horrek ernango. Orain gutxi bizargilleak azkazalak moztu zizkioken eta puskatxoak jaso egin zizkidan eta...

ANTRAX: Jainkoa'gatik! Mixeria beraren irudia duk hori!

ESTROBILO: Bai, aren mixeria ezin sinetsi alakoa duk. Lehengo egun batez zapelats batek janari zerbait ostu omen zioken. Bada nigarrez eta korrika Errejidoreangana joan omen uan eta antzika zapelats hura auzitara eramateko eskatuz. Orrelako beste amaika gertakizun kontatuko nizkikek denborarik ba'nu. Gu biotatik, nor duk bizkorrena?...

ANTRAX: Ni, i baño askozaz geiago.

ESTROBILO: Nik sukalde lanerako esan nahi diat eta ez litxarrerirako.

ANTRAX: Bai, bai sukalde kontuan ari niñuan...

ESTROBILO: (Kongrion'i). Eta ik zer diok?

KONGRION: Ni?, bada ikusten nauken bezelakoa naizela...

ANTRAX: Bai, merkatu eguneko sukaldari, besterik ez. Bederatzi egunez bein lan egiten duaan orietakoa.

KONGRION: Eta, i sei letrako piztia, lapurra aizen horrek, ni arbuiatzen ausartzen al aiz?

ANTRAX: I aiz, i lapurra!

ESTROBILO: Zaudete isilik!, beingoan! (Antrax'i). Emen dauden bildots bietatik ar zak gizenena eta eraman zak etxera.

ANTRAX: Bapo ziok!

ESTROBILO: Eta ik Kongrion! Artu eta eraman zak bestea... Euklion'enera... (jatenakin etorritako mutillak bi sailletan bereizten ditu). Zuek jarrai zakizkiote horri; eta zuek neri...

KONGRION: Banaketa ez zegok ongi egiña. Aiek bildotsik gizenena zeramakitek eta...

ESTROBILO: Zuek aldiz... txistu-jotzaillerik mardulena... Ua berarekin Frijia... eta i Eulosi, ator gurekin.

KONGRION: Estrobilo azaria! Beraz ni agure zikotzaren etxera bialtzen nauk. Arengandik ezer iritxi baiño lehen zintzurra larrutuko zaidak.

ESTROBILO: A zipotz!, iri mesede egitea denbora galtzea duk.

KONGRION: Kontu horrekin zertara atorkidak?

ESTROBILO: Ik galdegitea ere! Beok: Euklion agureak, etxean morroi-talderik ez daukan ezkero zer nahi gauza zurrupatu ezakek iñori eskatzen ibilli gabe. Gure etxean, aitzitik izugarrizko iskamilla zegok: morroi asko, puska pitxi, jantzi, zillar-ontzi eta abar. Zerbait falta baldin ba'da (eta ik begi-aurrean ikusi ezkero ez duk utziko) bereala esaten asiko dituk: sukaldariak izan dituk ebasleak: arrapa itzagun, estu lotu ta bota putzura! An berriz ez zaik orrelakorik gertatuko. Ez bait zegok ezer ostuteko. Tira! jarrai akidak!

KONGRION: Ba-niak!

 

V AGERRALDIA

Estrobilo, Estafile eta Kongrion

 

ESTROBILO: Kaixio Estafile! Idiki zan atea!

ESTAFILE: Nor da?

ESTROBILO: Estrobilo!

ESTAFILE: Zer nahi duk?

ESTROBILO: Ba... sukaldari, txistu-jotzaille ta janari auetaz kargu ar dezanala, eztai-oturuntza gertutzeko. Megadoro'k esan baitzidan hau guzia Euklion'i emateko.

ESTAFILE: Bai, ta hauek Zeres'en jai-eztaiak al ditun edo zer?

ESTROBILO: Zergatik dion hori?

ESTAFILE: Ardo-tanta bat bederik ekarri ez dutelako...

ESTROBILO: Neska!, ekarriko diten Megadoro azokatik itzul dedinean.

ESTAFILE: Etxean egur-ezpal bat ere ez diagu...

KONGRION: Abe ta leiorik ez al dituzute?

ESTAFILE: Jakiña!, bayetz... motel!

KONGRION: Orduan ez diagu egur billa kanpora joan beharrik.

ESTAFILE: Zer diok ik dollor horrek! Vulkano zale baldin ba aiz ire jatena ta soldata irabazte arren gure etxeari su eman behar al diok?

KONGRION: Neska!, ez den hori nere asmoa.

ESTROBILO: (Estafile'ri). Utzi akien sar ditezela...

ESTAFILE: Jarrai zakidate!

 

VI AGERRALDIA

Pitodiko bakarrik (Megadoro'ren etxetik irtenaz)

 

PITODIKO: Neronek aztertu beharko dut sukaldariak mamitzen ari dirana. Egia da, gaur bezelako egun batean ondo oartzeko eun begi beharko nitukeala.

        Hori ez ezen sotoan aparia mania dezatela agintzen ba'diet zuhurrago jokatuko dut. Andik, platerak saskitan goruntz bidali ditezke. Bestela beraiek maniatzen ari diran bitartean nahi dutena jaten uzten ba'zaie goikoak jan gabe geldituko dira; ta behekoak, berriz ase-ase egiñik.

        Baiñan solasean alperrik ari naiz. Ainbeste «etxekalte» dagon tokian beste zeregiñik ez ba'lego bezela. (bijoa).

 

VII AGERRALDIA

Euklion eta Kongrion

 

EUKLION: (bakarrik). Gaur «bon-bon» egiteko eguna dugu eta alabaren eztaia aundiro ospatzekoa. Horretarako merkatura joan natzaizu arraia zer preziotan dagon jakitera. Begiko-ninia bezain garesti eskatu didate. Era berean bildots, bei edo txal aragia; txerriki, ariki eta abar. Guzia odeitara igoa da. Eta geiago dirurik ez daukan batentzat. Plazatik asarre bizian alde egiña nazute ezin ezer erosiz; eta saltzalle aiengatik asto beltxarenak esanez... Baiñan, geroztik, bidean gogoeta egiñez esan diot nere buruari: Jai-egunez parra-parra eta oparo xahutzen duanak, ba'liteke, gero, aste egunez zer janik ez izatea. Burutazio zuhur hau nere sabel eta nere gutiziari egin ondoren erabaki dut nere alabaren eztaiak alik eta gastu txikienekin ospatzea.

        Alare, intsentsu pizka bat eta lore-sorta batzuek gure Lar-Jainkoa gurtzeko erosi ditut, gure alabaren ezkontza zoriontsu biur dezan.

        Baiñan zer dakust?... Gure etxea irikita? Eta barrundik datorren iskamil otsa? Ai ene! Ni gizarajo utsa!, lapurretan ari zaizkit!

KONGRION: (Etxe barrundik). Zoazte eta auzoko etxeren batean eska zazute lapiko aundiago bat; hau txikiegia bait da eta ez du behar aña kokatzen.

EUKLION: (Albora). Ni, neu dohakabe! Galdua naiz. Altxorra ebatsi didate... Horregatik « lapikoa» aipatzen dute, bai. Ez ba-noa aruntza bereala ilko naiz. Arren eta arren! Apolo Jainko!, lagun nazazu, zaindu eta azkonak lapurren aurka bota itzazu. Orain urrena antzeko une larrian mesede egin zenidan... eta. Baiñan zertan ari naiz? Astia galtzen aruntz joan beharrean nere ondamen osoa gerta ez dedin. (Sartzen da).

 

VIII AGERRALDIA

Antrax (bakarrik)

(Megadoro'en etxetik irtenaz)

 

ANTRAX: ¡Dromon! Arrai horri ezkata ken akiok!... ¡Makario!, katu-arrai hoi larrutu zak eta bizkar-ezurra atera ni kanpora noan bitartean. Eta ollar hori ondo lumatzen dekan guri-guri utzirik. Emen auzora niak Kongrion'i erratillo (kaxuela) bat eskatzera. Baiñan zer dira karraxi oriek? Ziur asko sukaldariak azpi-jokuren bat egiten ariko dituk. Sar nadin berriz etxera emen beste orrenbeste sortu ez dezaten.

 

 

III EKITALDIA

 

I AGERRALDIA

Kongrion bakarrik

 

KONGRION: (Euklion'en etxetik irtenaz). Toki!... Errikideok!, kaletar eta ingurukoak!... arrotz eta kanpotarrak! Leku!... Igesi egin dezadan. Egundaño ez nuan onelako sukalde zikiñean lanik egin! Inpernu zulo hortan ni ta mutillak ederki zanpatu gaituzte. Gorputza elbarriturik daukat!

        Erdi illik nago. Agure madarikatu horrek nere soña makil-dantza zaragitzat artu bait du! Eta erruz astindu nau. Ederrak artuak gera etxetik atera baño lehenago. Baiñan...! Jainkoagatik! Agure asarrekoia berriz agertu da-ta... Galdua naiz... Emen da. Eta badakit zertara..., «aurreak erakusten bait du atzea nola dantza...» (Igesi bijoa).

 

II AGERRALDIA

Euklion eta Kongrion

 

EUKLION: (Karraxika). Geldi hor! Nora ua? Eutsi horri!

KONGRION: Zer oiu dira oriek. Kaiku alena!

EUKLION: Auzitegira salatuko aut.

KONGRION: Zergatik ordea?

EUKLION: Eskuan laban (aizto) bat daukakelako.

KONGRION: Tresna egokia sukaldari batentzat.

EUKLION: Zergatik egin diak meatxu-kiñada?

KONGRION: Hortan egin dut uts! Goitik behera iriki behar zindun-eta.

EUKLION: Ez diat iñoiz ikusi i baño pizti gaizkillegorik; eta ez nike iñor i baño gustorago zapalduko.

KONGRION: Ez daukazu esan beharrik. Ondo erakutsi duzu zure griña. Zure zigorrak dantzaria baño ariñago jarri nau. Baiñan zer eskubide dezu eskale dollor horrek! ni jotzeko? Zer ikusi behar duzu nerekin?

EUKLION: Eta niri galdetzeko arpegia al duk? Merezi uana besterik eman al diat?

KONGRION: Utzi nazazu pakean! Baiñan zaudeke larrutik pagatuko didazula buru honek ez ba'du galtzen zentzurik.

EUKLION: Gero zer gerta diteken ez zekiat; baiñan oraintxe nabariko dik ire buruak (joka asiaz). Kanpoan nengon bitartean, zer ari intzan egiten nere etxean?... Hori jakin nahi diat.

KONGRION: Hori da aterakaia! Ez al giñan, bada otoruntza maniatzera etorri?

EUKLION: Bost ajola zaik iri alua!, nere jatena erreta ala gordiñik prestatzea. Ezta nere aitaordea ba'intza ere!

KONGRION: Nik, beingoan jakin behar dudana auxe da: ea aparia presta dezagun gogoko duzun ala ez.

EUKLION: Nik lehenago jakin nahi, berriz; etxeko tresnak beren lekuan utziko ote dituzuten...

KONGRION: Neronek etxetik ekarritakoak osorik jasotzen baldin ba-ditut ez dut zuretatik ezer irrikitzen.

EUKLION: Ala ballitz (baledi) isiltzea obe.

KONGRION: Zergatik debekatzen diguzu, orduan aparia emen mania dezagun? Zure borondatearen aurka zerbait esan ala egin al dugu, bada?

EUKLION: Eta ik, zital horrek, galdetzen al diak? Nere etxeko zoko-moko guziak aztertu ta ankaz gora utzita ta gero?... Supazterrean egon izan ba'intza, ire egin beharra betetzen, ez uke orain ire burua «punpulluz» josia arkituko. Merezi itukenak artu dituk. Nere erabakia ba-akik... Ate ontara nik agindu gabe geiago urbiltzen baaiz gogor zigortuko aut. Au duk nere azken itza. (Etxeruntz sarturik).

KONGRION: Nora zoaz ordea? Itzuli zaite onuntz! Litxarreriaren Laberna Jainkosak gorde nazala! (ozenki). Nere tresnak eskuratzen ez ba dizkidazu izugarrizko iskamilla sortuko dut zure atarian! Aiek gabe ez bait naiz ezer egiteko gauza! Adur txarrak ekarri nindun etxe ontara! Zillar-dirua irabaztera etorri eta are geiago midikuari ordañez eman behar nere «pupua» senda dezan...

 

III AGERRALDIA

Euklion eta Kongrion

 

EUKLION: (Lapikoa galtzarbean daramala agertuaz. Albora mintzatuz).

        Noana edozein lekura neronekin eramango zaitut bai; eta ez zaitut arrisko artean eskutik utziko.

        (Kongrion eta mutillei)

        Sar zaitezte, sar!, sukaldari, soñu-jotzaille ta gañerako jendillaje dana! Eta asi zaitezte, asi, jatena prestatzen nahi bezain aguro...

KONGRION: Garai onean, niri burua mallatuta gero...

EUKLION: Sartzeko esan dizuet. Onuntz lanera etorri zerate eta ez berriketara.

KONGRION: Emonio agure zahar hori! Eta noiz jaso behar dugu saria eman dizkiguzun makilladen ordaiñez?... Gu sukalde lanerako etorriak gaituzu, bai, ta ez gure bizkar gain «egurra» artzera.

EUKLION: Auzitegira sala nazak nahi ba-duk baiñan ez ni gogait arazi! Utikan! oa aparia prestatzera edo ta bestela anka emendik deabruarengana!

KONGRION: Zoaz, zeorri, amorrazioak ematen ba-dizu...

 

IV AGERRALDIA

Euklion (bakarrik)

 

EUKLION: (Beso artean lapikoa estuturik). Alare!, alde egin duanean! Jainko Illezkorrak! Burruka ausarta da, bai, behartsuarena aberats batekin ar-emanetan sartzea...

        Horra, hor Megadoro! Niri laguntzearren sukaldariak bidaltzen zizkidan itxura egin du, baiñan, benetan, aiek ni lapurtu ta ondatzera etorriak dira. Baita, nere atso-mirabearen ollarra ere, ni galdu nahiez ibilli zebillen. Ain zuzen, nik altxorra izkutaturik neukan tokia bere atzamarraz aztarrika ez zan asi bada? Sutan jarri

nintzan eta bertan buruan jota zerraldo utzia nuan, ollar gaizkillea! Zerbait eskañia izango zioten azal oriek, nere altxorra agertzen baldin ba-zuan... Aitzekia kendu diotet. Arenak egin du.

Au dala-ta, ordea, zergatik darabilkit ainbeste itz alper?

        Begira! Megadoro nere sui-gaia, dator orain, merkatutik itzulia egin da gero.

        Ez litzake egoki nere sudur aurretik igaro-ta itza eman gabe joaten uztea.

 

V AGERRALDIA

Megadoro ta Euklion

 

MEGADORO: (Euklion ikusten ez duala). Nere asmoa adiskide askori agertu diet eta guziok Euklion'en alabaren alde onak goratzen dizkidate. Aukera ona egin dudala, alegia, diote. Dezaketen gizonezko geienak beste ainbat egingo ba'luteke: ots!, emaztetzat doterik gabeko neskatxak artzea, alkartasun geiago legoke gizartean eta gorroto gutxiago aberatsentzat.

        Emakumezkoek, aldiz, «erorikoei» beldur geiago izango lioteke ta gizasemeok xahubide gutxiago aien edergalluai amor ematen. Oitura hori guzientzat litzake onuragarri; ez luke liskarrik sortuko ez ba'da persona goseti, aundinahi, ase-ezin gutxi batzuetan; ez lege ta ez nagusi ezagutzen ez dituanetan ez ezik. Norbaitek esan dezake: Norekin ezkondu behar dute, orduan dotedun neskatxak, pobreen aldeko lege hori jartzen baldin ba'da?...         Doterik gabe artzen ba'dituzte ezkon ditezela gogoko dutenarekin. Onela jardunez gaur ezkontzara eraman oi dituzten baño oitura obeak eramango lituzteke dotetzat... Era ontan aleginduko nintzake, gaur zaldiak baño garestiago diran mandoak, merkeago sal zitezen. Galia'ko potoka zikiratuak baño merkeago.

EUKLION: (Albora). Jainkoek zaindu nazatela, oni ain gogoz entzuten ari natzaion ainbatean! Bizimaña zeñen poliki begiratzen duan!

MEGADORO: Orduan, iñongo emazteak ez lioke senarrari esango: nik ekarri dizut dote bat zure ondasunak baño aundiagoa; bidezko da beraz niri opa ditzaizudan: purpurazko jantzi ta soñeko, pitxi, neskame, mando, gurdizai, morroi, mutil eta egurasteko orgak. (karrozak)...

EUKLION: (Albora). Zeñen ederki ezagutzen dituan gure andre aundi-maundien nahikeriak! Merezi luke emakumezkoen epaikari izendatzea.

MEGADORO: Gaur egun, iriko edozein bizi-lekuan baserrian baño gurdi ta orga geiago dituzu. Baiñan, hau ez da ezer nun dirua gastatu dauden beste gauzei begiratu ezkero. Hauek dituzu: larru-ontzaille, borlagille, zillardun, kapain, eta gañerantzeko merkatari taldea. Areago, atorgille, zer nahi margozko tintatzaille, usai-gozodun-saltzaille, maukagille, kinkalleru, eta mota guzieko zapatari, danok ate joka diru billa. Orobat, lepo ta gerriku zapi-saltzailleak. Batzuei ordaindutakoan beste aleun agertzen dira ta an daude atarian zai: eule, ubeldun, gorantzagille, jostun eta purtzilleri merkatari orok ba dute zerbait jaso beharra. Eta guziekin bukatu dezula uste al duzu?...

        Bai zera! Jantzigille ta beste zer nahi artzaille an dituzu oraindik eskean!

EUKLION: (Albora). Neronek, ere, gogotik itzegingo nioke emakumeai-buruzko bere mintzaldi bikaiña etentzeko beldur ez ba'nintz... Utzi zaiogun jarrai dezan!

MEGADORO: Zer gerta oi da gero? Zirtzilleri-saltazailleok pakean utzi zaituztenean gudari bat eltzen dala soldata billa. Ta jakiña, kontuak zuritzera Banko-etxera joan behar duzu, eta bitartean soldau gizarajoa sabela utsik noiz txanponak jasoko zai gelditzen dala. Kontuak zuritutakoan, ordea, zorretan zaude ta gudariari beste egun batez etorri dedilla esan behar diozu.

        Dote aundiak onelako oztopo ta xahubideak dakarzkite berekin; ezer ekarri ez duan emaztea senarraren mende dago; dotedun emazteak, berriz, lurra-jo eta ondatu arazten gaituzte.

(Euklion ostera ba-datorrela ikusirik). Nere aitagiarreba-gaia hor dator berriz etxe aurrera. (Itzemanez). Zer zabiltza Euklion?

 

VI AGERRALDIA

Euklion eta Megadoro

 

EUKLION: Zer?... zure mintzaldia ao-zabalik entzutzen ari nintzaizun.

MEGADORO: Guzia aditu al duzu?

EUKLION: Burutik oñetaraño.

MEGADORO: Dana dala. Alabaren eztaiara txukun eta apaiñago agertuko ba'ziña obe zenutelakoan nago.

EUKLION: Txukuntasunak... ondasunen araberakoa behar du izan; eta apainketa, gañezka dagonetik. Zerbait daukanak nundik datorkion ba-daki. Eta nik ta ez daukagun pobreok ez dugu aurrean ikusten dana besterik.

MEGADORO: Askozaz geiago daukazula ba-dakit eta Jainkoek gorde dezaizutela daukazun hori!

EUKLION: (Albora). «Daukazun hori» itzak entzuteak ez dit batere grazirik egin. Horretaz zerbait ba-dakila adierazten du.

Nunbait atsoak esana.

MEGADORO: Zer ari zera bakarrik itzegiten?

EUKLION: Zureganako ditudan arrengura zenbait ausnartzen.

MEGADORO: Nola diteke ordea?

EUKLION: Eta zuk galdetzen al didazu. Etxeko zoko guziak ebasten ari zaizkidan lapurrez bete dituzularik... Beste aleun sukaldari barruan sartu dituzu bakoitza sei-eskuduna... Xerion erraildoiaren jatorrikoak. Argos, berak, oro begi, Juno'k, yo zaintzeko ipiñita ere ez zitzakean zaindu ahal izango. Gañera, soñu-jotzailleak, Pirene'ko iturria agortzeko añakoak, honek uraren ordez ardoa ba'lerio... Eta jan kontuan berriz...

MEGADORO: Jatenak, soldau-sail osoa janaritzeko aña bidali dizkitzut... Baita bildots bat ere...

EUKLION: Bai, ez dut beñere alako bildots erkiturik ikusi.

MEGADORO: Erkitua?

EUKLION: Larru eta ezur besterik ez! Ezurrak ezik gibel-erraiak nabari zaizkio, eta argi-izpi gardenak azaltzen krisallua bai'litzan.

MEGADORO: Lepo egiteko ekarria dut bada.

EUKLION: Lehenbaitlehen eortzia obe, onuzkero illa da-ta.

MEGADORO: Ai EUKLION: Gaur elkarrekin edan behar dugu.

EUKLION: Nik ez dut, bada edateko batere gogorik.

MEGADORO: Ardo zaharrez beteriko upeltxoa ekarri araziko dizut.

EUKLION: Ez, eskerrikasko. Gaur ez dut ura besterik edango.

MEGADORO: Ni aldamenean ba-nago ardo gozoz zopaturik ikusi nahi zinduet. Zuk ura besterik edan nahi ez arren.

EUKLION: (Albora). Zer asmoz dabillen antzeman diot. Ardoz bete-bete egin gura nau nere lapikoa zulotik atera eta beste toki batera eraman ahal izateko. Hori gerta ez dedin nere neurriak artzera noa. Etxetik kampora gordeko dut. Honela lana ta ardoa alperrik galduko ditu.

MEGADORO: Ez ba didazu ezer agintzen, Euklion, bañua artzera noa otoruntza egin aurretik. (Bijoa).

 

VI AGERRALDIA

Euklion (bakarrik)

 

EUKLION: Polux Jainkoarren! Ai ene lapikoa! Zenbat izterbegi dituzun! Zu ta barruan duzun urrearen gose! Egin nezakean gauzarik onena Fede Onaren jauretxera eramatea izango dot. An gordeko zaitut behar bezela. Fede onaren Jainkosa hori! Ondo ezagutzen zaitut eta baita zuk ni ere. Ez zazula gezurta zure izen ona! Zugan dut uste osoa! Zugana joango natzaizu fidantzaz beterik!

 

 

IV EKITALDIA

 

I AGERRALDIA

Estrofilo (Likonidese'n jopua) bakarrik

 

ESTROFILO: Zer egin behar dan dakian jopu baten egitekoa da, nik beti dagidana egitea. Ots! aitzeki-maitzeki ta luzapenik gabe nagusiak agindutakoa egitea.

        Bere nagusia ondo serbitu nahi duan jopuak ark emandako aginduak laister beteko ditu, norberaren arazoaren aurretik jarririk. Logurez baldin ba'dago lo ar dezake haiñan jopu bat dala amets egiñez. Maitemindurik dagon nagusi baten morroi baldin ba'da, ni orain naizen bezela, ta amorioak menderaturik daukala ikusten ba'du, nik uste, atzerazi behar duala eta ez griñaruntz bultza.

        Igari ikasten dabiltzan umei zumezko txirikorda azpialdean ezartzen zaien antzera, gutxiago neka ta eskuak lasa igituz erosoago igari egin dezaten, nagusi maiteminduarekin beste orrenbeste egin behar du jopuak... Honela ur gañean iñarika ondatu ez dedin. Beharrezko da, jopuak begi kolpe batez asma dezala, aztia bailitza nagusiaren borondatea, honen keñutatik igarriaz. Eta igarri ala egiñik lau-zaldiko-saillak lauaztaka baño zaluagoa. Hau guzia gogoan ar dezanak ez da ubelaren beldur izango, eta ez da ere katei dirdairik ateraziko igurtziaren indarrez. Nere nagusia burutik egiña dago Euklion gizajoaren alaba dala-ta. Oraintxe orain jakitea egin dut Megador'i ezkontza-aginduz emana dagoala. Ta onuntz bidali nau oartu ta emen gertatzen danaren berri usai ar dezadan. Eta susmo txarrik izan ez dezaten aldare aldamenean esertzera noakizute. Hortik alde batean eta bestean zer ari diran zeletan egingo dut.

 

II AGERRALDIA

Euklion eta Estrofilo

 

EUKLION: (Jauretxetik irtenaz eta Estrofilo ikusi gabe). O Fede Onaren Andrea!, arreta ar zazu emen daukadan nere altxorra ez dezan iñork ikusi! Nere aldetik ez da beldurrik iñork arkitu dezan. Ondo ezkutaturik bait dago. Polux arren! ez luke mauka txarrik egingo urrez betetako lapikoa arkituko lukenak. ¡Fede Ona'ren Jainkosa! ez zazula horrelakorik gertazen laga! Orain garbiketa egitera noa gero opalkuntza eskeintzeko. Ez diot nere suiari itxoin arazi nahi! Era hortan bereala etorri eta nere alaba eraman ahal izango du. Oh Jainkosa! begira ta zaude erne! Egizu, otoi, itzuli nadinean, nere lapiko maitea salbo ta osorik arki dezadan. Uste osoz nere altxorra zere eskuetan utzi dut, Jainkosa agurgarri hori! eta zure oian eta jauretxe sagaratuan izkutaturik gelditzen da. (Bijoa).

ESTROFILO: (Gorde lekutik aterata). Jainko illezkorrak! Zer entzun dut gizon hori ari zala esaten? Jauretxe hortan urrez betetako lapikoa ezkutatu duala. Fede Ona'ren andrea! Ez zaite izan arentzat, niretzat baño leialagoa! Oker ez ba'nago gizon hori, nere laguna maite-mindurik daukan neskatxaren aita da. Sartu ta miatzera noa ea urre hori txokoren batean arkitzen ote dudan, hura beste nunbait arduratzen ari dan bitartean. Eta topo egiten ba'dut, o Jainkosa!, ardo gozoz eta eztiz betetako suilla opako dizut. Neronek traguxka ona egin eta gero. (Sar bedi jauretxera).

 

III AGERRALDIA

Euklion (bakarrik)

 

EUKLION: (Itzuliaz). Zerbaitengatik belea «kua-kua-kua» egiñez ezker aldean ari zan. Eta karrankaz batera aztarrika asia. Nere biotzak barruan jauzi egiten dit, kampora atera nahi duala dirudi. Ezin egon niteke geldirik eta noan tximista egiñean.

 

IV AGERRALDIA

Euklion eta Estrofilo

 

EUKLION: (Estrofilo'ri leposamarretik eutsirik). Alde emendik zizare alena! Lur azpitik atera al aiz? Arestian ez intzan emen eta... Orain ikusi aut ire galerako, bai. Polux arren! ire litxarreriak larrutik paga araziko dizkiat emonio!

ESTROFILO: Zer eroaldik artu zaitu, gizona? Nik ez daukat zer ikusirik zurekin. Zergatik orduan astindu, eraso ta jotzen nazu?

EUKLION: Lapur zulo! madarikatu zikiña! ik galdetzen al didak?

ESTROFILO: Zer lapurtu dizut bada?

EUKLION: Ik? Oraintxe itzuli behar didaken hori!

ESTROFILO: Itzuli, itzuli... zer ordea?

EUKLION: Eta berriz ere galdera egiteko arpegia al duk?

ESTROFILO: Nik ez dizut ezer ebatsi.

EUKLION: «Ezer» hori itzuli akidak bada, aguro gero! bestela...

ESTROFILO: Ez dakit zer egin!

EUKLION: Ez eraman irea ez dekana. Ez duk eskubiderik.

ESTROFILO: Ez ba didazu esaten zer nahi duzun...

EUKLION: Utzi zak «hura» bere lekuan, ez duk txantxetako gauza eta ni ez natxiok izkirimiratako!

ESTROFILO: Utzi bere lekuan, zer ordea? izendatzen ez ba'duzu, ez dut uste zuretatik ezer ez kendu ta ez ikutu dudanik.

EUKLION: Ire eskuok erakutsi izkidak!

ESTROFILO: Ikus itzazu bai.

EUKLION: Beok, beok...!

ESTROFILO: Begira nahi aña. (Erakutsiaz).

EUKLION: Biak ikusi dizkiat... Eta irugarrena?

ESTROFILO: (Albora). Espiritu txarrak gizon hau nahasi dute. (Euklion'i). Nerekin egiten ari zerana irain eta bidegabekeria aundia da...

EUKLION: Ez diat ezetzik esaten, aspaldian urkatu behar induteken-eta... Eta hori gertatuko zaik ez ba duk egia aitortzen.

ESTROFILO: Zer aitortu behar dut?

EUKLION: Emen oztu dekana.

ESTROFILO: Il nadilla bat-batean zerbait oztu ala ebatsi ba dizut.

EUKLION: Ea! Astin zak kapuzai hori!

ESTROFILO: Zeorrek astindu nahi añean.

EUKLION: Agian jantzi ta alkandora artean gordeta eukiko duk.

ESTROFILO: Ikutu ta mia zazu barrendik.

EUKLION: Ez dekala deus oztu, leun esaten badakik, niri sinis arazteko, baiñan maltzurkeri oiek ezagutzen dizkiat. Erakus idak berriz eskuiko eskua.

ESTROFILO: Torizu! Ona emen!

EUKLION: Orain ezkerrekoa.

ESTROFILO: Emen dituzu biak.

EUKLION: Ez diat ezer geiago ikusi nahi. Itzul akidak nerea...

ESTROFILO: Zer ordea?

EUKLION: Ez sar niri ziririk! Ik gordeta daukakela ez ba'neki bezela.

ESTROFILO: Gorderik zer daukadan ez ba duzu aipatzen.

EUKLION: Ez diat ez izenik aipatuko ik ala nahi arren. Baiñan nerea dan ezkero eskura akidak!

ESTROFILO: Erotu egin al zera? Ez didazu zurerik ezer arkitu naiz zeatz miatu.

EUKLION: Itxoin! Nor zan irekin zegoana? (Berekiko). Ura ariko da guzia naspillatzen. Hau emen uzten ba'det besteak aldegingo dit. Honek, benetan ez dauka ezer soñean. (Estrofilo'ri). I abil! Ua gogoak ematen dikan lekura.

ESTROFILO: ¡Jainkoek burua nahastuko al dituzute! Arranepola!

EUKLION: Hori duk eskerrak emateko modua! Jauretxera niak eta ire laguntzar horri lepoa biurtuko zioat. Eta i! ken adi nere begi aurretik! Ba- al oa? Bai ala ez?

ESTROFILO: Oraintxen bertan!

EUKLION: Ez adi emen geiago agertu! Utikan! (Jauretxera sar bedi).

 

V AGERRALDIA

Estrofilo (bakarrik)

 

ESTROFILO: Nahiago nuke zakurra lez il agure horri ziria sartzez utzi baño... Ez dut uste altxorra lehengo lekuan ezkutaurik eukiko duanik; beste norabait eramana izango du. Atearen karranka ote zan?... Agurea dator, noski bere altxorrarekin. Noan pizka bat baztertzera.

 

VI AGERRALDIA

Euklion eta Estrofilo

 

EUKLION: (Lapikoa eskuan daramala irtenaz, Estrofilo ikusteke). Uste osoa «Fede Ona» andrearengan jarria nuan, baiñan fede onak ea uts egin dit. Belea eldu ez ba'litz niri laguntzera galdua nintzan. Atsegin litzaidake bele hura bera berriz onuntz etor ba'ledi eskerrak ematea bidali zidan oarragatik... Jatenik ez nioke emango, hori ez! Ematen dan guzia galdua bait da. Orain toki gorde bat billa behar dut lapikoa ezkuta dezadan.

        Basojaunaren (Silvano) oiana, bidetik at, toki aparta da, saratsez landaturik dago. Lekua hura aukeratuko dut. Obe deritzait Basojaunaz fiatu eta ez Fede Onaren ustetan egon. (Bijoa).

ESTROFILO: Bapo ziok! Jainkoek lagun egiten didate! Laisterka arbol batera igotzera noa. An gaiñetik agureak bere lapikoa non gordetzen duan ikusteko. Nagusiak emen geldirik egoteko agindu ba- dit ere ez dut nere kaltean onelako mugonik galduko. (Bijoa).

 

VII AGERRALDIA

Likonides, Eunomi ta Fedra

 

LIKONIDES: Ama, esan dizut!, jakiñan gañean zaude ni bezin bat, Euklion'en alabari dagokianari buruz...

EUNOMI: Ik nai dekan guzia nere gogokoa dala ba-dakik, seme!, eta ire osabak ere ontzat emango duala uste diat. Bidezko bait da. Egia baldin bada beintzat neskatxa hura bortxatu uala mozkorturik engoelako.

LIKONIDES: Gezurra esango al nizun bada?

FEDRA: (Barrundik). Ama!, lagundu nazazu! (Karraxika). Oñazez lertzen nago! Arren eta arren Juno Argiñe (Juno Lucina) erruki zakizkit!

LIKONIDES: Entzuten, ama? Karraxi oiek aurra jaio urren dagola adierazten dute.

EUNOMI: Ator nere anaiaren etxera ea ik eskatzen dekana irizten dugun. (Irten bedi Eunomi).

LIKONIDES: Ba-noa ama! Arritzekoa da nere jopu dan Estrofilo emen ez arkitzea. Agindu nion bada bertan etxoiteko. Baiñan, ondo pentsaturik beste nunbait laguntzen ari ba'zait ezin aserretuko naiz aren kontra. Goazen barrura an erabakiko bait da nere zoria... (Sar bedi Megadoro'ren etxean).

 

VIII AGERRALDIA

Estrofilo (bakarrik)

 

ESTROFILO: (Euklion'en lapikoa eskuan daramala eta korrika). Aberatsago naiz ni orain urremendien jabe diran mamutzar guziak baño! Erregeek ere nere aldean eskale arlote batzuek dira... Ni naiz orain Filipo errege ber-bera! Egun zoriontsua gaurkoa, neretzat! Eskerrak aguro ibilli eta arbol gaiñetik agureak altxorra nun ezkutatu zuan ikusi nuala. Ark alde egin ala arboletik jetxi eta urrez betetako lapikoa lurretik atera nuan. Bai agurea noruntz zijoan begi eman ere. Bidetik pizka baztertu nintzan ikus ez nezan... Baiñan... erne!, or dator berriz-eta. Noan tximista egiñean etxera, ondasuna gordetzera. (Bijoa).

 

IX AGERRALDIA

Euklion eta Likorrides

 

EUKLION: Galdua naiz! Nereak egin du! Ilda nago! Zer bidetik jo behar dut?

        Eutsi lapurrari, eldu! Nun da nun? Ez dakit, Ez dut ezer ikusten. Itsu nago eta ez dezaket jakin noruntz noan, ez nun nagon eta ez nor naizen. Arren, esaidazute, mesedez, nork ebatsi didan nere lapikoa!

        (Jendeari)

        Zer diozu zuk?... Sinets nahi zaitut, bai, gizon prestua dirudizu-ta. Baiñan zergatik par egiten duzute!: guziok ezagutzen zaituztet: askok beren txarkeria soñeko zurien azpian gordetzen dute, iende ondrauen itxuran.

        Oietatik iñork ez ote du nere kutuna! Galdua naiz. Esaidazu nork daukan. Dohakabe benetan neroni! Nere ezbeharra osoa da eta ez dit ezertarako balio izan nere burua apaintzeak... Egun honek ez dik ekarri naigabe, negarra, gose ta gabezia besterik. Ez da lurbira osoan ni baño dohakabegorik... Ain arretaz zaintzen nituan orrenbeste ondasun galduta gero zertarako bizi nahi dut? Beharrezkoena ez nion opa nere buruari, nere gogo ta gutiziak zapal-zapal egiñak nituan eta orain besteek nik aurretutakoaz nere bizkar okitzen dira.

        Zori deitoragarria nerea!, ezin iasan nezakeana!

LIKONIDES: Nor da horrela errenkura ta atsekabez gure atarian negarrez ari dana?

        Ezpairik gabe Euklion da: galdua naiz. Duda-mudarik gabe alabak aurra egin duala jakin du. Ez dakit zer egin. Joan ala gelditu. Itzegingo al diot edo igesi joango naiz? Benetan ez dakit nola jokatu.

 

X AGERRALDIA

Euklion eta Likonides

 

EUKLION: Nor mintzo da hor?...

LIKONIDES: Onako dohakabe hau!

EUKLION: Gizarajo doahakabe, ni nazu, ez-behar guziak zanpatzen nautena.

LIKONIDES: Alimo! Izazu kemen!

EUKLION: Nola izan nezake ordea?

LIKONIDES: Kezkaturik zauzkan gauza nere egitekoa bait da...

EUKLION: Zer ari natzaizu entzuten?

LIKONIDES: Egia besterik ez.

EUKLION: Zer gaitz egin nizun nik, gazte, horrela jarduteko nere ta gure seme-alabeen kaltean?

LIKONIDES: Artara Jainko Txiki batek bultza ta makurtu nindun...

EUKLION: Nola diteke hori?

LIKONIDES: Pekatu egin nuala aitortzen dizut bai; eta nere obenak zigorra merezi duala. Baiñan onbera izan zaitezen eskatzera natorkizu, otoi, barka nazazu!

EUKLION: Nola ausartu ziñan, alajaiña!, zurea ez zan gauza ikututzera?

LIKONIDES: Zer nahi duzu! Gaitza egiña dago eta ezin desegin diteke, jainkoen borondatea izan zala esan beharko. Ezen, aiek nahi izan ez ba'lute ez zan ala gertatuko.

EUKLION: Ta nik uste dut, orain Jainkoek zu urkatzea nahi dutela.

LIKONIDES: Ez zazu esan horrelakorik.

EUKLION: Orduan... zergatik ikutu zenduan gauza hura nere borondatearen aurka?

LIKONIDES: Amoria ta Ardoak izan zuten errua.

EUKLION: Lotsagabea! Uste al duzu ni horrelako sasi-arrazoiz ingaña nitekeala? Aitzeki horiek onarturik edozein andreri, egun argiz gañean daramazkin pitxiak ostutzea zillegi litzake orduan! Lapurrek beren burua zuritzeko aski luteke esatea maitemindurik eta mozkorturik zeudela. Amorioa ta Ardoa gai galgarriak lirake aien bidez edozein mozkor eta maitale zer nahi gauza egiteko aizu bai'litz...

LIKONIDES: Nere obenaren barkapen-eske etorri natzaizu, alare.

EUKLION: Nardagarri zaizkit gaitza egin ondoren aitzeki billa dabiltzanak... Zuk gauza ez zala «Zerana» ondo zenekien eta ikutu gabe utzi behar zenuela...

LIKONIDES: Atrebentzia hura izan nuen ezkero orain berarekin gelditzeko baimena eskatzen dizut.

EUKLION: Zurea ez dan gauza batez jabetuka al ziñake ordea, nere borondatearen aurka?

LIKONIDES: Ez, ez dut zure borondatearen kontra ezer artu nahi. Bakarrik, nerea izan behar lukeala gogoeta egiten asi ziñezkeala.

EUKLION: Itzultzen ez ba'didazu.

LIKONIDES: Zer gura duzu itzul dakizudan?

EUKLION: Ostu zenidan hura... Bestela epaikariarengana eramango zaitut, ziñez!

LIKONIDES: Nik ostu dizudala?... Nun?, nola?, esan!

EUKLION: Arraiepola! Jainkoek zaindu nazatela zuk ez ba dakizu ezer!

LIKONIDES: Gutxienez, zeren billa zabiltzan adierazi behar didazu.

EUKLION: Urrez betetako lapikoa! da bai, nik eskatzen dizudana. Zeorrek ostu duzula aitortu bait duzu.

LIKONIDES: Nik ez dut ez esan eta ez horrelakorik egin!

EUKLION: Uka zazu!, bai.

LIKONIDES: Erabat ukatu gañera! Ez bait dakit zer urre eta ez zer lapikoaz ari zeren!

EUKLION: Basojaunaren oianean ostu zenduana. Bai, itzul zaidazu ta erdibanatuko dugu. Zu lapurra izan arren ez diot nik lapurrari akar egingo. Billa zoaz eta ekar zaidazu.

LIKONIDES: Ni lapurtzat artzeko erotu egin al zera? Nerekiko dan beste arazo batez ari ziñala uste izan nuan. Ajola aundiko gauza, hori, bai, ta patxaraz mintzatzekoa astirik baldin ba'duzu beintzat.

EUKLION: Esaidazu egia. Nere urrea ez al zenidan zuk ostu?

LIKONIDES: Zin dagizut. Ezetz gizona!

EUKLION: Eta ez al dakizu nork ebatsi ote duan?

LIKONIDES: Ezta itzik ere!

EUKLION: Eta jakitera iritxi izango ba'ziña, esango al zenidake?

LIKONIDES: Bai jauna!

EUKLION: Lapurrarekin ez duzu zatirik banatuko gero hura estaliaz...

LIKONIDES: Ez jauna, ez! Iñondik ere!

EUKLION: Eta itza jaten ba'duzu?

LIKONIDES: Jupiter Jainkoeak nerekin nahi duana egin dezala.

EUKLION: Aski dut horrekin. Esaidazu, ordañez zer gura zenukean nitaz?

LIKONIDES: Ba... nere familia ezagutzen duzu. Ez da ala? Megadoro osaba dut; nere aita Antimako izan zan; eta nere ama Eunomi...

EUKLION: Guziok ezagun zaituztet. Eta noruntz zoaz horrekin...

LIKONIDES: Alaba bat ba-duzula-ta...

EUKLION: Egia da. Etxean dago.

LIKONIDES: Alaba hori nera osabari eskeñi omen zenion.

EUKLION: Baiki, alaxen da.

LIKONIDES: Ni, bada. Osabaren izenean esatera natorkizu, ez duala ezkondu nahi zapuztu egiten duala.

EUKLION: Zapuztu, orain? Eztaitarako gertakizun guziak egiñik daudenean. Jainko ta Jainkosek birrindu dezatela. Arengatik galdua dut altxorra. Eta berriz ni petzero (pagatzaille)?

LIKONIDES: Zaude bulartsu! Ez zazula madarikatu! Agian gertakari hori zuri ta alabari obe beharrezkoa izango zazute-ta. Jainkoei erregu zaiezu!

EUKLION: Alabitz!

LIKONIDES: Begira nazatela on beraz... Eta zuk entzun zaidazu otoi! Ez da munduan ain gizon gaizkillerik, egindako obenaz damutzen ez, ala bere burua zuritu nahi ez duanik. Barka, arren, zu ta alaba ezagutu gabe iraindu bazaituztet eta orain emaztetzat eskatzen ba'dizut. Zure alabarekin pekatu egin nuala aitortzen dut, Zeres'en Gau-jaiean (artazuriketan), baiñan ardoaren poderioz eta gaztetasunaren irrikaz izan zan.

EUKLION: Ai ene!, zuk mintzata zer txarkeria ari naiz entzuten?...

LIKONIDES: Ez negarrik egin gizon! Aitona egin zaitut era hortan alabaren ezkontzara joan zaitezen. Eta kontu egizu amargarren illabatean erditu dala. Horregatik nere osabak zapuztua du neretzat utzirik. Sar zaite etxera ta nik esan bezela gertatu dala ikusiko duzu.

EUKLION: Ezbehar guziak bizkar gaiñean, nere kaltean erortzen dira. Zer dan egia neronek jakin nahi dut.

LIKONIDES: Zurekin noa (albora). Arazoa hau ea zuriturik dago. Nun ote da Estrofilo nere jopua? Pizka bat geiago itxoingo dut, Euklion'i lagunduz. Beronek bitartean guziaz jabetuko al da neskame zaharraren ahotik...

 

 

V EKITALDIA

 

I AGERRALDIA

Estrofilo ta Likonides

 

ESTROFILO: (Likonides ikusteke). Zer nolako gozamen aundi gorderik dauzkadan lapiko hortan!: lau libra urre alajaña! Bai ote Atenas guzian ni baño aberatsagoarik?, eta Jainkoez ain lagundua danik?

LIKONIDES: Emen bertan, ahots bat entzun dudala dirudi...

ESTROFILO: To!, ez al da nere nagusia ikusten dudana?

LIKONIDES: Ez al da hor agertzen nere jopu Estrofilo?

ESTROFILO: Hura ber-bera!

LIKONIDES: Ez beste iñor!

ESTROFILO: Mintzatzera noakio.

LIKONIDES: Pausoa arinduko dut. Nik uste, esan arabera, Fedra'ren iñudearekin itzegingo zuala?

ESTROFILO: (Albora). Altxorra arkitu dudala kontatuko al diot? Zergatik ez! Guzia esatea obe eta horrela esklabotzatik libra nazala eskatuko diot (Likonides'i). E!... zera... topa dut...

LIKONIDES: Zer?, zer topatu duk?

ESTROFILO: Ez uste aurrek bada-jokuan dabiltzala aurkitzen duten azia dala... oiu egiñez uso! (1).

1.— Aur-jokua.

LIKONIDES: Orain ere txantxetan al ator!, beti lez!

ESTROFILO: Ez, adieraziko dizut, entzun nagusi jauna!

LIKONIDES: Beingoan esango al duk!

ESTROFILO: Ba... gaur berebiziko altxor bat arkitu dut.

LIKONIDES: Nun ordea?

ESTROFILO: Itxoin!, urrez betetako lapiko bat lau libratik gorakoa!

LIKONIDES: Zer litxarreria egin duk, motel!

ESTROFILO: Aldameneko Euklion agureari kendu diot.

LIKONIDES: Nun duk orain urre hori?

(1) Aur-jokua.

ESTROFILO: Etxean kutxan gorderik. Esklabotzatik libratu nahi bait dut!

LIKONIDES: A zer tresna i! txoro-txoro utziko ditek alde egiten!

ESTROFILO: Zer bada?, nagusi... Zure gutizia asmatzen dut. Urrea zuretzat nahi duzula. Zeorrek arkitu izan ba'zendu.

LIKONIDES: Ez duk txantxetako gauza, itzul akiok jabeari.

ESTROFILO: Urrea itzuli?, ez da egia!

LIKONIDES: Bai, jabeari itzultzeko esaten diat.

ESTROFILO: Eta nundik atera behar dut?

LIKONIDES: Gorderik eunkekela arestian aitortu dukan kutxatik...

ESTROFILO: Broman ari nintzaizun, zerbait esan behar-eta...

LIKONIDES: Abil jostetan!, ikusiko duk zer datorkiken...

ESTROFILO: Iltzen ba'naute ere ezdidate zer atera araziko.

LIKONIDES: Nahi baduk eta nahi ez baduk neronek ateraziko diat. Baiñan (berekiko) zergatik ez diot azal honi leporik estutzen? Tira! Lapikoa emango al didak?

ESTROFILO: Ongi da, emango dizut.

LIKONIDES: Bereala emaidak.

ESTROFILO: Utzi zaidazu, beinik-bein arnas artzen. Esan zer nahi duzun eman dezaizudan...

LIKONIDES: Emonio zitala!, ezer ez ba'enkike bezela... Arestian esandakoa ukatuko al diak? Alegia lapikoa ostu lau libra urre zeuzkakena... Etor bitez bai zigor-emailleak iregana!

ESTROFILO: Itxoin itz bi esan artio!

LIKONIDES: Ezta itzerdirik ere! Betoz zigor-emailleak, aguro!

 

II AGERRALDIA

Likonides, Estrofilo ta Zigor-emailleak

 

ZIGOR-EMAILLEAK: Zer nahi duzute.

LIKONIDES: Kate batzuek gerta itzazutela.

ESTROFILO: Unetxo batean entzun zaidazu, arren! Eta gero gaitzetsi nezakezu zure gogoa ala baldin ba'da.

LIKONIDES: Adi natxiok, baiñan esak aguro esan behar dukan guzia.

ESTROFILO: Il arte zigor nazatela agintzen ba'duzu ere, zer irabaziko duzu horretzaz? Morroi bat galtzea, ezer lortu gabe. Aitzitik libertadea egozten ba'didazu, nitaz zuk nahi guzia aterako duzu, zure gutizi ta irrikiak betetzeko diña. Izadia'k (Natura'k) orok libre egin ginduzen; eta guziok dugu libertade gozoaren sena. Gaitzik hitsena esklabotasuna da. Orregatik Jupiter'ek egin dituan gizon ilkorrak jopu egiten ditu.

LIKONIDES: Ala da, eta baiki ez duk burutazio okerrik egiten.

ESTROFILO: Itxoin oraindik esateko daukadanari. Gure aro honek gizon guziz zekenak sortu ditu: benetako Harpagon, Arpia ta Tantalo mamutzarrak; beartsu ugaritasunaren erdian, egarriz itoak itsaso zabalean; aientzat ez bait da iñun aski aberastasunik. Ez Kreso, ez Midias eta ez Persia'ko altxor guziek ez lirake gai izango aien inpernu-gosea asetzeko. Beren morroi dohakabeekin anker jokatzen dute eta auek, naski ankerkeria berdinez erantzuten diete. Agure horiek milla giltzez ixten dituzte soto, aletegi, ta aratsak. Ba-dira, ordea morroi maltzur eta ohoinak, nagusiek seme-alaba jatorrei doi-doi ematen diena ostutzeko trebe diranak. Iñoiz aitortuko ez dituzten milla litxarreri egingo dizkitzute. Eta iruzur eta irri egiñez esklabotasun gogorraren ordaiña artzen dute. Hortatik garbi ateratzen dut Libertadea bakarrik dala jopuak leial biurtzen dituan doaia.

LIKONIDES: Ondo mintzatu aiz baiñan ez labur, agindu uanez... Tira libertadea ematen diat. Itzuliko al diak ik urrea?

ESTROFILO: Bai, baiñan testigu (lekuko) aurrean...

LIKONIDES: Betoz aleun lekuko!; ez dit batere ajolarik.

ESTROFILO: Eunomi!, Megadoro! Atozte, arren! Bereala joan ahal izango zerate.

 

III AGERRALDIA

Lehengoak, Megadoro ta Eunmi

 

MEGADORO: Deitzen al gaituzte? Zer da Likonides?

EUNOMI: Zer gertatzen da Estrofilo?

ESTROFILO: Deitzen zaituztegu testigu izan zaitezten. Nik leku ontara lau libra urrez betetako lapikoa ekarri ta Likonides'i eskuratzen ba'diot, beronek azkatasuna mango dit (Likonides'i). Ala agintzen al didazu?

LIKONIDES: Bai, agintzen diat.

ESTROFILO: (Megadoro eta Eunomi'ri). Ondo entzun al duzute esandakoa?

MEGADORO: Entzun dugu, bai.

ESTROFILO: Bada Jupiter arren!, egizu zin!

LIKONIDES: (Albora). Lagun urkoarenganako nere errukiak zertara behartu naun! (Estrofilo' ri). Ajolakabe bat aiz!... (albora). Alaz eta guziaz eskatzen dukana egingo diat.

ESTROFILO: Itxoin!: gure denboran ez bait diteke geiegi pio. Kontratu-agiri bat pirmatu behar duzu amabi lekuko ta eskribauaren aurrean.

LIKONIDES: Gertu zak guzia bat-batean.

ESTROFILO: Ar zazu arri hau.

LIKONIDES: Nik nere itza jaten ba'dut Jupiter'ek daukadan guzia ken zaidala eta bota nazala nik arri hauxe jaurtitzen dudan bezela.

(Estrofilo). Pozik al ago?...

ESTROFILO: Oraintxe bertan altxorra ekarriko dizut.

LIKONIDES: Ua! Pegaso'ren egaz eta itzul adi egaka.

 

IV AGERRALDIA

Likonides, Estrofilo, Megadoro, Euklion eta Eunomi

 

LIKONIDES: Zeñen aztuna dan gizon prestu batentzat, nagusiak baño geiago jakin nahi duan jopu horietako bat izatea! Estrofilo hori, bijoala antzarak perratzera!, noiz eta lapikoa ekar dezaidan eta nik Euklion'i tristura pozkarioan biur al nezaion. Onela, ark alabaren eskua emango dit. Baiñan... Estrofilo emen dut-eta zorioneko lapikoarekin!

ESTROFILO: Likonides!, emen dakarkizut lapikoa urrea ta guzi. Berandu al da?

LIKONIDES: Jainkoek! Zer dakust? Lau milla urrezko txanponetik gora! Euklion'i ots egin behar diogu! Euklion! Euklion!

MEGADORO: Euklion!

EUKLION: Zer nahi duzute nitaz?

LIKONIDES: Jetxi zaite. Jainkoek zaintzen zaitue. Ona nun duzun zure lapikoa.

EUKLION: Hor al daukazute benetan, ala burlaz ari zerate?

LIKONIDES: Guk daukagula esaten dizut. Jetxi zaite tximista egiñean!

EUKLION: Oh! Jupiter aundia! Nere etxeko zaindari! Juno Jainkoen erregiña; eta zu Alzides altxorren agertzaille. Azkenik, agure dohakabe ontaz gogoratu zerate. Ai ene lapiko laztana! Zure lagun zaharrak nolako pozkidaz estutzen zaituan. Ez naiz zu besarkatzez aspertzen. Nere itxaropen eta Bizitza oñazetatik urrutira nazuna!

LIKONIDES: (Albora). Beti pentsa izan dut diru falta gaitz aundia zala. Beharrak egiten bait du aurrek gaiztotu ditezen; agureak eskale biurtu eta gizonezkoek ostu dezaten. Baiñan orain dakust gaitz okerragoa dala oraindik behar baño aberastasun geiago eukitzea. Ikus bestela, zer nolako larrialdia eman dion Euklion'i galdutako lapikoak...

        Nori natzaizue zordun? Nortzuei zor diet eskerrona? Jainkoei? Gizon prestuei? Guziei. Eta lenengo zuri, Likonides zu izan bait zera ain zorion aundiaren egille. Lapikoa eskuratzen dizut. Ontaz eta orobat nere alabatzaz jabetu zaitezela da nere gogo bizia. Onela aitortzen dut.

LIKONIDES: Ar zazu nere aitagiarreba maitea amaigabeko eskerrona Fedra, Eunomi ta Megadoro'ren aurrean.

EUKLION: Hori erakutsiko didazu nere eskeintza onetsiaz: lapikoa ta biak.

LIKONIDES: Bata-beste onesten ditut eta nere etxea Euklion'ena izango da.

ESTROFILO: Gauza bat peitu da (falta) jauna zuk niri libertadea-azkatasuna ematea.

LIKONIDES: Bapo ziok!, azke ago Estrofilo; libertadea irabazi duk. Agindu zak orain aparia gerta dezaten erdi maniaturik gelditua bait zan.

ESTROFILO: (Gendeari).

        Ikusleok!: Euklion zekena izatez aldatu da. Bat batean esku zabal biurtu zaigu. Orobat izan zaitezte zuek ere komerigilleekin.

        Eta Komeria atsegin izan bazaizute txalo jo zazute gogo guziz.

 

OIALA

 

AULULARIA'ren azkena

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.