L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1980 (1980) —<oler2963>




 

 

Garbitokia

 

Dante

euskaratzailea: Igotz

 

I Kantua

 

MUIÑA: Musai deika. — Olerkariak dioskunez, bidariak (Bergili'k) eta berak, egun-urratzez ugarte baten daudela, Utika'ko Katon atzematen dute. — Garbitokira igoteko baimena du, ta itxasora doa Bergili'rekin. — An, Katon'ek esana egiñaz, Bergili'k aurpegia txautzen dio Dante'ri, baita ziizko gerrikoa soiñeratu ere.

 

Ur obeak zearka-naiez oialak jasoten ditu orain ene asma men-ontzixkak, gibelera utziaz itxaso egiazki zakarra; eta bigarren erreiñu artaz dut abestuko, giza-ezpiritua gardostu ta zerura igoteko gai egin oi danekoa. Zuzper bedi emen, Musa deunak!, olerki illa, zeuona nauzue-ta; betorkit emen Kaliope bidera laguntza eskeinka, zori gaiztoko Mike aiek bere barkamen-itxaropidea galtzeraiño eratxita utzi zituen abots arekin, ain zuzen ere.

        Sorkaldetiko zafir kolore leunak, egurats-kera geldia, leenzeruraiñoko guztian garbi ixuria ta urtua agertu zitzaidan, oso atsegintsu, biotz-begiak min-azi zizkidan arnas-aize bizigetik irten nintzanean. Maitasunera deragigun izar diztitsuak sortalde guztia jarten zuen irripartsu, jarraika zetorkion Arrai-moltsoa estalpe arturik. Eskuirantz nintzan itzuli, beste goi-buruan begiak ezarriz, eta leen-gizonak ezik iñoiz ikusi gabeko lau izar ikuskatu nituen. Eztitan zirudian zeruak bere argizko zirt-zirt betean. Oi iparralde, leku its, ezin dituk ik tokiok ikuska!

        Aiek begiratzea etenik, beste goi-bururantz biurtu nintzan pizkat, dagoneko Gurdia agertuz zijoanerantza noski, ta neregandik urbilxe zaar bat ikusi nuen, bakarrik eta begiramen-duin oso, seme batek ere aitari zor ez dion ainbat, alegia. Luze ta urdiñez zuritua zan aren bizarra, zuriak baita bi txerlotan ari bular-gaiñ erortzen zitzaizkion illeak ere. Lau argi santuen erraiñuak, ainbesteraiño estaltzen bait zuten argiz aren aurpegia, eguzkia aren aurrean ba'legokean nekusan nik. «Nor zerate zuok, ibilli dabillen ibaiaren aurka, betiko espetxetik ospa egin duzutenok? —jalgi zuen ark, bizar agurgarri ura dardaraziz—. Nork zuzendu zaitue ona? Edo nork argi egin dizue sulezeko ibarra beti zurbilla iraun-azten duen gau naasitik irtetzeko? Barrenlegeak ausi ote orrela? Edo-ta lege berriren bat eman ote da zeruan, gaiztetsiak nere arpeetara etorri daitezen?»

        Nire bidariak ordun oratu nindun eta itzez, eskuz eta kiñuz, belaunak tolestu ta begiak beeratu nitzala, begirunerik lotsenaz adierazi zidan. Erantzun zion ondoren: Ez natzaizu nere oldez etorri; emakume bat jatsi zait zerutik, nere laguntza oni eskeiñi nezaiola, eskatu zidan. Ala ere, zure naia dan ezkero gure izaera egiazkoa dan bezela azal dezaiguzula, ezin dezakezut iñolaz ere nik ezer uka. Onek ez du oraindik bere azken gaua ikusi; bere erokeriz, baiña, urbil-urbil ibilli zalarik, arte laburra gelditu zitzaion biurtu al izateko. Esan dudanez, arengana bial ninduten gaizkatu nezan, eta ez zegoen beste biderik sartu naizen au ezik. Gaiztetsi guztiak erakutsi nizkion; orain, ordea, erakuts nai dizkiot zure zaipean txautzen diran ezpiritu aiek. Luzea litzakit nola ekarri dudan onaiño esatea; goitik datorkit zu ikusi ta zuri entzuteraiño ekarten lagun egin didan indarra. Ar ezazu adeiz beronen etorrera: oso maitagarri dan askatasunaren billa dabil, beraugatik bizia utsean eman duenak dakianez. Zerorrek ere ba-dakizu, argatik ez bait zaizun mingatz izan Utika'ko eriotza, an utzi zenuen-eta egun aundian dirdaitsu agertuko dan gorputza. Gugatik ez dira atzera laga betiko erabakiak; au bizi da, bai, eta Minos'ek ez nau lokarriztatzen ezertan, zure Marzia'ren begi garbiak dauden birundan naukazu-ta: au, oraindiño ere, zeuretzat euki daizula, biotz aundi!, eska dago, itxura danez. Beronen maitasunarren, ar itzazu gure naiariak: utz iguzu zeure zazpi erreiñuetatik ibilten. Geure esker-ona eramango diot berari, zillegi utzi ba'zenigu an beean zure aipatzerik.

        — «Marzia —esan zuen orduan—, an izan nintzan bitartean guztiz bait zan atsegingarri nere begientzat, eder naiz atsegin eskatzen zidan guztia egiten nion. Orain, ibai zurbillaren andikaldean bizi dalarik, ez du aalik neregan, gorputza utzi nuenean emana izan zitzaidan legeagatik. Ala ere zerutiko emakume batek eragin eta zuzendu ba'zagiz, esan duzunez, ez duzu laztan-txera bearrik; aski zait zuk aren izenean neri eska dezaidazun. Zoaz, ba, ta eizu beste onek gerrira dezala eia-zume aratz bat, eta ikuz ezaiozu aurpegia duen loi guztia itzungi arte, ez bait da egoki begi laiñoztatuekin aurkeztu dadin atseden-tokiko aien artean lenengo dan arduradunen aurrean. Ugarte txiki urak, biran, olatuak joten duten saietsetik, eiak dakartzi lokatz bigun gaiñean; ostoa dakarren beste landararik, iraun dagianik beintzat, ez da gauza an bizirik irauteko, uiñen eragiñera ez litzateke makur-aziko ta. Orren ostean, ezpei emendik izan zuen itzulia; oraintxe berton jaikiz datorren eguzkiak erakutsiko dizue igoera obea mendiari gaiñak artuz».

        Au esanik ezkutatu zan; ni, berriz, ixil-ixil zutitu ta bidariari urbildu nintzaion, nere begiak onengan jarririk. Bertatik asi zitzaidan mintzoz: «Jarrai ene oiñatzai; biur gatezan atzera, zelaiune au emendik beerantza azken ordarreraiño doakigu-ta».

        Goiz-ugatsa, aurretik iges zioana, gaillenduz zeukan orduko egun-txintak; urrundik oar bait nintzan itxas-ertzeko olatuen ukal. di eragiñaz. Zabaldi bakartian zear genbiltzan biok, galdutako bide-zidorrera itzuli naiez ibilli ta ibilli ta bera idoro arte alperrik dabillela uste duen gizonaren antzean.

        Ara, intza eguzkiarekin liskar-azi ta, toki aiñubetsuan bait dago, gutxi-gutxika urtzen dan lekura eldu giñanean, nere maisuak belarxe gaiñ ezarri zituen goxo-goxo bere esku biak zabalik, eta nik, ark nai zuenaz oar nintzalako, arengana zuzendu nitun nere masail malkoz bustiak; eta berak egin zuen, igurdizi leunez, sulezak ezaindu zidan kolore ura berriz ere gelditu zedin agiriko.

        Ondartza bakartira iritxi giñan gero, bere ur-gaiñ ibilli ta atzera itzultzeko gai izan dan gizonik iñoiz ikusi gabeko ondartzara noski. Antxe gerrikotu nindun besteak nai zuen bezela; eta, oi arrigarri!, landara umilbera susterretik atera zueneko, beste bat erne zan bat-batez lengoa erauzia izan zan lekuan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.