L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1982 (1982) —Hurrengo artikulua




 

 

Santa Teresa, olerkari

 

Aita Onaindia

 

        Nor ez eder-zale? Emen, baiña, gauza bi daukaguz: bata ederraz konturatu ta bestea barru sentitzen dan eder-lera adierazo. Begira: mendi-gaillurrean gagoz, mokor zapai gaiñ paketsu. Aurrez aurre, nasai ta dizditsu ikuspegi bikaiña. Ego-aizeak, goiz- goizetik urriñera dauskuz laiño narras eta gurme setatiak.

        Begiak edegiz, ikuskizun sotillagorik! Bat-batean ederrez ase jatzuz zentzunak, begi-belarriak. Bolbolka asi jatzu barrua, sutan pertza irakiten lez. Ederrak artu zaitu atxilo, ederraren erdi-miñez zagoz; poema bat, su ta dardar, osotu nai zeunke. Baiña eziña: aundituegi egin jatzu barrua; sugar baterako gertu zagozalarik be, ez arrazoizko lanerako, bolbolka orretatik ezin zeinke atera poema gori bat, naasiegi zagoz. lkusiz gauzen egia sartu jatzu barruan eta poema bat liriku kemenez egiterakoan, egiari, ludiko gauzetan naiz norbere barruan daroagun egiari, itz-eragin bear jako, txilio bat, irrintzi bat atera-azo. Txilio ori, barriz, benetako olerkari danak itz giarrez, solas aukeratu ta esan-nai aundikoz jantzirik, biotzondo gori-gozoz ornidu oi dau.

        Baiña ikuspegi zoragarri baten aurrean naiz barne-zauskada ugoldetan murgildurik gagozanean, ez jaku errez poema bete-bete bat osotzea: uin guenegiak gaukaz, sugarra motel dedilla apur bat, giro baketsuagoa bear dogu. Bakezko giroa bai ona jaku aurretik bolbol euki dogun barrua usteko, elerti naiz olerti-lanerako.

        Eta arira jorik, norbaitzuk esan dabe Santa Teresak bere mistikazko goraldietan ondu zituala bere poemak. Ba'liteke au egia ez izatea osotoro. Teresa olerkari dogun arren, etzan orri lotua ibilli, orri emona diñot berariz. Juan Gurutzekoak Toledo'ko espetxean egoalarik arildu ebazan bere poesirik ederrenak, zati batzuk beintzat. Santa Teresak komentu-lanean ebiilela ondu euskuzan bere koplak.

        Koplak dira, izan be, poesiak baiño geiago Teresaren olerlanak: bidez bide egiñiko koplak, urte barruan ospatzen ziran komentu barruan egiten ziran jaietarako koplak, solas-aldi naiz errekreaziñorako koplak, aiztaren baten jaiotegunerako koplak. Koplari, ez olerkari; egia esan ba-zan gai ortarako be, mistikaz ta ederrez gaiñezka eukan izate-barrena, mendi-tontor bateko ikuspegi zoragarri batek asiturik lez bizi zan barrubizitza yaio ta indartsu baten. Baiña bizitza bizi ta jori ori neurtitzetan adierazten etzan egundo ba alegindu.

        Ibiltari zoli, ezker-eskuma ba-eukan ederrik inguruetan. Ederrez apain-apain eukazan bazterr        etatik ibilli zan: Gredos eta Gaudarrama'ko mendi-kate arkaitzez josiak, Andaluzia'ko zeru garbi urdiña, Gaztela'ko zabaldi azkenbageak... Alan, ez euskun olakorik abestu; noizik bein egindako aitamen batzuk, ez dogu geiago aren idatzietan aurkitzen. Zoragarri jakozan gauza pitiñak: baratzak, errekondoak, ur ibilliak, erle langiIleak, sua, zugatz txikiak...

        Teresa elburu batek erabillen beti. Asmo bat eio ta axe egia biurtu. Ba-dau, ezin dogu ukatu, ezpala poeta izateko, esan dogunez; baiña ori al zan bere jomuga? Zerbait dagianean, zer ori darabil gogoan. Bertsoak ontzerakoan, ez ditu suster barik ontzen. «Ontzen ikusten dogun bertsoak —diño Donazar'ek—, bere garaikoak diñoskuenez, bideetako ibillia edo-ta komentuetako bizi-ibillia bizkor-azteko dira. Bizi oriak liturgi txikia lez bururatzen dau, Dabid Erregeak, egiazko bizimodu baten jazoera beiñenak salmuetan jarririk, bere biziari eta ingurukoenari aria emon eta indarazo oi eban lez» (La Cierva vulnerada, 111 or.).

        Bere alaben karmedar biziari sua ta poza emon nai eutsen Teresak. Ortarako idatzi zituan bere koplak eta, ain zuzen, erri-bertsoetan oiñarrituak ditu geienak; poztu eitezan, bai, gazte areik komentu barruko bizikera latz samarrean. Kristoren, Andra Mariaren eta Santuen jaietan batez be, ez eban arpegirik ez biotzik illun, triste naiz larri ikusi gura. Gabon aldian sekulako jaiak eratzen zituen: oindiño be, Avila'n San Jose komentuko oroigaillutegian erakusten dabe garai aretan, kopla ta kantu, joten eben danbolin soiñutsua.

        Onako izkiñu (letrilla) ta koplak ugari atondu zituan Teresak, uste danez, askotan errez ez danarren berak onduak zeintzuk diran jakitea. XVIII'garren mendearen erdirantza, Aita Andres: karmeldarrak bilduma edo txorta bat osotu eban komentuaten orduan be abestuten ziran eta Ama Teresarenak zirala uste eben guztiakaz. Gerora be, areitatik batzuk onartuak izan dira, beste batzuk ez. Gaur, naiz eta ez ziurtasun osoaz, libururik geienak, Ama Teresak berak egiñak lez argitaltzen dituenak, nik euskeraz ipiñi nebazan Onbidea deritxon Iiburua argitara emon nebanean. Lau sailletan banandurik datoz an: 1) Lirikuak; 2) Gabon-kantak; 3) Eskintzazkoak, eta 4) Sendikoak. Guztiz, 31. Danak dozuz arin biziak, mamin aundikoak. Ona lenengo biak:

 

NIRE LAZTANA ENEA

 

                Nazan eta daukadan oro

                emon neutsozan unetik,

                nire Laztana da enea

                ta ni Arena osorik.

 

 

                Eiztari bigunak geziaz

                zauri-zauri nindunean,

                tink jatan gogoa gelditu

                maitasunaren mendean,

                ta aldaketa dagit bikaiña

                bizitz barria arturik:        

                        nire Laztana da enea        

                        ta ni Arena osorik.

 

                Gezi goriz zauritu nindun,

                maite-suz zan kutsutua,

                ta nire gogoa idoro zan

                Egilleaz alkartua.

                Jainkoarena nazanetik,

                ez dot nai beste maiterik:

                        nire Laztana da enea

                        ta ni Arena osorik.

 

 

IL-EZIÑEZ

 

Bizi naz, ez baiña enegan,

ta ain ditxarot bizitz goitia

ez ilteak daust

kentzen bizia.

 

                Joana bizi naz neugandik,

                maite-sutan il-bearrez;

                Jainkoaren baitan bizi naz,

                beretzat nindun maitez jo;

                biotza neutsonean emon,

                an jarri eustan idatzia:

                        ez ilteak daust

                        kentzen bizia.

 

                Jaungoikozko espetxe onek

                —nire maitezko egoitza—

                Jauna dau egin nire iopu

                ta azkerik ene biotza;

                ta ain jat griñagarri Jainkoa

                ene atxillo ikustea,

                        ez ilteak daust

                        kentzen bizia.

 

                Ai!, au biziaren luzea!

                Erbeste onen minkorral

                Espetxe ta kate oneitan

                esturik bizi bearra!

                Noiz urten-zain nagola soilki

                damost oiñaze gorria!

                        ez ilteak daust

                        kentzen bizia.

 

                AH, au biziaren garratza,

                Jainkozko ezti bagea!

                Maitasuna bait da txit samur,

                itxaro ez baiña luzea:

                ken eidazu, Jainko, pixu au,

                galtzairu baizen andia:

                        ez ilteak daust

                        kentzen bizia.

 

                Il bearraren uste gozoz

                bizi naz bakar-bakarrik,

                il ostean, bada, bizia

                itxarok dakarst ziurrik;

                bizia damozun eriotz,

                ez luza, bait nozu zeuria:

                        ez ilteak daust

                        kentzen bizia.

 

                Ona, mardul da maite-sua...

                Bizitz, ez zakidaz ziztrin;

                ez daukazu beste biderik,

                gaintzeko, gudua egin.

                Betor bein eriotz biguna,

                betorkit ilte aurkia:

                        ez ilteak daust

                        kentzen bizia.

 

                Alako bizitza goikoa        

                egizko bizitza dana,

                bizitz au aitu ta il arteiño

                biziz goza oi eztana:

                eriotz, ez zakidaz muker;

                iltzear bizi nadin lenik,

                        ez ilteak, ai!,        

                        kenduz bizia.        

 

                Bizitz, zer neikeo nik emon

                nigan bizi dan Jaunari,

                zeurori ordez galdu ezik

                A dagidan irabazi?

                Ilda opa dot A jaritxi;

                orren dot kutun maitia,

                        ez ilteak daust

                        kentzen bizia.

 

        Kidekoak dozuz besteak be, sakon ta jainkoti egiñak mistika-arikoak, eta gatz-ozpiñez aseak alaben komentu-bizitzari jarriak. Danak, jakiña, emakume-biotzaren zer gazi-gozoak igurtziak. Etzan olerkigintzan sartu, koplagintzan baiña; bietarako, alan be, trebe zanik, nok ukatuko ete?

        Prosaz idaztean ere, errez egaz dagi zugatz lirikura. Irudimen azkarregikoa ez ba'zan be, biotzondo bero-beroa dagerkigu itxi euskuzan idaztietan: bere Bizitzan eta Biotz-oiuetan (Exclamaciones) baitik bat. Amazazpi ataltxo dabez Biotz-oiuak eta Jainko-maitasun galdatan ixuritako oiu biziak dira. Onela asten da lenengoan: «Oi, bizi, bizi! Zelan dirauzu zutik, Bizi jatzunetik urrin? Zeri zagokioz, bakarte gorri ontan? Zer dagizu, zeure egiteko guztiak uts eta akats ba'dituzu? Zek poztu oi zaitu, ene gogo, itxaso zirimoltsu ontan?».

        Baiña emen doakizu agerbide lez eta txasta daizun amalau ta amazazpigarreneko txatalez zati au. Ara: zeuk ikus, baiña nik uste dot emen dagoela olerkari edo poeta lirikuen goitasuna ta garra. Irakur:

 

                «Oi, lagun zakit Jainko, Jauna!

                Au gogorraren gogorra!

                Au zorakeri ta lausoa!;

                gauza bat gal ba'dadi,

                orratz bat

                edo mirotz bat,

                —aidean zear egaz ikusiaz

                begiak pizkat gozatzeko baiño ez dana—,

                galtze orrek min emoten dausku;

                eta ez dauskula miñik emon bear

                Jainko-aunditasunaren arrano egalari au,

                eta atsegiñetan amairik izango ez dauan

                erreiñua galtzeak!

                Zer da au? Zer da au?

                Ez dot nik ulertzen.

                Jar Zeuk, ene Jainko, osagarria

                ainbesteko zorakeri ta lausoari!

 

                Ai ene! Ai ene Jauna!;

                erbestealdi au bai dala luzea,

                ene Jainkozko gura bizi neketsuz

                igaro bear dana.

                Zer dagike, Jauna, arimeak giltzape ontan?

                O Jesus!,

                giza-bizia bai luzea, laburra dala esanarren!

                O bizitz, ene onaren etsai!

                Eta nok leukaken zu amaitzeko baimena!

                Zaroadaz, Jainkoak zaroazalako;

                zaukadaz, Arena zarealako.

                Ez zakidaz zital, ez esker gaiztoko!

 

                Ez naizu zigortu neuk nai

                edo opa dodana emonaz,

                zure maitasunak —bizi bedi nigan—

                gura ez ba'leu!

                II bedi onezkero «ni» au

                eta nigan bizi bedi ni baiño geiago dana,

                ni zerbitzari izan nakion!

                Bizi bedi Bera eta bemost bizia!

                Bera bedi errege ta ni Aren mendeko,

                nik ez bait dot beste askatasunik gura!».

 

        Teresak onela idaztea ezta bape arritzekoa. Konta ezin-alako doai, mesede ta ikuskizunez ornidue, trinkatzen eban atzartean lez maitasun laba gorian. Maitatua zan, maitatu bearra eukan. Maitasunezko experientzirik gorenengoak izan zituan Teresak; Jainkoa azaltzen jakon aurrean begiz ikusiko ba'leu lez, bizi ta dizditsu. Maite-miñaren eragiña ezin eroanik, osabideren bat billatu nai leuke arimeak, baiña ezin. Eriotza opa dau ortarako, ain maite dauan Jainkoaz batzeko. Sastada itzelak emotsozan maitaleak, iasan eziñak. Gorde egiten jakon sarri zauritu ondoren, eriotzak aiña illa itxirik: naiz eta odolik ez ixuri, barru samin-jario eukan, ezin bestean.

        Iñoizka aingeru bat gorputz-itxuran ikusi oi eban bere ezker aldean. Onako ikuskizun bateko jazoera, onan pintatzen dausku berak. «Etzan aundia —diño—, txikia baiño, eder-ederra; sutan eukan arpegia, guztiz goi dagozan gotzonen antzera. Kerubiñen artekoak izan bear dabe, niri ez dauste izenik esaten... Eskuetan ikusten neutson urrezko gezi luze bat, eta burdiñearen puntan su pizkat eukala iruditzen iatan. Biotzetik sartzen eustan bera, eta batzuetan, nik uste, erraietaraiño eltzen jatala. Ateratekoan beraz eroastazala erraiok uste neban, Jainko-maite-su bizitan izten ninduela. Oiñaze onek, aundia bait zan, oiu ta negar-xopin areik aterazoten eustazan. Baiña, onen oiñazea guztiz samurra da-ta, arimeak ez dau nai ori kentzerik, poztu be ez dau ezek poztuten Jainkoak berak ezik» (Bizitza, XXIX, 12-13).

        Onako ikuskizun, doai ta mesedeekin, esango daustazue, edozein litzakela olerkari, olerkia arima garraxia bait da. Egiazko poeta danak, edo ortan alegintzen danak, naiz aingerugeziz naiz norbere barne-eragiñez, giroa sortu bear dau ingurumari, garraxi ta intziri bipilak jaurti al izateko. Au ez dagiana, bego bertsolari maillan, naiz lerro-idazle fiñen artean.

        Irakaspen oni dagokionez, egiazki esan lei Santa Teresa olerkari dogula, eder-zale ta ederra adierazteko gai zana, ortan jarduna izan ezpazan be. Komentuko jaiak artu zituan kantagai: eliz-jaiez gaiñera, jantzi artzeak, buru-zapi jazteak, profesak... Koruko otoitzetan eder jakozan Dabid'en salmuak, goratzarreak, Aste Santuko zeremoni ta kantak, Abesti bikaiña... Berez-berez, iturriko ura lez, datoz estrofak aren lumaerpiñetik. Lau ta ulert-errez idazten dau.

        Amaitzeko, ederto Donazar'ek: «Olerkariak, poesi billa ba' lebil, aurrera joko dau. Baiña Teresa Ama billatzen dauanak, au esango: Emen dago!».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.