Thomas Merton
(Ikusi Olerti, 1982, 81-82)
Thomas Merton
euskaratzailea: Luis Arostegi
Luzi deunari otoi-deia
A Man in the Divided Sea (1946)
Luzi, zure eguna gure urtarorik illunenean da,
(zure izena argiz beterikoa izan arren),
gu, aragi ta zentzu-illunpe ta euritako bidaztiok,
gure mundu illaren negu-buruko gauerdian galdurik,
laiñoak zure izar adiskidetsuari noz zabalduko gagoz.
Aspaldi dogu lurperatu gure bizitzako udea;
gure uri alaiak amatau dira danak, ipertargiak urrillean lez.
Zelaiak ur-ondatuta dagoz eta maastia utsik:
bai murriztu dirala gure egun luzeak, orain mundua izozturik dago!
Gure naimen setatiaren kartzela otzetan giltzapeturik,
oi entzun palak arri-koskor artean kurrinka.
Olan egingo dabez gure betirako oeak,
geure lotazillez eguzkia amatau dogunontzat,
udaldiarentzat arimetako ateak zarratuta ditugunontzat!
Martiri orrek, zure egun laburrak gure negua ta gure kalbarioa dakusaz-ta,
erakutsi argiren bat, zeruan itzia dirudikean bat:
illunpetan ain luzaro bizirik, gure begiak estaldu ta lausotuta dagoz
eta ia itsu argizpirik aulenaz.
Santutu gure bizitzako arratsak eta lotazilla, o Luzi martiri orrek:
poztu zure egun adiskidetsuaz gure negu-burua.
Iñorentzat ez dan abestia
Emblems of a Season of Fury (1963)
Lora beillegi batek
(argi ta espiritu)
dau berez kantatzen
iñorentzat bez.
Urrezko espiritu batek
(argi ta uts)
kantatzen dau itz bage
berez.
Ez bei iñok eguzki txairo au ikutu,
bere begi illunean
norbait dago itzarrik.
(Ez argirik, ez urrerik, ez izenik, ez margorik
eta ez gogapenik:
o, guztiz itzarrik!)
Urrezko zeru batek
dau berez kantatzen
iñorentzat bez.
Euria zan...
Cables to the Ace or Familiar Liturgies ol Misunderstanding (1968)
Euria zan illun ta otz Biotzaren St. Teresa Egunean
amabostean jai zanik oindiño iñok be ez ekian-ta.
Euria zan bere maitasun sagratuaren omenerako aroa balitzan
andikiak aren biotzaren inguru arri orma baltza eraigi izan eben-ta
eta eliz-nagusiak, alkateak, eta autorleak ateak zarratuta nai ebezan.
Bere biotzaren miiñak iraiñak bota bear dautsoz ikuskizunari, iñoen.
Olan lau euri otz orma eraigi ebezan bere ikuskizunaren inguru.
Eta euria jatsi zan ikuskizunaren gaiñera bere maitasunaren omenez.
Ikuskizunagaz bera bakarrik zarratuta egoan gela teologikoan
bere biotza suzko milla orratzez zulatua izan zan.
Gero alkateak, eliz-nagusiak eta autorleak danak batera negar egin eben bere maitasunaren omenez.
Prozesiñoan joan ziran danak batera uriko orma euritsuetara eta sendotu egin ebezan
euren gogoak, ekaitz baltzaren izurretan bilduz.
Euren atzean uri ikus-eziñean kartzelak eta konbentuak sugarrez gaiñezka ziran.
Leiorik txikienean St. Teresa'k,
burlati zorabiatuok aaztua bera, uso biurtu eban biotza.
Euria lotu egin zan une aretan.
Usoa iges joana zan ikuskizunaren erdiune gartsura.
Izangoaren gaua
Sensation Time at the Home and other nexw poems (1968)
Neure amaian dago nire esanaia
diño aroak.
Erlojurik ez:
biotz-odola bakarrik
itza bakarrik.
O argi-ontzi
adiskide aul
jakite-gauean!
O biotz azpiko
sugar-miin orrek
leun mintza:
maitasuna baltza da-ta
diño aroak.
Orri ospatsuan
izki gorri ta baltzak
bete egiten ikus-obo txikia.
Illunpe luzea
eta orioaren
bizi makala.
Nok eutsi sendo etxebako argiari
biotz-gela sakonean?
Gauerdia!
Sugarraz laztandua!
Begitu! Begitu!
Nire maitasuna illuntasuna da!
Utsean bakarrik
dira bat bide guztiak.
Galdu guztiak
gauean bakarrik
dira aurkituak.
Neure amaian dago nire esanaia.
|