L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<oler3300>— Olerti 1984 (1987) —Hurrengo artikulua







 

 

Euskal olerkigintza, gaur

 

Santiago Onaindia

 

        1.— IGARLE OTE OLERKARIAK?

Zentzun zabaleko idatzi zigun Lizardik olerkiaz. Aren «Itz-lauz» liburuan dauzkagu zenbait lan gai oni buruz. Ona, adibidez, Errenderiko euskal Olerti jaiari eskeiñi zion «Olermen-irakite». Bai, orain berrogeta bost urte ere ba ziran olerkariak euskal alorrean; auek aspaldiko eraz ari ziran, aiek bide berriak asmatu nairik zebiltzan. Or Orixe bera, E. Arrese tolosarra, Lauaxeta, Lizardi, ta auen jarraigokoak.

        Nola ikusiak ote ziran? Giro arruntetik saiestu oi dana, beti ere, ez da ongi ikusia. Ori berori gertatu zitzaien saio artako olerkari berrizale aieri ere. Zorotzat joak izan ziran. Alere, mundu xeea baiño arra batzuk gorago arnas artzen duen gizaseme eder-zale dalakoa, maitez, txeraz eta txaloka artu bear genuke. Israelen, Jainkoak bere mezulari aukeratutako igarleak, etziran asko, baiña jakituriz, goi-arnasaz eta zeregiñez aundi ta jator ziranik ezin dezakegu zalantzan jarri.

        Alatsu nunbait ditugu olerkariak, aintzat artu bear diranak. Emen gabiltza gaur, aspaldiko urteetan bezela, geure zabarkeriz galdu genduan zerbait, edo indarrez kendu zigutena, berriro ere eskuratu nairik, ots, euskal erriaren buru-jabetasuna lortu gurarik, naiz-ta naste itoan, alegiñak erreaz ari gera elburu orrekiko lanean.

        Eta gogora dezagun emen, berriro esanik ere, Lizardik bere gorago aipaturiko artikuluan dioskuna. «Olerkaria —idazten du— deritzan gizatxoro ori gabetanik, ezta ezagun izan ez erri-pizkunderik, ezta erri-elerti betetasunik. Aberri aldeko gogo-gudari saillean olerkaria beti da leenoñean. Ta beroni zor zaizka, gogo lurkoien irriek gora-beera, gudate oietarik gurenda ozenenak. Batez ere, eleen apaintze ta gaizkakundeari buruz; olerkariari ez bezakio iñork ken oro-aal bezelako bat» (Itz-lauz, 32 orr.).

        Iñoiz eldu zan Lizardiren belarrietara, euskal literaturan, olerkari onik ez genduala ta olakoak. Eta ark erantzun: «Olerkari onik eztegula?... Zirika itzazute diranak, eskein zaiezute aintza-apurño bat... eta, gero mintza! Ta ori maiz egiñak, ikusi baietz leengoak beren buruak jantziagotzen, ta berri lirañak sortzen; eta azkenik, kemen illezkorrez bazkako duan gizagurena euskera gaixoari agertu baietz» (Ibidem).

        Nik nere aldetik au diñot: euskal olermenari irakin eragin bear zaio, ez bolbol dagonari purrustaka ur otza bota, sarri egin oi danez.

 

        2.— EDERRAREN SORPENA

        Ederra, izaki oro bezela, ezta zer osoa, Baumgartenek zioanez, zatiño askoz osatu baizik, pentsamentu soillez egiña noski. Gero dator pentsamentu oiek egokitzea ta esan-naiez jartea, oldozkun eta ideia oieri era, ikurra ematea. Landabizi, ba, zatiño askoz zerbait ornitu; gero zatiño oien moltzotik jaikitzen zaigu ederra, gai zeatz baten bildua.

        Egipen au adimenak ekarria duzu; baiña, beronen emana sumagarri data, zentzuak ere, sentipenak batez ere, ba du bere zer-ikusia eder-lanean. Barneko eraberatasuna, elkar-aditzea ta batera jartea osatu danean, ederra bat dator, ados daukagu pentsamentu ta gauzakin. Au da: adierazpenaren txukuntasunetik eta esatearen adostasun egokitik sortzen zaizu ederraren ederra.

        Pentsamentuak adierazteko, olerki-arloan batez ere, ikur bat besterik ez daukagu, itza, izkera. Emen poesiari buruz ari geran ezkero, beste izkera-motak baiño goragokoa izan bear du, jakiña, olerkariak erabilli bear duen izkera: olerkariak bai pentsamentuz eta bai izkeraz, mailla apartekoan zirkin egin bearra daka. Jende xeeak berak eskatzen digu olaxe; esaldietan, bere trebetasuna erakutsi bear du olerkariak, pentsamentu bipillez eta jantzi ñabarrez agertzen aleginduz. Neurtitzak goragoko izkera eskatzen digu, itz-lauz edo prosaz ari izatean baiño gaillenagoa.

        Poema bat biribiltzean, beraz, arimea euki bear du koplariak aurrenik pentsamentu bikaiñak emateko giro berezian. Soroko ereintzak bezela. Aro onez ereina ederki dator, ez ordea alderantziz: girorik ezean ereiten danak ezin du ekarri, ta ez dakar, frutu zindorik. Olerkia osatzerakoan, egia esan, sentikortasunak ere ba du egitekoa; adimena bakarrik ezta langille, beeragoko aalmenak ere, zentzuak —begiak eta belarriak— ba dute lana.

        Eder-sena pizkat danona izanik ere, olerkariak beste iñork baiño zorrotzago erakutsi bear du dalako sena. Irudimenak zelai zabala du poemagintzan, indarrez eta antzez. Baiña nun du bere leku berezia? Adimenaren eta sentikortasunaren erdian, zintzilika legez. Bi indarrok, naiz-ta berezkoak jatorriz, olerkariak irakurriz eta idatziz, ari izanaz —praktikaz— landu ta ugariagotu bear dizkigu. Onetan, azka ta puzka geiago ta olerkari obea gertatuko.

 

        3.— GURE OLERKARIAK

        Errialde guztiak izan dituzte beren koplalariak, oleskari ta olerkari. Bat-bateko bertsoak, asmatu-ala jendaurrean esan naiz abestuteko gaitasunik ez dute, esatekorik beintzat, beste izkuntzetan izan, nun-edo-nun alako zerbait duten arren. Bertso-ezarle ta oleskariak, oiek baiño goratxoago dabiltza; olerkariak, ordea, oiek baiño goragokotzat dauzkagu. Baiña ba dira, tamalez, norberak, poeta dala uste izanik ere, bertsolari exkasen maiIlan gelditzen diranak, ez sentipenaz ez teknikaz ezer mamitsurik ematen ez digutenak, alegia.

.        Sail onetan sartu genitzake —ez dut iñor mintzeko asmorik— gaur zenbait antologitan poeta izena daramaten ez guti. Birao nazkagarriak bota oi dituzte or-emen euskal idazle askori buruz... ez luketela idatzi bear, euskerari kalte ikaragarria dakarkiotela... zenbat gangarkeri ta ezesateko, ots, zakurrenak irakurten ditugu edozeiñek esanda. Nik diot: giza-legeak ez digu olakorik jasaten, baiña noizik-bein ez daude gaizki antzeko eztenkada zorrotzak.

        Izan ere, erri atzeratua, literatura kontuan urri gerala ta onako iritziak jalki ondoren, gero olakoak esan ditunak, lan bat, poesi bat idazterakoan, iñundiko ezjakin zulora zapart dagi, bere baldarkeria agiri-agirian gelditzen dala... ol-puska bat uiñen mende igeri ba lebilkigu. Eta norbere trebetasunik eza zuritu naiean, bestean lanak makertu, irauli ta izen ona laidotu gurarik esan-ezin lakoxe saioak egiten. Makurrari emanak noski. Ez dugu orrela gure olerki-barrutia jorituko.

        Leenago etzan orrela. Batasunak kemena dakar, dakigunez. Gerra aurretxoan gorenengo mailla jo zigun euskal olertiak. Zergatik? Orduko koplari guztiok bat giñalako. Aitzol etzan poeta, baiña bai aintzindari ta biotz-berotzaille. Nolako begirunea genion guk Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Loramendi, Jautarkol,. E. Arrese, E. Erkiaga... bati! Gozo, samur, jakintsua bait zan aien gidaritza.

        Sarri idatzia dugun arren, aitor dezagun berriz ere: garai ura izan zan euskal poesiaren loratze zoragarria. Or testigu poesi-liburuak. Orduantxe burutuak ditugu Orixeren «Euskaldunak» eta «Barne-muinetan», orduantxe Lauaxetaren «Bide Barrijak» eta «Arrats-beran»; orduantxe Lizardiren «Biotz-begietan» baitik bat. Arrezkero ez dugu egin, ondikoz!, aiek egin zutenaren mailara irixten dan olerki-lanak. Irrintzi bai egin dugu, baiña irrintzi utsala, erantzunik gabekoa. Ekar liburu bat bera aien gerrira eltzen danik. Aien oldarra, aien biotz-ondoa, aien euskal arnasa duenik, ez dugu geroztik, zoritxar aundiz.

 

        4.— OLERKIA LANTZEAN

        Oraingoz bertsolaritza ta olerkaritza, beren einean gero ta indartsuago suspertuz zijoaztenak, albora utzi ta poesigintzari gakiozala, ezertariko alkekizun gabe au aitortu dezakegu: garai aretan asi zala, euskal bertso-jite tradizionala lagarik, poesi kultua landu ta saiatzen. Ordurarte, euskal bertsoaren egiazko bidez zebiltzan gure koblakariak, gaur ere oraindik, asko beintzat, mugaz bestaldekoak ortaz dabiltzan bezala.

        Nunbaiten esana dugu Oihenartek —bakarrik noski— ortara jo zuela, poetika bat ere antolaturik. Geroago, dena berriztatu nai izan zuen Arana-Goirik iñork baiño obeto olerki-metrikaz idatzi zuenak, bere kopla aberkoietan, bide berriak iriki zizkigun. Ondorengoak, berriz, oiartzuar Iñarrak, muxikar Kepa Enbeitak, tolosar E. Arresek, Aita Errenderik, J. Eltzok eta beste batzuk bide berrietatik joan naia erakutsi ziguten.

        Baiña Jautarkol, Orixe, Lauaxeta, Lizardi, «Zeruko Argia»n eta «Jesusen Biotzaren Deya»n idazten zuten Loramendi, Gaztelu, Zaitegi, Argarate ta abar; Zubigar, Tapia, Perurena, Barrensoro ta besteak izan ziran euskal olerkia kultur maillan goi-goi jarri zutenak. Gerra ondokoak ditugu Satarka, Etxaniz, Jakakortajarena, Bordari, Mitxelena ta besteak, euskal poesi kultuan lan egin zutenak. Guda aurreko «Yakintza»k bultzakada errimea ezarri zion gure poesiari. Or daude orduko olerkarien lan biribil, zentzunez jantziak.

        Aipua beintzat egin dugunez, mugaz andikoak —olerkari onak, Etxahun, J.M. Hiribarren, J. Otxalde, Ibarrart, Elizanburu, Zaldubi, J. Barbier, Iratzeder...— beren eskola egin zuten eta ortan jarraitzen dute gaur-egun ere, poesi jatorra egiñik.

        Asko ikasiak ziran olerkariok, latin eta gerkar munduan, ots, klasikoen barrutian buru-belarri sartu ta ibilliak; gerkar Homero, tatindar Horazio ta Bergiliren lanak irakurri, ikasi ta euskerara itzuli ere egin zituztenak; beraz, ezta arrigarri aien antzeko euskal literatura kultua egin nai izatea. Aipatu olerkarion artean izan zituzten beren arteko istilluak. Onek oso-osoko aldaketa ikusi nai ba zuen, ark ordea ez zuen ainbestekorik gura. Orixek, esaterako, etzun nai alperriko apaindurarik; legor-zale zan, eta Mistralen «Mireio» euskeratzean, adibidez, probentzar idazle azkarraren apaindura asko ez zituen euskeraz jarri. Iritzi berdiñekoa dugu Manuel Lekuona ere, naizta euskera apaiñetak jo leengo euskal joera zaarretik geiegi gibelera egin gabe. Orixeren eta Lekuonaren olerlan guztiak orrela taiutuak daude; orixe zan Aitzolek aolkatzen zuena ere (Yakintza, 1934ko uztail-dagonilla, 343 orr.), naiz-ta gazteai batez ere askatasuna eman bide barrietaz saioak egin zitzaten.

        Lizardik eta beronen eskolakoak gorago jo naia erakutsi zuten, eta beuron lanak kultuagoak ditugu bear bada, zein pentsamentuz eta zein jantzi datorez.

 

        5.— GERRA ONDOKO ESNA-NAIA

        Kalte izugarria ekarri zion gerrak gure izkuntzari. Orduko euskal idazlerik geienak illak, espetxeratuak eta erbesteratuak izan ziran. Askok, alere, naigabe gorrian bizi arren, ez zion amor-egin barru zeraman griñari: maite zuten euskal erria, maite zuten euskera; ezin, beraz, bertanbeera utzi ez erria, ez euskera. Eta illak —Markiegi, Aitzol, Lauaxeta— ixillera ziran arren, espetxeratuak giltzapean ere koplak osatzen zituzten —nik ainbat ondu nituen-eta erbesteratuak—. T. Monzon, J. Zaitegi, Jel-alde-olerki liburuak argitaratzen zizkiguten. Beste batzuk —J.M. Leizaola— poesiari buruzko lan bikaiñak mamintzen zituzten.

        Orrenbesteraiñoko eragozpen eta zapladaz, odol eta zemaiz, bildurra sartu zuten bazterretan, eta urte mordoan etzan iñor ausartu ezer egiten, Euzkadi barruan erabat. Ekaitza zerbait baretu zanean, S. Mitxelena izan zan, bere «Arantzazu» poemarekin, ixilla urratu zuena. Nik beingoan «Milla euskal Olerki eder» argitaratu nuen, 1954an, 1.200 orrialdeko poesi-bilduma mardula, ordurarte poesi-gisan zerbait koplatu zuten lan bereziz aragitua. Orixek Ameriketatik idatzi zidan: «Milla euskal olerki? Ba ete da ainbesterik? Eta zelakoak ete dira? Nik uste baiño geiago ta obeak dira bilduma ontakoak... Aurretik esan, olango liburu bat bear-bearrekoa dogu, geurok zerbait ikasi dagigun, eta batez be, gure gaztediak».

        Liburu eder au txalo beroz artua izan zan Euskalerri ososan, ixilkeri maltzur batzuk izan ziranagatik. Argi adierazten zigun beronek zein zan antziñako joera euskal koblakarien artean, naiz olerkigintzan naiz bertsolaritzan, eta zein 1927tik aurrera batez be olerkari jantzien arteko joera.

        «Ixilkeri maltzurra» aipatu dut. Eta orrelaxe da. Batzuk ez zuten gogoz artu —ez dakigu zergatik— dalako idaztia, eta beren literatur kondairetan, adibidez, ixillera bota zuten, mundu guztiak esku-zartaka artu zuena ixillera —azpi-joko ziztriña askorentzat— eta kitu; beste ainbeste egin oi dute ondorengo ez gutxik, lenengo sasi-maixu aien jokoan abarrotsik ez ateratearren. Orixe berori dagie gaur-beuron lau edo bost ale aundiko kondairetan euskal literaturari buruz idaztean. Ogei orrialdeko liburuxkak goratu ta euskal olerkari guztien lanez ornidutako liburu mardula, milla orrialdetik gorakoa, iraizeko aipatze batekin aski.

        Nik urte artan ale baten, eta bitan, argitara eman nuen olerki-liburua, Retanak 1976an, bigarrenez bi ale aundi apaiñetan eman zigun. Irugarren tomu bat daukat iru bat urte diralatik noiz argitara azalduko zai, arrezkeroko olerkarien lanakin osatua. Ale ori esku-tarteratzen zaigunean ikusiko dugu ez dala aurretiko biak baizen interesgarria. Gaur, oraindik, bizi-bizi aupatzen diran poeta batzuen lan egoki billa nekatzeraiño ibilli arren, ez nuen bete-betekorik idoro. Orduan, zer da goraltzen duguna? Ez uste ni bakarrik naizenik iritzi ortakoa: ari ta oni entzuna ere, ba duzu.

        Euskal ardurak kezkarazi ta utsune nabari bat betetearren, «Olerti» argitara genduen 1959an, exkutuka ba zan ere. Gure bertsolari ta olerkariak ez zeukaten nun argitaratu beren poesi-lanak. Eta utsune ori orniduteko sortu zan «Olerti»k bizitza naiko joria izan zuen, amar urtetan beintzat, eragozpenak eragozpen, ainbat lan eder argitara emanez. Ixilune batzuk izan ba ditu ere, oraindik kaleratzen da «Olerti».

        Eta 1969garren azkenerarte, urtean lau numeru irarri zan poesi-aldizkari ontan idatzi zuten guda osteko euskal olerki-alorrean zeozer izan diran poeta jantzi ta bertsolaririk geienak. Ikus eta irakur idaztitegietan panpots dituzun ale oiek. Madridetik etzidaten iñoiz ere baimenik eman, eta, azkenez nik ez niotela kasurik egiten ikusiz, «Gaztañadi» alea kalera nuenean, idatziz eta bortxaz debekatu zidaten.

 

        6.— GAURKO NASPILLA

        Orduz gerokoa da gaur poeta ta abar darabilgun nastea, elbururik eza. Politikan zein euskal arloan, konta ezin-ala naas-maas zildu ta indar-azo ditugu, bakoitzak bere aldetik jokatuz, bakoitzak bere gramatika, joskera, idazkera ta beste kera guztiai aizea eman eta aize orrek nora putz araxe jorik, or gabiltza geure izkuntza suntsitu ta ondatzen, ez ardura ez maitasunik gabe, erri oso baten izkuntza norbere olde ta illargi-aldiz erabilteko balitz bezela. Mukerrak gara euskaldunok, ez diogu geureari iñolaz ere amor emango, ta bitartean or itoko zaigu gure euskerea. Noiz jokatuko zentzunez eta ez norbere kasketaldiari bide emanez? ez ote diogu izkuntza galdu ezkero euskal izate gabe gelditzen gerala?

        Beste azpilan arruntak albora utzirik, aipa ditzagun emen gaur ugari dauzkagun literatur sariketetan gertatzen dana. Askotxu dira agirian diotenak berak ez dutela lanik bialdu nai olako konkurtsoetara, eta muturik daude ainbat euskal idazle punterengo. Berdiñak dira ia beti —gure idazle jakintsuen artean besterik ezpalego bezela— an eta emengo literatur leiaketetan maiko egiten dutenak. Mingaiñ gaiztoak diote ez dituztela lanak irakurten; ez dut uste au egia danik. Ni urteetan ibillia naiz edu ortako egikizunetan, eta beti irakurri izan ditut iritzia emateko ekarri dizkidaten lanak. Neretzat iritzi obea eman oi dute noizik-bein maiko egiten dutenak, sarriegi ematen dutenak baiño. Zuk ezetz diozu?

        Egia au ere: lanak irakurri ta iritzia ematerakoan, beti berdiñak baldin ba dira, errez jakin dezakete maikoak norena dan esku artean duten lana, urliarena naiz sandiarena. Sobreak zabaldu ere errez egiten dituzte, konkurtsora lana nork igorri duen jakiteko noski. Neri beintzat, asko ez dala, au jazo zitzaidan: maikoen epai ematea baiño leenago ba zekiten kalean nola bialdu nuen nik alako ta alako lan bat alako konkurtsorako. Nola jakin zezaketen? Karta-azala irikirik, alegia. Karta-azalak, guk beintzat Olerti Egunean, sariak emokeran zabaltzen ditugu.

        Beste batzutan, maikoen adiskide ba dira, idazleak berak ibilli oi dira beren lanak goratzen, diru gabe daudela ta olakoak esaten; baita au ere: idazlea maikoen iritzikoa ez bada, danok edo batzuk beintzat alkar arturik, saiets uzten dute idazle bat, olerkari bat, liburu bat, eder-bikaiña izan arren; ez dute, uste gabetarik ere, aintzakotzat artzen, ixilpetu, ez aipurik egin, dijoala orbelpe ixilka dabillen uraren antzera. Dotriña au ez dakit norengandik ikasia duten, baiña gaur-egun naikoa zabal dabilkiguna duzu, bai politikan eta bai euskal idazleen artean ere.

 

        7.— ETA ONEK MUTURGOA DAKAR

        Froga billa ezta urruti joan bearrik. Ona lengo astean (1984, iraillak 23) Donostiako «Argia» asterokoak zekarrena, Luis Mari Mujikak idatzitako «Objetibotasun gehiago» zeritzan artikuluan; «Reducciones» katalan aldizkarian euskal poesiaz ateratakoa zala-ta egiña noski. Mindu xamar darabil idazkortza; urduri esaten ditu gauzak, eta ez errazoi gabe. Numeru osoa atera digu kataluniar aldizkari orrek gaur-eguneko euskal olerkiaz. «Poesía vasca contemporánea» du titulu; Jon Kortazarrek, oraingo poeta berrien eragikuna ta ibillia aztertu ta zuzendu nai dutenak, osatu du textuen komentarioa, azterketa ta ikuspegi orokorra. Ontaz idazten du L.M. Mujikak, bere lan luze xamarrean: «Estimatzen dut Kortazar-ek han-hemen euskal kritikaren munduan egin duen lan zenbait. Hala ere, oraingoan irakurlego katalanari gure poesiaz eman dion ikuspegia, zoritxarrez, neurri batean, gure artean garaile den «partzialismoz» atondua dago. Denok dakigu euskal idazleen artean taldeak eta koto itxiak egin direla (eta daudela), eta batzuen goraipamen merkea besteen boikotaz tartekatzen da» (Argia, 34 or.).

        Zortzi poesi-liburu argitaratu ditu Mujikak. Gaurkoa da. Eta ez diote «Reducciones» aldizkarian bat bera ere sartu. Bazter utzitze onek zer nai du esan? «Gure kritikagintzan —dio— mafia eta «taldeen» erako lana egin da dudarik gabe». Eta nik, Mujika, euskal langille fiñarekin bat natorrelarik, baietz diot, orrelaxe dela. Ez nik bakarrik gero, beste euskal idazle askoren iritzia ere, berauxe duzu. Ariari ekiñez, gaiñeratzen du: «Gure artean, hots, euskal idazleen artean, dagoen giro txarra ikusirik, alde batetik, ez naute ainbeste harritzen honelako portaerak... Hemen taldetxoen faboreak uzten ez ditzgun arte, alferrik esanen dugu Euskal Herria zintzoki eraikitzen ari garela».

        Idazle gazteak bereak eta bost sakatu ondores, onela edo bukatzen du bere zuriketa: «Hemen objetibotasunari hobeto heltzen ez diogun bitartean, idazleen giro «zitalak» bere hartan jarraituko du. Kritikak inpartzialtasuna, jatortasuna, sakontasuna eskatzen du. Eta zuk, batzutan behintzat, probatu duzu kritika serioa egiten badakizula. Bainan poesia modernoa balioztatzekoan ez gintezke gera halako "experimentalismo" hutsen goratzarrean». Berdintsu esan dezakegu beste kritikalari askoren jokabideaz ere. Bide kiratsez asea euskeraren salbamenerako.

        Onexek, neurri aunditan, ondatu izan du euskal poesiaren mundua. Urte batzuk dirala —«Olerti»ren sasoi garatuan— orren bikain, banabanako ta goi-arnasaz zebillen olerkigintza, gaur apeta zurbillen zigorpean, larri ta noraezean dakusagu. Amar urtez ain lortsu ikusi genduen poesialdizkaria, 1969an mututu zitzaigun. Beste amar urteko ixilaldia aldizkariak eta poetak. Gauzak pizkat obetu zirala-ta, berriz ere 1980an berriz asi nintzan «Olerti» ateratzen, Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin. Leenagoko poesi-lankideetatik betiko batzuk —onenak, egia esan— asi ziran berton idazten, azken orduko beste batzuekin naste. Leenengotik ez gutxik ez dute parte artzerik nai izan, naiz-ta «Olerti»ren ateak guztientzat zabalik egon. Lau urte daramazki kaleratzen, poeta askok, alere, ez dakit zergatik, ez didate lanik bialtzen. Onek adierazi nai du bi ur-joan, bi tiraiña dauzkagula, aspaldi, euskal olerkigintzan. Nork eta nola sortuak? Ba liteke amar urteko etenduraren erruz izatea. Ba liteke, baita, gure gazte askok, politikan bezela, literatura poetikuan ere, oi ez lako urratsak eman nai izatea, ta gaur leengoak baiño aurrelariago dabiltzala uste izanik, atzean errenka doaztenakin bear bada ezer nai ez izatea.

 

        8.— JOKA DEZAGUN ZENTZUNEZ

        Ez gaitezen, baiña utsaren eta putzaren pareko izan nairik ibilli, sustrai bikaiñik ez dala bereziki. Gaur, salatzen danez, naiko daude, zer gutxi izanik ere, beren buruak poetatzat joten dituztenak. Lau edo bost oler-lantxo, iñork lagunduta geienetan, osatu dituztela-ta, uste dute poeta (olerkari ez) gain-gaiñeko dirala. Ez, motell, zer garaiagoa duzu poeta izatea. Izan dezakezu barne-deia, eder-sen zabala; baiña ez duzu orrekin naiko: poetika ikasi bear duzu, oler-teknika, neurkera, oskidetza, lanaren barne-ritmua... Klasikuak, edozein literaturatan belaunez belaun onenak izan diran olerkariak irakurri, ausnartu, egosi ta zeuretu; lan batzuk ederragoak irudituko zaizkizu zeure gustorako; irakur oiek berriro, oiek bait datoz egokiago zure izakera ta kulturarekin.

        Ederra duzu musika-lana; zoragarria poesigintza. Zuk ere ba duzu eder-sena. Baita gogoa ere lantxo batzuk egiteko. Ez asi leenengotik Lizardi, Lauaxeta ta antzekoen lanak, bete-beteak, bulkoz eta jantziz oso-osoak osatu nairik. Egin leenengo lantxo politak, txikiak, ariñak; artzazu, apika, Lizardiren «Etxeko kea» edo-ta Lauaxetaren «Arrats-beran» poema sailla eredu; gero ariko zera «Biotz-begietan» eta «Ezilkortasuna» langoak biribiltzen. Baiña idatz eizu, ez urtean poema bat, illean pare bat baizik. Orduan jakingo dugu noraiño eltzen dan zure trebetasuna olerkigintzan.

        Egin lantxoak neurri batean, baiña zeozer diotenak. Eta argi idatzi, mesedez. Olerkariak, diote, laiño-miesa artean utzi bear ei ditu bere pentsamentuak eta sentipenak, irakurleak ere lan egin dezan. Baiña, kontuz, ez ibilli poesi luze ta illunegietan; orduan, bada, nazka sortzen zaio irakurleari, eta jakiña, zure poesia edo liburua baztertu egingo du, tautik ere ez duela ulertzen esanik. Ore atsegiña osatu bear dute olerkariak eta irakurleak, bion alegiñaz eta gertakuntzaz, ikasizko gertakuntzaz ain zuzen.

        Pentsamendu au nik sarri ausnartu dut nere kautan; baita poesi-zaleekin eztabaidatuz jardun luzeak euki ere, emen urtero jaitu oi dugun Olerti Egunean eta beste astiune batzuetanlez. Lauaxeta, esate baterako, 1925an asi zitzaigun euskal olerkigintza; gerkar, latindar, prantses eta aurreko mendeko erromantiku askoren lanak irakurri ondoren, olerki pitin politak arnasa aundikoekin naste argitaratu zizkigun «Bide Barrijak» liburuan; baiña geroago, «Arrats-beran» osatzean, liburu ontako guztiak egin zituan arin, polit eta ulert-errezak, irakurleak ezeren zoztor gabe irakurri ta ulertu zitzan.

 

        9.— ERAKUSBIDEAK

        Ona lan au antolatzean jazo zaidana. Aldamenean izan ditut adisk olerkari bi, ni ikustera etorriak. Itz-aspertu luzea erre ondoren, begi-lu jakingale berez gara-ta, nere gelako liburutegian au ikutu ta bestea ik ziarduela, liburuxka bitxi birekin alboratu zaizkit. Batak, «Gaiak» aldizkarian datorren «Gernika-77» X. Leteren kontrakantua dakarkit maira, onela irakurriz:

                «Eguzki gorri bat

                bolkan gorri bat

                eguzki gorri bat

                gorri gorria.

                Bolkanaren sabeletik eguzkia lehertuz

                ixuriz

                suzko orgasmoan libratuz

                barruko gar guztia».

        Orrela doa poesi guztia, 69 bertso-lerrokoa. Nik irakurria entzunaz zuen barre-algara gutxi atera, eguzki antzo lertu bearrez noski; lan osoa irakurri nien eta olerkariaren irudimena txalotuz tautik ere etziotela uler, bota zidaten.

        Bigarrenak, «Kandela» literatur sormen aldizkari, oraintsu asia, ekar zidan. Gasteizen azaltzen dute berau poesi jatorrez eta euskeratuz ornitu; olerkiz eta itz-lauz, dena euskeraz. Tere Irastortzaren «Lau egun beranduago» irakurtzen diet. Onela:

                «Lau egun beranduago

                mendi-kateak natazko helatu ziran

                inguru-maira

                zulo zulakaitza

                Pizti

                xoriño

                ximeletak

                kalkamonia pena-asegarri

                haranak titi-tarte

                amets-ditara

                ditiak

                ezpain dolore

                behatzak

                kate-lore

                nigar

                sare dolore».

        Par-estanda aundiagoak, zotzik ez mistik etzutela ulertzen adieraziz.

        Nik «Susa» aldizkaria erakusten. Gazte talde batek plazaratzen duen aldizkari berri onek poesi askorik ez dakar, baiña labur, zirti-zartako batzuk, ipuiak eta abar bezela, amodiozkoak eta lizunak ia denak. Bederatzigarren zenbakian, Maripi Solbesen «Inora» irakurri diet:

                «Diztir lore moreak

                zituzten zure eskuek, kale ibiltaria

                Biok idea berbatez topatu ginenean

                Zein hutsa den basamortua

                Eskeintzen nizun umea ez zen zure ezpainetara heldu

                        Marziano banintza

                        esandakoa eta txiribita

                        lo eskasa

                Berriro abiatu ginen

                hiri moreko edozein kaletik

                        Zu

                begira magalean

                        nire

                gauak elkarrekin bideratzen gintuela

                                                        inora».

        Emen biak, zeozer ulertu baluten bezela, elkarri kiñu maltzurra.

        Eta nik ots: Poetak! nora goaz? Nun galdu da zentzua? Or krisaillua, ta goazen billa! Onakoak omen dira gure poetak. Berriro diot, poetak bai, baiña ez olerkariak; ia sartzen zeraten olerkari taldean. Mugaz andiko koplakariak naiko ganora geiagoz agertzen zaizkigu. Ikus Baionako «Maiatz», ango gazteak azaltzen duten iru-ilabeteroko poesi-aldizkaria. Literatura bizirako lan dagie gazte aiek, beren pentsamentuak ez ditezen pasa bakarrik, bizi ere bai. «Maitasuna, lana, tristezia eta mendiak, esperantza eta gau baten zoriona, euskeraz», auxe dute ikur. Euskeraz, geure euskaldun gauzak diralako; ez gero gauza illak, ez ikerketa otzak, ez errautsez bete «erakustokietarakoak». Leon Haizagerre, Auxtin Zamora, J.L. Davant, Daniel Landart, P. Etxegoien, Itxaro Borda, Manex Erdozaintzi-Etxart, Enaut Etxamendi dira berton geienik idazten dutenak. Bostgarren zenbakian Auxtin Zamoraren «Argi ziloak» deritzana daurkit. Onela dio lenbiziko ahapaldiak:

                «Hil gabe,

                nola jakin,

                zer den bizia,

                        madarikatu

                        gabe,

                        zer den

                        Amodioa?»

        Au irakurriz bederen ba dakigu zer esan nai digun olerkariak. Ulertzen? Iparraldekoak beti izan zaizkigu euskaldunago, argi ta garbiago, idazkeran. Izan ere, lurgaiñ daukagun egiazko bizia, ez da betikoa, il-ondoren datorkiguna baizik; ilda gero izango dugu, ziur asko, biziaren berri sakona. Amodioa berdin, asarraldi batzuen ostean, jakin dezakegu nola oiartzuna duen gure biotzak: madarikatu ostean argi dagi maitasunak, ekaitz-ondoko laiño artetik eguzkiak legez.

        Lan oni buru emateko, aski da-ta, saia gaitezen olerkariok sarri olerkigintzan esku artzen, lan motz antzetsuak egiñik, irakurleari atsegin zaizkionak noski, ez euri osteko urbegi ta maspulo gero, Lizardiren «Argi egidazu» edo Lauaxetaren «Bolutxu zurija» beti ere elburu bezala artuz, erriaren gogoa bizkor-azorik.

        Ez muker, poetak! Ezta nerekin sumindu ere: gaixorik dagoenak, sendatzeko, errezeta latzak bear izaten ditu sarri-askotan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.