L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1984 (1987) —Hurrengo artikulua







 

 

Nere eun oberenak

 

Orixe

 

        Emen dituzu, euskal olerkari aundi baten azken-poesi-lanak. Bein —aurten 25'garrenez ospatzen dugu— emen Larrea'n Olerti-Eguna zala-ta, Orixe'k 27 orrialdeko —makiñaz idatzita— idaztiño bat ezarri ta eman zidan, esanez: «Emen duzu, Aita Onaindia, olerki-morkoxka au, "Nere eun oberenak" deritzana». Eta ementxe daukat idaztiño ori, erliki bezela. Etzion amaia ezarri bere asmoari, Jaunak aurretik berera dei egin ziolako. Nai zitun eun oietatik bederatzi utzi zizkigun. Onek dakusagunez, gure Orixe, Jainkoak eraman zigunean ere, lanean ari zan gogotsu, olerki lanean ain zuzen. Ark bai euskal griña! Izpillu bikain guztiontzat!

        Auñamendi'k 1972'an, Orixe'ren «Euskaldunak poema eta Olerki guziak» argitara aurretxoan nik adierazi nion, argitalpen ura prestatzen ziarduan J.I. Goikoetxea, «Gaztelu»-ri, nola neuzkan nik Orixe'ren azken olerki batzuk, nere ustez, azkenengoak ziralako, iñoiz eta iñon argitaratu gabeak. Etzidan jaramonik egin, bere lana aurreratua zeukalako bear bada.  Eta ez datoz esandako bilduma oso orretan.

        Oietatik batzuk, iru bat edo, «Olerti»-n dauzkazu, baiña gaiñerakoak ez dute oraindik argirik ikusi. Idaztiño ortan dator azken poesi oieri ezarri zien sarrera ere, lau orrialdekoa. Onek argiro adierazten digu, Orixe'k, poesi arloan bereziki ainbat lan eder osatu ondoren, nolako pentsamentuak zebilzkan bizitzako azken-aldian. Idazkeraz ere berak utzi zituan bezela dauzkazu olerkiok.

A.O.

 

NERE EUN OBERENAK. (EBANGELIO'TIK)

 

        Nere bizi guzian bertsoen etsai izan naiz, ozenki esateko, beintzat, ez, kantatzeko. Oraiñarte egin ditugun bertsoak nekagarri dira. Zergatik? Edozein mugimentu edo ritmo artzen dala ere, doiñu zurrena edo berdiñera iotzen baitute (al tono recto). Batez ere, erdal-kutsuzko indar-azentuz irakurtzen ba'dira. Eguneroko izketa arruntak, igikera edo ritmoa aldatsugo du ta ederrago, neurtitzik ederrenak baiño. Nik bertsotan gaitzesten dudana, mintzoa bakarra da; bestela, neurtitza geiago lantzen da ideiari dagokionez, eta orregatik, bertsotan gauza asko daude obeki esanik izketa askatuan baiño. Alde ontatik ez naiz bertsoen etsai; baiña zail da bi gauza auek elkartzen: esan-bearra ta doiñua. Ez ote ditezke elkartu oraindaiño baiño geiago, euskeraz beintzat?

        Nik asmatu dudan igikera edo ritmoa —latiñaren antzera— izketa arrunta dirudina da. Nere bertso auen silabak bapanatu nai ba'dira, ez dira berdiñak izango: amabost silabatik emezortzira bitartea izango dute. Euskerak iru silabako itzak biziro ditu maite, ta ortaz baliatuki, sei-etena artzen dut oiñarri, bosteko ta laukoarekin ere naste, ederki sartzen baitira mugimentu berean. Beraz, seiko oyek derama mugimentua, usuago erabiliz nabarbentzen baldin ba'da.

        Bi silabako itzetan, edo bakarrean ere, bakar orrek azentu bikoitza baldin ba du, bi azentu erauntsi gertatzen dira: perispómenos edo bizkarduna, ta perispómenos supinus edo magalduna. Gergorianoz esan, clivis, podatus ( ), ( ). Bi ontatik nekez ateratzen dira gaztelanizko bertsoak, eta azentu indartsua dala bide, zurrunago ta lotuago gelditzen dira.

        Beste lau azentu-mota ba ditu euskerak iru silabako itzetan: scandicus edo zurubi-gora, climacus edo zurubi-bera, torculus edo bizkarduna, eta porrectus edo magalduna, gergori-kantak bezalaxe:

                a-di-zu (scandicus),

                non-go-à zera? (climacus),

                gizóna (torculus),

                gizòna (porrectus).

        Lau silabako ta bestekoek ere, gorabera oriek artzen ditute.

                Sic te, diva / potens Cypri,   (lau ta lau)

                Sic fratres Helenae/lucida sidera.   (sei ta sei)

                Ate gorri / zurezkoa, (Lizardi)   (lau ta lau)

                zoazte iradu / urrundu bearka (Lizardi)   (sei ta sei)

        Bostekoa seikoarekin, errezago besterik ez:

                Aequam memento / rebus in arduis           (bost eta sei)

                Ta zuek nora? txoriok, saldoka...   (bost eta sei)

        Bertso auek ongi egiten ba'dira, —ba-dute neke prosaismo'ra ez erortzeko—, punturik edo rima'rik ez dute bear.

        Asi nadin, bada, bertso au saiatzen. Orra, irakurle, nik pentsatu gabe, bertsotan ari naiz. Musika onekin aztuko zaizkigu puntu ta bertsoak.

        Oraiñarteko bertsoak begientzat egiñak dirudite, ez belarrientzat. Zertako beti, bertsoak oinbeste silaba, koplak oinbeste bertso, ta osoak oinbeste kopla? Eta zertako lerro laburretan ipiñi? Ez al litzake obeki, prosa bezala eman, aurrenean mugimentua nola dan adierazi, eta aldatu bear baldin ba'da, aldian aldian deitu, musikan egiñ oi danez? Belarriak iritzi bear dio mugimentuari; ez begiak.

        Ba'dira, bai, zortziko ta olakoetan ere, erderatik diran aren, kopla biribilak, esaterako, zazpi ta seikoetan, baiñan irakurtzean oztopoa errez arkitzen da, itz-urrena prosan bezala ez baldin ba'dago. Bost eta bostekoak, ondo egiñik ba-daude, irakurri ditezke ia prosa bezala, musikaren gora-bera ta kako-makoak galtzen ez ditutela; baiñan etena beti bat izate orrek, belarria aspertzen du, ozenki esateko:

                5 eta 5: Itxaso bare, /zelai urdiña,                          clim. scand.

muga biribil, / belar-berdiña.                     cliv. clim. grav. scand.

        Etenak aspertzen nau, ni beiñipein.

                7 ta 6:        Paris'ko txolarrea, / zertan aiz berezi        scand.elim.flex.

nere erriko batez?                                      cliv. scand. flex.

kideago zaitezten, / ez dakik prantsesez    scand.flex.clim.

                                                                                               resup./elim.scand.flex.

                5 eta 6: sar naun geldixe / taupaka biotza.             cliv.scand.flex.porr.clim.

                6 ta 5:        egonean daude / zuaitzak ere.                     clim.scand.clim.cadens.

                6 ta 6:        Adiskide kutun, / lagun zorigabe,              cliv.scand.cliv.scand.pod.

        Etena berdiñegi.

        Esan ditudan 4, 5, 6, nâste, etena aldatsugoa dute, ta musikaz ia prosa bezain bikaiñak dira, mugimentua ongi eraman ezkero, seikoa nagusitzen dala, tarteka.

        Nik lerro laburreri agur egin diet, eta prosa bezala emango ditut. Ebangelio'tik artu ditudan gogorakizunok, irakurleak naierara irakuri betza: nai dunak prosa antzera, nai dunak bertso antzera. Bietara eskatu didate adiskide batzuk, eta orra bieri gustoa eman.

        Gaztelanizko ta prantsesezko bertsoen aldean musika aundia dute gureok. Aiek ez dira ateratzen clivis eta podatus'etik. Oso bakan, kopla bakoitzean bein edo bi aldiz, —askotan beiñere ez ttorculus eta porrectus'etik. Guk ba-ditugu gaiñera climacus, naiz soila, naiz resupinus, eta scandicus, naiz soila, naiz flexus. Eta iru silaba bera diranean, climacus gravis, eta iru gora diranean, scandicus acutus.

        Aztertu bitez erderaz:

                A las armas, valientes astures... (Jovellanos)

                En nombre de Dios Padre... (Berceo)

                En Jaén donde resido... (Baltasar de Alcázar)

                El dulce lamentar de dos pastores. (Garcilaso)

 

 

 

I

 

In principio,

Asieran.

 

EGONA, BETA, BETI, PAKEA

 

Asieran dio. Asiera zer da? — Geldi-egonetik ibilira pasa. Egona, berriz, beti bat dirudi. Ez ote beti bat, Iaungoiko-antzera?

        Ez; ba-du lena, bai ere geroa, emen ez gaitezke noizkotik atera.

        Lendanik ba-zan. Len orrek ere gerora garama.

        Aurrenetik edo? Aurren orrek ere urrengoa dakar, atzerago dana. Emen ez gaitezke nongotik atera. Iaungokoak, berriz, noiz-nongotik al du?

        Asieran zer da? Zer da lendanik? Aurrenetik zer da? Gauzarik etzala? Ez al zan ezer? Ez al zan iñor? — Bai; asierarik iñoiz ez dun ua.

        Nere buru onek ezin du asmatu asi gabekorik noiza bezain garbi.

        Gauzarik etzala, ez ote zan utsa, utsarte ta zulo ertzikan gabea? — Ez; ba-zan norbait geldi-egon artan: bat, bete ta beti dan gure Iankoa.

        Lenbizia baiño lenago zer zegon? Ila? Eriotza? Ez; Iainko bizia bere betieran, beta baiño betego dan artan, Bere Beregan.

        Betiera zer da? Nere buru onek eziñ asmatu du/beta bezain garbi.

        Oi, beta, beta! Onen billa dabil eziñegonena. Bizitza zoroak atertzerik ez du. Gizon zoratila, urduri, lo-galdu, beta billa dabil lotarako beintzat. Ain zoro ez danak, egona, patxara, astia nai luke atseden artzeko.

        Oi atsedena! /Auxe da bizia.

        Nere bizi ontan atseden ederrak ba-ditut artuak, Iainkoak emanik.

        Tximixten ziztuan Andes'etan gora, (zazpi milla terdi), geldi-geldi noa, idi-begitik begiratu gabe. Esan diteke egal-ontzia /geldirik dagola.

        Eta ni, berriz, erori ezkero nora nindoake? Utsera? Zulora? — Bete dan Argana.

        Ez dut iñoiz ere orduan bezala auspoetan artu ain lasai arnasa. Bai atsedena! Zuk emana, Iauna!

        Atxitu dut beta, beti'ren aide urbilenekoa. Onela noa, betaz, atsedenez, pakearen eskuz, bat, bete ta beti dan Iainkoagana.

 

 

II

In principio,

Aurrenean

 

BUKAERA, BETIRAUNDEA

 

Aurrenean dio: aurrenak urrena, urrenak arago, ta noizbait... azkena. Azkenik ote? Irudimena / ariñ arin doa izarretan barna lau aizeetara. Arkitzen du beti izarren azkena.

        Baiña mundu onek, besterik ez ba'litz, bukatzerik al du?

        Ibilliz, ibilliz, urteen igurtziz, ikusten ditugu diranak oro igatzen ari / belarra ximeltzen, ostoak erortzen, arkaitzak itzazten.

        Aurrean daukat Atxiki-bazter arrikazkartegi. Burutik ileak erori bezala, izotzaren lanez arri apurtuak erruz datorkio muturretik bera bere magalera.

        Beste mendiak ain laister ez ba'da, apurtuz apurtuz, txintxar, auts, uts biurtzeraiño ioango ote dira?

        Eta gizona? Gezurra diozu, David Hume zoro! «Pakean al ago» galdegin zioten iltzeko bezperan lagunak, eta arek: «Ez diat kezkarik: Azken-zigarroa biltzen ari nauk, eta berela uts biurtuko nauk».

        Ba-ninderamaten —nik ez iakin nora— bost txapelokerrek ilun gorotzean uritik aldera. Ioko naute tiroz; nere bizi au / lipar batean / oiñazerik gabe bukatuko da. Ez dut min-bildurik. Eta gero, zer? Uts biurtuko?

        Nâsi zait barrena, ez dezaket etsi; zein da nere kezka? Utsera-bearra?

        Iñork aiña larri ba-daukat nik ere nere bizialdi nolabaitekoaz. Zerk ikaratzen nau? / Ipernuak? — Etzait / bururatzen ere. Izan, beintzat, izan; bizi, beintzat, bizi. Ipernuan ere? Utsera, beiñipein, ez nadin etorri. Nik iraun dezadan.

        Ezpaiñez bederen goraintzi diot nere bizi au / Iaungoikoari.

        Ba-naramate Iruiñ-inguruan igo eta igo. Gaztelu aldera? Asi naiz lasaitzen ez ote nauten tiroz kalituko. Argitasuna! Oraindik bizi, / oraindik iraun.

        Ote da gizonik utsera biurtu siñesten digunik? Hume gezurtia!

        Aurrenak urrena, urrenak arago, gero, bukaera. Ezer zan baiño len zegoen uts ua, ta bukatu ba'litez legoken zuloa, biak utsak ote? Ez, arren, ez arren!

        Andes'en gaiñeko egazkiñ artatik bainon aundigoko salto bat eginda. Nora bilduko naiz? — Bat bete ta beti dan Aren altzora.

 

 

 

III

 

In principio

Asieran

 

Asiera baiño lenago zer ote? — Betiraundea, betidanik eta betiko Dana «mugarik bageko biziaren iabe, guzia batean, guzia batean». Gure beti onek, betierarekin / antzik bai ote du? Beso bat motza du, asierarena; bestea luzea, bukaerarena; baiñan ez daukagu elkar lotzerik.

        Betiraundea / zer dan, iñola ezin dugu iakin; urrundik sumatu bai, baiña nola eziñ asmatu. Bi betien mugan / dagon ustai ori eziñ eten dut nik.

        Oi Iaungoikoa! Nere buruaren zorabio ontan / nora noake ni? Erabili ditut lur, itxaso, zeru, izarrak, guzia, atseden osorik arkitu gabe, betarena baizik. Au ez da betikor. Badut adimena, onek esaten dit: ar ezak atseden beti dan Arengan.

        Zu zeregan zaude, naukazu Zuregan. Oi sartu ba'nendi Zure beti ontan! Orduan nintzake betikor Zurekin. Nagon ni Zuregan. Onela nagola sumatu dezaket betiraundearen / apur apur ori. Emen ez entzuten / deusen abarrotsik; emen dut pakea neregan bildurik, Zuregan egonik.

        Emen da bizia, emen atsegiña, emen atsedena. Noiz eta non nagon, ezer ez dit neri. Betitasunari / darion pakean bizi nadin beti.

        Zein aundi zaitudan ez naiz asiko ni; nere kaxkarrean zein aundi nauzun ezin dut siñetsi.

        Beso erdiz eta / beste beso luzez laztanduko zaitut, ene Iaungoikoa, guzia batean, guzia betean.

 

 

 

IV

 

In principie erat

Asieran ba-zan.

 

ARKAITZAREN GAIÑEAN

 

Asieran ba-zan. Gizonen izkuntzan dio Ioanes'ek: «Asieran bazan». Iaungoikoagan izandurik ez da, izanenik ere. Zuzenago Kristok: «Abrahan zan baiño lenago ni ba-naiz». Naiz besterik ez da gure Iaungoikoa.

        «Naiz'ek esan dit», dio Moises'ek. (Cfr. hebraicum)

        Izandua naiz ni. Zer izandua? Averte faciem, saiest begiak; ene Iaungoikoa! nik neronenak lotsaz ixten ditut zer izandu naizan ez ikusteko. Ezker alde ontan zer leize aundia, zer tulunbioa!

        Zer izango naizan? Eskuiñ aldean or beste leizea, or zorabioa!

        Zorabear onek ez ote du nonbait senda biderik? Eroritze ontan arkituko ote dut zeri eldurik? — Bai, Christus petra, arkaitza Kristo da. Au dut etxe, au igesleku, au nere gaztelu, au nere indar. Ontan eseririk / nagola, ez naiz zorabiatuko.

        Arkaitz ontan arkitzen dut nik nere burua: naiz esaten dut naizantxo onek, zer izandu naizan, zer izango naizan buru eman gabe.

        Ba-naiz, Iauna, ba-naiz. Augustin bezala milla pusketan or naiz ibilia ni ni ez nintzala; ez, ez, ni nintzala. Oraiñ ustez, Zure erruki aundiz ez naiz ordukoa. Bilduak ditut nere puskak oro neronengana. Obeki esan, bildu naiz guzia, Iauna Zuregana.

        Emengo egona, emengo bizia, bai dala bizia! Malkor, eta zelai, itsaso ta legor, dardar otzikaraz beren koketatik atera ba'litez, emen nagoke, arkaitz ontan sendo, ekuru, pakean.

        Au, bai atsedena! Nora nindoake egon au utzita? Nere inguruan zora bedi lurra, egin beza marru, ziztuka asi bitez bi tulunbioak nere bizi au iretsi naiean. Atxiki nakion indar guziez arkaitz dan Kristori. Emen egongo naiz. Kristogaz batean nere neurritxoan ni ere ba-naiz.

        Pizten naizanean, esan dezadala puxka guziekin oso osoan: naiz.

 

 

 

V

 

Verbum apud Deum, Deus.

Itza Iainkoagan Iainko.

 

IAINKOA BEREGAN

 

Gauzarik etzala, Iainkoa non zegon? Iñon ez; egonak luze ta zabala, noizko ta nongoa berekin baititu. Nolabait ere / galdegin dezagun: non zan Iauingoikoa? Bera beregan, muga bageko biziaren iabe, guzia batean, guzia betean.

        Beregan zedukan adimen-Itza Bera bezain Iainko. Aitak, Bera dana ezagu ta maita, iru Nortzu dira Iainko bakarrean. Aitaren Itz au Beraren altzoan, beti betidanik ixilik ari da. Ez du noiz-nongorik, ez du eguratsik mintzo biurtzeko. Ixiltasun au du / mintzo denen ama, soiñuen iturri. Aitaren Itz au mintzo biurtu zan Gizon egitean. Gure buruko itz ixil au ere, agoan mintzo zaigu bilakatzen.

        Izan eta izan, izan besterik ez. Gizonen izkeran egon eta egon. Ez al zan aspertzen? — Aspertzen al gera gure kaxkarrean gerongan pentsatzen? Ordu goxoak, ordu txoroak, pasa oi ditugu bakarrik izketan, ixilik, «ni ta ni, beti ni, oro ni» buruan iraultzen. «Zer ote diote gizonek nigatik?» — Bai oge biguña bertan etziteko, iekitzeko nagi! Bai kabi goxoa, gerok xoxo eta gerok xoxokume!

        Iainkoaren antza genuke guk ere gure pentsaketan, Luziper'kume biur ez ba'gendi. Uskeriz betetzen da gure barrena ez ba gakio Iainkoari lotzen. Gu ere Beregan gaduzkalako, aundi ikusten gaitu.

        Ba-zoan zerura mundu onetatik Iesus gure Iauna. Azken-otoitzean ikus zer zion eskatzen Aitari: «Argitu nazazu, Aita, mundu au zan baiño lenago Zuregan nedukan argitasunez. Ikus dezatela nola maite nauzun mundua baiño len».

        Izan eta izan, bizi eta bizi, iraun eta iraun, maita eta maita, Iainkoa Beregan zoriontsu beti!

 

 

 

VI

 

Quod factum est, in Ipso vita erat.

Egiña dan oro, Argan bizia zan.

 

BETIDANIK ETA BETIKO

 

Zilegi bekit oraingoz, nere asmo ontarako, S. Augustiñek eta beste zenbait Elizako gurasok bezala irakurtzea.

 

Beraz, betidanik naizala ni ere? Beraz ez utsetik. Zuregan nindagon / nolabait, eta / Zuregan nago iñoiz ialki gabe. Oi zer atsegiña! Nola nindagon? eta nola nago? Aitaren Itz ortan, erraiñu bezala. Ez gizaki antzo, bai Iainkoki antzo.

        Dan oro Zuregan erraiñutzen da: denen ereduak zuregan dauzkazu. Margorik, soiñurik, argirik ez duzu; baiña Zure baitan / or daude guzien / iturburuak. Nola nago baiña? Eredu bizian, ez irudi illean. Ba-nintzan, beraz, eta bizi nintzan.

        Zer zan Zuregan neukan bizi or? — Zure maitasuna: «Betiko maitez maite zindudan» (in charitate perpetua dilexi te). Oi zer atsegiña!

        Atsegin zaida ispillu orretan ni begiratzea, or garbi bainago. Etzaitu likistu nere pekatuak. Aita onaren ispilu garbia, orbanik gabea! (speculum sine macula... imago bonitatis....).

        Averte faciem, saiestu begiak emen lur onetan izan naizanetik. Nere izatea garbi ikusi nai dut or nagon bezala. Ortan pasa ditut ordu ederrak nerau ikusten eta Zu maitatzen.

        Maite ninduzun betiko maitez. Betidanik naiz, ez nator utsetik.

        Betiko ote naiz? Ez noa utsera? — Eziña, eziña! Zuk ala nai ta. Egin duzun ezer / ez duzu gorroto. (Nihil odisti eorum quae fecisti). Utsera ba'nendi Iainko al zinduket?

        Kristoren itza: «Abrahan, Isaak, Iakob'en Iainkoa. Illena ez-baiña biziena da goietako Iauna». Fedearen bidez Abrahan-seme naiz; beraz, ilda ere / nere Iainko zaitut. Oi zer poz betea!

        Bizi eta bizi, maitatu, maitatu.

 

 

 

VII

 

Et habitabat cum bestiis.

Eta eizeekin bizi zan.

 

BARU MENDIAN. A.

 

(Argitara emana)

 

 

 

VIII

 

Angeli ministrabant ei.

Aingeruak zitun serbitzari.

 

BARU MENDIAN. B.

 

Arkaitz gorrian eserita dago. Pizti ankerrak, gauez nai aiña sarraski ian eta, zokoetan daude.

        Ontan, basauntxume bildurti bat dator —lenbizi dardaraz— Iaunaren ondora. Begietara begiratzen dio, urbilduz, iritxi zaio oiñetaraiño. Soiñekoari usai egin dio. Mingain luzea agertuz ta gordez, sudur-mizpiletan bein ta berriz sartuz, begietara so egiten dio. Iaunak ordun ari, eskuiñarekin illea leguntzen.

        Andik berela, basauntxumea itzali zaigu begien auretik. Non izkutatu da?

        Aingeruek, nonbait, eramana dute beren Iaunari lana antolatzeko. Uste diteke Aingeru oriek / beti zeduzkala beren serbitzura; baiña zergatik ez —oraingoan, beintzat— maia serbitzeko?

        Luzaro gabe an agertzen da txalian okela, ageri ez diran eskuz ekarria. Zer usai goxoa! Ez zan goxoago nik Ameriketan ian nendun arena. Zilegi bedi nere baratzako basauntxume aren oroitzapena.

        Iaunak begiak iasotzen ditu, / eskerrak emanez, Aitarengana. Berrogei egun gose zegon arren, otzan eta pakez, arrapazka gabe iaten du bitiña.

        Berriro begiak Aitagana iaso ta iekitzen da.

        Aitaren gogara —au baitu ianari— Aingeru-erdian, mendiak utzita, piztieri agur, giza-bila doa.

 

        C. Mendi artan ziran piztean berri iakiteko, irakurrazu Kortleiner, Archaeologia biblica.

 

 

 

IX

 

Ecce Agnus Dei.

Ona Iainko-Bildotsa.

 

MAITAGARRI

 

Maitagarri, naski, saillean bildotxa lagunekin lerro itzulipurdika laister zaldien zalaparta gabe pakez dabilana. Maitagarri, bai ta, ardiak deizten artzaia ari dala zamarrari usai egiten diona. Are maitagarri ilea klixkatzen ari zaizkiola ixilik dagona. Mingarri, ordea, lepo egiteko maiean iarria! Marrakarik ere ez labana sartzean. Iges egin nendun bein baiño geiotan ez ikustearen neronek azia.

        Eredu bikaiña Iauingoiko-Seme gizon egiñaren adierazteko, bildotx ixila.

        Iges egin nendun. Bai gizon minbera! Iainko-Bildotsa nere eskuz iltzeko ez nintzan minbera!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.