L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1984 (1987) —Hurrengo artikulua







 

 

Esopo'ren ipuiñak

 

Esopo

euskaratzailea: Igotz

 

 

142.— Kañabera eta Olibua

 

Izka-mizka iñarduen bein kañaberak eta olibuak, euretatik nor ete zan gogor, tinko ta sendoago. Olibuak arpegira botaten eutson kañaberari aalik-eza, eta bere erreztasuna aize guztiai amor-egiteko. Ez eban ezer esaten kañaberak. Aizea, baiña, erasoten asi zan indartsu. Kañabera, aizeak iñarrosia ta makurtua, osorik geratu zan; olibua, ostera, aize guztiai arpegi emon eta itzul-eragiteko naiko zana, erasoak bere biurri latzean zatitu egin eban.

        Zer darakus ipuin onek? Auxe: inguru ta indarraren aurrean makurtu ta amor-egiten dabenak, alde aundia kentzen dautsela indartsuai gogor dagitsanei.

 

 

143.— Ibaian gorotz egiten eban gamelua

 

Ur bizia eroian ibai baten zear joian gamelu bat. Gorotz egin bearra etorri jakon, eta bingoan ikusi eban urak eroiala bere tantana, aurretik eroan be.

        —Zelan izan daiteke au! —ots egin eban—. Neure atzean egoana, orain neure aurretik doala dakust.

        Au ez dator txarto, lenengo ta zentzundunenen lekuan azkenak eta ergelak jarten diran Laterriarentzat.

 

 

144.— Gamelua, elefantea eta tximinoa

 

Erabagi ta itun artu naiez ebiltzan abereak, eurentzat errege bat autatzeko. Gamelua ta elefantea lerroan ipiñi ziran autarkiak eztabaidaturik, besteak baiño indartsu ta gorputz aundi-zabalagokoak ziralako, autatuak eurak izango zirala uste eben-eta. Tximino'k, baiña, biak gauza-eztzat jo zituan errege izateko.

        —Gameluak —esan eban—, ez dau balio gaizkileen aurka sumintzen ez dalako, ezta elefanteak be, onek bada belar-luzeari bildur dautso eta urde onek gu eraso ezkero, guk zer egingo?

        Ipuin onek au erakusten dausku: kako ezerez batek sarri igaro-bidea itxi egin oi dau kargu nagusietara igoteko.

 

 

145.— Zeus eta gamelua

 

Gamelua zezenaren adarrez bekaiztu jakun, eta antzeko adarrak euki nai izan zituan. Ortarako Zeus'egana joan zan adar-eske. Baiña Zeus, eukan kaizuaz eta indarraz naikotu ez-ta, oraindik geiago opa ebalako, sumiñak joa, adarrak emon ez-ezik, eukazan belarrietatik be zati bat ebagitera eldu zan.

        Era berean gizaseme asko be, beste batzuk bekaitzez ikusi ta irrikatuz, ez dira konturatzen euren merezimentuak galtzen doazala.

 

 

146.— Gamelu dantzaria

 

Ugazabak dantzan egiten beartu eban gamelu batek, au esan euskun:

        —Ez daukat jasik ez ganorarik dantzan, ezta ibilten be.

        Edozein ganorabakokerigaitik esan geinke ipuin au.

 

 

147.— Gamelu leenengoz ikusia

 

Gizonak gamelua ikusi ebenean lenengo aldiz, bildurtu egin ziran eta, aren kaizu edo tamañu ikaragarriaz aizatu ta sarrakioa sarturik, igesari emon eutsoen. Baiña gero aldi apur baten buruan kaltekor-eza zala ikusiz, arenganaiño eltzen ausartu ziran. Ondoren, gitxian gitxian abere arek ez ebala aserrerik ezagutzen ikusiz, gitxi-eritxi ta muziñ egiteraiño eldu jakozan, mutur-ugel bat ipiñi ta umetxoak aurrelari emonik.

        Alegi onek erakusten dau, gauza izukorrak emon oi daben bildurra, oitu ezkero, joan egiten dala.

 

 

148.— Kakarraldo biak

 

Ugarte txiki baten larratzen zan zezen bat, eta onen pekorotzez janaritzen ziran kakarraldo bi. Negua eldu zanean, euretariko batak esan eutson besteari lurraldera joiala, bere lagunak naiko janari euki egian, berak legorrean negua emoten eban bitartean. Gaiñeratu eban: janari ugari aurkitu ba'egian, berari be ekarriko eutsola.

        Kakarraldoa lurrera eldu zanean, pekorotz asko ta egin-barriak idoro zituan, eta bertan egotez jarri ta galanki azkurritu zan. Negua emon eta ugartera biurtu zan. Lagunak ikusi ebanean lodi ta arrosko, agiraka egin eutson, agindu eutsanez, ezer eroan ez eutsolako.

        —Ez nagizu ni erredun egin —jardetsi eutson—, lekuaren zerari baiño; an aurkitu daiteke bertan bizi izateko, baiña andik ezin daiteke ezer ekarri.

        Alegi au egoki datorkie, nunbait, arei, euren adiskidetasuna adiskideen koipekeriraiño bai, baiña ez urriñago, ez daroenai, ezertariko zerbitzurik eurai egitera ez egokiturik.

 

 

149.— Karramarrua eta azeria

 

Karramarru batek jauzi egin eban itxasotik ur-ertzera, bakartadean bizi naita. Azeri goseti batek ikusi eban, eta, aora eroateko ezer ez eukalako, arengana arin-aringa joan eta kolpe egiñik atxitu eban. Karramarruak orduan, iruntsi-zorian, otsegin eban:

        —Merezi dot jazoten jatana, itxasoan bizirik, ba, lurtar biurtu nai izan dot!

        Gizasemekaz be beste ainbeste jazoten da: ez jagoken arazoetan naastuteko euren zeregiñak izten dabezanak, sapore ta zoritxar-sareetan jausi oi dira geienez.

 

 

150.— Larrapotea eta bere ama

 

—Etzaitez ibilli zearka ta ez egizuz ikutu zeure saietsak aitz bustiaren kontra! —iñotsan larrapote batek bere alabeari.

        —Ama —erantzun eutson onek amari—, zu, ni eskolatu nai nozun ori, zabiltz artezean; ni zuri begira nabilkizu ta antz-antzera jarraituko dautzut.

        Besteai okerra arpegira bota aurretik, egoki be egoki da, aolkua emon baiño leen, geuk bizitza ta bide artezak eroatea.

 

 

151.— Intxaur-ondoa

 

Intxaur-ondo eder bat bide ertzean egoan, baiña andik ebiltzanak arrika zauritzen eben. Egun baten onela esan eban intzirika:

        —Ene zoritxarra!, urtero iraiñak eta samiñak artzeko jaioa!

        Ipuin onek areik dakaz gogora, euren ondasunetatik be zoritxarra besterik artzen ez dabenak.

 

 

152.— Kastorea

 

Kastorea zingiretan bizi dan aberea da. Bere lotsariak, diñoenez, gaitz batzuk osatzeko onak dira. Orixegaitik, iñoiz aurkitu ta erasoa danean lotsariak ebagiteko, zergaitik eraso ta aurrean darabillen jakiñik, bide-arlo jakin batean iges dagi, osorik irautearren, bere zangoen bizkortasunaren bitartez, baiña bere burua galdurik ikustean, ber-berak bere lotsariak ebagi, erauzi ta orrela bere bizia jagon daroa.

 

 

153.— Baratzaiña eta ortuariak

 

Gizon bat bere ortuariak ureztatzen iñarduan baratzain baten ondoan gelditu zan, onela itandurik: basa-ortuariak zergaitik azten ziran guri ta indartsu, eta ondo landatu ta zainduak, orren aul eta murritz.

        —Lurra —erantzun eutson baratzaiñak—, batzuentzat ama da eta beste batzuentzat amaorde.

        Era berean, amaorde batek azitako umeak ez dira norbere amak azitakoak langoak.

 

 

154.— Baratzaiña eta txakurra

 

Baratzaiñaren txakurra pozu baten jausi zan. Baratzaiña, bere txakurra andik atera nairik, pozu barrenera jatsi zan. Txakurrak, oindiño bera barrurago sartzeko ara jasten zala uste izanik, ugazabagana biurtu ta aginka egin eutson. Baratzaiña, egin eutson zauria ezin eroanik, pozutik urten zan, esanez:

        —Ondo egiña daukat: nok dei egin eustan niri bere burua il nai izan eban abere bat onik ateratera?

        Alegi au ederto jatorke gizon esker txarreko, makur eta zuzen-ezai.

 

 

155.— Kitara jotzaillea

 

Kitara jotzaille ganora bako tatek goizetik gabera kantari egoan ormak ondo iztukaturik eukazan etxe baten. Ormak oiartzuna itzul-azten eutsen ezkero, abots zoli ederra ebala uste eutzun; eta uste orretan gero ta geiago erroturik, antzoki baten aurkeztu nai izan eban, baiña ager-tokian oso txarto abestu ebalako, arrika bota eben andik.

        Era berean, eskolan ebiltzala zerbait izango zirala emoten eben mintzalari askok be, oraindik ez dabe amaitu euren politiku karrera, eta jakiña, olan erakusten dabe euren ez-gaitasuna.

 

 

156.— Zozoa

 

Zozo batek garau jaten ziarduan mirtu-oian txiki batean eta, aletxoen gozotasunaz lilluratua, ez eban toki a itxi. Txori-eiztari batek ikusi eban ori, zozoa maite-mindu zala leku arekin, eta likaz arrapatu eban. Orduan zozoak, bere azkena ur-ur ikusiaz, esan eban:

        —Doakabe! Jatearren bizia galdu dot!

        Atsegin-zaleari dagokio ondo alegi au, griña ta atsegiñai emor ez emotearren, galtzen da-ta.

 

 

157.— Lapurrak eta oillarra

 

Lapurrak sartu ziran etxe batera eta oillarra aurkitu eben bertan, oilarra bakar-bakarrik; bera artu ta joan ziran. Lapurren eskuetan ia illik egoala, onek, itxartzen ei ebazan ba oneik lanera joan eitezan.

        —Errazoi geiago oindiñokarren il zaiguzan, —oiu egin eben lapurrak—, gizonak lo-zorrotik atereaz, guri oztutea debekatzen dauskuzu-ta.

        Zer erakusten ete dausku alegi onek? Ongilleei onurakor izateak baiño amorru aundiagorik ez dautsela ezerk emoten zital, gaizto ta dongai.

 

 

158.— Urdailla eta oiñak

 

Urdaillak eta oiñak eztabaida gogorra ekarren euren indarraz. Oiñak bein eta barriro errepikatzen eben euren indarra urdailla be gaiñ eroateraiñokoa zala. Onek ostera erantzun eutsen:

        —Ene adiskideak, nik jatekorik emongo ez ba'neutzue, ezin eroan al zindukedaze.

        Gudarozteakaz be bardin jazoten da: zenbatek sarri ez dau ezer esan nai, buruzagiak euren kontsejuz gaillentzen ez ba'dira.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.