L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1985-1986 (1988) —Hurrengo artikulua







 

 

Thomas Merton

(Ikusi Olerti 1982, 81-82)

 

Thomas Merton

euskaratzailea: Luis Arostegi

 

Cobre'ko andra mariari abestia

 

Neskatilla zuriak zugatzak lez jasoten ditue buruak,

neskatilla baltzak

koartzak lez kalean ispillatuta doaz.

 

Neskatilla zuriak urak baizen zoli kantatzen dabe,

neskatilla baltzak buztiña langoak bare dagie berba.

 

Neskatilla zuriak odeiak lez zabaltzen ditue besoak,

neskatilla baltzak egoak lez isten ditue begiak:

aingeruak makurtzen dira kanpaiak lez,

aingeruak begiratzen dabe gora panpiñak lez,

 

zeruko izarrak

erestun baten dagoz-ta

eta mosaikoaren, lurraren, zati guztiak

jagi ta badoaz egaz txoriak lez.

 

Therty Poems (1944)

 

 

Naigabea

 

Azaro otza subertebako arrantzale bat lez kaiñabera artean dagoanean

eta aateak aizea lez bat-batean

ibai itsutik iges doazanean,

geldiro gatoz gu, geure kaiñaberea eta eskupetea arrapatu dauskuezala,

arboletako kaiola naigabetu artean ibilliz.

 

Ekatx-asteak joan dira danak eiztari mozkorrak lez,

mundu griseko ateak abenduarentzat zabal-zabalik itzita.

Baiña orain ez da abar-berbotsik kartzela apurtuotan.

Ezkurrak lurrean dagoz,

ez gure damu ezaguteziña baiño itziago:

eta emen gagoz gu aretxak baizen sorgor,

zumarrak baizen mutu.

 

Eta kartzel-zaiñak baizen seriotsuak antzez izan arren,

ez dogu itauntzen joandako egunen morroilloak beartu eta gure udea nok ostu dauan.

(Ez dogu geiago entzun gura ez esaera bakanik ez giltz eskuturik!)

 

Ez dautsegu urtaroai jaramonik egiten

eta muiñoak lez gagoz, gor.

Eta ez dogu iñoz urte igeskorraren oiñotsa entzuten,

orri bat lez goaz makurka adar beeratu artetik.

 

Therty Poems (1944)

 

 

Arrotza

 

Zugatz ixillai

iñok entzuten ez dautsenean

eguzkia osiñean

iñok nabaitzen ez dauanean

 

lenengo euri tanta

iñok asmatzen ez dauanean

edo azken izarra ikusten ez dauanean

 

edo bakea asi

eta asarreak amaitzen diran

mundu erraldoi baten

goiza agurtzen ez dauanean:

 

txori bat dago ixilik

Jainkoaren lana begiratzen:

orri bat biraka,

lora bi jausten,

amar obo osin gaiñean.

 

Odei bat muiño egalaren gaiñ,

kerizpe bi ibarrean

eta argiak zuzen joten dau.

Orain egunsentiak ondasunik aundiena

arrapatzeko agintzen dau,

ain sari miragarria

emoteko!

 

Urrago ta argiago

beste edozein irakasle berbatsu baiño,

Zu, iñoz ikusi ez zaitudan barruko

Arrotz ori,

 

itxasandi barrunbatsua baiño

sakonago ta garbiago,

artu nire ixilla

eta euki naizu Zeure Eskuan!

 

Orain ekintza alperrikoa da

eta miña kendua

legeak esku-zabalak biurtzen dira

mugak bota izan dira

bekaitzak jabetzarik ez dauka-ta

eta ez da griñarik.

 

Begitu, Argi zabaltsua ixilik dago

gure Argirik argiena Bat da!

 

The Strange Islands (1957)

 

 

Abestia: billa ba'zabiltz...

 

Zeruko argi baten billa ba'zabiltz

Neu, Bakartade, nozu irakaslea!

 

Neu noatzu aurretik utsaren barrura,

zure goizalde barrientzat eguzki bakanak sortzen dodaz,

zure gelarik sakoneneko

leioak edegiz.

 

Nik, bakartasunak, berarizko kiñua egitean

jarraitu nire ixillari, jarraitu erakusten dodanera

Ez izan bildur, abere txiki, espiritu txiki

(zu, berba ta abere),

ni, Bakartade, aingeru naz

eta otoi egin dot zure alde.

 

Begitu gau uts, aberatsean

illetargi erromesa!

Izendaturiko ordua naz,

sorbatz batek lez

aldia ebagiten dauan «oraiña».

 

Iñusturi ustekabea naz

«baietza» eta «ezetza» baiño arago,

Jaungoiko Berbearen aurrelaria.

 

Jarraitu nire bideai eta neuk eroango zaitut

eguzki ule-urregorrietara,

logos ta soiñu, errubako pozak,

itaunetatik garbi

eta erantzunak baiño arago:

 

Ni, Bakartade, zeure zeu nozu-ta:

ni, Ezereza, zure Dana naz,

ni, Ixilla, zure Amen naz!

 

Emblems of a Season of Fury (1963)

 

 

Geldiro geldiro...

 

Geldiro geldiro

dator Kristo ortua zear

zugatz sagratuai itz egiten

Euren adarrak kalte barik

jasaten dabe bere argia

 

Geldiro geldiro

dator Kristo errautsak zear

ikasle galduaren billa

Lotsakorra berau

lar ikasia

berbak siñisteko

eta ostendu egiten da

 

Geldiro geldiro

jasoten da Kristo arto soloetan

Uzta aroa da bakarrik

Ikasleak bere loan biurtu

eta murmurikatzen dau:

«Damu dot»

 

Ikasleak itzartu egin nai dau

istoria ezagutu dauanean

Baiña geldiro geldiro

istoriaren Jaunak

negar dagi sutara

 

 

Cables to the Ace or

Familiar Liturgies of Misunderstanding (1968)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.