L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1985-1986 (1988) —<oler3454>







 

 

Sabin Muniategi'ren olerkiak

 

Luis Arostegi

 

Sabin Muniategi'k olerki bilduma bi daukaz argitaratuta: Goiz-aize, 1936 garrenean (Bilbo'n), eta Bidean gora, 1970 garrenean (Bilbo'n). Arrezkero Olerti'n eta Karmel'en, batez be, argitara ditu ainbat olerki (1). Goiz-aize «Lauaxeta»k aurkeztu eban, bere «Aure-itza» lerroetan benetako ta aparteko olerkari baten sortzea iragarriz. Bidean gora bildumari S. Onaindia'k jarri eutson «itzaurrea». Lenengo bilduma be gogoan izan arren, ikerketa onek Bidean gora eta geroko olerkiak aztertzen ditu. Oneek dira bere emoi eldua. Lenengo aek, naiz ta gero aipatuko dogun berezitasuna izan, saio ta agintzaria ziran bakarrik gerorakoen aldean.

 

I. POESI-GAIAK

 

        1. Bizitza.

        Muniategi'ren poesia, geien baten, gai oneen inguruan dabil: bizia, betikotasuna ta aldia, izadia, maitasun-anaitasuna. Bizia edo bizitza da gairik zabalena eta beste guztiak barruan artzen dituana. Beste edonok be nai-tanai-ez darabillan gaia dala erantzun leiteke emen. Baiña Muniategi'k, laster ikusiko dogunez, bizia ta bizitza bera, bere osotasun ta batasunean, dau gaitzat. Jakiña, baita bizitza barruko beste gai partikularrak be. Baiña sarritan bizitza bera, eta bakarrik gai partikularrak. Eta bearbada sarriago oindiño, gai partikularrak ikutzean, bizitza misterioa edo bizitza esperientzi osoa aurreratzen da, edo orizonte lez atzean geratzen da. «Gaia» diñogu, berbaren bat erabilli bear dogu-ta. Baiña ez da, poesi aldetik, gai otz eta neutroa, poesia gai orren ondoan edo gaiñean, geroago, jarrita ba'lego lez. «Bizitza» bere osotasun ta misterioan da poesi-esperientzia Muniategi'gan. Beste gai partikularrak olerkariaren adimen-sentimena gai sakon orretara daroez. Olerkaria dardara geratzen da, «bizitza» (barruan, gogo-biotzez) diñoanean; bere ederrak eta zadorrak eta nekeak dardarazo egiten dabe eta olermena biztuten. Edozein gizonek sentidu bear dau, une batzuetan, bizitza aurreko dardara au; baiña olerkariak beste sentimentuakaz batera ederra be asmatzen dau esperientzi orretan.

        Bidean gora bildumako lenengo olerkia (agur-olerkia) «bizitzako/margo argi» itzez asten da. Bigarren olerkian «biziminduzko bidegintza» aurkitzen dogu. Irugarren olerkian izena bera «Biziratze» dogu: «une guztiak biziz/biziratu zaitez gogoz, bizi-barrenez»...«Bizi biziaren ondasunak eskuratuz»...«Bizi bai, biziaren ederrera esnatuz» ... «izateari darion poza zeuganatuz».

        Munduko izaki eder batzuk aipatzen asten da, baiña gero olan apurtu bear dau izendatze lerroa:

 

Bizia da bizi-min,

bizia lur ta urez,

bizia goi ta, makur,

bizia bai, egamin

(Miraripean, Olerti, 1980, 70).

 

        Olerkariarena arnas andiko poeman be lenengo deia auxe da: «Oi, atozte bizira!» (Bidean gora, 54). Baietza olerkian biltzen dira bizitzaz ia idea ta sentipen guztiak:

 

Bizi Izatearen ederra!

Aizearen ego, eguratsez,

uraren betiko ioanez...

zelairik zelai, ibarrez,

une bakoitzeko etortez,

itxasoa, zerua, lurra

argi ta margo leiaketan

eguntzen diran betimiñez!

 

Ai! Nola ez! Bai, nik baietza

baietza damaiot izateari,

baietza damaiot biziari,

esker onezko igarotzez

aintziñatearen aintziñatez

bere zauri ta atsegiñez,

aunitz mende ta gizaldien

zuztarpe ta burubidean

izakizunez oñarritu,

ta, biziz, nortzen gaitun arnas,

eguneroko itzartzeari!

(Olerti, 1983, 183).

 

        Olerki au nahiko litzateke Muniategi'ren olerkigintza, bere muiñean, aztertzeko (ez, jakiña, bere aberastasun guztia ezagutu ta gozatzeko). Emen bizi izatearen ederra asmatu ta kantatzen dau. Poesiak beti be «ederra» sortzen ta azaltzen dau; baiña ez beti ederraren ederra, falta denaren edo erdiagertzen danaren, itxaroten edo erdi-asmatzen danaren ederra baiño. Emen biziaren ederra jatorko olerkariari aurrera. Eta betetasun ori emoteko errealidade atsegin batzuk aipatzen ditu: aizea, eguratsa, uraren joana, zelai, ibar ...argi ta margo leiaketan; lenengo aapaldi onetan biziaren lekua, espazioa zabaltzen dau. Bigarrenean, ostera, biziaren aldia: aintziñatea, bere zauri ta atsegiñez, nortzen gaitun leenaren arnasa. Lenengo aapaldia azalekoagoa da. Alan be «betimiñean» amaitzen da. Eta orrela bigarren aapaldian sartzen gaitu: giza-igarotzean eta giza-aintziñatean; geu eratzen gaitun gizazko leena dau orain olerkariak biotzaren orizontean. Eta baietza damaio biziari, besarkatu egitn dau. «Bizia baita danetan ederren!» (Gau argi zerutsu batean, Bidean gora, 62).

        Bizia bere ugaritasun zabalean agertzen jako olerkariari; orain emondako olerkiak be erakusten dausku ori. Baiña edonon ikusi geinke; aipatu daiguzan Bizi-gorapen olerki aske luzearen lenengo bertsoak:

 

Gora, aupa bizitzaren emaitasuna!

Bai lur,

bai itxasoz

eta, bideetako goiz-arrats ibilgarriz,

bizitza dan guztia

norbereka,

atz-begietan

betikoz,

egamin;

bakoitza bere izakera

adur,

bere eresiz;

bakoitzaren biotz-muin,

goi berezia,

amets-ikutuka,

gogora ekarriz.

(Bidean gora, 105).

 

        Eta emen be «emaitasun» orren erdian olerkaria deadarka, lotuta lez, geratzen da, ezin-esanak jota lez, berba orokorrak esaten:

 

O, Izadi!

O, Bizi!

O, Etorri!

(Bidean gora, 107).

 

        Olerkaria ez da nekatuten izadiaren ugaritasun beti barri onen aurrean edo barruan:

 

Izadiari darion goramin

edertasun ederra,

egalik egalerako aberastasun

maitebide zabala...

(Gizonaz, Bidean gora, 21)

 

        Bizikuntza lilluragarri ta alaia da geien baten bizitza esperientzi poetiku au. Adibidez beterik dagoz Muniategi'ren olerkiak:

 

Bizi bai biziaren ederrera esnatuz.

arako ikuste baikor ta maitasunez,

izateari darion poza zeuganatuz

 

(Biziratze, Bidean gora, 15).

 

        Baiña ez beti eta ez osorik. «Biziari/negarra dario...» (Oñezkoak gera ta egunik egun, Bidean gora, 16).

        Ikusi daiguzan olerki zirraragarri baten lenengo ta azkenengo aapaldiak:

 

Negarra dator

lur, itxaso eta aizez,

or-emendik urtendako

barre-karkaxa lasai batzukin,

karkaxa batzukin nastua,

aundiagotzeko ludia,

etengabeko itunez.

 

* * *

 

Egalak ilun,

aulduta dagoz, itzalez iantziriko

irudi argalez.

Eta itzala da nagusi,

itzala nagusi

eta, besterik ez!

(Bidean gora, 134).

 

        Munduko ugaritasuna argiz ta itzalez beterikoa da. Eta olerkariaren bizitzagandiko eder-lillura ez da paraisoko atsegiña. Itzalak, nekeak eta samiñak edertasun orren parte dira:

 

Ez, nire bizitzako bideak ez dira izan

larrosazko lorategi bitxi, lurrintsuak,

baizik nekezko itxaso ta lur bazterretan

ametsik ametsera emandako pausuak

(Denpora illa, Karmel, 1980-2,88)

 

        Era askotakoak izan bear itzal da samin orreen zergaitiak. Esate baterako, besteak beste, olerkariak ain maite dituan zuzentasun eta anaitasun ezagaitik (olerkietan agertzen diran giza illunak aipatzen ditugu bakarrik). Gero, norbere barruko miseriak sortzen dauan oiñasea; billatu ta aztertu egizu zeure barrua:

 

illunpe orren

argaltasun

aterpe ixillean

billutsik ikusiko zera

billuts-billutsik,

narru gorrian...

argirik ezaren,

eziñaren eziñezko

gau illunaren

ondamendizko sakosta,

mintzo

ixillezko

bakartade negargarri

eskurik ezaren

lotura

utsune beltzean

        (Ta gogo barrengo ikuste, Bidean gora, 22).

 

        Baiña oindiño, eta batez be, «itzala nagusi», bizitza guztia joanean dagoalako, gero ikusiko dogunez. Poz-nekeak, illun-argiak alkarturik oretzen dabe bizitzea. Baiña illunak ez dau iñoz irabazle urteten; ikusi daigun Oñezkoak gera ta egunik egun olerkian:

 

eskurik ezaren, argirik ezaren,

miseri arteko goi illuntasun,

gaubide miña...

Alere...

O, biziok!:

oñaze,

neke,

arantza ta zauri arteko

amets-zirrikillu,

egun bakoitzeko

argi-une

ta itzartzetan...

Zenbatzu ibilbide ioran

ta, amesaldi sortzen diran!

Zenbatzu laztan-giro eder

ta, itxaropen, bat-batean!

(Bidean gora, 16).

 

        Guzti onegaz batera olerkariak bizitzako edo bizitzearen misterioa asmatzen dau ixillean. «Ezkutuaren ezkutu!» diño bein Miraripean olerkian (Olerti, 1980, 69).

 

Goi zabaldi azkengabean eta,

milloikaren artean...,

izarbideetako misterioz

itxasoan eroritako

ur tantotxo bat bezala,

betikotasunean galdua...

zeiñek daki geroaren etorri,

betiko ibilli orren

bizitzako ezkutu ta berri?

(Mundua, Karmel, 1975-3,59).

 

        Giza biotza dardaratu egiten dauan ikuspena. Benetako olerkariak giza jakintzaren iturri dan asikerako ezaguerea dau. Zer da azken-azken baten giza-bizitzea?

 

emen ari gera,

itzal

illunpean,

eskua luzatu ta luzatu,

luzatu ta luzatu

ain bearrezko

argi bizi,

gure izar begiko

izar ori

nun ote dan!

(Ioatearen ioatez, Bidean gora, 52).

 

2. Aldia ta betikotasuna.

        Orain aipatu doguzan gogapenetan aldiaren eta betikotasunaren artekoa be sartzen da zuzen-zuzen. Bizitzan zer eder asko nabaitzen ditu olerkariak (itzala tarteka), baiña bizitza batez joan-etorrikoa da, joanean da. Muniategi'rentzat gogapen-sentipen au ez da noizbeinkoa, ia ez da aparteko gai berezi bat (au be izan arren): bizitza poesi-gaiaren ondoren, zabalena, orokorrena dogu, itzal baten antzera bizitzako bizikuntza guztien atzean. Maitasun-uneak edo izadiaren edertasunak une baten euren lilluragarritasunean agertzen dira, ia geldi, baiña Muniategi'k eder geldi orretan ibiltea ta joatea ikusten dau. Asikeran emon dogun olerkian be «uraren betiko ioana» eta «betimiña» asmatu ditu: bizitza barruan, azken baten, orokorren eta sakonen ditun bizikuntzak. Ibilte ori sarritan biziaren etorria da; izakuntza eder-alaien etorria. Baiña sarriago joaten da. Etorrian bertan jazoten dan joate. Adibide batzuk aukeratuko doguz zenbatgura olerkiren artean:

 

Ta, Aldi'ren ontzian betikari,

beltzuraz datozten gogai, ametsez...

Ibilliz dabiltz Eguzki ta Illargi,

ta, ibilliz dua bai, gure bizia,

beeratze betean, laño, orbelez...

ibai ertzetan —unerik unera—

erantziz biotz ta, arima guztia...

ai! nai eta nai-ezko beera bearrez!

(Udazkenekoa, Bidean gora, 143).

 

        Begitu daigun lenengo bertsoko kontrastea: «Aldi'ren ontzian betikari». Aldian garala ezagutze agiria; eta, batera, betikariak, ames eta asmuz. Joate orren bizikuntzak itzaldu egiten dau beste alderdi batetik bizitzako eder-argiak olerkariagan ixiotzen dauan entusiasmua. Aldiak eta betikotasunak dagie borrokarik gogorrena olerkariaren gogoan:

 

Bai, bizi nai degu bai, bizi, ementxe izan,

ta, gero ere izan, egun berri batean!

Izan! Izan! Bai, ni naizen onek dei ta oiu,

oiu dagit neure ezur eta aragipean,

oiu dagit neure izatearen zador oni

(Aizearen kideko, Bidean gora, 154).

 

        Olerkaria gizonaren testigu dogu barriro be emen, iñon izatekotan. Ez da naiko ederra, betikoa ez ba'da:

 

O, bai, agertze onen

miraritza betean,

inguruak nueganduz...

egoa naiz, betiren

zabalpe zabalean

gogoa betiratuz!

(Miraripean, Olerti, 1980, 70).

 

        Maitasun bizikuntzak eragite bardiña dau: aldiko izateetan gogoak betikotasuna billatzen dau:

 

Eta, ezpanik-ezpan,

biotz-ikara bizian,

maitasun estalkiz bildua,

Udaberri eze, iantzian,

(betikotasun egarriz)

mundu guztia alai neregana,

(Gutxien uste zanian, Bidean gora, 96).

 

        Giza izatea bera da, olan, aurrera jo bearra:

 

Ibilli egin bear

eta, aurrera iarrai

bidez -goiz ta iñular

begiak argi, ernai.

Ibilli, negar ta par,

ibilli aldanaño

ur andian, bat-bakar,

bat egin arteraño

(Bat egin itxasoagaz;
Ur txiki, ur guztiak,
Karmel, 1981-3, 69).

 

        Giza burruka onetan, baiña, olerkariak ez dau iñoz itxaropenik galtzen, jausialdiak izan arren:

 

aurrera nua itxaropenez

arantza arteko larrosa

eta, izar baten pozera,

mendi gañeratuz...gero...

beste zerudi, beste egun berri,

beste argi baten deira

bizitzeko pozez!

(Eta, olaxe bidean gora,
Bidean gora,72).

 

        Edo aurreko sinbolo berbera erabiliz:

 

Bizi aldatze, unetxo oargabean

elduko naiz bai, azkenengo nerera,

neure itxaso sakon, Egun Aundira!!

(Ibaiarena, Bidean gora, 76).

 

        Giza bizitzearen joatearen sentikuntza bizia dau olerkariak; eta betikotasunaren barne-eskakizuna eta itxaropena. Baiña aurrera joan bear onetan eta giza neke illun artean badauka bere gomutapenean asikerako argi bat: umezaro aberri txiki-andia. Olerkariaren, gizonaren muiñean, etorkizunera deitzen dauan umezaro aberriak argitzen dau. Lenengo, emen, Arteaga olerki osoa aztertu bear izango litzake:

 

Aurtzaroko arimapean sugar berrituz bizitza,

araxe noa txustarrik-txustar, ioana orainduz;

 

* * *

 

Araxe zortzi, amar, amalau bat urteko egalez...

urte lilluratsu, urte zindo, urterik baikorrenez;

araxe usoa baño usoago, aizeaz bat egiñez,

oinkada goikari, etorkizunik etorritsuenez.

* * *

 

        Araxe bizi billa, ioandako bizitz ori berbiziz (Bidean gora, 130-31). Esentzialak dira «ioana orainduz» eta «araxe bizi billa». Asikera billa, asikerako sortze-munduaren billa dabil olerkaria, eta ez beste barik lengora biurtzeko, lengo berbera barriz bizteko: lengo idealaren billa dabil, etorkizunean legoken lengoaren billa. Nire aurtzaroko ibaia olerkian ibaiaz sinbolizatzen dau bere umezaroa: «irriparretsu» ta «gardena», nozik bein «asarre», geienetan «baretsu» ta «apal». «Ibai urrundu ta ubilla. Beti baitua nigan» (Karmel 1975-3, 60). Ordurik eratu zan bere mundua, gero ainbeste goraberaren artean aldatua izan arren:

 

ibarretan ta, basoaren onduan,

azkatasunezko eragin-otsez

barrendu giñan, alairik ta nekez

benetako bizitzaren kantuan

jatorrizko argitasun ta, senez.

(Umezaro, Olerti, 1982, 41).

 

3. Izadia.

        «Izadiko artu-emon barrutiz» «izadiz bizitzen ikas gendun» (Umerzaro, Olerti, 1982, 41), eta, beraz, Muniategi'ren olerkia izadian murgilduta ikusten dogu. Izadia da sarritan gaia zuzen-zuzen, edo, geiagotan, erea, abagunea, poesiaren abiapuntua. Izadia osotzen daben errealidadeak, eta izadiko aldiak eta aldakuntzak. Izadiko errealidadea eta onek sinbolizatzen dauan beste errealidadea batera dabiltz sarritan, bereiztu barik, anbiguidade poetikuan. Esate baterako, Gau argi zerutsu batean olerkiaren estrofa guren onetan:

 

Ai! bai, aundi, sakonak dira

goietan altsu, zeruetako bideak;

gogoarentzat ain eskuera

eta, ala ere... ain urruti!

betiratasun-argiz beteak,

ain eder eta, ikusgarri!

(Bidean gora, 63).

 

        Zer dira zeruetako bideok? Izar-bideak eta be bai; baiña ez bakarrik. Jarraian olan esango dausku-ta:

 

Baña nire oñak lurrean dagoz

 

Goiruntza nai eta, zirkinge,

lurraren gerriari lotuak:

nere izakera, nere bizia

lurraren aragian sustartuak!

 

        (Bertan). Baiña, berriro be, bertso oneek be esangura biren artean mobitzen dira.

        Izadian urtaro bik dauke garrantzi paregabea: udabarriak eta udazkenak. Ez ainbeste euren fisikotasunean soillik, bizitzearen, biziaren eta joatearen agerbide diralako baiño. Udabarrian:

 

Millaka biotz zabaldu dira,

millaka ego, millaka erle...

millaka amets eta, lillura,

poztasunezko zerutza bizi!

 

Maitasun bideak dira bai,

bizitzako itxaropen bide...

biotz-arloak, goraka, alai...

ikututxo eder baten eske!

 

(Goizeko belar..., Bidean gora, 128).

 

        Udagoienaren poesi-bizikuntza ikusteko Oroit-miñez olerki labur osoa emongo dogu:

 

Egungo Udazken arrats batez,

Neure aintziñako giro batera,

Murgildu nintzan unetxo baten

Ta, angoxe billera maitean,

Gaztetasun zantzo ta ametsez

Neurez-neure goizetik gabera,

Bakar-bakarrik arkitu nintzan

loana zan lenari begira,

Orbel-artean, oroit-miñez.

(Bidean gora, 133).

 

        Olerkariaren gogoak udabarria dau maite, bizia ta itxaropena dan ezkero. Udabarri ez margoz nabarmenegia, ez zaratatsuegia, eratsua baiño. Baiña beste alde batetik, ez dau bearbada udazkena gitxiago maite, bizia makaltzen eta amaitzen dan aro ori. Ez dago kontraesanik: udagoienean beste bizi ta beste udabarri bat, beste munduen mundu bat asmatzen dau olermenak; udabarria baiño ederragoak dira olermenak asmatzen dituan izen ta forma bako munduak:

 

T'itxaropenezko egungiro barneminduz,

(igeskorra izanda ere gure etorria)

garo usai oiantsu, bidondo izalgarriz

begiak argiz bete ta, biotz-oñak arinduz

alako, betiratze sakon, geroko munduz

emai intziritsu bat, betimiñez dabildu,

zerbaiten kezkaz, bizitzako bide estuan

muin-muiñetaraño arima dana zirkinduz.

(Gorakunde, Bidean gora, 69).

 

4. Maitasun-anaitasuna.

        Naiko sarri biurtzen da olerkaria gai onetara. Maitasun berezia eta maitasun orokorra edo, beste era batera, anaitasuna esan geikena. Lenengoa zertzelada giztsu baten bidez daki adierazoten:

 

Eta

bat-batean

zure eskuakin iabetuz,

neuretu nintzan

arako,

goizbide argi

ezean...

zeru berriak oartuz

zure begi artean.

(Maitezko egada, Bidean gora, 95).

 

Gutxien uste zanian

itz gozo baten bitartez,

biotzak loretu ziran

irripar emez.

 

O, ze goizak,

ze arratsak alkarrekin,

alkarrekin alkar,

gogoz-gogo,

Iaungoikoa bitarte!

 

(Gutxien uste zanian, Bidean gora, 96-97).

 

        Zertzelada oizkoak, gauza nabarmen arrarorik billatu bage, itzik lauenakaz. Baiña oartu «neuretu nintzan» ori (beste bein «geureagotuz» diño: Maitezko egada, Bidean gora, 95), eta «alkarrekin alkar» (azkenengoz aipaturiko lekuan, «biok-biotara»). Eta «Iaungoikoa bitarte», eta goizak eta arratsak. Maitasunean izadiak parte artzen dau edo maitasuna izadian zear edatzen da:

 

O, ze goi eskuratze

ta, edertza ederrak

egunaren bidean!

Dana zan ego, lore...

dana, emai pozagarri;

dana, bata-bestezko

ikuste zoragarri!

(Biok batera, Bidean gora, 98).

 

        Bein ta berriro biztutzen dau bere olermena anaitasunak. Badaki gizonak ogia ta aterpea bear dituala. Baiña baita ez gitxitan itz laguntzaillea be:

 

atozte gizonarengana,

itzik apal,

itzik alkartsuenez

ta gizondu zaiteze,

itz egoki,

egitada anaikorrez...

bere kezka ta eragozpen,

bere illuntze ta gau illunak,

erabat arindu ta argituz...

(Gizonaz, Bidean gora, 20).

 

        Asikeratik urten gura dau «gizarte, aberri, zuzentasun alde» (Bideratu nadin, Bidean gora, 14). Orregatik, ekin, diño, aberriaren eta zuzentasunaren alde:

 

ekin

io ta ke,

mallu,

atxur,

idazkortz,

tresna egokiakin

 

Ekin

umezurtzen,

txiroen,

menperatuen

bideko

biurrikeri guztien aurka

 

(Zu ere..., Bidean gora, 49-50).

 

        Olerkaria ez da mundutik kanpo bizi eta badaki begiak zorrotz mundu onetako egiteetan jarten:

 

Asko dira zitalkeri utsez

iñoren min, iñoren izerdiz,

iñoren odol, lepo bizkarrez

ari diranak...asko dira bai

iauregi altsu, eliz zuloetan

ardi larruz iantzi oi diranak,

gizona ioputzeko ekiñetan.

(Asko dira bai, Bidean gora, 149).

 

Ikusi giro onetan, naiz ta beste tankera baten,

Uri barnez olerkia (Bidean gora, 150-53).

 

        Baiña gai partikularrak baiño arago, anaitasun au olerki guztietan ixuri dan berezko bizikuntza, berezko ontasuna da; bizitza osoa ikusi ta sentitzeko moral-goitasun eta gizatasuna.

 

5. Eta Jaungoikoa.

Billaketa olerkian «Billa ta billa, Zure billa nabiltzu, o, launa!» autortzen dau olerkiak. Billa izadi, zeru lur ta itxasoan, odei, arri ta ibaian, igarotze, gorputz ta arimean (Bidean gora, 159). Baiña au ez da momentu bateko otoitza, bizitza-bazter batzuetako billaketa. Olerki beronek adierazoten dauanez, bizitza guztian, bere atal ta osotasunean billatzen dau Jaungoikoa olerkariak. Eta au olerkariaren azken eginkizuna izateraiño:

 

kanta goraka, kanta Egillearen Izena,

egarri asetuz Bere Magal Eskuartez!

 

(Olerkariarena, Bidean gora, 59).

 

        Bere oparotasunean, goraberetan, «bizia Iaungoikoz dabil bai, itzal-argipean», «intzirika dabil goi billa, bideak betean» (bertan, 55). Olan sentitzen dau sakonean olerkariak izadia:

 

Eta, Iaungoikoa dabil ego ikaraz

zelaietan gora, belar ta lorez

Iaungoikoa dabil bideratua,

maitetasuna erein ta zabalduz

(Eta, ego-aize epel artean, Bidean gora, 60).

 

        Orregatik dei egiten dau olerkariak: zatoze izadiaren edertzetara.

 

Bizia dan guztia besarka,

Danok batera

Iaungoikotan

(Izadiarekin eskuz-esku, Bidean gora, 67).

 

        Gorakunde olerkian azaltzen dauanez, izadian «Iainko aztarna alaitsu»aren bizikuntza izan dau-ta. Beraz olerki orrek gloriz beteriko amaia dau:

 

O, ze gogo-aizeratze, bioztasun garbiak,

goi-ikarazko geroratze ixil-ixillean,

betikoz-betiko, Izadiaren muin-barnez

Eleizpe aundienean Iaungoikoa aitortuz,

gorakunde bizigarri baten baitasunez!

(Bidean gora, 70).

 

        Bizitzaren bizi barriak gogamen edo bizikuntza miragarri au sortzen dautso: «Esku-artean dabilgu bai Iaungoikoa» (Bizi-ikara, Bidean gora, 116).

        Gizarteko anaitasunean, edo gizonarekiko kontzientzian, Jaungoikoa asmatzen dau. Ez dogu ez astirik, ez gogorik ez adorerik oinperatuari edo lur jotakoari laguntzeko. Baiña ortxe dabil Jaungoikoa:

 

Bai, ortxe dabil,

langille beartsu,

gizon izarditu,

gizon mindu,

oñazetu guztiakin...

ortxe,

bein ta berriz

noiz itzar,

guri deika,

noiz bereganatu,

noiz gizon izatera

bein ta betiko,

iritxiko ote geran!

 

(Uri barnez, Bidean gora, 152-3).

 

 

        Berez-berez ikusten dau Jaungoikoa giza-bizikuntza orretan. Gizarteeskakizun orretan gure billa dabil, bereganatzeko, eta gizontzeko. Berezkotasun bardiñez asmatzen dau Jaungoikoa maitasun-bizipenean: «Jaungoikoa bitarte!» (Gutxien uste zanian, Bidean gora, 97).

        Jaungoikoaren egarria dau olerkariak («ase iziñezko Iainko-egarriz»: Gau argi zerutsu batean..., Bidean gora, 64). Edo azken itxaropen lez asmatzen dau («deadar ta oiu dagigu Iaungoiko bearrean»: Aizearen kideko, Bidean gora, 154). Eta beti biziaren trazendentzi edo zabaltasun mugage lez; bai izadiaren eder-bizikuntzan, bai anaitasun eta maitasunean, bai bizitzako beste bizikuntza askonetan. Ain sarri aurkitzen dogun betikotasun gogapena mugagetasun onen alderdi bat da. Jaungoiko bizikuntza ori ez da aparteko aundikeriren bat, eguneroko bizitzaren egia baiño:

 

Maite ditut gauza apalak,

bakoitzaren biotz-arimaz

eguneroko bizi-lorrean,

Iainko Apurño Zoragarriz

eskutu maitezko ariakaz

ta, ederdura ikusgarriz

bizia goitarazten dutenak

(Gauza apalak, Karmel 1974-4, 58).

 

 

II. SINBOLOAK

 

        Laster azpimarratuko dogunez, Muniategi'k geien baten poesi-izkera zuzena dau. Alan be sinboloak badarabiltz, euren berezko gaitasunagaitik beste zeozer adierazten daben irudiak. Emen gogoan doguzanak sinbolo errealak dira: sinbolo orrek euren izatean be badauke poesi baliorik; baiña, batera, edertasun orretan beste zer bat adierazteko gaitasuna dabe. Eure edertasuna ez datza euren sinbolo izatean bakarrik (beste zer bat adieraztean); baiña berezko poesi-balioa aundiagotu egiten da sinbolo-gaitasunaz erabiltean. Olan, «bidea» berberak eta irudiak badauka olerkariarentzat bere lenengo errealidadean poesi-balioa, beste barik (edo, beintzat, besterik zuzen eta berariz adierazo barik: poesian batez be adierazpen-muga zeatzak jartea eziñezkoa da-ta); baiña Muniategi'k geienetan bizitzako bidea emon gura edo zuzen edo zearka (zearka: «lengo» bide fisikoak adieraztean be bide orreek bizitzako pausuz beterikoak dira, bizitzaz eta bere misterioaz beterikoak). Eta au da, bidea, bat aukeratzekotan, iñon ba'da, Muniategi'ren sinboloa. Sinbolo onetan bizitza eta aldikortasuna batera datoz: giza-bizitza konkretoa. Olerki bildumaren izana be «Bidean gora» dogu; eta lenengo olerkian «bideari oles» dagitso; bigarrenean «bideratu nadin» da gaia, eta olan jarraian. Sinbolo onegaz «bizitza» berbeaz esaten dan berbera azaldu nai ete dau olerkariak? Alperriko berba aldatzea ete da, edo beintzat berba gogaikarri bardiñari iges egitearren? «Bizitza» esatean ez da intuiziño edo poesi-une orretan asmatu dan guztia azaltzen. Bizitzaren aberastasuna (ez bere gai partikularretan bakarrik, bizitza intuiziñoa berean baiño) askoz emonkorrago da, eta orregaitik erabilten dira sinboloak: ez kasketaldiz, ez aldatzearren, poesi-intuiziñoa bera konkreto emotearren baiño. Bizitza intuiziñoan (bere osotasunean edo nekean edo pozean, joanean, oroipenean...), «bidea» diño bein olerkariak, «goiza» beste bain, eta abar. Eta, bestera: bideak sortzen dautsoen lenengo zirrararen ostean, bearbada beste zirrara zabalago ta sakonago batek menperatzen dau olerkaria, eta «bideak» diño, baiña bideok bizitza poeziz inguratuta dagoz. Esate baterako:

 

O!, Lenaren bide argi,

bide egakor, bereziak;

bide latz, bide egokiak,

ioandako bide amesti,

bide zabal, bide maiteak...

amaika aldiz, kutunki,

biotz-gogoz laztanduak!

(Arrats bidez, Bidean gora, 135).

 

        Bidearen antzekoa, baiña ez ain zabala, dogu «goiza» (edo «argia»). Bidea bizitza osoaren (baiña iñoz be ez osorik) sinboloa dogu; «goiza», ostera, bizitza alderdi baten sinboloa (berezko edertasunaz gaiñera). Gogoratu daigun emen Muniategi'ren gazte-gaztetako lenengo liburuaren izena «Goizaize» izan zala. Itzok ez dira liburuaren izena bakarrik, eta olerki bilduma bera baiño sabalagoak eta sakonagoak dira: olerkariaren lenengo ta betiko intuizinoa datza or; intuiziño ori ez da ango olerkietan amaitzen; geroko eta bizitza guztiko olerki-lan guztian bein ta barriro urtengo dabe: olerkariaren poesi barru-forma dira, aurrerago emondako adibideak be naiko erakusten dabenez. Ordurik ona azaltzen dau Muniategi'k bizitzako poesi-intuiziñoa sinbolo sendo trinko batzuen bidez.

        Bigarren bildumaren izentzat «Bidean gora» aukeratu dau, izenik egokiena esan leike, olerkariaren poesi bizikuntza momentua gogoan arturik. «Gora» sinboloa be oso erabillia da; kontesto diferenteetan, mundu idealaren sinbolo da batzuetan, eta bizitzako aldatza beste batzuetan. Lenengoaren adibide bat:

 

Bidean gora, amets!... Izatekotan!

Izarrak, iturriak...Bai, bizitza da

(Bidean gora, Bidean gora, 35).

 

        Bigarren erabilkeraren adibidea:

 

Eta, olaxe bidean gora

nekezko bidean beti aurrerantza,

biotz zauritu, arima mindua

aldapa gora, gau otzaren bildur

 

Eta, gora nua, aldaz gora,

(gorputz guztia minbera)

tontorreratzeko ametsez,

aurrera nua itxaropenez

 

(Eta, olaxe bidean gora, Bidean gora, 72).

 

        Erabilkera biak batera ikusi daitekez emen:

                aldatz gora, eta tontor amets eta itxaropena.

        Argi eta goizaren kontrako sinboloa arratsa da (edo gaua ta illuna). Amaitzearen sinboloa geiago, baiña baita munduko noraezarena be.

        Aizea, goiz-aizea edo udabarri-aizea da: bizitasunaren aizea; baiña askotan, ain sarri izan ez arren, udazkeneko aizea be bai, eta ekatza.

        Beste sinbolo batzuk oindiño: itxasoa (aunditasuna, amaia, betikotasuna); iturria (jatorria eta anaitasuna: «Iturria ba'nintz iturria/ ura ba'nintz ura» (Bidean gora, 34).

        Sinboloak ez dira berba bakar eta lotu bategaz geratzen. Aldakerak artzen ditue edo beste antzeko berbaz azaltzen dira. «Bidea» sinboloa ez da berba soil orretan agertzen; sinboloa aberatsago da eta berba-arlo bat artzen dau, ixurkorra eta malgua da, beti be «bide» irudiagaz zerikusi euki arren: bidegite, joan-etorri, igarotze, bidebera, bidegintza, ibillia, bidegarri, ibilbide, gogobide, etorbide, biozbide, ederbide, argibide, bidetasun, begibide, gaubide, bideratze...

        Goiz, argia, egunbera, egunsenti, egundu, argitu, goizgora, argibera, eguzkibera, eguntza, eguntasun, argimin, egunbide, egunkera, argitasun...

        Goi, goitura, goibide, goibera, goigarri, goratze, goramin, gorakunde, gorapen, goitada, gorakuntza, gorati, goraketa, goikari, goitu, zeru, zerudi, zerutza, izarbide, zerumin zeruketa...

        Gau, illun, arrats, gaubide, illuntze, itzala, illunpe, gautada, arratsbide, gaubera, gaudi, gautasun, gaueratze, beltzura, gauaro, laiño...

 

 

III. IZAKERA

 

        Bidean gora bildumari egindako itzaurrean S. Onaindia'k olan diño: «Izkera berri, argi, arin, ausartean egiñak ditu olerkerik geienak (...). «Arrigarria da poema geienetan darabillen itz-jokoa. Olerkariak ez dagi gogapen eta ideiak erein bakarrik, poesi-izkuntza berezia aizeatu ere bai. Nere eritziz, eredugarri dugu: olerki-izkuntza bipilla darabil. Eztu kidekorik auskal olerkarien artean, ez lengoetan ez oraingoetan. Atzerritarrenetan, baiña, badu antza zenbait poematan, bear bada Gabriel y Galán'ekin» (8 orr.). Au azkenengo au bear bada kendu ezkero, Onaindia'k diñoana egi utsa da. Lenengo ta bein izkera kreatzaillea dauka, sortzaille. Sorkera-inar ori batez be atzizkien erabilpidean ikusten da. Gogoratu aurrerago sinboloan edakortasunaz esandakoa eta ipiñitako adibideak. Atzizkidun berbak.olan alkarren atzean erreskadan ipinteak ez dau askorik esan gura; euren momento egokian artzen dabe bizia ta indarra:

 

Izadiari darion goramin

edertasun ederra,

egalik egalerako aberastasun

maitebide zabala...

(Gizonaz, Bidean gora, 21).

 

Eta, bai,

eraman nazazute argiz-argi,

itzalez-itzal,

zerupe

gogamiñezko egoz

gogai sakon, lillura-amesetan,

bizibidezko iturriz

ederketan.

(Izadiarekin eskuz-esku, Bidean gora, 67).

 

        Izakera sustantziala dau: poesi-bizipenean parte artzen daben errealidadeen izenak zuzen esaten dira, ingurumari ibilli barik. Metaforak eta beste apaingarriak ez dauke garrantzirik emen. Erabilten diran sinboloak, bestalde, giza bizikuntza unibertsalak dira. Atzizkien bidez lortutako izenak sarritan generalak eta abstraktoak dira, baiña fresko ta ulergarriak. Orrela lortzen dau izkera indartsua; baiña berezkoa, indarkeri bakoa, planta artifizialik bakoa.

        Izakera landua eta esandako izen abstraktoak erabilli arren, laua da: geien baten egunerokoa, eguneroko errealidadeen izenak. Gaia be olakoa danean, ondoren au daukagu:

 

Egun batez

ume nintzala,

amonarekin

baserriko etartean,

babarrun ale batzuk

bere altzotik

lurrera

erori zitzaizkidan

eta, maitez,

gozoki ta laztan,

agindu zidan:

bai, seme, iaso arren,

(Amonaren ikasbide bat,
Bidean gora, 23).

 

        Baiña eguneroko izkera darabillala esateaz ez dot adierazi nai prosa maillako tonoa darabillanik: Muniategi'k geien baten lirika tono garaian egiten dau berba. Lirika egin gura dau eta mailla orretan jarten da. Eta bere berbak eta esaldiak berez-berez datoz eta korda erreza eratzen dabe: ibai garbia litzake bere irudia, eta ez, esate baterako, eskulturea.

        Nai dauanean bertso zabal aundikiak egiten ditu:

 

O, Arteaga, errietan erri! Zure luze, zabalean,

betikoz zaitut bai ementxe biotz-arimaz barrutu,

ementxe bai, neure-neurean, magalperik beroenean,

betikoz ainbeste egun ioanen itzal berritu!

(Arteaga, Bidean gora, 132).

 

        Nozik bein bertso labur-laburrak be erabilten ditu. Bide au iñoz errekurso egokia da, baiña bide normal lez nik neuk ez neuke onartuko. Izan be pentsamentuaren ibillia ebagi eta apurtu egiten da, eta ez da ikusten berbak olan bananduteko errazoia. Muniategi'k geienetan luzera normaleko bertsoak darabiltz. Oizko aapaldi klasikuak (kopuru, neurri, errimaz) biribiltzen daki, berezkotasunik aundienaz. Baiña asko ditu errima azkedunak eta bertso azkeak be. Baiña geien-geienetan, edo beti, izkuntza neurriaren, erritmoaren senaz egiñak.

Izkerari buruz oarren bat ipintekotan au esango neuke: batzuetan ugaritasuna urritu egin bear litzake bearbada, iñausi. Bikoteak eta irukoteak larregi lerrotzeak aztundu egiten dau bertsoa eta erretorika antza emon. Adibidez, beste alde batetik ederra dan Itxasoratze olerkian:

 

Olaxe, betikoz...

bateko poz,

besteko nekez...

zori ezberdiñez

itxasbera,

ibilliz ibilliz...

bere eresi

ta bere doñuz,

bere itzal

ta bere argiz,

uintxoak uin,

itxasoak-betean

naramate

(Bidean gora, 90-91).

 

        Jakiña, badaki oso neurrizkoa izaten be, eta nire ustez bikaintasun bidea litzake (naiz ta gai bakotxak bere era eta tankeras eskatu). Mindura olerki laburra osorik ikusi daigun:

 

Aize itun, mindua,

Bakartiaren gogoan;

(Euri, izotz, lañoa)

Egalpe illunean;

Ez gaurko, ez biarko

Itxaropenik gabe,

Maitasunik ezaren

Utsune aztunean:

Argi otzezko negua

Biotzondo zaurituan!

(Olerti 1983, 182).

 

        Emen be badago bikote bat (1. bertsoan), eta irukote bat (3. bertsoan), baiña aditzik ezak eta beste berba esenzial aukeratuak neurritasuna damotsoe olerkiari.

 

 

IV. AZKEN IRITZIA

 

        Lan aundiaren jabe diranen artean beintzat ez da muga bako olerkaririk. Bestera, gizaz gaiñekoa litzake. Muniategi'k baditu bere mugak, nire uste apalez. Aipatu barri dogun ugaritasun larregia, nik neuk neurri urriagoa gura neukenetan. Oneri loturik, erretorika apur bat nozik bein, poesi bako, edo gitxiko, errekurso literarioak lerrokatuz. Eta azkenez, gizarte ta anaitasun gaietan, errekurso literarioak lerrokatuz. Eta azkenenz, gizarte ta anaitasun gaietan, moralismo kutsua noz edo noz: borondate oneko eta gizabidezko gogapen moralak, baiña, emen be, poesi gitxikoak. Oindiño beste bat be azalduko neuke: ez ete dira gure egillearen olerkiak biribillegiak, osoegiak? Nik neuk alako etenak, utsuneak, ixilluneak gura neukez, agertu diran poesi bizipen esentzialak euren adierazpen-indar guztia emon dagien.

        Muga oneek gorabera, baiña, Muniategi klasiku bat da euskal lirikan. Klasiku bat: bere poesi-bidean betetasunera eldu dan olerkaria, eta, beraz, erriarentzat ondasun orokor eta erreferentzi-puntu biurtu dana. Muniategi'gan gizatasun zabal sakona aurkitzen dogu, bizitzako eta gizarteko arazoak, giza-duintasuna eta munduko misterioa olerkaria danez berriro asmatu eta adieraztean; egiz, errealismoz ikusiz, eta, batera, mugabako itxaropenez argituz: «Ez dadilla izan illungarria/ zure abestiaren sen, magala» (Emantza, Olerti 1982, 39). «Danik gogorrenik ere/ eusten diot biziari» Neurekerak, Olerti 1982, 40).

        Gizonagandik ur bizi, lan egin eta abestu dauan olerkari onek beti zaindu dau lirika mailla garaia, zintzo izan jako bere poesi-deiari beste ezegaz nasta barik. Izkuntza poetikua menperatzean bikaiña da. Errekurso artifizial barik, sinbolo unibersal sakonak eta izkera kreatzaillea erabilliz, erriaren izkuntza bera ederrera ta betetasunera jaso du.

        «Lauaxeta»k Goiz-aize'ri egindako izaurrean olan agurtu eban olerkaria: «Muniategi'k dardara, ikara barrija dakarskigu. Odei zadortsuben itsurak, palmondoen amets-nayak, Kolonbo'ko belaen baltza. Gaur arte ixan doguzan olerkarijakandik zerbaitek berestu darua. Bere begijak daukaz. Gitxigan aurkitu daikegu gaste onengan aurkitzen dogun ederti-miña» Goiz-aize, 8-9). ««Lizardi» il zanian itun gengozan; gaur pozik gagoz. Muniategi'ren olerkijak edozein elertik beretzat autuko leukez» (bertan, 13). Lenengo olerki aek gerokoakandik apur bat urrin geratzen dira: ez dauke gerorakoen dotoretasun, malgutasun, sakontasunik, geien baten. Baiña orduan be Muniategi, bai gaiak ikusteran eta bai izkuntzan, orduko izar andiak baiño berezkoago eta freskoagoa zan. Berezkotasun eta barritasun ori asmatu ebazan bearbada «Lauaxeta»k aurreko eritziak emotean. Baiña ordurik ona Muniategi, berezkotasuna galdu barik, azi ta sakondu egin da bizitza ta poesi bizikuntzan, eta lirika izkuntza gaiñak lortu ditu.

        Bere itzulpen ugariak be erakusten dabenez, euskaldunak ezeze, beste naziñoetako olerki-mobimentuak eta olerkariak ondo ezagutzen ditu. Artuemon orrek nai-ta-nai-ez izan bear bere eragiña. Baiña nik ez dakit norena aparteko eraz. Ez dau artu biderik iñoren kontra, ez iñoren alde; ez jako iñongo eskolari lotu. Berari dagokion olerkia emon dau.

        Ez da beragan originalkeririk agertzen. Azke eta zintzo, bere poesi-senari jarraituz, eregi dau bere monumentu poetikua bizitzako lan ixillean. Ixiltasun au ondo jagoko olerkariari, kreatzailleari. Baiña, orain, autortzea eta onartzea zor dautsogu. Eta bere lan guztiak, jatorrak beintzat, albait lasterren argitaratzea.

 

(1) Sabin Muniategi Astorkia, Gautegiz-Arteaga'n (Bizkaia'n) jaio zan 1912 garrenean. 1929 garren urtean Filipinas'era aldatu zan. Bost urte igaro ebazan azukera-kaiñabera arteko lanean. «Emen asi nintzan lenengoz euskeraz idazten. Aldi onetako olerkiak, itzulpenak 22 ta beste 20 neureak, bildumatu nebazan liburu antzera ezarririk Biotzeko lorak izena, ta emen diraue oraindik neugaz neure lenengo zirriborruak» (Idazlearen kartan). Orain Donosti'n bizi da.

Zoritxarrez jakiña izan ez arren, aundia da bere olerki alorra: asko ta asko bere argitaldu bako olerki bildumak.

Zabala da bere itzulpen lana be. Liburu oneek euskeratuta daukaz: Oscar Echeverri Mejía'ren Las cuatro estaciones, Pablo Mora'ren Almácigo, Jorge Marel'en Nocturnos del mar, Dora Echeverri de Castellanos'en Hiroshima, Renata Durán'en Muñeca rota, Rafael Alberti'ren Sobre los ángeles, León Felipe'ren Antología rota (ainbat olerki), Dionisio Aimará'ren Viendo la noche, Helcías Martán'en Encadenado a las palabras, Manuel Moreno'ren Las llamas de la sangre, Otón Chirino'ren Vísperas de la Luz, Víctor Manuel Crespo'ren Huellas son camino eta Piedra viva, Andrés Athilano'ren Las esmeraldas del Duida. Liburuotatik azkenengoa bakarrik dago argitaratuta. Gero, beste olerkari askoren olerki soltuak euskeratu ditu: J.R. Jiménez, Juana de Ibarbourou, Manuel Altolaguirre, Pablo Neruda, Magda Stella, Endre Ady, Unamuno, Salinas, Del Hierro, Rizal, García Lorca, Mireya Robles, eta abar.

Itz lauzko itzulpenak: Gabriel García Marquez'en Historia de una muerte anunciada, Gabriela Arciniegas'en Una casita en el aire.

Ipuin ta artikuluak be baditu.

Aldizkari oneetan idatzi izan dau: Euzkadi, Euzkerea, Tierra Vasca, Olerti, Karmel, Agur, Zeruko Argia, Goiz Argi, Zer, Príncipe de Viana, Kurpil, Filipinas'eko La Opinión, Colombia'ko Esparavel, Venezuela'ko Poesía de Venezuela.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.