Egun batez, Begiak "Haran hauk baino harutzago lanbro urdin batek beilaturiko mendi bat dakusat. Ez al da eder?" esan zuen.
Belarria entzuten ari zen eta une batez intentsuki arreta egin ondoren, "Bainan non da mendia? Ez du entzuten" esan zuen.
Orduan Eskua honela mintzatu zen: "Sentitzen eta ikuitzen alferrik saiatzen naiz, eta ez dezaket mendirik aurki".
Eta Sudurrak zera esan zuen: "Ez da mendirik; ez dezaket usna".
Orduan Begia beste alderantz itzuli zen eta denak Begiaren ilusio harrigarriaz mintzatzen hasi ziren. Eta "Zerbait gertatzen zaio Begiari" esan zuten.
Gogo handia
Hemen nago, mendia nere arreba eta itsasoa nere anaiaren artean.
Hirurok bat gara bakartasunez, eta lotzen gaituen maitasuna sakona, indartsua eta harrigarria da. Ez hori bakarrik, nere arrebaren sakontasuna baino sakonago da, eta nere erotasunaren harridura baino harrigarriagoa.
Hainbat betierekotasun igaro da batzu besteei ikusgai bihurtu gintuen lehen oilarite arreaz gero, eta nahiz eta mundu askoren jaiotza eta irmotasuna eta heriotza ikusi ditugun, oraindik gogotsu eta gazte gara.
Gazte eta gogotsu gara, eta hala ere, bakarti eta ezezagun gara, eta nahiz eta suntsiezinezko beso erdi batez pausatzen garen, ez gara konformatzen. Gogo kontrolatu eta desusariozko pasioentzat ba ote da agian kontsolamendurik? Noiz helduko da nere anaiaren ohea berotuko duen jainko gartsua?. Eta zein uholdek itzaliko du nere arrebaren sua?. Eta nor da nere bihotza gobernatuko duen anderea?.
Gabeko gelditasunean nere anaiak ametsetan sujainkosaren izen enoratua murmurikatzen du eta nere arrebak jainko hotz eta urranari oihuz dei egiten dio. Bainan nik, nori deitzen diodan ametsetan, hori ez dakit.
Hemen nago, mendia nere arreba eta itsasoa nere anaiarekin. Hirurok bat gara bakartasunez, eta lotzen gaituen maitasuna sakona, indartsua eta harrigarria da.
Mundu egokia
Galdutako gogoen jaungoikoa, Zu, jainkoen artean galdurik zauden hori, entzun iezadazu; gu, ero izpiritu ibilkoretaz behatzen duzun Zorte Sotila, entzun iezadazu:
Ni arraza perfekto baten erdian bizi naiz, ni inperfektoena.
Ni, giza kaos bat, elementu nahasgarrien lanbroa, bukaturiko munduen artean mogitzen naiz: pentsakizunak klasifikatuak, ametsak konponduak eta ikuskerak matrikulatuak eta legez ezarriak dituen bukaturiko lege eta orden hutseko jendea.
Beren bertuteak, oh, jaungoiko, neurtuak dira; beren pekatuak pisatuak, eta ez pekatu ez bertuterik gabe erdiargi mehez gertatzen diren huskeriak ere gogortuak eta katalogatuak dira. Hemen, gau eta egunak jokamodu aroez dira sarituak eta hutsik gabeko prezisiozko arauez gobernatuak.
Jan, edan, lo egin, biluztasuna estali, eta gero, dagokion denboraz nekatu. Lan egin, jolas, abestu, eta gero, ordulariak ordua ematen duenean, gelditasunez etzan. Honeraino pentsatu, hau baino gehiago somatu ez, eta gero, izarren bat horizonte urrunean agertzen denean, pentsatuz eta somatuz bukatu.
Auzokoari irrifar batez burla egin, esku goibehe grazios batez opariak eman, zuhurko goietsi, arretaz salatu, edozein gogo hitz batez suntsitu, hats batez edozein gorputz erre, eta gero lan eguna amaitu denean, eskuak garbitu. Orden finkatu baten arabera maitatu, aurrez aldetik finkaturiko eta batez denbora eman, jainkoak egokieraz adoratu, deabruak artez intrigatu, eta gero, memoria hilik balego, guzti hori ahantzi.
Motiboz, norberaren gustoa egin, kontsiderazioz behatu, emeki alai izan, nobleki sofritu, eta gero, kikara hustu bihar berriz betea dadin.
Gauza guzti hauek, oh, jainko, aurremeditazioz izan dira sortuak, determinazioz jaioak, zehaztasunez haziak, arauez gobernatuak, arrazoiaz zuzenduak, eta gero, aurreidatziriko metodo batez erahil eta ehortziak. Eta areago, giza gogoak pausatzen diren hilobi isiletan markatuak eta zenbakituak.
Mundu egoki bat da, kontsumaturiko bikaintasunezko mundu bat, harridura gorenen mundu bat; jaungoikoaren lorategian fruiturik helduena, unibertsoko pentsakizunik gorena.
Bainan zergatik egon behar dut nik hemen, oh, jainko, ni asetasunik gabeko pasioen hazi berdea, ez ekialde eta ez mendebalderik bilatzen ez duen ekaitz eroa, sutan jarririko planeta baten zati okertua?.
Zergatik nago ni hemen, oh, gogo galduen jainko, Zu, jainkoen artean galdurik zauden hori?.