Una tarde del Diciembre pasado nos acercamos hasta Los Arcos para pedirle a Pablo unos folios para este número de Pamiela.
Entre su casa y el viejo molino, donde cultiva un pequeño pedazo de tierra, pasamos unas horas de charla ininterrumpida que Pello Lizarralde nos describe en este artículo.
Edozein adjetibo jarri ahal diot, atzean bi edo hiru hitz paratuz eta deskribapen koloretsu batzuk gaineratuz helburua hurbiltzen saia ninteke. Arratsalde hark, ordea, ez zuen ezer berezirik gordetzen eta nik kontra dezakeedan hutskeria horrekin oraindik arruntagoa bihurtuko nuke. Are okerrago "atsegin" edo horrelako kalifikatibo geza bat idatziko banu. Gure lurreko lau urtaro erdiezabatuetan ezin dira lau egun desberdin baino gehiago bereizi ahal. Hala ere, eta pixka bat laguntzeko, esan dezagun sasoierako ohizkoa ez zen bero batek lurrindatzen zuela ibar lehorra. Herri garaietan, aitzitik, pago eta haritzak erretzen ziren beheko suan, kea teilatuen mailaren azpitik pausaturik zen eta bizilagunek ohantze hezeak utzi ondotik karrika lanbrotsuei begira egoten ziren, egunsenti guztiek errainuen oparia eskainiko zietelakoan.
Zure etxean ere arratsaldeko zazpiak ziren ia eta herri hartako itzal batzuk kale estuetan barrena abiatzen ziren, zerura hurreratzen duten kantuen kontsolamendua desiratzen zutelarik. Meza ez omen oso luzea eta igandekoak adina balio duela diote. Egongelan inoiz horia izan zen argi zahar batek inguratzen gintuen eta ardo gorri baten laguntzaz josten genituen esaldiak. Presaren horratzak siloiaren hondoan gelditu ziren, apenas gozotasunaz gozatzea desiratzen duten itzal lokartuen antzera, instant batez lokietan kokatu den errautsa astintzea lortu dutenen konfiantzaz. Ez du zentzurik une horietan gerta daitekeenaz galdetzeak, hitz mantsoenaren abiadurak ere amildegi sakon baten ertzean jar gaitzake, errukirik gabe xurgatu behar dugularik silaba bakoitzaren esanahia. Bapatean, zu, zauriaz mintzo zinen.
Aski izan zen "zauri" ahozkatzea. Balaztada bortitz baten indarra erakutsiz aintzinetik esandako guztiak gainbeherarazi zituen, hari nagusia nahasten zuelarik, puzzle logikoaren zati bakoitza dardar zital batek bere tokitik ateratzen duenean bezala. Zure ezpainek "zauri" berbaren bixita izan zutenean aurkitu genuen atsekabearen gakoa, horrek zabaldu zizkigun musikarik gabeko erresumaren ateak, ozpina eta ura edatera bortxatuak diren biztanleen hirietako harresiak, zaku telaz jantzirik era lohi artean datzaten arloteen plazak... Hitz magikoa entzun ondoren laberintua eramaten duen bidean jarri diren erromes baldarrak ginen, era zu, maixua izan zintezkeen hori, oinazeaz lotsatzen denaren traizioa pairatzera beharturik zinen orain. Iraganak marroiak bihurtzen zituen erantzun jakineko galdera haiek ere: "Ez ote geldituko?. Behin eta berriro busti behar ote nau zauri temati horren odolak?", bere liburuak bezain blai eginik dagoenaren ahotsaz jarraitu zenuenean.
Eta zergatik ukatu une hartako nire poza, oinaze errebelatuaren ikuspenaren aurrean ia zoriontsu sentitu nintzenekoa? Lotsa pixka batez bazen ere gure bularra dolu berak zeharkatzen zuela pentsatu nuen eta zurearen ekiteak su galgaitz baten indarraz animatzen ninduen. Nire irrifar hasberria, ordea, ia zeinu batetan bilakatu zen gure adina saludatu nahiz bota zenuen hura aditzean: "gazteek esaten duzuena entzutea gustatzen zait, oraindik optimismo apur batez mintzatzen zarete". Gauza sinesgaitz guztiek bezala, esaldi hark, ihardespenik gabe utzi gintuen, baina ezin zuen gehiegi iraun. Eritasun hurbilaren presentziak momentu haiei zegokien errealitatea itzuli zien. Gelaren sabaia hegazti zabal eta beltz baten hegakadak iluntzen zuen, gaixorik zeundela zenion eta urrengo minutuak ahulezia bizi batetakoak gertatu zitzaizkidan, zuk defendatzeko planak egiten zenituen eta ni amets egiteko beharrak premiatzen ninduen. Betiko irtenbideak bururatu zitzaizkidan eta berriro paperera jotzeak lotsatzen ninduen batez ere.
Baina pentsa ezazu geltoki batetaraino hurrera gintezkeela. Beste lagun batzuk ere etor litezke, zitarik egin gabe topatuko ginateke, trenbideak horizontea zulatzen duen puntuan, kargako bagoiek oraindik abiadura handirik gabe geltokiko sare metalikoa atzean utzi nahi duten azimenduzko basamortuaren parean. Harnas-estuka sartuko ginateke bagoiaren barnean eta minutu batzuk egur gogorraren gainean etzanik egongo ginateke. Ez dakit non jaitsi gintezkeen, ez dakit denok batera jaitsiko ginatekeen ere. Oraingo trenek ez dute urik hartu behar izaten ataka baten erdian edo eremuaren zati nagusiena pasatu behar denean. Horregatik, nik uste, takilarik gabeko apeaderoak hautatuko genituzkeela prolemarik gabe lurreratzeko. Ezpainak busti, hautsa astindu eta gerizpe fresko bat bila genezake; trenbidean aritzen diren langile portugesen pelotoia eta gerra uzten ez duten beste derrotatu asko ikusiko genuke gure begi erditxien aurretik desfilatzen. Maiz saltatuko genuke arantzez inguratutako lurren gainetik, kasu handia emanez ibiliko horitzen hasitako uzten artean, ahal zenean hartuko gatzaz kargatutako eskopetek defendatzen dituzten arboletan den fruitua. Airean hariak bota eta egur berdean inork ulertu behar ez dituen dibujoak egingo genituzke. Iturri bat bilatu behar genuela erabakitzean bereiz gintezke.
Egun euritsu batez hazienda baten ondoan suertatuko bagina lastategi batetara zuzenduko ginateke, zakurren zaunka etsaietaz urruntzeko. Ez genuke solasik egingo ilunpean geundela jakin arte; goseak pretensiorik gabeko gertakizunak kontatzera bulkatuko gintuen. Nik ez nizuke zure izenaz galdetuko eta agian ez nuke orain bezala jokatuko. Garaiz ixilduko nintzateke.