Berezia: Xiberua
Etxahun euskaldunaren deitorea
Chamissoren itzulpen bat "Pamiela"n
Adelbert Von Chamissoren jatorrizko textua, "Des Baskens Etchehons Klage", 1.828.eko Agorrilaren 27.ean, "La Gazette des Tribunaux" kazetan argitara zen. Itzulpen frango egin izan badira ere, hemen aurkezten dugu, jatorrizko textutik, alemaneratik, beraz, egindako azkena. Koekus dugu itzularia.
Interesatuendoko, ondoko taulan doatzi berze itzulpenen egile eta iturburuok:
NORK NOIZ NON
A. Irigaray 1.933 R.I.E.V.
Iraizozko Polikarpo 1.935 YAKINTZA
Lhande - Larrasquet 1.946 Le poéte Pierre Topet dit Etchahun
Haritschelhar 1.960 B.S. V.A.P.
Joseba Sarrionandia 1.980 Pott Tropikala
Iduri luke alferrik ari garela oraingoan bainan badakigu autore batbederak irakurketa liferenteak dituela epokaren arabero. Hortakoz, prezeskiago, ekarri dugu erromantizismo garoiko textu hori. Badago berze arrazoin bat ere: desegoki suerta lekiguke, agian, duela abantzu berrogoita hamar urte egindako euskarazko translazionea, Iraizozko Polikarpok egina. Irigarayk gaztelaniara itzuli zuen, Lhande-Larrasquet eta Haritschelhar-ek frantsesera, Sarrionandia, berriz, ez dakigu zein textutaz baliatu zen bere itzulpena burutzeko.
J.M.L.
Etxahun euskaldunaren deitorea
Adalbert von Chamisso
euskaratzailea: Kaekus
Bidalitako jerdarmeak
Etxahuni inguatzera
Barkoxen haren bila alferrik zoazte
ihes egin duela mendietara
Auñamendiek aterperik
eskaini diote haien altzoan
basoko piztien taldekidea da
noraezerik, neke mingotsean
Xiberoko artzainak daude
harriturik, Egiton-en hura ikustean
gupidaren ogia luzatzen diote
koplari odolztatuari eskuan eman
Artzain minkide harritzen zarete
nire eskua horren odolzturik dudan?
Hamar urtez gose gorrian izan naiz
burdinezko katetan eta gatibutasunean
Emazte bat nireganatu nuen
ene gaztaroko indarrean
maite-saretan bildu ninduen
eta soilik pozoinez etxea bete zidan
Bost urtez netzan ni keteetan
ezen ozta nintzen nitaz jakin zekiena
hamar urtez maite-bekaizgoan
zorrozki urratua nuen bularra
Nik neraman, Egiaphal
zugatik, noski, kateen nekea.
Zerk bultzatu zaitu nire andra dongetzera
ukan baduzu zuk zeuk emaztea?
Ba zenekien zapokeri iruten
zuk uztarpetu ninduzun itzalgaitzara
eta haragikerian bizi zinela
amildu nintzen espetxeko gauan
Kateetan netzan zoko beltzean
lasto gainean behargorri eta ondamenean
zerizkidaten malkoez
beratu nuen nire ogi lehor eta gogorra.
Zu harropotz kidea
etxearen jauna zinen, nirean,
nire ardotik edan zenuen
eta lo egin nire ohe gainean.
Baina askatasun eguna
laztandu nuen azken-azkenean
eta mendekaldia heldua iruditu zitzaigunean
ihesari eman zara niregandik koldartua.
Ikara zaitez, gizajo axeria!
gorrotasun osoz ipintzen dudala
su-tunpa barruan, behin betiko,
errauztu behar zaituen bala.
Barkoxeko zubian zelatan gauez
zure zain nengoen, nire xuria,
suleizeko mamuek piztu zuten
nirekin joko ikaragarria.
Ikusi zintudan, oinez zentozenean
ondo eta trankil apuntatu nuen,
erstura bat, eta hara han Etxegoyen,
herioaren azken arnasean odoletan.
Nire Etxegoyen, ni alaitzeko
beti soiatzen ari zinena!
Hau da odola, artzainak
oraindik eskuetan erantsia dudana.
Zerurantz oihuka ari da
eta ez alferrik, mendeku eske,
zu zara niretzat, Egiapal,
erruduna, egonzaitez erne!
Burua altxa zintezke biraoka
irteten zitzaizulako ongi dena.
Ondamen bera Barkoxeko oberenei
zugandik hurbilduz zihoakiela.
Nekatuta nago
jolas eragiten koplak ontzeaz
aieneka diharduen andrea bezalakoa
darizkidan malkoak haserrearenak dira
Erakarri egiten naur indor gogor batek
behera, nire etxeko haranerantz
oturuntzarako zeruko putreak
bion artetik aukeratzeko zain dira.
|