Miquel Marti i Pol
euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Parlo del crit unanime...
Odolaren oihu sakonaz mintzo naiz
eta aurreritzi ilunek
naute galerazten.
"Behiala..." esaten dute
eta mendetan naiz zaharra.
Zer ildo hautseztatuan
apaintzen dituzue hitzak?
Lagunak: aska ditzagun itsauntziak
hain beste hede hutsaletik.
Ibai handiak daude gure haiduru.
Heu estimat la patria com s'estima..
Aberria maitatu duzue izatea ematen zizuen
andere zaharra maitatzen den bezala;
Aberria, harroa dena eta mendiak dituena
eta itsaso bat, amoltsuki seaskatzeko.
Hain zuzen, bere errai bizietan hazten
zinduzten populua maitatu duzue;
historia puskarik gabeko populu zaharra
gaitzeritziz beteriko giroan dena.
Eta kentzen zenituzten itzalak eta hazten zineten
amodioaren fruitu garratza eskuetan hartu arte
eta beste gizasemeetan loratu zineten.
Eta une honetan, hilzori geldo batek
laudatu du zuen haragi hutsala eta
baretasunean hil zarete, espektakulorik gabe.
Oh zuek! Hainbeste pertsonaia!
Nor eginen du otoitz zuen hilobien gainean?
Nork eramanen dizue lehen lorerik udan?
Nork erestuko zaitue doinu erromantikoz?
Munduko errautsa zarete eta joritu egiten duzue
bizitza hilobitiko zuen kexuaz.
Herregatik onartu zaitue lur amoltsuak
maitateak lehen gaua onartzen duen bezala,
eta ez da bereizten besarkada sakonean
zer den lurra eta zer zuek, hilak, zuek guziok.
Si parlo dels teus ulls...
Zure begietaz mintzo banaiz oroitzen ditut
mihimenezko aulkitxoak eta uso sartaldea.
Zure begiak, ilunbetan oihua bezain sakonak.
Zure ezpainetaz mintzo banaiz oroitzen ditut
leize sakonak eta erritmo nagiak.
Zure ezpainak, gaua bezain hurbilak.
Zure adatsaz mintzo banaiz oroitzen ditut
hondartza ezezagunak eta eliza gelditasuna.
Zure adatsa, haizearen aparra.
Zure eskuetaz mintzo banaiz oroitzen ditut
mertxika lehunak eta arropa zaharraren usaina.
Zure eskuak, hasperena bezain arinak.
Zure gorputzaz mintzo banaiz
maitatu dudan zure gorputzaz,
ez dut ene abotsa baino oroitzen,
eta orduan zikoikeriz hersten ditut begiak
eta, enetzat bakarrik, diot argia bezain beroa
isiltasuna bezain betea den
zure gorputzean zehar jarraitu
ditudan bideen sekretua.
Porto la tarda...
Besoa ebatu eta daramat arratsaldea
andere maitatua ebatzen den bezala,
nigandik ustekabeko bizi arnasesturekin
sortu den arratsalde gaztea.
Besoa ebatu eta daramat arratsaldea
eta neu ere arratsalde barruan galdua
argiaren eta bideen mendean
oroimina ametsen urre adiskideaz urreztaturik.
Eta baretasun zabalean erideiten zaitut, maitea,
hegazi galduak atseden hartzeko abarra
erideiten duen bezala, udaberri ezezagunez
helduriko bere abestiak loratuaz.
Eta are gehiago eridenen zaitut, espiritua
zugatik gauzen gainean abaildu dadin arte,
andere eder bat iturrian edateko makurtzen
den bezala, eta bere burua han behatzen.
Orduan eroriko da gaua eta pentsamenduak
zu edukitzearen alaitasaunaz irabazirik
argitasun abesti bat erritmatuko du
susmoz beteriko itzalen barruan.
|